Kulturan merkealdirik ez. Garestia al da kultura?
Eider Garaikoetxea
"Kultura: gogo ahalmenen lantzea" dakar hiztegiak, beraz, hertsi-hertsian hartuta, ekitaldi kulturalak gogo ahalmenak landuta egindakoak dira. Ondorengo lerroetan, baina, arte eszenikoak (batez ere antzerkia), musika, zinema, museoak eta literatura hartuko ditugu kultura ekintzatzat; gehiago izan zitezkeen arren (bertsolaritza, telebista, Internet...).
Gogo eta ahalmen hitzak erabilita, esan gabe doa kultura esfortzu eta buru-nekatzearen emaitza dela, sormen-lana hain zuzen ere. Afera mundutarragoen ondoan, balio erantsia du. Kulturari plusa eransten diote herritarrek: idazlearen izerdi eta irudimenaren emaitza dira liburuak, dramaturgian adituen, aktoreen eta beste hainbaten ahaleginaren isla dira antzezlan eta filmak, zinemagileen irudimenetik ateratako altxorrak. Kultur lan baten atzean, bada, gutxienez lagun bat edo hamaika...
Kulturaren kontzepzio erromantiko horrez gain, pagatutakoa da egun aferaren gakoa, ika-mikaren koska. Sokrates filosofoak hala esaten zuen kultura merkea ez zela entzutean: "Kultura garestia bada, esadazu zenbat balio duen ezjakintasunak".
Kultura zenbakitan
Zenbaki saltsa ikaragarrian sartu gabe, hona lau hitzetan prezioen inguruan kalean osteratxoa emanda bildutakoak: Zinemara joateak ia 6 euro balio du, ikuslearen egunean merkeago. Horrez gain, areto askok film-sorta (10) ikusteko bonoak dituzte eta gazteentzat -gazte txartela edo unibertsitate txartela dutenentzat- %30ko deskontua egiten dute. Film guztiengatik ordaintzen da gauza bera, berdin produkzio erraldoia izan edo film alternatiboa.
Arte eszenikoen mundua konplikatuxeagoa da, alegia, antzezlanaren arrakasta, aktore eta zuzendariaren prestigioa edo aretoaren arabera ezartzen da ordaindu beharreko kopurua. Dena dela, antzezlan baten prezioa, batez beste, 15-20 euroren bueltan egoten da.
Literatura munduan ere, denetik da. Poltsikoko liburuak daude, gainerakoak baino dezente merkeagoak -agian 10-15 euroko aldea egon daiteke-, baina ez besteak bezain koadernaketa txukun eta onekoak. Musika alorrean ere, disko batzuek besteek baino gehiago balio dute, gutxi gorabehera 10-20 euro bitarteko prezioa dute eta berdin edo garestiago, kontzertuek.
Museoetan ere, ez da batasunik. Bilboko Guggenheim ezagunaren sarrerak, esaterako, 10 euro -6 erretiratu eta 26 urtetik beherakoentzat- balio du, aldamenean dagoen Arte Ederren museoaren sarrera, berriz, 4,5 euroan eskura daiteke -asteazkenetan musutruk-.
Alderatzea da kontua
Prezioak zehaztuta, berehalakoan datorkigu galdera. Gogoaz eta buruaz gain, poltsikoak ere astintzen al dizkigu kulturak? Zaila da galderari erantzutea, garesti edo merke beti baita beste prezio eta produktu batzuekin alderatuta. Akaso, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) da erakusle objektiboenetako bat. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, aisia eta kultura produktuen prezioek behera egin dute azken urteetan, %0'3 2004an eta %0'8 2003an. Are, indize honetan kontuan hartzen diren beste produktu guztiak igo egin ziren, nabarmen gainera. Hala nola, janari eta edari alkoholgabeak (%3'4), jantzi eta oinetakoak (1'6), edari alkoholdunak eta tabakoak (%4'9) eta hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (%4'2).
Izan ere, kultura merkea-edo dela diotenek hauxe dute argudio nagusi: «Kultura garesti? Aldera dezagun beste produktu batzuekin». Horren harira, Ińaki Zubeldia idazleak aldizkari honen 1.997 zenbakian hala esaten zuen: "Testuliburuak garestiak dira. Liburuak doan behar dute izan. Eta hori horren lasai esaten duenak 1.500 edo 2.000 euro gastatu ditu oporretan. Urtean zehar markako zapatilak erosten, alternatzen, poteoan, juergan... auskalo zenbat gastatu duen. Eta 150 euro inguru kostatzen diren liburuak erosteko hainbeste negar eta kexu".
Hari beretik tira egiten zuen Federico Krutwigek ere Susa aldizkariari eskainitako elkarrizketan: "Hemen Zarautzen hamabi sozietate gastronomiko daude eta soil-soilik liburudenda bat. Eta liburu bat erosteko, euskaldunek ćbuh, oso garestia da; mila pezetaĆ diote, bainan egun batetan futbolean mila pezeta pagatzea garestia ez da". Egun esandakoak diruditen arren, 80ko hamarkadan bota zituen hitzok idazle handiak.
Kulturaren prestigioa
Ez dirudi, bada, erosgai ditugun produktuen artean kulturakoak garestienak direnik. Dena dela, merkeagoak beharko lukete? Doakoak akaso?
Javier Muguruzak Nabarra hilabetekarian idatzitakoa hartu daiteke gogoeta gisa. Muguruzak Niko Etxarti egindako elkarrizketa bat hartzen zuen hizpide bere artikuluan. Iparraldeko abeslariak zioenez, "Euskal kultura zero euro ordainduz kontsumitzea ez da ona. Plazan jotzen duzu eta gutxi batzuk gelditzen dira zuri begira, ez duzu baliorik (...) Eta baloratzen direnak U2rena bezalako kontzertuak dira, jakina, 50 eurotan". Muguruzak honakoa eransten zion hausnarketari: "Ordaintzen ez dena ez da baloratzen, ezta kulturan ere (...) "Euskara eta euskal kulturarako etengabe aldarrikatzen dugun prestigioa inolaz ere ez zaigulako funtzionamendu horretatik etorriko".
Luis Eduardo Aute kantariak Consumer aldizkariari eskainitako elkarrizketa-zatia aurreko gogoetaren ńabardura gisa har daiteke. Honakoa azpimarratzen zuen Autek: "Kultura funtsezko ondasuna da eta guztion eskura izan behar du. Horrexek bereizten gaitu piztiengandik; sekula ezin da luxuzko salgaia izan. Eta, bistan denez, prezioak eragin handia du gizartearen maila kulturalean. Dohainik eman izan ditudan kontzertuetan zalapartak gertatu izan dira eta sarrera kobratzen denean, berriz, zenbat eta garestiago jarri, orduan eta jende gutxiago joaten da".
Erantzun bila abiatu ditugu lerrook, baina buruak bezainbat aburu topatu ditugu bidean. Hobe bakoitzak gogoeta egitea, hori behintzat, doan da-eta.
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.