Daniel Udalaitz
Euskal Herriaren garapen sozioekonomikorako behatokia da Gaindegia. Otsailean sortu zuten ofizialki, eta enpresa munduko pertsonek, unibertsitatekoek eta organismo sozial, sindikal eta komunikazioetakoek hartzen dute parte. Erakunde pribatua denez gero, kideen kuoten bidez finantzatzen da. Andoainen ezarri dute egoitza, eta Xabier Isasi katedraduna da lehen presidentea. Euskal Herriaren errealitate ekonomikoa eta soziala proiektatzea da erakundearen helburu funtsezkoena, baina betiere perspektiba global, nazional eta artikulatuan oin hartuta. Gaindegiak, beraz, herri osoaren ikuspegia aplikatuta ikertzen, biltzen, prozesatzen, zerbitzatzen eta hedatzen ditu unibertsitatearen, enpresen, sindikatuen, administrazioen, instituzioen eta bestelakoen eremuetan gertatzen diren jarduerak, baita elaborazio propioko lanak ere, eta arlo sozioekonomikoan eta azpiegiturazkoetan aritzen da beti. Betiere erreferentzia gisa herri osoa hartuta, Euskal Herriko eremu sozioekonomikoen estrukturazioa indartzera bideratutako ekimenak bultzatzen ditu orobat: elkartze eta kolegiatze profesionalak, sozialak eta enpresarialak, merkataritzako ganbarak eta abar. Horrekin guztiarekin batera, Euskal Herriko garapen sozioekonomikoari eta azpiegiturazkoari buruzko eztabaidak ere sustatzen ditu.
Radiokultura.com irrati berria
Iraila eta Urria artean radiokultura.com irratia abian jarriko du Errobi Promozioak elkarteak. Euskaraz ondo moldatzen ez direnentzat edo ez dakitenentzat aukera izan nahi du irrati honek eta euskaraz zein frantsesez arituko dira. Euskal Herriaren ezagutza areagotu eta euskara sustatu nahi dute. Internetez emitituko duen irrati honek Euskal Herriko historia, kultura eta tradizioak ezagutaraziko ditu, euskaldun berrientzako ikastaroak eskainiko ditu eta gizarte gaiak ere landuko ditu.
Julene Azpeitia lehiaketa eta Juan San Martin Beka
Julene Azpeitia XVIII. Ipuin Lehiaketa abian jarri du Zumaiako Udalak Kutxaren laguntzarekin. Lanak urriaren 20a baino lehen aurkeztu behar dira eta sariak 3.000, 1.500 eta 1.000 eurokoak izango dira. Eibarko Udalak UEUren laguntzaz antolatutako Juan San Martin Bekak bosgarren edizioa du aurten. Zuzenbideari eta filosofiari buruzko euskarazko ikerketa lanak irailaren 5etik urriaren 4a artean aurkeztu behar dira.
Euskararen eta katalanaren etorkizuna sarean
Toni Mollá kazetariak
www.gipuzkoaeuskara.net web gunean idatzi duen artikuluan euskarak eta katalanak Interneten duten erronkaz hitz egin du. Hona pasarte batzuk: «(...) Gure hizkuntzek balio sinbolikoaren zati bat galdu dute -bazen garaia, konpentsaziozkoak ziren-eta!- eta, orain, balio funtzionalak soilik dituzte. Katalana eta euskara, sarean, ez dira gizarte jakin bateko kide izatearen marka nolabait metafisikoak; komunikatzeko, esateko eta entzuteko tresna dira. Erabiltzaileok zer esateko eta idazteko gai garen horrek emango die balioa hizkuntza horiei; sortzeko eta sortutako hori zabaltzeko gure gaitasunak.
Ezin dugu ahaztu hizkuntza dela erabileraren poderioz hobetzen den munduko tresna bakarra. Hizkuntza, zehazki, elkarreragin sare bat da, harreman, negoziazio eta gatazka sare bat, eta hizkuntzak bideratu eta mantendu ditzakeen erlazioen konplexutasunean datza hizkuntza horren aberastasuna. Horregatik, jada hartu dugu erabakirik garrantzitsuena: Interneten sartzea.
(...) Hori guretzat aukera handia da, baina, aldi berean, baita arriskua ere. Hain zuzen, berehalako arriskua hizkuntza apaingarri (ber)bihurtzea da.
(...) Espero dut gure hizkuntzek tradizioko identitate balioak alde batera utzi eta sarean kode landuak izango direla. Horretarako, hizkuntza horien balio praktikoa, instrumentala, erabilgarria eta, batzuetan, beharrezkoa landu behar dira.»
Ondoren internauta deskribatu du: «(...) Dagoeneko, beraz, badakigu zerbait geure buruaz: globalak (mundukoak) eta elkartekoak gara, aldi berean lurralde gabetuak, indibidualistak eta gazteak. Dimentsio horri esker, gure hizkuntzak dituen aukeretan sinets dezakegu. Baina, egoera berriari erantzuteko gai izango al gara?»
Berdeak, PCF eta LCR 2007ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetara elkarrekin aurkeztea proposatu du José Bové globalizazioaren aurkako buruzagi sindikal ospetsuak. Berdeen udako unibertsitatean luzatu du ideia Via Campesinako bozeramaileak, baina Berdeek jadanik zehaztu dute euren hautagaia izango dutela. LCRren udako jardunaldietan, Olivier Besancenot alderdiko bozeramaile gazteak opor ondorengo sarrera politikoan ezkerraren batasun sozialaren aldeko jarrera agertu du, miresten duen Bovéren proposamen zehatzari erantzun gabe. Europako Konstituzio-itunaren erreferendumean ezetza nagusitu ondorengo testuinguruan ari dira ateratzen proposamen hauek, ezker eredu berriak bultzatu eta egituratu nahian.