Armentia, ustekabez betetako indusketa


2005eko irailaren 04an

"Orain del bi urte hasi ginen lanean -azaldu digu Agustin Azkarate proiektuaren buruak-. Lehenengo helburua Armentiaren garrantziaren zergatiak jakitea da. Badakigu X. mendean Armentia apezpikutza izan zela. Gaur EAE esaten diogun horretako lehenengoa, hain zuzen. Kontua da apezpikutzak ez zeudela edonon, esangura handia zuten tokietan baizik, baina zergatik zen Armentia esanguratsua?".

Bigarren helburua arkitekturaren arkeologiarekin lotuta dago. "Gaur egun Armentian dagoen basilika oso ederra izan zen sorreran, baina XVIII. mendean guztiz eraldatu zuten, izugarri zakartuz. Orain, XII. mendeko basilika nolakoa zen jakin nahi dugu". Lan horrek emaitzak eman ditu dagoeneko: XVIII. mendeko hormen atzean XII. mendekoak aurkitu dituzte, oso-osorik. Aukera legoke, nahi izanez gero, XVIII. mendekoa eraitsi eta lehengoa, askoz ederragoa, agerian uzteko. Baina horrek eztabaida sakona dakar: "Badugu zilegitasunik halakorik egiteko?".

Hirugarren helburua ustez Armentian egon behar lukeen katedrala topatzea da. "Apezpikutza izan bazen, katedrala eduki behar zuen. Baina ez dago katedralik. Gaur egun dagoen basilika ezin da izan, XII. mendekoa delako, hau da, apezpikutza Kalagurrira eraman ostekoa. Katedral zaharraren aztarnek inguruan behar dute, lur azpian, baina non?".

Sakrariaren agerpena

Baliteke ustekabeko aurkikuntza batek ematea galdera horren erantzuna. Basilikaren lur azpian lubaki bat topatu dute. Hasieran harritu egin ziren, ez baitzekiten zer zen hura. Baina ondoren, 1933an airetik egindako argazki bat jaso zuten. Argazki horretan zirkulu bat ikus daiteke basilikaren inguruko zelaietan. Zirkuluak guztiz bat egiten du, gainera, basilikan aurkitutako lubakiekin. Honezkero, ikerlariek zalantzarik gabe dakite zer den: "Sakraria bat da. Oso ezagunak dira Europako herrialde batzutan, baina penintsulan, orain arte, Katalunian baino ez dira aurkitu".

"Sakrariak XI. mendeko Europan elizen inguruan egiten ziren zirkuluak ziren -azaldu digu Azkaratek-, zeintzuen barruan debekatuta baitzegoen indarkeria erabiltzea. Normalean 30 pausoko erradioa izaten zuten, eliza erdian zegoela". Armentiako sakrariak, ordea, bete-betean zeharkatzen du gaur egungo basilika. Hortaz, pensatzekoa da sakraria beste tenplu baten inguruan eraiki zela, eta pentsatzekoa da, halaber, tenplu hori izan daitekeela oraingoz aurkitu ez den katedrala. Hori da, behinik behin, iker-taldeak darabilen hipotesia.

Baina sakraria ez da ezuste bakarra izan. "Azken hilabeteetan beste zirkulu bat agertu zaigu, lehenengoaren inguruan eta zabalagoa. Oraindik ez dakigu zehazki zer den". Bestetik, ez-ohiko nekropolia aurkitu dute basilikan: "Hildakoen ondoan objetu mordoa agertu da: hezurrezko orraziak, txanponak… Erromatarren garaian, eta geroago ere, ohikoa zen halakoak jartzea hilobietan, baina ohitura hori desagertuta zegoen Goi Erdi Aroan". Zer gehiago ote dago gordeta Armentia azpian?


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude