Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-31 -- 2003.zenb

Imanol Alvarez

Laikotasuna hitzetik hortzera ibili zen gure artean duela zenbait hilabete. Nik neuk idatzi nuen orri hauexetan gaiari buruzko artikulutxo bat.

Euskal gizartean erlijio-askatasuna dago, bai, eta horretaz harro egon gaitezke. Nork nahi duen sinesmena izan dezake. Inor ezin da erlijio edo eliza batekoa izatera behartua izan, ezta jainko batengan edo beste batengan sinestera ere. Espainiako eta Frantziako Konstituzioek beraiek ere aitortzen duten moduan, gure gizartea teorikoki akonfesionala da.

Nahiz eta euskal gizartearen zati handi bat, hala edo hola, erlijio katolikoarekin identifikatzen den, gero eta gehiago dira beste erlijiotakoak: katolikoak ez diren beste kristauak, musulmanak, juduak, budistak eta abar. Era berean, askotxo gara ezein erlijio-sinesmenekin identifikatzen ez garenok, agnostikoak edo ateoak garenok alegia. Mundu zabaletik etorkinak etengabe heltzeak erlijio-aniztasun hau areagotzen segituko du, ziur aski.

Guztiok elkarrekin bizi behar dugu. Elkarbizitza denontzat onargarri izan dadin, gizabanakoon erlijio-aukerak errespetatzean oinarritu behar da, eta ezein erlijio-sinesmenek ez du inolako pribilegio-egoerarik izan behar besteen gainetik.

Agnostiko, ateo eta erlijio guztietakook, gizabanako zein talde bezala, iritzia eman dezakegu arazo sozialei buruz, baina ezein eliza edo talde erlijioso edo sozialek ezin inposatu dizkio bere sinesmenak gizarte osoari.

Testuinguru honetan, ordezkari politikoek oso kontu handiz bereizi beharko lituzkete beren sinesmen pertsonalak eta ordezkari publikoak izateagatik dagokien papera. Ez da onargarria ordezkari publiko batek bere botere-egoeraz aprobetxatzea bere erlijio-sinesmena edo bere sinboloak inposatu edo bultzatzeko.

Tamalez, egunez egun konprobatzen dugu guztion artean ordaindutako erakunde eta zerbitzu publikoetan erlijio-ikurren -ia denak katolikoak- presentzia bidegabea dagoela. Gurutzeak eta erlijio-ikur katolikoak zentro publiko, eskola eta osasun zentro askotako paisaiaren parte dira.

Mota honetako gertakariak gune publiko eta pribatuen arteko nahasmena direla iruditzen zait, eta baita botere publikoen ezinbesteko akonfesionaltasunari begirune falta ere.

Ibarretxe Jaunak eskubide osoa du beraren erlijio-sinesmenak izateko eta dagozkien erlijio-erritoetan parte hartzeko. Ez dirudi, ostera, onargarria izan daitekeenik euskal hiritar guztion izenean joaten den ekitaldi publikoetan beraren fede edo erlijio-sinesmenak nabarmenki erakustea. Era berean, ez dirudi oso arrazoizkoa denik euskal hiriburuetako jaietan hainbat mezatara Lehendakari moduan joatea, are gutxiago, guk dakigula, beste erlijio-sinesmen batzuetako errito eta zeremonietara joaten ez denean.

Lehengo hilean Ibarretxe Jaunak Lehendakari izateko zina, duela lau urte bezala, gurutze handi baten aurrean egin zuen, ondoko hau esanez: "Jainkoaren aurrean apalik...". Irudi hori ikusita esan liteke benetan Ibarretxek euskal hiritar guztion lehendakaria nahi duela izan? Argi dago ezetz.

Lehen aipatu ditudan erlijio-aniztasuna, legeak eta abar ahaztu gabe, badago beste arrazoi oso argi bat nire lehendakaria, behintzat, ez dela esateko eta hauxe da: ni -eta ni bezala beste asko ere- irainduta, minduta oso, sentitu nintzen irudiak ikusitakoan. Nola da posible nire lehendakari izan behar omen duen jaun hori apalik agertzea ni pertsona modura etengabe erasotzen nauen eta nire gutxieneko duintasuna ere errespetatzen ez duen erlijio baten ikur nagusiaren aurrean?

Bikote-legeak egiten ditugu, berdintasun-legeak... baina gero jarraitzen dugu gay-lesbianok, emakumeak eta abar zokoratzen dituen eta, are larriagoa dena, beraien kontrako apologia egiten duen erakunde bati ez dagokion protagonismoa ematen.

Ez Ibarretxe jauna, ez zara nire lehendakari!

Maialen Lujanbio


Esan al liteke, aspaldion hain modako diren eguraldi iragarpenetan Tenporak bezala, badela festa-garaian, bestelako tenpora-modu bat, momentuko eta bihar-etziko gizartearen giroaren berri ematen duena? Dena eta datorkeena, uda hasierako astebetetxo batean mintzo. Demagun ostegunetik ostegunera, ekainaren 30etik, uztailaren 7ra.

Putas, cerdas, lesbianas, a la cocina-rekin hasten da udaroa. Txistu eta txilubitu. Mmm... itxura ederra aurtengoak ere...! Garrasiak, bultzadak, botila jaurtiketa... Eta ororen artean, iseka ustekoetan iseka gorena, garaiaren lagin bete-betea, giroaren neurgailua, oihu eta lerde artean harro irteten den hitz hori, kontzeptu hori: feas. Feas más que feas!! Esanguratsua. Gizarte eredu bat bi harridura ikurrekin. Nahita ere ezingo litzateke hitz xumeago bat aurkitu bekatu hain ikaragarri baten adierazteko, emakumea itsusi izatea alajaina! Desberdinagatik itsusi. Hori da espresibitatea eta indarra f horrena! Baina euria eta ederra ez du denen gustura egingo gero ere. Eta ez beza.

- Zaude isilik, zu ez zara hemengoa! Eta...

- A, bai bai noski, arrazoi duzu. Ni ez naiz hemengoa. -Halaxe entzuten da sarri sarri Irun alde horretan.

Entzuten zen eta da. Sarri Sarri. Doinu zaharrak berri; egun ere, festetan eta bestetan aireari ostikoka dantzan. 20 urte gero. 20 urte Martuteneko ihesetik. Bafleak txikitu, kartzelak handitu, eta Tenporen arabera hurren urteak urteurren segitzeko tankera. Deserriak segitzen duen bezala deserri. Eta kantaldi osteko oihu haiek: beste bat, beste bat... -kantuari? ihesari?- ...beste bat, beste bat... diskoetako abestien amaieretan bezala pixkanaka apalduz-apalduz.

- Baina, zer diozu, ni ez naizela hemengoa?! Ni hemengoa naiz! Nongoa? Emakumea. Han izanik hona naiz. Eta bertan izanik, ezin izan.

Eta diskoetako abestien hasieran bezala pixkanaka ozenduz-ozenduz oihu haiek berak ...otra, otra! berriro uztailak zazpi, eta ...otra otra! 20 urte gero. Txupinazoa Iruñean.

"Gaurko euskaltzaleek maiteen duten kontsigna æEuskaraz biziÆ delako hori da", -I. Segurolak dio- "D ereduko bizimodu bat aukeratzea da kontzientzia izeneko poliziak bere buruarentzat egiten duen aukera bat, deliberatuki. Baina hizkuntza ideien mundutik hagitzez beherago dabiltzan æbarrengo koskorretatikÆ ateratzen da erraz eta gozo, edo bestela ez da ateratzen. Eta kontzientziako poliziak euskaltzalearen baitan, ordutegi jakinean bakarrik egiten du lana eta ezin harrapatu ditu jolas-ordu guztiak, edo estualdiak, edo oihu egin beharreko orduak, onerako eta txarrerako samurraldi gordinenak, edo ostiaputako amorrazioak". Konforme. Eta horiek horrela ere, eskaparaterako egiten den euskaratxoa, beste bat! beste bat! itxuragatiko apurño hori ere, ura! ura! hori ere ez egitea, haurrak erdaraz entzutea bezain mingarri niri. Eta nahiago nuke esan: hala hobe, hala egiago. Baina otra otra! agua agua!-k min. Eta aurrerantzean zaparradak ugalduko direla diote Tenporek, erdarazko listu-zaparradak.

Listuaz gain txanpaina, zerbeza, kalimotxoa eta zernahi tanta likatsu ari du burutik behera. Gora San Fermin! Anabasa popularra. Desfasea udaletxeko programan. Eta edan eta hautsi eta zoratu. Baina ez sinesgarri. Forma-apurtze legezko bat, burugaltze arautua, disidentzia teledirijitua, lekuan eta orduan egina. Ez da gauza bera jaiaren berezko desinhibizio zoroa, eta poseagatikoa, "tokatzen delako" egina. Itxurakeriazko alegria bat.

Horretaz badakite 15 urteko neskatoek. Horretaz, "tokatzen delako"z, gehienok jakin dugu hamabost urterekin. Onartuak izan beharraz. Eta neskatoek bereziki. San Ferminetakook ere, desfasatu behar bada, eurek desfasatuen; zikin behar bada, eurek zikinen; ero behar bada, eurek eroen; eta garrasi behar bada, eurek ozenen... eta... -bost urte geroago-... bultzatu behar bada eurek zakarren, eta iseka behar bada, eurek gogorren, eta botilarik jaurti behar bada eurek zuzenen... -Ekainaren 30ean bezala uztailaren 7an. Eta aurrerako ere itxura bera giroak-. Inork ez du feas! izan nahi.

Xabier Portugal

Duela gutxi, bere azken ekoizpena bailarako egunkarian aurkezterakoan, euskal ekoizle batek, horrela zioen: "Ez nuen bakar-bakarrik Euskal Herrian ikusiko zen film bat egin nahi, merkatu handiago horretara iristen nintzela ikusi nahi nuen".

Datozen lerroen helburua ez da lagun horren jokaera kritikatzea, gure artean ederki asko hedatuta dagoen gutxiagotasun-konplexua aztertzea baizik. Jende askoren ustez, herri txikiko biztanle garen neurrian globalizazioaren esparruan murgiltzera kondenatuta gaude, gure kulturaren sustraiak gure etxeko sukaldetik ibiltzeko soilik baliagarri balira bezala.

AEB eta herrialde nagusien zinematografiekin lehian aritzeko gure ekoizpenen kalitatea dugu ateak zabalduko dizkigun faktore bakarra. Gakoa ikuslearen interesa piztean datza, kalitatea eta istorioen originaltasunetik abiatuz.

Beste merkatuetara iristeko bidea ez da geure ezaugarriak makilatzen dituen film neutro bat lortzea. Azken bolada honetan Catalunyan burutzen ari diren operazio bitxi baten lekuko gara. Film horien helburua estatubatuarren zinegileen estiloa eredutzat duten izu-ikarazko istorioekin lotuta agertzen zaigu, espainiarrak direla inor kontura ez dadin. Modu horretan filmaren ukitu pertsonal edo propioari uko egiten diote, film horiek inork hemengo istorioekin antzeman ez ditzan, edonon gertatuko balira bezala. Helburua nortasun unibertsala izatean omen datza, hori dela, hain zuzen ere, film horien ahulezia agerian uzten duen adierazle nagusia ohartu gabe. Horixe da, esaterako, El Maquinista (Bran Anderson, 2003), Darkness (Jaume Balaegueró, 2002) edota Paco Plazak buruturiko El segundo nombre (2002) filmarekin gertatzen dena. Zinegileek filmaren istorioa, bere inguruko ezaugarriak errespetatuz, leku zehatz batean kokatzen dutenean, berriz, lanaren kalitateak maila bikaina lortzen du, Paco Plazaren azken filmean gertatzen den lez, Romasanta, la caza de la bestia (2004).

Azken hilabeteotan, bestalde, ugari izan dira industria zinematografiko eskasa duten herrialdeetatik iritsi zaizkigun errealitatean ondo errotutako filmeak: Argentinako ekoizpenak izango lirateke adibiderik argiena, baina ezin ditugu ahaztu Amer Alwanek irakiarrak zuzenduriko 'Zamán, el hombre de los juncos, edota Afganistanetik Osama (Siddik Barmak, 2003) edo Senegal-Burkina Fasotik iritsitako Moolaadé (2004, Ousmane Sembene) filmak.

Adibide horiek nahikoak ez balira, gogoan dugu oraindik ere iaz Donostiako Zinemaldia, merezimendu osoz, irabazi zuen Las tortugas también vuelan (Bahman Ghobadi, 2004), Iran eta Irakeko elkar-ekoizpena.

Bestalde, aurtengo Berlingo Zinemaldiaren garaile nagusia, Urrezko Hartza eskuratu duena, aipa dezakegu hain zuzen ere: Mark Dornford-Mayk zuzendutako Carmen Khayelitsha-n. George Bizetek sortutako pertsonaiaren bertsio berri hau xhosa hizkuntzaz burutu dute egileek. Bestalde, eta Hegoafrikan jarraituz, aurtengo Oscarretako lehian herrialde horrek aurkeztutako Yesterday filma zulu hizkuntzaz arrodatu zutela esan beharra dago.

Badira, bestalde, gakoa aurrekontu mailan kokatu nahi dutenak, diruak harresi guztiak txikituko balitu bezala. Gaur egun, gure pantailetara iristen diren hainbat film ikusita, badira beren balio estetikoa baino gehiago azpimarratzen diren beste zenbait faktore desberdin. Horien artean, bitxiena marketing faktorea bilakatu den AEBetako filme indie -independienteen?- aurrekontu eskasa izango litzateke. Aurten, Sundanceko Zinemaldian Epaimahaiaren sari berezia jaso ondoren gure artean estreinatu den Shane Carruth-ek zuzenduriko Primer filmearen aurrekontua 5.600 eurokoa izan zen, Robert Rodriguezek duela urte batzuk El Mariachi burutu ahal izateko behar izan zuen kopuru bera.

Oso ezagunak dira, bestalde, jendeak estimu handitan dituen beste hainbat filmeren estuasun ekonomikoak: David Myrick eta Eduardo Sanchezek 18.000 euro baino ez zituzten behar izan El proyecto de la bruja de Blair burutzeko, eta 48.000 euro izan ziren Darren Aronofskyk Pi egiteko behar izan zituenak.

Filme hauen abiapuntua eta Euskal Herrian egin daitezkeenenak alderagaitzak badira ere, -merkatu banaketaren arazoa behar bezala bideratzea funtsezkoa litzateke-, aurrekontuarenak ez dirudi film baten arazo nagusia denik, are gehiago gaurko teknologiak eskaintzen dizkigun abantailak kontuan hartzen baditugu.

Euskal zinematografiaren industria sendotu behar da, dirulaguntza guztiak ezinbestekoak dira, baina, bidaide ona bada ere, diruak ez ditu inoiz ere zinegileen gogoak, irudimena eta adimena bermatzen.

Baleren Bakaikoa


Europako Batasunak (EB) ez du, oro har, ilusio handiegirik sortu bertako hiritarren artean, bai ordea goi mailako politikariengan. Ilusio ezaren froga EBko Legebiltzarrerako iazko ekainean burutu ziren hauteskundeetan eman zen, parte-hartze oso apala izan baitzen, hiritarrekin ez zihoan zerbait bazen bezala.

Horren aurrean hartu zuten neurria, jendea ilusionatzeko asmoz, delako Europar Konstituzioari bultzada sendo bat ematea izan zen, baina eginkizun hori izendaturiko Konbentzioari eman zitzaion, ez hautatutako Legebiltzarrari, oso oker ilusio pizar bat sortu nahi bazen hiritarren artean. Beraz, aukeratxo bat gehiago galdua.

Batasunaren prozesuak aurrera egin ahala, Frantziak eta Herbehereek atzera egin dute, ez ordea Luxenburgok, normala denez, abantaila handiak eskuratzen baititu herrialde txiki honek EBren kide eta sortzailetakoa izateagatik. Izan ere, Bilboren pareko populazioa dauka eta botere politiko eta ekonomiko arras handia EBren baitan. Alde batetik, zenbait erakunde komunitario bertan daude kokaturik eta hiriburu izanik beti erakartzen ditu baliabide ekonomikoak.

Bestalde, Luxenburgok ez die jaramon handirik egiten merkatu bateratuaren arauei, batik bat kapitalen zirkulazio gardenari dagokionez. Izan ere, edonork kapitalak inberti ditzake herrialde horretan, mozkinak lortu, atxikipenik gabe eta onuradunaren herrialdeko ogasun publikoa ez da enteratzen, ezkutuko kontuak baitira, opakoak deiturikoak. Beraz, Luxenburgoren politika hau dela eta, EBko beste kideetako sarrera publikoak kaltetzen dira.

Egoera hau Lisboan 2000. urtean burutu zen gailurrean konpontzeko urratsak eman nahi izan ziren, baina neurri zehatzak ez dira hartzen hasiko 2010a baino lehenago. Honetan, Luxenburgok baditu, eduki ere, bide-lagunak, hala nola Britainia Handia, Austria, eta abar.

Honek guztiak Luxenburgo herrialde erakargarri bihurtu du eta ondorioz aberastasuna ekarri dio, EBko banakako errenta maila garaiena izatera heldu arte. Antzeko zerbait gertatzen ari da Irlandarekin. EBko kide egin zenean herrialde txiroenetakoa zen eta alokairu eta zerga apalak direla eta AEBetako multinazional askorentzat Europan sartzeko ate bilakatu da eta ondorioz, goi mailako errentak eskuratzen dituzte irlandarrek.

Beraz, orain arte behintzat, bi herrialde hauei ondo joan zaie EBko kidetasuna eta ez da harritzekoa bertan burutuko diren erreferendumetan baietzak irabaztea, nahiz ezetza emateko beldurrak areagotu daitezken, batik bat Turkiak sortu dezakeen mehatxuarengatik, diruaren premiaz gain arrazoi ideologikoak ere hor azaltzen baitira.

Halaber, ezin da esan herrialde oro berdin denik EBren baitan. Izan ere, Portugalekin gogor jarri ziren bere aurrekontuetako defizit publikoa Barne Produktu Gordinaren %3tik gora zegoelako. Aldiz, Frantziak eta Alemaniak muga hori sarritan gainditu dute azken urte hauetan eta orain baldintzak bigunduko zaizkie, nahiz duela urte batzuk Alemania bera izan baldintza hauek gehien defendatzen zituen herrialdea. EBn ere agintea duenak honelako gauzak egiterik badu.

Frantziak ere ez ditu betetzen beste herrialdeei eskatzen zaizkien baldintza guztiak: Arrantzaren debekua zalantzan jarri, arrain txikitxoak harrapatzeagatik zigorrak ukatu, nekazaritzari ematen zaizkion diru laguntzak mantendu, gustuko produktuak garraiatzerakoan egiten zaizkien erasoen aurrean poliziak bestaldera begiratu, eta abar.

EBren sei estatu sortzaileak arauak ezarri zituzten harreman ekonomikoak bideratzeko. Gero, herrialde gehiago bihurtu dira kide, iragazki estutik pasatu ondoren. Horrela, orain sortzaileek arau horiek betetzeko zailtasunak dituztenean, baldintzak lasaitu egiten zaizkie, pribilegioak batik bat horientzat baitira.

Guztiau dela eta, EBko elite politikoak eta teknokraziak hiritarren benetako atxikimendua lortu nahi badute, Estrasburgoko Legebiltzarrari, baita hitzik gabeko nazio orori protagonismoa izateko bideak ezarri behar zaizkie. Baita ere sinismena sortu bizimodu hobeagoa izango dugula batasuna gauzatzen den heinean, ez gaur egun gertatzen ari den bezala.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan