Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-09-04 -- 2005.zenb

Unai Brea


"Orain del bi urte hasi ginen lanean -azaldu digu Agustin Azkarate proiektuaren buruak-. Lehenengo helburua Armentiaren garrantziaren zergatiak jakitea da. Badakigu X. mendean Armentia apezpikutza izan zela. Gaur EAE esaten diogun horretako lehenengoa, hain zuzen. Kontua da apezpikutzak ez zeudela edonon, esangura handia zuten tokietan baizik, baina zergatik zen Armentia esanguratsua?".

Bigarren helburua arkitekturaren arkeologiarekin lotuta dago. "Gaur egun Armentian dagoen basilika oso ederra izan zen sorreran, baina XVIII. mendean guztiz eraldatu zuten, izugarri zakartuz. Orain, XII. mendeko basilika nolakoa zen jakin nahi dugu". Lan horrek emaitzak eman ditu dagoeneko: XVIII. mendeko hormen atzean XII. mendekoak aurkitu dituzte, oso-osorik. Aukera legoke, nahi izanez gero, XVIII. mendekoa eraitsi eta lehengoa, askoz ederragoa, agerian uzteko. Baina horrek eztabaida sakona dakar: "Badugu zilegitasunik halakorik egiteko?".

Hirugarren helburua ustez Armentian egon behar lukeen katedrala topatzea da. "Apezpikutza izan bazen, katedrala eduki behar zuen. Baina ez dago katedralik. Gaur egun dagoen basilika ezin da izan, XII. mendekoa delako, hau da, apezpikutza Kalagurrira eraman ostekoa. Katedral zaharraren aztarnek inguruan behar dute, lur azpian, baina non?".

Sakrariaren agerpena

Baliteke ustekabeko aurkikuntza batek ematea galdera horren erantzuna. Basilikaren lur azpian lubaki bat topatu dute. Hasieran harritu egin ziren, ez baitzekiten zer zen hura. Baina ondoren, 1933an airetik egindako argazki bat jaso zuten. Argazki horretan zirkulu bat ikus daiteke basilikaren inguruko zelaietan. Zirkuluak guztiz bat egiten du, gainera, basilikan aurkitutako lubakiekin. Honezkero, ikerlariek zalantzarik gabe dakite zer den: "Sakraria bat da. Oso ezagunak dira Europako herrialde batzutan, baina penintsulan, orain arte, Katalunian baino ez dira aurkitu".

"Sakrariak XI. mendeko Europan elizen inguruan egiten ziren zirkuluak ziren -azaldu digu Azkaratek-, zeintzuen barruan debekatuta baitzegoen indarkeria erabiltzea. Normalean 30 pausoko erradioa izaten zuten, eliza erdian zegoela". Armentiako sakrariak, ordea, bete-betean zeharkatzen du gaur egungo basilika. Hortaz, pensatzekoa da sakraria beste tenplu baten inguruan eraiki zela, eta pentsatzekoa da, halaber, tenplu hori izan daitekeela oraingoz aurkitu ez den katedrala. Hori da, behinik behin, iker-taldeak darabilen hipotesia.

Baina sakraria ez da ezuste bakarra izan. "Azken hilabeteetan beste zirkulu bat agertu zaigu, lehenengoaren inguruan eta zabalagoa. Oraindik ez dakigu zehazki zer den". Bestetik, ez-ohiko nekropolia aurkitu dute basilikan: "Hildakoen ondoan objetu mordoa agertu da: hezurrezko orraziak, txanponakà Erromatarren garaian, eta geroago ere, ohikoa zen halakoak jartzea hilobietan, baina ohitura hori desagertuta zegoen Goi Erdi Aroan". Zer gehiago ote dago gordeta Armentia azpian?

Unai Brea

Eguerdia da, baina zuhaitzetako hosto erraldoiek ez dute eguzkiaren argia iragazten. Oihana ilun dago, eta beroak eltxoak ere lokarrarazi ditu. Giza-aztarnarik ez da sumatzen, baina, halako batean, zuhaitz zabal baten atzean, harrizko tenplu zaharra agertu da. Gizona haraino doa, astiro, kontuz. Bidea segadaz beteta dago; okerreko soka zapalduz gero, pozoindutako gezi batek akaba dezake bidaiari ausarta. Zorua estaltzen duten dozenaka sugeetako batek, bestela. Azkenean, ordea, oztopo horiek eta are arriskutsuago batzuk gaindituta, gure gizonak bere helburua lortu du: tenplu barruan dagoen jainko baten estatua txikia da, giza-esku baten tamainukoa edo. Milioika dolar balio du. Poltsan sartu eta badoa bueltan, gezi eta suge artean, AEBetako museo baterantz.

Aurreko istoriotxoko protagonista, igarriko zenutenez, Indiana Jones da, munduko arkeologorik ezagunena, ospetsu bezain gezurrezkoa. Lehenik eta behin, Jonesek pelikula hasten den unetik daki zeren bila jardun beharko duen; benetako arkeologo batek, susmoak susmo, ez daki zer topatuko duen ikerketa bat abiatzen duenean. Bigarrenik, eta are garrantzitsuago, benetako arkeologoen helburua ez da objektu edo eraikin ikusgarriak aurkitzea. Ezta, sikiera, objektu edo eraikin apalak ere. Horiek tresna eta ondorio dira, baina ez helburu. Benetako arkeologoek ondare ukiezin bat bilatzen baitute: gure iraganari buruzko informazioa.

Zineari eta literaturari esker batzutan, eta komunikabideen eraginez bestetan, ohituta gaude arkeologia hitza aurkikuntza ikusgarriekin lotzen: hango piramidea, hemengo momia, tximino eta gizakien arteko lokarriaren garezurra... Baina oro har, indusketa arkeologikoen emaitzak ez dira horren txundigarriak izaten. Are gutxiago Euskal Herrian. Zibilizazio garatuenek utzi dituzte aztarnarik ikusgarrienak, eta gurean berri samarra da oraindik "zibilizazio garatu" kontzeptua. Nolanahi ere, badugu, gure apalean, "harribitxiren" bat.

Euskal Herrian "ikusgarritzat" jo ditzakegun aztarnategien artean, Ekain eta Santimamiñeko kobazuloak -bereziki, haien margoak- aipa ditzakegu; denboran hurbilago, aztarnategi erromatar garrantzitsuak daude Foruan (Bizkaia), Oiasson (Irun, Gipuzkoa) edo Arellanon (Nafarroa), besteak beste. Gogoan hartzekoa da, halaber, Bilboko Euskal Museoan ikusgai dagoen Mikeldi, zezen itxurako harrizko idoloa. Baina zalantzarik gabe, Gasteiz da gaur egun euskal arkeologiaren hiriburua, han daude-eta une honetako bi indusketa aipagarrienak: Andra Mariko katedralekoa eta Armentiako basilikakoa.

Aurreko belaunaldien «zaborra»

Salbuespenak salbuespen, Euskal Herriko indusketa arkeologikoetan, "aurreko belaunaldiek utzitako zaborra topatzen da gehienbat: zeramika puskak, hezurrak, txanponen bat...", Iñaki Garcia Camino Bizkaiko Foru Aldundiko arkeologoaren hitzak erabiltzearren. "Hortik aurrera, historia berreraiki behar da. Hori da helburua, eta ez museoetarako aleak topatzea. Dena dela, historia berrosatzeko datuak ez ezik, hiritarrek bisitatzeko moduko aztarna batzuk edo museo batean erakus daitezkeen gauzak aurkitzen badira, askoz hobe".

Aranzadi Zientzia Elkarteko Alfredo Morazaren ustez, arkeologiak osasun ona dauka gaur egun Euskal Herrian. "Orain 40 urte baino askoz gehiago industen da, eta baita orain 20 urte baino gehiago ere". Iaz, esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 80ren bat indusketa egiteko baimena eman zuen. Bizkaian, berriz, 30en bat izaten dira urtero, eta Nafarroan, 50 inguru. Gipuzkoa hain nabarmen gailentzearen arrazoia, bide batez esateko, Aranzadi elkartea da; hark eskatzen -eta eskuratzen ditu- baimen gehien. Beste alde batetik, kantitateak ez ezik kalitateak ere gora egin du, Alfredo Morazak nabarmentzen duenez. Garai bateko kemenak -behar adinako ezagutza eta bitartekorik gabea askotan- profesionaltasunari utzi dio lekua, nonbait.

Edonola ere, ez da iker daitekeen guztia ikertzen. Esan nahi baita, arkeologoek ezagun duten aztarnategi bat baino gehiago ukitu gabe dagoela oraindik. "Bitartekoak falta dira, dirua falta da", dio Iñaki Garcia Caminok. "Eta bitarteko egokirik ezean, hobe da ikerketarik ez abiatzea. Ezin da ebakuntzarik egin ukuilu batean. Beraz, ez dugu ikertu ezagutzen dugun guztia, eta gainera ez litzateke komenigarria. Indusketa arkeologiko bat abiatzea ekintza suntsitzailea da berez. Liburu bat irakurri ahala orrialdeak kentzea bezalakoa da. Behin baino ezin da irakurri. Jatorrizkoa desegiten den bitartean apunteak hartzen dira, jakina, baina ezinbestekoa da apunte horiek ondo hartzea. Horregatik, zenbat eta gutxiago egin, hobe. Eta beti ere, ikerketa guztiek helburu argia eduki behar dute, hasiera-hasieratik".

Helburuak zehaztea ezinbestekoa izanagatik ere, ezinezkoa da ikerketa batean zer aurkituko den jakitea aldez aurretik. Dena dela, ustekabe gutxi izaten da. "Arkeologia, azken batean, zientzia da -dio Morazak-; aurretik dauden datuak aztertuta, jakin daiteke zer aukera dagoen leku jakin batean zerbait egiteko. Ezusteak izan daitezke, baina ez da arruntena, ez behintzat Euskal Herrian. Zorteak, beraz, badu eraginik, baina ez erabatekoa".

Arkitekturaren arkeologia

Agustin Azkarate Gasteizko Andra Mari katedraleko zahar-berritze lanak zuzentzen ditu orain dela ia hamar urte. Katedrala erortzeko zorian zegoela-eta, haren zolua altxatu dute guztiz, eraikinaren "gaixotasunaren" jatorria bilatu nahian, eta hantxe agertu zaizkie antzinako eliza biren eta garai batean Gasteiz inguratzen zuen harresiaren hondarrak, besteak beste. Baina hori euren lanaren ondorioetako bat baino ez da izan. Arkeologo talde honek ez baitio lur azpikoari soilik begiratzen.

Azkarate EHUko Arkitekturaren Arkeologia Ikerkuntza Taldeko burua da. Zuzentzen duen taldea arkeologiaren adar horretan oinarritu zen, hain zuzen, katedralaren zahar-berritzeari ekiteko. "Tradizioz, beti pentsatu da arkeologia zuloak egitea dela. Baina arkeologia aztarnen azterketa estratigrafikoa ere bada, eta nonbait ageri bada estratigrafia, eraikin historikoetan da. Arkeologiak berdin azter ditzake lur azpia edo eraikin bat".

Gasteizko katedralaren arazoari ekin aurretik, Azkarateren taldeak hari buruzko agiri historiko guztiak aztertu zituen. "Gaixoaren historia ezagutu behar da ebakuntza egin baino lehenago. Hala, katedralak hainbat æpatologiaÆ zituela ikusi genuen, denak historikoak, eta horiek konpontzen gabiltza. Hori da arkitekturaren arkeologia".

Legeek diotena

Leku askotan -hirigune historiko gehienetan, esaterako- ezin daiteke lurra mugitu aurretik azterketa arkeologikoa egin gabe. Hala ezarrita dauka legeak. Premiak eragindako ikerketa horiek dira, hain justu, Euskal Herrian gehien direnak. Ikerketak egiteko beste arrazoia jakingura hutsa da, baina Armando Llamosas Eusko Jaurlaritzako arkeologoak dioskunez "hemen gutxi ikertzen da ikertzearren". Beste horrenbeste gertatzen da Nafarroan.

Hego Euskal Herrian, lege desberdin bik arautzen dute ikerketa arkeologikoekin zer ikusia daukana. EAEk badu berea 1990etik. Nafarroan, berriz, Espainiakoa (1985ekoa) dago indarrean. Jesus Sesma Nafar Gobernuko arkeologoak azaldu digunez "gurea da, une honetan, Espainia osoan berezko legerik ez daukan erkidego bakarra, baina hori laster da aldatzekoa. Denbora dezente daramagu lege bat sortzeko lanean, eta uda ostean eramango da parlamentura onar dezaten".

Iparraldean, berriz, Parisko gobernuari atxikia dagoen Departamentuko Arkeologia Zentroak dauka ardura arkeologia kontuetan. Tamalez, ez diete gurekin harremanean jartzeko eskariei erantzun. Beraz, gutxi esan dezakegu Iparraldeko legediari buruz. Zerbait jakin ahal izan dugu, baina. Frantses legearen arabera, bere jabetzako lur eremuan ondasun arkeologikoa aurkitzen duen norbanakoa da ondasun horren ugazaba. Hala ere, ez dauka saltzeko eskubiderik, eta oso mugatua dauka haren erabilera oro har. Espainiako Estatuan, aldiz, administrazioa da ondasun guztien jabe bakarra, eta hiritarrek aurkitutakoa hari emateko beharra daukate. EAEn behinik behin, "diru-sari bat jasotzen da horren truke, baina oso gutxi da, objektuaren balio materiala besterik ez", Armando Llamosasek azaldu duenez.


Negozioa ere bada

Hego Euskal Herri osoan, legeak babespeko izendatu dituen gunetan lanen bat hasi aurretik, azterketa arkeologikoa egin behar da. Ingurune-inpaktu azterketek ere, ataltxo bat eskaintzen diote arkeologiari. Etxebizitzak erakitzen dituzten enpresa handiak ondo prestatuta egon ohi dira horrelakoetarako, baina etxean aldaketaren bat egin nahi duten norbanakoentzat zailagoa da. Beraiek kontratatu behar dute azterketa egingo duen enpresa -arkeologia, hein handi batean, negozio pribatua baita- eta, EAEn behintzat, administrazioak ordaintzen du lan horren erdia. Beste erdia etxeko ugazabaren poltsikotik ateratzen da. Azterketa horiek, gehienetan, ez dute bizpahiru aste baino gehiago irauten.

Aldundiek -Nafarroan, gobernuak- daukate azterketa horiei baimena eman ala ukatzeko ardura. Iñaki Garcia Caminok dioskunez, "arretaz begiratzen dugu zein enpresari eman, eta gero jarraipena egiten dugu. Zenbait baldintza bete behar dira baimena eskuratzeko: proiektu ona aurkeztea, araudia betetzeaà Bizkaian, berbarako, Historiaurrean aditua den batek ezin dezake indusketarik egin Erdi Aroko hirigune batean, eta alderantziz".

Babespeko 8.000 gunetik gora Hegoaldean

1990etik, Nafarroako Gobernuak herrialdeko aztarnategien katalagoa egiten du urtero. Arkeologia-enpresak bidaltzen dira herri guztietara, aztarnak bila ditzaten eta aurkitutakoa idatziz jaso dezaten. Gero, administrazioari dagokio haiek babestea. Gaur egun, 2.000 aztarnategi inguru daude katalogoan.

EAEn, Eusko Jaurlaritzak hiru taldetan sailkatu ditu babespeko guneak. Babes maila handiena ondasun kalifikatuek daukate: "Ehun inguru izango dira lurralde osoan", dio Armando Llamosasek, "berebiziko garrantzia daukaten lekuak". Sailkapeneko hurrengo maila ondasun inbentariatuek osatzen dute, hau da, "garrantzizko ondasun arkeologiko baten babes-maila normala dutenek". Multzo honetan daude hirigune historiko gehienak, esaterako; ehunka batzuk dira, guztira, EAE osoan. Azkenik, 6.000 inguru presuntzio arkeologikoko gune daude. Hots, gune "susmagarriak", babes gutxien dutenak. Lehenengo maila bietan edozein obra egin nahi duenak badaki, aldez aurretik, arkeologoa kontratatu beharko duela derrigorrez. Presuntzio arkeologikoko guneetan, berriz, aldundiek erabakitzen dute beharrezkoa den ala ez. Llamosasen ustez, "harrigarria izango litzateke zerrenda hauetan sartuta dauden lekuetatik kanpo ezer aurkitzea". Esan dugu lehenago ere: arkeologiak ustekabe gutxi ematen du Euskal Herrian.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan