Astekaria

 Termometroa 

Bankuek mozkinen markak hausten jarraitzen dute

Osasunez ongi daude hemengo ekonomia eta finantza-entitateak. Hori erakusten dute 2004. urtean, Euskal Herriko bankuek, aurrezki-kutxek eta kreditu-kooperatibek lorturiko emaitzek. Mozkinak %10etik gora hazi dira, batez beste. Aurtengo aurreikuspenek, lehen sei hilabeteak igarota, marka guztiak hautsiko direla adierazten dute.

Daniel Udalaitz

Daniel Udalaitz


2003. alea
2005-07-31
alde 0    kontra 0

Bankuek eta aurrezki-kutxek, mozkinetan markak hausten jarraitzen dute. Euskal Herriko bankuek, aurrezki-kutxek eta kreditu-kooperatibek negozio ona egin zuten 2004ko ekitaldian. Izan ere, irabaziak azken urteetakoak baino askoz handiagoak izan ziren, eta, beste behin, milioikako errekorrak ondu zituzten. Horrela ondorioztatzen da entitate bakoitza bere akziodunen edo aurreztaileen batzar orokorraren kariaz azken hilabeteotan ematen ari den datuetatik. Euskal Herriko bankuek eta kutxek 2004. urtean lorturiko mozkin netoak, dagozkien zergak pagatu ondoren, 4.000 milioi euro ingurura heltzen dira, guztira. Ohartarazi behar da, hala ere, BBVAak Espainiako estatu osoan lorturiko etekinek zertxobait distortsionatu egiten dutela Euskal Herriko errealitatea. Bigarren orrialdeko koadroan ageri dira Euskal Herriko finantza-entitate bakoitzak 2004. urteko ekitaldian lortu zituen emaitzak.

2005eko ekitaldi honetarako aurreikuspenak are hobeak dira. Aurtengo lehen sei hilabeteei buruz ezagutuz goazen datuen arabera, litekeena da Euskal Herriko finantza-entitateen mozkinak %10etik gora haztea, batez beste.

Kanpoko beste entitate batzuen jarduera

Euskal Herriko finantza-entitateen mozkin horiez gain, beste ehunka milioiko mozkinak lortu dituzte, 2004an eta Euskal Herrian halaber, Espainiako nahiz Europako bankuek gure lurraldean dituzten sukurtsalek, zenbatekoak egiaztatzea eta kuantifikatzea erraza ez bada ere. Hor ditugu, besteak beste, Banesto, BSC, La Caixa de Catalunya, Caja de Madrid, Barclays, Deuscht Bank, Crédit Agricole, Banque Nationale du Paris, BNP, eta abar.

Adibide moduan, bi kasu seinalatuko ditugu. Banesto, zeinen taldean baitago Banco Vitoria, 2004an 4.000 milioi euroko negozio-bolumenera iritsi zen EAEn, %25 hazita. Zenbateko mozkinak? Ez dituzte zehazten, Espainiako Estatukoen multzoan sartzen dituzte. 60 bulego eta 330 enplegatu dauzka Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan. La Caixa de Catalunyak, bestalde, ia 6.000 milioi euroko (5.872 milioi) negozio-bolumena izan zuen 2004an EAEn. Beraz, %27,5 hazi da 2003koaren aldean. EAEko hiru lurraldeetako bezeroen kopurua 200.000 pertsonatik gorakoa izan zen.

Iparraldeak ez dauka egoitza sozial finantzario propiorik

Lehenik eta behin, argi dezagun ezen, txosten honetan Euskal Herriko banku, aurrezki-kutxa eta kreditu-kooperatibez ari garenean, egoitza soziala Euskal Herrian duten entitateak adierazi nahi ditugula. Euskal Herriko banku, kutxa edo kreditu-kooperatiben egoitza sozialak Hegoaldean daude. Ipar Euskal Herrian, entitate finantzario askok funtzionatzen badute ere, ez dago egoitza soziala euskal lurralde horretan daukan bakar bat ere. Gutxienez Frantziako hamar entitate finantzario dira, norbere sukurtsal eta bulegoekin, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan banaturik daudenak: Banque Inchauspe, Michel Inchauspe, Banque Populaire du Sudouest, Banque Nationale du Paris, BNP, Banque du France, Société Générale, Société Bordelaise, Crédit Lyonnais, Crédit Agricole, Caisse d'Epargne et de Prévoyance, Caisse Regionelle du Crédit Mutuel eta La Poste. Sare finantzario horri Hegoaldeko kutxa eta bankuek euskal lurralde horretan dauzkaten sukurtsalak gaineratu behar zaizkio, hala nola Kutxa, BBK eta BBVA entitateenak.

Depositu kaptatuak 55.000 milioitik gora izan ziren

Nahiz eta txosten hau egiterakoan ez dagoen arlo honetako 2004ko datu ofizialik, aurreikus dezakegu banku, aurrezki-kutxa eta kreditu-kooperatibek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan -ez daukagu Ipar Euskal Herriko daturik- kaptaturiko banku-depositu pribatuak 55.000 milioi eurotik gora izan zirela, uste izatekoa baita 2003. urtekoak gaindituko zituztela -badaude urte horretako datu ofizialak-. Hain zuzen ere, 2003. urtean, banku-deposituen eboluzioak portaera positiboa izan zuen Hego Euskal Herrian. Hala, urte horretan kaptaturiko deposituen saldoa 52.900 milioi eurora heldu zen, %5,9ko igoerarekin. Portzentaje hori aurreko ekitaldikoa baino txikixeagoa da, ordukoa %6,2koa izan baitzen. Hori ondorioztatzen da Euskadiko Kutxak egindako 2003ko Txosten Ekonomikotik.

Depositu gehien kaptatu zutenak aurrezki-kutxak izan ziren (BBK, KUTXA, VITAL, CAN), 29.368 milioi euro denera. Bigarrenak bankuak izan ziren, 14.360 milioi euro, eta azkenak kreditu-kooperatibak (CLP, Caja Rural Vasca eta Caja Rural Navarra), 9.172 milioi euro denera. Hego Euskal Herrian irekitako deposituak, 2003ko ekitaldiaren itxieran, 2.392 ziren guztira; horietatik 943 bankuetan, 974 aurrezki-kutxetan eta beste 475ak kreditu-kooperatibetan.

Espainiako estatu osoan, sektore pribatuko deposituak, 2003ko abenduaren 31n, 639.816 milioi eurora iritsi ziren, %7,9ko igoerarekin. Portaera oso ezberdina da bankua, kutxa ala kreditu-kooperatiba izan. Hala, bankuek izan dute hazkunderik txikiena (%2,6) depositu kaptatuen saldoan; oso urrun aurrezki-kutxek izandakotik (%11,9). Kreditu-kooperatibek, berriz, %9,9ko hazkundea izan zuten.


Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala2002
 
azala2001

2003 zenbakia.
2005ko uztailaren 31a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza