Amasan, eliza ondoko bidetik irten gara. Oinez egin badugu ere ibilbidea, bizikletaz egiteko moduko parajeetan mugituko gara. Gaurkoan behintzat, oinetan botak eta bizkarrean motxilak ditugula abiatu gara. Berehala aldaparik ez badago ere, laster egingo dugu gorantz. Lehenik, halere, labadero zaharraren aldamenetik pasatuko gara. Hasiera honetan, ezkerreko bideei helduko diegu, harana eskuinean utziaz. Artxipiaga-Loatzo kartelari ez diogu jaramonik egingo eta ahal bezain laster, errepidetik irteten den zementuzko pista bati helduko diogu, irteeratik 12 minutura. Baserri zuriaren ingurutik pasa eta mendi pistan sartu gara. Altuera hartu bezain pronto Ernio, Gazume eta Andatza mendiak ikusi ditugu, baita Andoain ere. Pista zabalean, bidegurutzean, eskuinera hartuko dugu. Bertan, Oindoko borda utzi dugu pinu tartean sartu orduko.
Ura eta denboraren lilura
Loatzo mendiaren altzoan
Lasai arraio iritsi gara gaurko ibilbideko punturik garaienera. 636 metro dituen Loatzo mendiaren tontorrean gaudela adieraziko digu gurutze ederrak. Tontor zelaitsua da. Hemendik behera, gaurko ibilbidean ezagutu ez ditugun gainbeherak izango ditugu.
Ura ona dela baina...
Gaur egun Villabonako auzoa den Amasa izan zen Villabonaren sorgunea. Amasa 1385ean Tolosari uztartu zitzaion, baina autonomia administratiboa eta ekonomikoa gordez. 1480an Villabonak hiribildu titulua lortu zuen. Amasak, berriz, Tolosari lotua jarraitu zuen 1615ean hiribildu-titulua lortu zuen arte. 1619an Amasa eta Villabona elkartu egin ziren, hasieran alkatea urtero txandakatzea erabaki zuten. Ondoko argazkian, Amasako baserria.
Baratxuri, neska txiki indartsua
Aspaldi samar, Amasa inguruko zelaietan aita, ama eta alaba bizi ziren etxe batean. Alabatxoa hain zenez txikia, Baratxuri izena ezarri zioten. Oso neska argia eta indartsua zen; horregatik, amari etxeko lanetan eta aitari soroetakoetan laguntzen zien.
Behin batean, aitari sorora bazkaria eramateko esan zion amak. Bidea luzea zenez, astoa ukuilutik atera eta haren belarrian sartu zuen neskatxoa. Astoak bidea ezagutzen zuen, joan-etorria askotan baitzuen egina, eta berehala iritsi ziren aita lanean ari zen tokira. Aitak, alabatxoa ikusita pozik, neska eta janari-saskia hartu zituen. Biak jaten hasi ziren astoa larrean bazkatzen zen bitartean. Bazkalondoan aita lanera itzuli zen eta Baratxuri etxera, etxetik irten zen bezala, astoaren belarrian.
Basoa igarotzerakoan, lapurrak sumatu zituen, egun hartan bertan Andoaingo azokan ostutako gauzak banatzen. Baratxuri hurbildu eta beretzat ere zerbait nahi zuela adierazi zien. Hori entzutean, hiru lapurrak pixka bat beldurtu egin ziren, baina, inor ez zegoela ikustean, banaketan jarraitu zuten.
Bigarrengo aldiz Baratxuriren eskaria entzun zutenean, lapurrak altxa eta zati bat eskatzen zuenaren bila hasi ziren. Astoa besterik ez zuten ikusten, eta oihartzuna izango zela pentsaturik, lapurtutakoak banatzen jarraitu zuten berriro.
Baratxurik berriro ere bere zatia aldarrikatu zuenean, basoko espirituak zirelakoan, lapurrek hanka egin zuten, ahalik eta lasterren, lapurtutako guztia bertan utzita.
Baratxurik astoaren belarritik jaitsi eta, hango gauza guztiak astoaren gainean zamatu eta etxera eraman zituen. Hurrengo egunean gurasoekin batera merkatura joan, gertatutakoaren berri eman, eta lapurtutako gauzak zegokienei itzuli zizkien.
![]() |
|
||||
2003 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa