Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-08 16:30:26
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-07-31 -- 2003.zenb

Iñaki Uriaren tortura salaketak ikertzeko aginte judizialak erakutsi duen borondate eskasa, Espainian gaur egun tortura ikertzeko dagoen ardura ezaren erakusle bat gehiago besterik ez da. Salaketa izan eta bi urtera, ustezko biktima deklaratzera deitu eta ez epaile ikertzailerik ez idazkari judizialik ez egotea erabat adierazgarria da. Beste biolentzia mota batzuekiko gertaeraren traslazioa egingo balitz, eskandalu soziala sortuko litzateke.

Batasunak danbatekoa eman ondoren adierazi diote sostengua Elkarriri Aralarrek, ABk eta Zutikek. Bakerako bidea erraztu nahi duten baliabideak oso garrantzitsuak direla deritzote hiru alderdiek. Elkarritik harriduraz hartu da Batasunaren erabakia, batez ere une honetan, alderdi guztien arteko elkarrizketa mahaia epe laburrean era daitekenean. Horrexegatik, hain zuzen, garrantzia kendu diote Batasunaren iragarpenari. Garrantzia badu, dena den, eta seguruenik horrexegatik eszenifikatu da molde horretan. Batasunak jarrai zezakeen azken hilabeteetan edo urteetan Elkarrirekin izandako jarrera berdintsuarekin, baina nahiago izan du adierazpen publikoa egitea. Elkarrik, aldiz, nahiago izan du garrantzia kentzea, normala denez, baina garrantzia hor dago.

Euskal Herrian aspaldian izan den grebarik luze eta entsutetsuenetakoa izan da Caballitokoa, baina lan gatazkak bere horretan dirau, ez atzera ez aurrera. Azken ekimenean, Gasteizko enpresako langileek Alemaniara jo dute Pferd-Rüggeberg Caballitoko enpresa jabea bertatik bertara presionatzeko eta hango langileak zuzenean informatzeko. Alemaniako zuzendaritzak sostengu osoa eman dio Caballitoko zuzendaritzari.

Mikel Asurmendi

Ahaldun Nagusiak Gipuzkoa -2.000 kilometro koadro eta 7.000.000 biztanle dituen lurraldea- berritzailea, integratzailea, euskaltzalea eta eskualdez orekatua nahi zuela abiatu zuen bere agintaldia orain bi urte. Ordura arte kanpoan aritu zen politikan eta orain etxean ari da. Espero zuen Gipuzkoa aurkitu ote duen galdezka abiatu dugu solasaldia: "Kargu honetatik gizartea sakonetik ezagutzeko aukera aurkitu dut. Gizarteak osagai zabalak eta anitzak ditu, eta etxe honetatik berauek hurbiletik ikusteko parada daukat. Diputazioak politika maiuskulaz egiteko baliabideak ematen dizkizu. Politikaren adar nagusietako bat kudeatze lana da eta erakunde honetan politika zehatza burutu behar duzu: gizartegintzan, euskalgintzan edota kulturgintzan. Zentzu horretan, etorkizuneko gizartea eraikitzeko politika zehatzak markatzen ari gara".

Donostiako Foru Ogasunean izandako sutea eta bi hildakoez jardun dugu segidan: «Gertaera larri horren aurrean gizartearen eta herritarren gaitasuna nabarmendu nahi dut, baita larrialdietarako zerbitzuen jarrera ere. Herritarrek erakundeak bere sentitzen dituztela ohartu gara. Foru Ogasuna inola ere herritarrek maite duten erakundea da. Krisialdi honi aurre egiteko oso jarrera lagungarria izan da».


Orain bi urte, politikaren «bidegurutze»an geundela azaldu nizun. Zuk, berriz, politikaren «aukerak» lehenetsi zenuen. Zein dira Diputazio honetan aurkitu duzun aukera?
EAJ eta EAk gehiengo osoa dugu Gipuzkoan, eta eguneroko politikagintzan Aralar eta EBrekin hainbat adostasun lortu dugu, baita PSE-EErekin ere bakar batzuk -PPren kasua salbuespena da-. Gipuzkoan gehiengo osoa ez bagenu bezala jokatuko genuela esan genuen eta gainerako alderdiek jokamolde hori aitortzen digute. Jarrera garrantzizko hori aukeratu izana azpimarratuko nuke.

Bien bitartean, AuBren parte-hartzearen auzia hor dago oraindik.
AuBk eta, oro har, ezker abertzaleak bere erantzukizunei aurre egin behar die. Ezin dute besteen teilatura pilotak botatzen segi. AuBren arazoa konpontzea bere esku dago. Guk gehiengoa ez bagenu bezala jokatu dugu, baita Alderdi Politikoen Legearekiko jarrera garbia hartu ere.

Pasa gaitezen, eremuz eremu, azpiegituren esparrura. Abiadura Handiko Trena (AHT) proiektua ekonomikoki bideragarria al da?
1992an, Madrilgo Kongresura joan nintzenean, Madril eta Sevilla arteko AVE delakoa ekonomikoki bideragarria ote zen galdetzen zuten. PPk zalantzan jartzen zuen batez ere. Zalantzan jartzen zutenek zer diote orain? Beraiek dira AHT proiektua zapuztu eta baztertu nahi dutenak.

Ni gehiago ari naiz herri ekimenen ikuspuntutik, garraiorako beste alternatibak lantzen ari direnen ikuspuntutik.
Nik ez dut inor asto gainean ikusten, horienak bai direla eztabaida birtualak. Nork ikusten du gaur egun bere burua euskal arkadia zoriontsu berde batean eta asto baten gainean?

Nik ez dut asto baten gainean joan nahi duenik ezagutzen.
Nik berriz, eztabaida horiek planteatzen dituztenak bakarka eta autoetan ikusten ditut.

Bestela galdetuta: Gipuzkoa eta Bizkaiko orografia ezagututa, AHT proiektuaren 194 kilometroetatik 99 kilometro tunel izango dira, eta 300 kilometro orduko joango da trena. Hori errentagarria izango al da edo goitik behera datorren proiektua nahitaezko ote da?
Teknikoek proiektua egingarria dela diote, eta errentagarritasuna bermatua dagoela ere bai. Hendaian antzeko tren bat dago, TGV delakoa, eta ez dut inoiz kalapitak sortu duen inor ikusi. Iparraldeko lagunek onartzen al dute delako triskantza hori edo?

Ez dut uste konparatzerik dagoenik. Lapurdin oraindik ez da egin abiadura handiko trenbidea.
Baina eginda dagoena antzekoa da.

Posible al da horrenbeste kamioi bideratzen duen ekonomia neoliberal honek aurrera egitea?
Ni atzeraka eredu neokomunistek botatzen naute, ikuspegi politikotik alegia. Inor gutxi ezagutzen dut praxian eredu neokomunistaren baitan bizi dena. Burges jendearen jokabideak ikusten ditut nagusiki, eta bereziki eredu komunista hori bultzatzen dutenen artean. Eta horrek harritu egiten nau. Hau da, gauza bat predikatu eta beste bat egiten dute, aurkakoa. Eredu neoliberala kritikatzen dutenak dira berau gehien praktikatzen dutenak.

Lasarte-Oriatik Hendaiara doazen bideak, batzutan kaosa direla esango nuke.
Gipuzkoan kaosa? Gipuzkoa martxan dago dirua eta proiektuak daudelako. Errealitatea hauxe da: aurki Bergara-Arrasate autobidearen beste zati bat zabalduko dugu, 2007rako Gasteizera iritsiko dena. Berau ardatz alternatibo nagusietako bat izango da. Artean, A-8an obrak egiten ari dira eta abendurako Donostiatik Irunera bitarteko hirugarren karrila egina izango da. Anbizio handiko ekimena gauzatzen ari gara baita ere Donostiatik Andoainera iristeko, hirugarren zati alternatiboa, Urumeako autobidea. Lasarte-Oria eta Oiartzun bitartean, beste zati alternatiboa, 2007rako egingo da. Bistan da, istripu bat nahikoa da errepidea kolapsatzeko, baina bestela errepideak ez daude kolapsatuta.

Tira, zerbaitek huts egiten du, herritarrongandik hasita, jakina. Baina, zergatik egiten dira %180 kilometro orduko joan daitezkeen autoak, autobideetako abiadura 120 kilometrora mugatuta badago? Ez dagokizu zuri erantzutea badakit...
Begira, Iparraldean auto hobeak daude, baina mantsoago doaz. Iparraldean beste kultura eta heziketa bat dago eta hori gidatzean nabaritzen da, horrek asko arintzen du trafikoa. Baina zergatik zaintzen dira Lapurdin abiadura mugak eta Irunen ez?

Gipuzkoan zenbat jende mugitzen garen ere kontuan hartu beharko genuke.
Lapurdiko kostan hemen adineko jendea dago, ez dut uste hori denik kontua. Gizartearen ohitura eta eredu kontua da. Herri garraioa bultzatu behar da, norberak aukera koherenteak egin, eta ez diskurtso teorikoak egin baina autoz joan. Nik kontraesan hori aipatzen dut, diskurtsotik praxira dagoen aldea eta kontraesana.

Gipuzkoan herri garraioa indartuko da, beraz.
Etengabe ari gara indartzen. Egoera ekonomiko txukunean bizi garenez, oro har, herritarrek bere erosotasuna lehenetsi nahi -eta ahal- dute. Baina aizu, Gipuzkoako zenbait herritan auto gehiago dago biztanle baino.

Gipuzkoako errepide kilometroak kontutan hartuta, bere ekonomia hipotekatuko den beldur izan behar al dugu?
Inbertsioak aberastasun gehiago sortzen du, ekonomiaren motorea inbertsio publikoa da. Jakina, kezka pentsioekin izan daiteke, gizartean hainbat aldaketa ematen ari da: inmigrazioa dela, babesik ez duten umeak -Diputazioak 1.000 umetik gora babesten ditu-, hirugarren adineko pertsonek gero eta dependentzia handiagoa dute - 5.000 pertsonek alzheimer dute-. Gizarte sektore batzuek harrera duina behar dute. Etxe honen zeregina eremu horietarako egitasmoak bermatzea da.

Bestalde, zer moduz Akitania-Euskadiren arteko harremanak?
Akitania, Departamendu eta BAB delakoarekin ari gara lanean. Paueko Kontseiluarekin eta orobat Jean-Jacques Laserre presidentearekin harremanak sendotu ditugu, programa bat adostu dugu bakoitzak dituen eskuduntzen arabera. Jakina, langa fisikoak altxatu dira baina oraindik langa psikologiko asko dago. Euskaldunak eta auzoak gara, baina urte askotako inertziak nor bere norabidean garamatza. Europako politika egitean elkarrekin aritzeko nahia badago, baina inertziak izugarrizko indarra dauka. Herritarrak erakundeak baino aurreragoa doaz, erakundeek zailtasun gehiago dute herritarrek normaltasunez egiten dutena egiteko. Gure lana, hango eta hemengo funtzionariek harreman estua edukitzea da gizarte eta auzolanean aritu ahal izateko.

Pasaiako eskualdea da atzeratuena Gipuzkoan. Portu berria egingo al da?
Pasaiako eskualdea eta badia birgaitu eta biziberritu behar dira. Gipuzkoan baldin bada XIX. mendeko parametroetan dagoen eskualderik Pasaiako da. Batzuek Gipuzkoa AHT gabe, porturik gabe, aireporturik gabe nahi dute, baina ez dute esaten nola biziko diren, ezta bere seme-alabak ere. Guk ez dugu Gipuzkoa ikusten porturik gabe.

Erakundeen proiektuei herri alternatibak aurkeztea ondo da, ezta?
Bi kontzeptu berezi behar dira: batetik, lurraldetasunarena. Guk Gipuzkoaren interesaren alde egin behar dugu. Guri ez Lapurdik ez Nafarroak ez Bizkaiak, ez dizkigute babak eltzetik aterako.

Gipuzkoako herritarren artean eredu ezberdinak izango dira Pasaiako portua egiterakoan. Mendebaldeko eredu kapitalista eta politika neoliberalen akatsak eta mugak aztertu behar dira...
Danimarka eta Finlandiako heritarrei pasatzen ote zaie burutik eredu sozial-demokrata aurrerakoiei kontra egitea? Edo Herbeheretan? Zer nahi duzu esatea, gure politika eredua neoliberala dela eta hobe dela ezer ez egitea?

Ez dut uste ezer egin behar ez denik. Baina baliabide gutxiagorekin eta eredu xumeagoak egin daitezkeela diot, agian. Baina, nireak ideia neokomunistak direla esango didazu...
Ez. San Petersburgon antzeko portua egin da. Arkadia zoriontsuaren eredua bultza nahi dutenak Domingo Kanpaina dira (irriak). Ezin dena da eztabaidatu eta gezurretan bizi. Nork ordainduko ditu gure pentsioak eta non bizi eta lan egingo dute gure seme-alabek?

Bestalde, errauskailuen arazoa nola bideratu daiteke?
Hasteko zaborrak ez gaitzala jan. Horretarako proiektuak landu behar dira.

Ni interesez baino ikuspegiak plazaratzeko askatasunaz ari naiz. Demokrazia ordezkatuaz gain, aldian aldiko gaiak jorratzeko demokrazia parte-hartzaileari lekua eman dakiokeela.
Demokrazia formaletan hiritarra gero eta gehiago aintzakotzat hartzen da. Agintarien erantzukizuna da arazoei ahalik eta konponbiderik onena ematea.

Baina alternatiba bilatzen dutenak asto baten gainean ikusten dituzu...
Esan dezatela zaborrak nola kudeatu behar diren, nola kendu gure paretik. Esaten dutenak ez dio erantzuten gizarte ereduari. Kontua da milaka tona zabor dugula eta zer egin behar den erabaki behar dela. Jar gaitezen tesitura horretan. Gizakiak mendetan zaborrak erre egin ditu eta pertsonak lurperatu. Egun, pertsonak gero eta gehiago erre egiten dira eta zaborrak ez ditugu erre nahi. Orduan, gizarte eredua aldatu behar al da? Beharbada, lehenik gizarte ereduari erantzun bat eman beharko zaio.

Kike Amonarriz

Mediterraneoa, Guatemala, Marokoko Atlas mendiak, edo Egipto euskaldun askoren opor-leku izango dira aurten ere. Gutxik pentsatuko lukete ordea, herrialde horietan duela milaka urte, euskara edo protoeuskara moduko bat hitz egiten zenik. Ikerlari batzuek ordea, horixe diote. Euskararen jatorriaren inguruko ekarpen berriek gaia jorratzeko aitzakia eman digute.
guztia irakurri

Imanol Gomez 27 urteko gazte donostiarra da Euskal Herriak bizi duen gatazkan izandako azken hildakoa. Ustezko ETAko kidea Cahorseko ospitalean hil zen, Frantzian, poliziaren kontrol batetik ihesi abiatu ondoren izandako istripuan jasandako zauri larrien ondorioz. Frantziako poliziak ia egun osoa eman zuen hildakoaren izenik eman gabe eta ezker abertzaleko hainbat erakundek gogor salatu zuten hori, horrek beste familia askotan sortu duen egoneza handiagatik. Gaztearen heriotza alderdien arteko elkarrizketa mahaiaren gaia bolo-bolo dabilenean gertatu da.

Oraingoan hildakorik gabe, baina Londres berriz jarri dute dantzan lehergailuek, nork jarri dituen argi ez bada ere. Ekainaren 7an izandakoek era guztietako erreakzio eta hausnarketak eragin zituzten, eta horien guztien ondorioz zerbait argi esan badaiteke zera da: Mendebaldeko herrialdeetako gizarteetan ez dago ia zalantzarik Madril eta Londreskoa moduko atentatuak guztiz lotuta daudela Irakeko inbasioa eta gerrarekin. Hortik aurrera sakontzean desberdintasun ugari antzeman daitezke, baina pertzepzio nahiko sustraitua da, halaber, oso zaila izango dela halakoak saihestea Mendebaleko egungo geopolitika aldatu ezean, batez ere baliabide energetikoak eta herrialde arabiar eta musulmanekiko egiten diren politikei dagokienean. Pertzepzio nagusi horiek egon badauden arren, gaitza izango da oso politika horiek aldatzea, nagusiki AEBak eta bere aliatu finenen jarreragatik. Horrez gain, islamaren mundua handia, zabala eta korapilatsua da eta bere baitan ere sakon arakatu eta aztertu beharko da era honetako fenomenoak hobeto ulertzeko.

Daniel Udalaitz

Osasunez ongi daude hemengo ekonomia eta finantza-entitateak. Hori erakusten dute 2004. urtean, Euskal Herriko bankuek, aurrezki-kutxek eta kreditu-kooperatibek lorturiko emaitzek. Mozkinak %10etik gora hazi dira, batez beste. Aurtengo aurreikuspenek, lehen sei hilabeteak igarota, marka guztiak hautsiko direla adierazten dute.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan