![]() | Joxerra Aizpurua2005-07-24 |
MICE deituriko txostena hil honetan argitaratu du Erresuma Batuko Norwich unibertsitateko Klima Ikerketarako sailak eta bertan azken hiru urteotan bildutako hainbat daturen eta sortutako eredu informatikoen berri eman dute.
MICEren arabera Europak gero eta bero-bolada luzeagoak eta iraunkorragoak jasango ditu eta sasoi hotzak gero eta gutxiago iraungo du. Mediterraneoko lurraldeek eta Europako iparraldeak lehorte handiak izango dituzte. Neguak gero eta hezeagoak izango dira kontinente osoan eta uholde-arriskua areagotu egingo da.
Aipatu ditugun hipotesi hauek dauden ezkorrenak dira eta datozen laurogei urtetara begira egindakoak. Aldaketa hauek gertatuz gero, giza jardueran eragin handiak nabarituko lirateke.
Nekazariek nabarmen jasango lituzkete arestian aipatutako eraginak, uholdeak, lehorteak eta poluzioak zuzenean eragingo luketelako uztetan. Turismoan ere eragin handia izatea espero da zeren eta Europako Hegoan kanikulak gero eta normalagoak izango dira. Horrela, "Eguzkiaren itsasaldetik" turista askok ihes egitea espero da eta Ingalaterrako itsasertza turismo leku berri eta masibo bilaka daiteke. Eski-estazio asko desagertuko da eta jada aurreikusten da Alpeetan datozen 15 urtetan elurraren sakonera %20-%30 jaitsiko dela.
Sistema energetikoak ere jasan dezake eraginik, zeren eta udan zentral nuklearrek ibaietatik ura hartzen dute, erreaktoreak hozteko. Baina ibaien tenperatura ere igotzea espero da, eta ez du balioko erreaktoreak hozteko. Kontsumitzaileek ere erosketa batzuen ohiturak aldatuko dituzte: berogailu gutxiago beharko dituzte eta udan aire girotuko makinen salmenta asko haztea espero da.
Itsas azpiko sumendi berria