Jakoba Errekondo
Eskubiko berna-sagarraren bueltan dudan arazo bat medio Osakidetza erdaldunean bueltaka nabil, nahi baino gehiago. Itxaron gela batean herrikide batek Hortensia izena duela jakin dut eta urte sasoia dela eta zoriondu dut: puri-purian dira hortentsiak. Denak ez hala ere, puri-purian dira izerdi berriarekin egoki inausi eta orain nahikoa ur eskuera dutenak. Bera bai, halaxe zen, hirurogei urte bueltako emakumea sendagilearengana azaltzeko prantatzen den eran.
Iturreta ere ezagutu dugu auto gidarien eta herriko zaindaria omen denaren festan. Iturreta Markina-Xemeinen da, baserri gutxi batzuk, Kristobal santuaren ermita eta zuhaizti eder bat nik ezagutzen dudan proba-plazarik dotoreenetako baten estalki. Jaiaren ardatza 37. aldiz antolatutako kintopeko idien proba, bertakoa baita ĉMarkinako LehoiaĈ itzain sonatuaren oinordeko ezagunena den ĉIketzaĈ. Ermita, itxuraz abandonatua, herri txiroetan egiten zuten legez harrizko kupula imitatuz zurezko egitura ikusgarria duena, garai bateko kisu zuriz eta anil urdinez margotua. Markinako harri beltz dotorea nonahi, atari arkua, leiho buruak... dena lore-kolorez apaindua; hortentsien arrosa berde usaindunez lagundua: menda beltzak eta basilikoa edo albahaka.
Sekulako uztail lehor honetan etxera bueltan berotxo eta hortentsiak, geu bezalaxe, hostajea tximel eta loreak burumakur. Nola-hala busti behar eta berak ureztatzen dituen urpean geu ere, zimur tximelak leundu eta lore-buruak tentetzeko. Hortentsiaren izen latinoa Hydrangea da, "hidra" ura alegia, ez da erraza baina neuk baino gehiago behar eta atsegin du ura...
Jabier Agirre
Ez dut uste gaur egun inork zalantzarik txikiena ere edukiko duenik: tabakismoa gutxitzea da biriketako minbiziaren intzidentzia-tasak azken urteotan daramaten izugarrizko eta etengabeko hazkundeari buelta emateko gai den estrategia bakarra. Eta politika sanitarioek erretzeko ohitura kaltegarri horren gain dituzten eragin erreal eta positiboak baloratzeko datuak aztertzen ditugun bitartean, dirutza inbertitzen da minbizi-mota horren kontrako terapeutika egokiak eta garaiz detektatzeko metodoak garatzeko.
Biriketako minbizia da heriotza arrazoi nagusia herrialde garatuetan, eta horrek aukera eman die adituei garai batean ohitura bezala jotzen zen tabakismoa edo tabako-kontsumoa epidemia izendatzeko. Biriketako minbizi kasuen 100etik 90ean tabakoa da faktore abiarazlea, eta horretan oinarrituz nazioarteko aditu ugarik gaitza garaiz detektatu nahian jarri dituzte beren ahaleginak. Izan ere, datua bitxia bezain itxaropentsua da: diagnostikoa garaiz egiten bada, 5 urtera gaixoaren biziraupena %85ekoa da. Gaur egun zoritxarrez, diagnostikoa egin eta handik 5 urtera, batez besteko biziraupena %5ekoa besterik ez da.
Horren zergatia ere oso argi dago: biriketako minbizia fase oso aurreratuetan diagnostikatzen da, eta horixe da, zoritxarrez, faktore pronostikorik okerrena. Horrexegatik, patologia hau garaiz diagnostikatzeko markatzaileak bilatzea da ikertzaile askoren helburua. Hori nabarmendu zuten adituek Europako Onkologia Eskolak Bartzelonan egindako bigarren ikastaroan. Datu epidemiologikoak kezkatzeko modukoak dira oraindik ere: gizonezkoetan, 16 urtetik gorakoen artean tabakoaren kontsumoa %64tik (1978. urtean) %42ra (2001ean) jaitsi den bitartean, emakumeetan %17tik %27,2ra igo da denboraldi berean. Horrek bere eragina izan du biriketako minbiziagatiko heriotza-tasetan ere. Adituek dioten bezala, "biriketako minbiziaren epidemiaren hasiera ari gara ikusten Espainiako estatuko emakumeetan".
Joxerra Aizpurua
Berotegi efektuaren eragina
G8koek berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketari buruzko gutxieneko adostasunera ailegatzearekin batera, Europako zortzi estatuko zientzialari-talde batek tenperaturaren igoerak izan dezakeen eragin ekonomikoaren inguruko ondorioak argitara eman berri ditu.
MICE deituriko txostena hil honetan argitaratu du Erresuma Batuko Norwich unibertsitateko Klima Ikerketarako sailak eta bertan azken hiru urteotan bildutako hainbat daturen eta sortutako eredu informatikoen berri eman dute.
MICEren arabera Europak gero eta bero-bolada luzeagoak eta iraunkorragoak jasango ditu eta sasoi hotzak gero eta gutxiago iraungo du. Mediterraneoko lurraldeek eta Europako iparraldeak lehorte handiak izango dituzte. Neguak gero eta hezeagoak izango dira kontinente osoan eta uholde-arriskua areagotu egingo da.
Aipatu ditugun hipotesi hauek dauden ezkorrenak dira eta datozen laurogei urtetara begira egindakoak. Aldaketa hauek gertatuz gero, giza jardueran eragin handiak nabarituko lirateke.
Nekazariek nabarmen jasango lituzkete arestian aipatutako eraginak, uholdeak, lehorteak eta poluzioak zuzenean eragingo luketelako uztetan. Turismoan ere eragin handia izatea espero da zeren eta Europako Hegoan kanikulak gero eta normalagoak izango dira. Horrela, "Eguzkiaren itsasaldetik" turista askok ihes egitea espero da eta Ingalaterrako itsasertza turismo leku berri eta masibo bilaka daiteke. Eski-estazio asko desagertuko da eta jada aurreikusten da Alpeetan datozen 15 urtetan elurraren sakonera %20-%30 jaitsiko dela.
Sistema energetikoak ere jasan dezake eraginik, zeren eta udan zentral nuklearrek ibaietatik ura hartzen dute, erreaktoreak hozteko. Baina ibaien tenperatura ere igotzea espero da, eta ez du balioko erreaktoreak hozteko. Kontsumitzaileek ere erosketa batzuen ohiturak aldatuko dituzte: berogailu gutxiago beharko dituzte eta udan aire girotuko makinen salmenta asko haztea espero da.
Itsas azpiko sumendi berria
Hawaiitik 3.800 kilometro hego-ekialdera, Samoatik hurbil alegia, ikerlari-talde batek itsaspeko sumendi baten kraterrean hazten ari den sumendia topatu du. Sumendi berriari Nafauna deritzo eta egunero batez beste 20 zentimetro zabaltzen da kraterra. Orain lau urte ez zen existitzen eta une honetan 300 metro altu da. Hain denbora gutxian osatzen ari den sumendia erabat anormala da eta hortik dator ikerlarien interesa. Gainera Nafaunaren inguruan oso ekosistema berezia antolatzen ari da, arrainekin batera hainbat mikrobio bizi dira eta dagoen oreka ekologikoa eta espezieen artekoa berria da ikerlarientzat. Beraz, datozen hilabeteetan sumendien inguruko datu gehiago izango ditugu eta horiek Lurrean gertatutakoa hobeto ulertzen lagundu dezakete.