Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-31 -- 2003.zenb

Artista gazteen oztopoz betetako karre

Unai Brea


1999tik 2003ra, urtero 240 lagunek amaitu zituzten, batez beste, Arte Eder ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean. Asko, gutxi? Ez dakigu, baina edozelan, gizarteak behar duena baino askoz gehiago dira -"beharraz" hitz egitea zilegi bada, arteaz ari garela-. Alegia, merkatua ez da hain zabala. "Dena dela -Ismael Manterola Arte Ederretako irakasleak dioenez-, fakultatetik irteten diren guztiek ez dute artetik bizitzeko helburua. Nik esango nuke hamarretik batek baino ez duela asmo hori. Eta hala ere gehiegi dira".

Ez genuke aditzera eman gura Arte Ederrak ikastea langabetua izateko oposaketak egitearen parekoa denik, ezta gutxiago ere. Arte Eder lizentziatuek aterabide asko daukate lan merkatuan. Arazoak, normalean, artelanak egin eta horiek saltzeaz bizi nahi dutenek izaten dituzte. Eroslerik ezean nekez sal daiteke ezer eta erosle gutxi dago. Bildumagile gutxi, beste era batez esateko.

Gehienetan, arte galeriek egiten dute bildumagilearen eta artistaren arteko zubi lana. Labur esanda, galeriek erakusten dute artisten lana, eta baita bildumagileei saldu ere, komisio baten truk. Baina artista gazteentzat ez da batere erraza galerietan sartzea. Ignacio Mugica galeria jabe bilbotarrak aitortu digunez, "guk ere geure gastuak ditugu, eta estu eta larri gabiltza. Artista gazteak ezezagunak izaten dira, eta haien lanak, merkeak. Beraz, ez dute atarramendu gehiegirik ematen".

Badira artista gazteekin soilik lan egiten duten galeriak -bakan batzuk baino ez-, eta guztiz aurkakoa egiten dutenak ere bai; baina oro har, galeria gehienak artista ospetsuak eta gazteak uztartzen saiatzen dira. Hala dio Mugicak behinik behin: "Oreka bilatzen dugu irabazi batzuk ziurtatuko dizkigutenen eta ezezagunagoen artean". Horrek, alabaina, arazoa dakar berez: galeria bakoitzak ezin dio artista gazte gehiegiri leku egin. "Zortziren bat erakusketa egiten ditugu urtero, eta hiru, gutxienez, artista ezagunenak izan behar dira, bestela galeria itxi beharko nuke. Horrek ez du gazteentzako tarte gehiegirik uzten", kontatu digu Mugicak.


Bide alternatiboak

Bildumagileez gain bada besterik, hala ere. "Nik ez dut uste bildumagile gutxi egotea denik artista gazteen zailtasunen arrazoi nagusia, badaude-eta beste bide batzuk", diosku Ismael Manterola irakasleak. Galerietatik kanpo bada mundurik, beraz. Alicia Fernández arte-adituak gogorarazten duenez, "gauza jakina da taberna, gaztetxe eta bestelako tokietan artelanak erakusten eta saltzen direla. Interesgarria da galerietan sartu ezinik dabiltzan gazteei euren burua ezagutarazteko aukera ematen dielako".

Beste batzuetan, artistek eurek sortzen dute erakustaretoa. Abisal gunea da horren eredurik ezagunena beharbada. Orain zortzi urte-edo sortu zuten Bilbon, artista gazteen lanei aterabidea emateko. Bertan dabilen Ismael Iglesiasek dio galerietako ateak, oro har, itxita daudela gazteentzat eta, gainera, horietan dabiltzanei ere ez zaiela behar bezala ordaintzen. "Saltzen ez bada, ez dugu sosik ikusten. Nork ordaindu behar digu egindako lana?".


Diru laguntzak, makulu eskasa

Merkatuan zirrikitu bat aurkitzea hain zaila izaki, askok jotzen dute diru laguntza eta lehiaketetara. Euskal Herrian denetik dago alor horretan. EAE, esaterako, Espainiako estatuko erkidegorik eskuzabalena omen da laguntza publikoei dagokienez. Iparraldean, berriz, laguntzak urriak dira. Erdibidean genuke Nafarroa. Eta horri arlo pribatutik datozenak gehitu beharko litzaizkioke.

Dena dela, diru laguntzak aterki xumea baino ez dira; ez dute zaparrada geldiarazten. Itxaso Díaz artista bizkaitarrak dioskunez, "EAEn beste lekuetan baino errazagoa da beka eta abarrei esker aurrera egitea, Jaurlaritzak eta aldundiek askotxo ematen dutelako. Baina azken batean, lanik saltzen ez baduzu nekez aterako duzu bizimodua". Díazek berak beka bi eskuratu ditu, 2001ean eta 2003an, baina horrek ez dio arte hutsetik lan egitea ahalbidetu. Oro har, bekek artelanen gastuei -"eta ez denei", azpimarratu du Díazek- aurre egiteko balio dute, ez bizitzeko; hori norberaren kontua da. Horregatik artista gazte gehienek beste lanbide bat edukitzen dute, maite dutenaz gain. Artista izatea, zaila ez ezik, garestia ere bada eta.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan