Jon Gurrutxaga
Paisaiak maketarekin maketarekin Oñatiko Gaztetxean eskainitako kontzertuaren haritik etorri zitzaion Xabi Strubelli Ilargi handi, zauri zarae grabatzeko parada. Izan ere, Oñatiko Potxo argitaletxea izan baitzen hondarribiarrari enkargua egin ziona. Bertan, Federico García Lorcak idatzi eta Esteban Urkiaga Lauaxetak itzulitako hiru olerki eta Lauaxetak berak idatzitako beste bi poema musikatuta ageri dira. Liburuxkan bi zati bereiz daitezke. Alde batetik, Ilargi handi izenekoa, bertan Lorcaren olerkiak gazteleraz, eta euskarazko Lauaxetaren eta Bitoriano Gandiagaren bertsioak biltzen dira. Eta bestetik, Zauri zarae atalaz, Lauaxetaren bi olerkiz eta Gandiagaren bertsioez osatua. Diskoa osatzen duten bost olerkiok Lauaxetak Lorcari bidali zizkion 1936ko urtarrilean. Bertan, olerkari euskaldunak bere hiru poema euskaratzeko baimena eskatu eta bere lanean izan zuen eragina aitortzen dio Granadako artistari. Liburuxka osoa Nikolas Lekuonaren margo eta argazkiekin osatzen da.
Potxo Argitalzuloaren asmoa hiru autore handi hauen obra eta olerkigintza, oro har, gazteei hurbiltzea izan da. Eta hain zuzen ere, esparru horretan ulertu beharra dugu Bitoriano Gandiagak egindako lana. Egungo gazteentzat arrotza gerta zitekeen Lauaxetaren hizkera moldatzeaz arduratu baitzen Arantzazuko olerkaria. Horregatik, ulergarritasuna bermatzeko asmoz eta mezua behar bezala heltzeko xedez Lorcaren poemetan Gandiagaren egungo bertsioa erabili dute Zura taldekoek. Lauaxetaren olerkietan, berriz, testu orijinala errespetatu dute.
Zura
Xabi Strubellek 2003an ekin zion Zura izeneko bakarkako ibilbideari. Paisaiak titulupeko maketa izan zen abiapuntua. Lehen egitasmoan Xabi Strubellen gitarra eta ahotsek taldekide bakarra zuten lagun, ordenagailuarekin oinarriak jartzen. Bestalde, berehala sentitu zuen taldearen beharra. Batez ere, Psylocibe Hondarribiako Musika Taldeen elkarteko partaideez inguratu zen lehen talde hartan: Lif taldeko bateria jole Anjel Etxebeste baxuan, Diego García baterian eta David Martínez gitarran. Egurrezko instrumentuez eta distortsiorik gabe egindako musika bortitzaren arteko kontraesanean topatu zuen Zura izena musikari gipuzkoarrak.
Diskoa 2004ko maiatzetik 2005eko martxora bitartean hiru saiotan grabatu da Irungo Irudiots estudioan. Eta Metak diskoetxearen eta Potxo argitaletxearen artean plazaratu dute. Diskoan ondokoek osatzen dute Zura: Xabi Strubell (gitarra klasikoa, ahotsa, loop edizioa eta poemen moldaketa), Martxel Mariskal (ahotsa eta poemen moldaketa), David Martínez (gitarra klasikoa) eta Diego García (bateria). Lan berrian Ritxi Salaberriak, Xabi Erkiziak, eta Bad Sound System-eko DJ Suciok eta Brujok ere parte hartu dute. Soinu ingeniaritzaz, berriz, Hector Leial arduratu da.
Heriotza
36ko Gerran zendu ziren bai Lorca, bai Lauaxeta eta bai Lekuona ere. Strubellen hitzetan hori ez da hiru artistak lotzen dituen gauza bakarra: "Tradizioa berritu eta abangoardiako hizkuntzekin uztartu zuten hirurek. Lorcak nekazal giroko istorioak (ijitoak, bandoleroak...) eguneratzen eta hizkuntza berritzaile bat sortzen kristoren lana egin zuen. Lauaxeta ere euskal giroko bitxikeriak olerkigintzara eramaten saiatu zen eta era berean poesia soziala egiten hasi zen. Lekuonak, berriz, Parisen egiten zen abangoardia presente zuen bere lanean".
Ilargi handi, zauri zarae disko liburuxkako bost kantek heriotzarekin zerikusia dutenez nahiko melodia ilunak landu dituzte Strubell eta konpainiak. "Musika distortsioarekin eta egurrezko baketekin grabatuko bagenu ohikoagoa den zerbait lortuko genuke. Horregatik, lan honetan kontraesan hori bilatu dugu, harmonia eta melodia aldetik nahiko iluna da, baina soinu aldetik atsegina", diosku musikari hondarribiarrak.
Aurreko lanarekin erkatuz eta enkargu bat dela kontuan izanik, Strubellek beste era batera lan egin du disko berri honetan. Eta talde lana aurrekoan baino garrantzitsuagoa izan dela nabarmendu du. Olerkiek duten sentimendu eta irudi poetikoak musikaren bidez ahalik eta hobekien transmititzen saiatu da Zura: "Ehiztari testuan barne tentsio handia dagoela interpretatu dugu, beraz, harmonia nahiko iluna sortu dugu; Kordoban hegoaldea oso presente dagoenez rumba edo flamenko kutsua duen gitarra sartu diogu; Langile eraildu bati langile greba baten inguruan mintzo den olerkia denez melodia tentso eta ebolutiboa sortu dugu; eta Artzain baten heriotzean dantzaldi bat aipatzen da eta guk gaur egunera egokitu eta rave edota techno kutsua eman diogu". Lorcaren Agurra, berriz, "modu librean" interpretatu du Zurak. Olerkian bertan agertzen ez diren gaztelerazko eta ingelesezko hitzak gehitu dizkiote, adibidez. Garai hartako poesiaren eta gaur egungo raparen arteko lotura bilatzen saiatu dira. Esperimentu horren bitartez, eta gaur egun rapa kaleko poesia kontsideratuz, gipuzkoarrak olerkigintzaren garapena azaltzen ere saiatu dira.
Musika, irudia eta interpretazioa
Ilargi handi, zauri zarae lanak olerkigintza, musika eta pinturaz gain laugarren elementu bat ere aurkezten digu. Izan ere, disko liburuxkak Verónica Aguilerak olerki bakoitzaren gainean egindako bideo-pintura lana jasotzen baitu DVD formatuan. Dagoeneko kontzertu dezente eskaini ditu Zurak lan berria aurkezteko eta ahal duten guztietan irudia presente izan dute emanaldietan. Horrez gain, beren mezua helarazteko antzerkiaren formatua ere erabili dute. Horrela, Interruptus taldeko bi aktorek Lorca eta Lauaxetaren olerkiak dramatizatzen dituzte taula gainean.
Zurak jadanik zuzenean kanta berriak ere eskaintzen ditu eta datorren urtean estudioan sartzeko asmoa du. Bestalde, Xabi Strubellek Anariren disko berrian dihardu lanean eta ziurrenik udazkenean ikusiko du argia.
Pilar Iparragirre
Egiaz da panorama hain beldurgarria, ala nobela zirraragarriagoa izatearren exageratu egin duzu?
Nire ustez, kontatzen dudana nahiko errealista da. Hor agertzen diren gauza asko gertatzen ari dira orain. Izan ere, gure gizartean gauza asko amaieraraino iritsi dira jada, eta une honetan aldatzear daude. Liburuan agertzen den giroak parodiatik du asko, baina pasadizo asko neroni gertatu zaizkit edo nik ikusiak dira, alegia ez ditudala asmatu. Egia da gaur egun ikasle jendeak ez duela ikasten, eta hori lan-merkatuarekin dago lotua. Gizarte pobre asko daude munduan. Guri egokitu zaigu gizarte aberatsean bizitzea, leku txiki batean, eta zorionezkoak ei gara leku txiki aberats horretan bizitzeagatik. Baina gure gizartean jende asko dago langabezian, edo lan baldintza oso txarrak ditu, eta jende horrek ezin du esan ondo bizi denik, bere bizitza oso gogorra delako. Eta jende asko bizi da egoera horretan. Beraz, nik ez nuke esango mundu zoriontsu batean bizi garenik. Eta bai, ikastetxeetako eta unibertsitateko panorama nahiko beltza da.
Egia da, hortaz, ikasleek ez dutela inongo interesik ikasteko?
Bai. Baina hori beti gertatu da, ez da gaurko gauza bat. Gazte garenean ez dugu lan egin nahi. Gaur egungo gazteek ez dute ikasi nahi, jakin badakitelako ez dela beharrezkoa gero bizitzan arrakasta lortzeko. Haien eredua telebistako saioetan ikusten dena da, bat-bateko arrakasta. Batere kulturarik gabeko jendeak hartzen du parte telebistako lehiaketa horietan, eta gainera kultura izatea ere oztopo da parte hartzeko. Horregatik ez dute ikasi nahi gazteek, konturatzen direlako kultura ez dela beharrezkoa, eta gainera oztopo ere izan daitekeela bizitzan modako gizakia izateko.Eta beren burua bizi diren gizartera egokitzen dute.
Dena den, Apologian agertzen denez, badago ezberdintasunik familia pobreko eta familia aberatseko ikasleen artean...
Hori Markos Zapiainek egin duen hitzaurrean agertzen da, nobelan ez dakit hain garbi adierazten den. Baina bai, egia da heziketa txarra jasotzen duten ikasleek aukera gutxiago izango dutela bizitzan aurrera egiteko, eta gainera askoz ere aukera txikiagoa izango dute bere egoeraren arrazoia ulertzeko; hau da, ahalmen gutxiago izango dute bizitzaren bidegabekeria ulertzeko. Ze, kultura falta jendea menderatzeko bide bat da, eta horregatik uste dut heziketa sistema txarra izatea oso bidegabea dela, ez delako bakarrik kultura problema, bidegabekeria baizik, arazo politikoa.
Horregatik iradokitzen al da nobelan Erromako esklaboen matxinadaren pareko zerbait?
Beno, aldaketa asko sortzen ari dira gure begien aurrean, eta oso azkar, baina joera nagusia garbi dago: handinahiek gero eta botere handiagoa dute, pobreek gero eta gutxiago, eta bien arteko leizea egunero zabalagoa da. Film hori ikusia dugu, eta badakigu nola bukatzen den.
Ikasleek ez al lukete interes gehiago jarriko irakasleek motibatuko balituzkete? Apologiako irakasle gehienek ez dute horrelakorik egiten, beren artean kafe gozoa hartzen eta gero ikasleei aprobatuak oparitzen dabiltza...
Kontua da nobelako protagonista irakasle bat dela eta dena ikusten dugula haren ikuspegitik. Beste irakasleak ez dira asko agertzen. Protagonistak nortasun nahiko ezkorra du, horregatik ez da jendearekin oso ondo moldatzen, baina horrek ez du esan nahi beste irakasleak alferrak direnik. Ze irakasleek, orokorrean, motibazio gutxi dute, baina ez dira alferrak. Egia da nolabait behartzen gaituztela ikasleei gainditua ematera, eta gure lana oso kontrolatua dagoela burokraziaren bidez ûbeno, benetan ez dago kontrolatua, baina sortu behar izaten dugu burokrazia pilo bat, paper eta txosten piloa, nahiz eta gero paper eta txosten horiek inork ez irakurriû. Nolanahi ere, irakasleak nahiko langile serioak dira nire ustez, irakasleen alde nago ni. Izango da alferren bat edo beste, hobeak eta okerragoak, baina, beno, nik ez dut irakasleriari buruzko nobela bat idatzi, heziketa sistema orokorrean hartuta baizik.
Hori al da zuk kritikatu nahi duzuna?
Bai. Liburuan askoz gehiago kritikatzen dira irakasleak ez direnak, irakasleen gainetik daudenak, nik uste. Hau da, hezkuntzako politikariak, heziketa sistema antolatzen dutenak, baina benetan interesatzen zaiena inoiz eskandalurik ez sortzea da. Haiei bai egiten diela liburuak kritika, eta egur gehiago emango nieke ahal banu. Irakasleak, berriz, ni bezalakoak dira, eta oso gremiala naiz ni: irakurtzen dudanean ikastetxeren batean arazorik egon dela, arazoaz ezer jakin gabe ere beti irakasleen alde jartzen naiz.
Ez ote duzu hori esango liburuak izan dezakeen erantzunaren beldur...?
Ez!!
Zer nolako harrera izan du Apologiak?
Nire lankide batzuk liburua irakurtzen hasiak dira, baina oraindik ez didate ezer esan. Badut halako interesa jakiteko beste irakasleetatik zenbat dauden nirekin ados eta zenbat ez. Hau da, nortzuk uste duten esandakoa ondo esan dudala, edo gehiago esan behar nuela, eta nortzuk dioten oso ezkorra naizela eta egoera ez dela horrelakoa.
Eta ikasleek, irakurri al dute?
Momentuz ez. Nire ikasleetako batek erosi zituen nire aurreko bi liburu, eta gustuko izan omen zituen; baina hau ez dakit irakurri duen oraindik.
Zenbat urte dauzkate zure ikasleek?
Urtero aldatzen da egoera, baina printzipioz, hamasei-hamazazpi.
Behartuko al dituzu zure liburua irakurtzera?
Nik ez. Latin metodo bat egina dut eta hura bai inposatzen diedala, klasean erabiltzeko egin nuelako; baina gainerakoan ez ditut behartzen, literaturan beraiek aukeratzen dute irakurri nahi dutena.
Nola osatu zenuen Apologia?
Institutuko giroa agertzen zuen nobela bat egin nahi nuen, pertsonaia eta istorio askorekin. Orduan, atera zitzaizkidan hiru istorio motz, banatuta daudenak baina beraien artean lotura dutenak. Protagonista guztiak oso erreta daude. Lehenengoa, adibidez, automobilgintzaren aurka ari den terrorista bat da ûhirugarrenean ere kotxeak apurtzen dituen jendea agertzen da, baina bestelakoa da beraien jarrera, kirola egiteagatik egiten baituteû. Bigarren istorioko protagonista, berriz, oso baketsua da, ez du ezer egiten, baina hala ere duen ideologia oso ezkorra eta apurtzailea da, gorroto du sistema, oso txarra dela uste duelako, eta berari gustatuko litzaioke dena bukatzen dela ikustea.
Zure alter egoa al da?
Bai. Beno, terrorista ere nire alter egoa da, zentzu batean, zeren uste dut denok dugula barruan Atila txiki bat, edo anarkista txiki bat. Ez gaude ados egokitu zaigunarekin eta gehiago nahi dugu, nahiz eta beti kontrolatu sentimendu hori, bestela bizitza ezinezko litzakeelako. Eta irakaslea ere nire alter egoa da. Are gehiago, berarentzat sortu nuen giroa niri gertatu zitzaidalako benetan gero: hori idatzi eta denbora batera guztiekin gaizki moldatzen nintzen herri txiki batean lan egitea egokitu zitzaidan-eta.
Pilar Iparragirre
Nola laburbilduko zenuke olerkion mamia?
Bizitzarekiko kezka eta zalantzak ezkutatu gabe, egunerokotasuna eta gertukoarenganako kariñoa errebindikatzen duten poemak direla esango nuke.
Alde handia al dago Katiluaren ipurdian agertzen ziren poemetatik hauetara?
Baietz uste dut, liburu honetan -edo nire bizitzan beharbada, eta liburua da horren isla- galduta egotearen kontzientzia areagotu egin da nabarmen, eta horrek formari nahiz edukiari eragiten dio. Izan ere, hori da nire iritziz liburuaren ildo nagusia: galduta nagoela eta nengoela konturatu naiz eta, horren ondorioz, bizitzara eta hurbilekoenera egin dut ihes. Kontzientzia horrek eragiten du askotan hitz egitea maitasunaz, egunerokotasunaren printzak maiz azaltzea eta liburuan zehar gailentzen den tonu inozo hori. Azken batean, ibiltzen ikasten ari den haurra bezala, oinarrizkoenera eta hurbilekoenera helduta nabilelako balantzan.
Eta formari dagokionez, zein desberdintasun daude?
Estilo aldetik aurrekoan baino aniztasun gehiago dago: badira poema oso narratiboak, baita naif tankerakoak, haiku tankerakoak, eta estiloaren soiltasuna biluztasun bihurtzen duten poemak ere bai. Ezinbesteko heterogeneotasuna dago forman, galduta egotearen kontzientzia eta ihesa ildo nagusi dituen edozertan dagoen bezala.
Zure poemak oso bitxiak dira, ez duzu uste?
Ez dakit ziur poesia zer den ere. Ni poemak idazten saiatzera mugatzen naiz, ez poetikari buruz hausnartzera.
Pilar Iparragirre
Joxe Panpin jostailu saltzaile fin
Juan Kruz Igerabide, Lorena Martinez
Elkar
84 or. / 6,95 euro
6,95 euro
Zortzi urtetik aurrerakoentzat
Juan Kruz Igerabidek zortzi urtetik aurrerakoentzat sortutako lan umoretsu honek daramatzan irudiak Lorena Martinezek eginak dira. Ipuin mordoska ageri da liburuan, herriz herri jostailuak saltzen ibili ohi den Joxek kontatutakoak guztiak. Izan ere, alaba bat eta seme bat ditu Joxek, eta neska-mutiko horiek asper-asper eginda daude hainbeste jostailu edukitzeaz, ugaritasunak azkenean nazkatu egiten du-eta. Nahiago dute, adibidez, euria egiten duenean plisti-plasta busti arte ibiltzea, edo amarekin gauetan izarrei begira egotea, edo ipuinak entzutea. Eta aitak bidaia bakoitzetik ipuin bat ekartzen die. Eta hain zuzen ere ironia finez betetako ipuin horiexek dira Joxe Panpin jostailu saltzaile fin liburuan irakurleak aurkituko dituenak.
Fuerte de San Cristóbal, 1938. La gran fuga de las cárceles franquistas
Batzuen artean
Pamiela
262 or. / 29,50 euro
Iruñeko gotorlekutik 1938an ihes egin zutenen oroimenean
Felix Sierra eta Iñaki Alforjaren artean osatutako Fuerte de San Cristóbal, 1938. La gran fuga de las cárceles franquistas lanean, aipatu urteko maiatzaren 22an Iruñeko gotorlekuan preso ziren errepublikarrek egin zuten ihesaldiaren berri eskaintzen da, ihes horretan zuzenean parte hartutako hogeita hamar pertsonen lekukotzen, unean preso zeuden beste hirurenaren eta espetxeratuei bere laguntza ematen ahalegindutako emakume batzuenaren bidez. 1.085: hori da Ezkabamendiko gotorlekuan ihes egindakoen eta hildakoen kopuru beldurgarria. Ihes egin zuten 795 presoetatik, hiruk besterik ez zuten askatasuna eskuratu: Jobino Fernándezek, Valentín Lorenzok eta José Marinerok.
El Festival Cero. Donostia 1970
Mari Karmen Gil Fombellida
Donostia Kultura
88 orrialde
DonostiakoZero jaialdiaz
Mari Karmen Gil Fombellidak egindako doktorego-ondoko ikerketaren barruan kokatu behar da El Festival Cero. Donostia 1970. Crónica de un festival interrumpido lana. Espainian antzerki independentearen nazioarteko lehenengo jaialdiak bizi izan zituen gorabeherak dakartza kontura, ekitaldi horren garapena eta amaiera zehaztuz eta baldintzatu zuten faktoreen ikuspegi osoa emanaz:. une hartako antzerki-giroa, 1970 urte inguruan bizi zen egoera historikoa, orduan antzerki independientea zertan zen, zentsuraren garrantzia, lehiaketa antolatzeko interesak eta helburuak, talde gonbidatuak, antzeztutako lanak eta jaialdia bat-batean amaitzera behartu zuten arrazoiak. Bide batez, 35 urtez antzerkiak Donostian izandako bilakabidearen berri ere eskaintzen du.
Euskal Herria insólita
Andoni
Gastibeltsa, Iñaki Hartza
Basandere
320 orrialde
20 euro
Euskal kulturaren ikuspegi ironikoa
Andoni Gastibeltsa eta Iñaki Hartzaren artean egindako lan honen izenburu zehatza Euskal Herria insólita. Una investigación patafísica de la cultura vasca para el siglo XXI da. Bertan, euskal lurraldeetako jendea nortzuk garen, nolakoak, norantz goazen eta zer dela-eta sortzen ditugun hainbeste arazo azaldu nahian, bertakoek zein kanpokoek idatzi izan dituzten lanak daukate oihartzun, beti ere ikuspegi kritiko eta ironikotik. Izan ere, egileen aburuz Euskal Herriak enigma bat izaten jarraitzen du, eta ez bakarrik gure mugetatik kanpo bizi direnentzat, egungo euskal herritar askorentzat ere bai. Eta hain zuzen, enigma hori argitzen lagundu nahi du liburuak, patafisikoa baino deitu ez daiteken gure berezitasun propio horretara inongo konplexurik gabe gertura gaitezen.
Harizpeko neskaren afera
Juan José Ispizua Hormaetxea
Euskaltzaindia, BBK Fundazioa
139 orrialde
Txomin Agirre saria eskuratutako nobela
Juan José Ispizuaren Harizpeko neskaren afera izenburuko polizia eleberriak eskuratu du azkeneko Txomin Agirre saria. Bertan, perretxikozale batek neska ezezagun baten gorpua aurkituko du Gernika inguruko zabortegian. Ertzantzari emango dio abisu eta Priego inspektore zuhurrari egokituko zaio kasua. Alabaina, oztopoak besterik ez ditu topatuko, neskaren hiltzaileak benetan nortzuk izan diren jakiteko argibide bila abiatzen denean. Jende ahaltsua tartean dagoen seinale. Hildako neska kale-borrokarekin zerikusia izandakoa omen, beste polizia batzuek nahitaez politikarekin lotu nahiko dute afera. Baina Priegok argi dauka bide horrek ez duela ezer jakitera eramango.
Cuentos Sanfermineros
Patxi Irurzun
Altaffaylla
175 or. / 13 euro
Patxi Irurzunen ipuin garratz bezain ziztatzaileak
Altaffaylla kultur taldearen eskutik Patxi Irurzunek plazaratu duen Cuentos Sanfermineros liburuan Iruñeko jai orgiatsuetan kokaturiko hamairu narrazio labur daude bildurik. Umore garratz eta ziztatzailea darabil egileak festetan murgildutako pertsonaiei gertaturikoak azaltzeko, berdin Sanferminetan aurreneko aldiz parte hartzen duen nerabearenak azaltzeko, zein alkatesarenak edo zurrutean hiltzeko asmoz Las Vegasetik etorritako emakumearekin lotu zen zaborbiltzailearenak.
Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin
Martin Etxeberria
Elkar
96 orrialde 10,90 euro
Martin Etxeberriaren bigarren poema bilduma
1999an Alberdania argitaletxearen eskutik plazaratu zuen Katiluaren ipurdia izenburuko poema bildumarekin eman zen ezagutzera Martin Etxeberria. Horrez gain, haur literaturan hainbat ipuin eta Itxoidazu Café de Passy-n nobela idatzi ditu bere anaia Xabierrekin batera. Bizikleta bat egingo dut zure izenarekin liburuan agertzen diren olerkiak, berriz, bakarrean idatzitakoak dira, oraingoz behintzat poesia bere buruaren aurkako gerra bezala sentitzen duelako Martin Etxeberriak, eta ez omen daki gerra horretan zauritu gehiago sartzea komeni ote den. Nolanahi ere, idazle guztiz pertsonala agertzen da bere poema hauetan, egunerokotasuna eta gertukoarenganako kariñoa errebindikatuz. Mundua buruz behera jarritako plater gisan ikusten duen gizonak bere burua beltz-beltza eta gaiztoa dela aitortzen du, negua etortzen denean hotzez hiltzen ez diren euli bakarrak bezalakoxea. Agian horregatik Martin Etxeberriaren olerki askok izenburu ondo bitxiak dituzte. Poema liburuaren azalean agertzen denaz gain, hor ditugu Kazkabarra jaten, Ilea jaten, Kamioiez hitz egingo dizut, Cielo azul vertical, Sugandilen buztanak, edota Gizon bat pasa da, peluka batekin.
Unai Brea
1999tik 2003ra, urtero 240 lagunek amaitu zituzten, batez beste, Arte Eder ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean. Asko, gutxi? Ez dakigu, baina edozelan, gizarteak behar duena baino askoz gehiago dira -"beharraz" hitz egitea zilegi bada, arteaz ari garela-. Alegia, merkatua ez da hain zabala. "Dena dela -Ismael Manterola Arte Ederretako irakasleak dioenez-, fakultatetik irteten diren guztiek ez dute artetik bizitzeko helburua. Nik esango nuke hamarretik batek baino ez duela asmo hori. Eta hala ere gehiegi dira".
Ez genuke aditzera eman gura Arte Ederrak ikastea langabetua izateko oposaketak egitearen parekoa denik, ezta gutxiago ere. Arte Eder lizentziatuek aterabide asko daukate lan merkatuan. Arazoak, normalean, artelanak egin eta horiek saltzeaz bizi nahi dutenek izaten dituzte. Eroslerik ezean nekez sal daiteke ezer eta erosle gutxi dago. Bildumagile gutxi, beste era batez esateko.
Gehienetan, arte galeriek egiten dute bildumagilearen eta artistaren arteko zubi lana. Labur esanda, galeriek erakusten dute artisten lana, eta baita bildumagileei saldu ere, komisio baten truk. Baina artista gazteentzat ez da batere erraza galerietan sartzea. Ignacio Mugica galeria jabe bilbotarrak aitortu digunez, "guk ere geure gastuak ditugu, eta estu eta larri gabiltza. Artista gazteak ezezagunak izaten dira, eta haien lanak, merkeak. Beraz, ez dute atarramendu gehiegirik ematen".
Badira artista gazteekin soilik lan egiten duten galeriak -bakan batzuk baino ez-, eta guztiz aurkakoa egiten dutenak ere bai; baina oro har, galeria gehienak artista ospetsuak eta gazteak uztartzen saiatzen dira. Hala dio Mugicak behinik behin: "Oreka bilatzen dugu irabazi batzuk ziurtatuko dizkigutenen eta ezezagunagoen artean". Horrek, alabaina, arazoa dakar berez: galeria bakoitzak ezin dio artista gazte gehiegiri leku egin. "Zortziren bat erakusketa egiten ditugu urtero, eta hiru, gutxienez, artista ezagunenak izan behar dira, bestela galeria itxi beharko nuke. Horrek ez du gazteentzako tarte gehiegirik uzten", kontatu digu Mugicak.
Bide alternatiboak
Bildumagileez gain bada besterik, hala ere. "Nik ez dut uste bildumagile gutxi egotea denik artista gazteen zailtasunen arrazoi nagusia, badaude-eta beste bide batzuk", diosku Ismael Manterola irakasleak. Galerietatik kanpo bada mundurik, beraz. Alicia Fernández arte-adituak gogorarazten duenez, "gauza jakina da taberna, gaztetxe eta bestelako tokietan artelanak erakusten eta saltzen direla. Interesgarria da galerietan sartu ezinik dabiltzan gazteei euren burua ezagutarazteko aukera ematen dielako".
Beste batzuetan, artistek eurek sortzen dute erakustaretoa. Abisal gunea da horren eredurik ezagunena beharbada. Orain zortzi urte-edo sortu zuten Bilbon, artista gazteen lanei aterabidea emateko. Bertan dabilen Ismael Iglesiasek dio galerietako ateak, oro har, itxita daudela gazteentzat eta, gainera, horietan dabiltzanei ere ez zaiela behar bezala ordaintzen. "Saltzen ez bada, ez dugu sosik ikusten. Nork ordaindu behar digu egindako lana?".
Diru laguntzak, makulu eskasa
Merkatuan zirrikitu bat aurkitzea hain zaila izaki, askok jotzen dute diru laguntza eta lehiaketetara. Euskal Herrian denetik dago alor horretan. EAE, esaterako, Espainiako estatuko erkidegorik eskuzabalena omen da laguntza publikoei dagokienez. Iparraldean, berriz, laguntzak urriak dira. Erdibidean genuke Nafarroa. Eta horri arlo pribatutik datozenak gehitu beharko litzaizkioke.
Dena dela, diru laguntzak aterki xumea baino ez dira; ez dute zaparrada geldiarazten. Itxaso Díaz artista bizkaitarrak dioskunez, "EAEn beste lekuetan baino errazagoa da beka eta abarrei esker aurrera egitea, Jaurlaritzak eta aldundiek askotxo ematen dutelako. Baina azken batean, lanik saltzen ez baduzu nekez aterako duzu bizimodua". Díazek berak beka bi eskuratu ditu, 2001ean eta 2003an, baina horrek ez dio arte hutsetik lan egitea ahalbidetu. Oro har, bekek artelanen gastuei -"eta ez denei", azpimarratu du Díazek- aurre egiteko balio dute, ez bizitzeko; hori norberaren kontua da. Horregatik artista gazte gehienek beste lanbide bat edukitzen dute, maite dutenaz gain. Artista izatea, zaila ez ezik, garestia ere bada eta.