Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-31 -- 2003.zenb

Andoni Otamendi / Mikel Zarautz

Amasan, eliza ondoko bidetik irten gara. Oinez egin badugu ere ibilbidea, bizikletaz egiteko moduko parajeetan mugituko gara. Gaurkoan behintzat, oinetan botak eta bizkarrean motxilak ditugula abiatu gara. Berehala aldaparik ez badago ere, laster egingo dugu gorantz. Lehenik, halere, labadero zaharraren aldamenetik pasatuko gara. Hasiera honetan, ezkerreko bideei helduko diegu, harana eskuinean utziaz. Artxipiaga-Loatzo kartelari ez diogu jaramonik egingo eta ahal bezain laster, errepidetik irteten den zementuzko pista bati helduko diogu, irteeratik 12 minutura. Baserri zuriaren ingurutik pasa eta mendi pistan sartu gara. Altuera hartu bezain pronto Ernio, Gazume eta Andatza mendiak ikusi ditugu, baita Andoain ere. Pista zabalean, bidegurutzean, eskuinera hartuko dugu. Bertan, Oindoko borda utzi dugu pinu tartean sartu orduko.


Ura eta denboraren lilura

Pinuak lagun, pista zabalean, mendiko bizikletaz ibiltzeko bide ezin egokiagoan, seinale hori-zuriei jarraitu diegu, nahiz eta geroago utzi egingo ditugun. Hurrengo bidegurutzeetan goiari helduko diogu. Handik gutxira, iturrira iritsi gara. Ezin dugu aurrera egin tragoxka bat jo gabe. Bertako uraren fama gogoratzeaz gain, uraren erabilera anitzak ekarri ditugu gogora, eskasia egon daitekeen garaiotan: Garai bateko baserritarren sinesmenik errotuenetakoa, etengabeko berritze ziklikoarena zen. Denboraren kontzeptua bera ere ziklikoa izanik, berriz etorriko denaren kontzientzian bizi ziren: Udaberria joan da, baina, etorriko da berriro. Honek egungo gizarte zientifikoaren denboraren kontzeptuarekin talka egin du. Lehen gertatutako guztia berriro gertatu daiteke: Naturaren legeen bidez, edo gizakiaren sinesmena medio, adibidez, erritoekin. Suarekin egindako erritoez gain, urarekin egindakoak dira ugarienak Euskal Herrian.


Loatzo mendiaren altzoan

Iturrian ur pixka bat edan eta pista ederrean, eroso, aurrera jarraitu dugu. Paraje hauetan A-15 autobidea ikusteko modua dugu, Leitzaran erditik barrena, Gipuzkoa eta Nafarroa elkartzen dituen autobidea. Oraingoan pinu itxiek bidea zedarritzen dute, paraje atsegina eginez, gurea. Belabietako langara iritsi gara ondoren. Pista utzi eta pinu soil batzuen tartetik gora joan gara. Mendi hegaletik barna ondoren, begiek ikuspegi zabalagoa hartu dute, berehala. Behiak ez pasatzeko tartetik aurrera egin dugu. Hamaiketakoa egin beharra azaldu da taldean, ez da harritzekoa mendian egonda, esfortzu handirik egin ez badugu ere. Askiturriko borda eta Ibingo langa igaro ondoren, Belabietako gaina utzi, eta bidean aurrera Akolodiko bordara iritsi gara. Puntu honetan bide zidorra utzi eta eskuinetik beherantz doan bidea hartu dugu. Baso tartean Artxipiagako langara iritsi gara. Langa igaro ondoren, Irurara ere joan daitekeenaz ohartu gara, baita Goiburutik Amasara ere. Guk, ordea, Loatzo mendira iristeko geratzen zaizkigun azken metroak egin ditugu.

Lasai arraio iritsi gara gaurko ibilbideko punturik garaienera. 636 metro dituen Loatzo mendiaren tontorrean gaudela adieraziko digu gurutze ederrak. Tontor zelaitsua da. Hemendik behera, gaurko ibilbidean ezagutu ez ditugun gainbeherak izango ditugu.


Ura ona dela baina...

Ohartzerako Alustizan, nekazal turismorako prestatuta dagoen baserrian gaude. Eguraldiak lagun, sagardo botila eskatu diogu etxekoandreari. Egia esan, ez digu denbora gehiegirik iraun. Ura ona izango da, baina, baita gainerako edariak ere! Aurrera egin beharreko bidea asfalto gainean egingo dugu. Aranerreka gurutzatu arte malda behera eta handik aurrera eliza parera iritsi arte gora.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan