Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-24 -- 2002.zenb

Katixa Garate


Antzerki klasikoa Erriberrin

William Shakespeareren Ricardo III., Miguel de Cervantesen El viaje de Parnaso, Eugene O'Neillen A Electra le sienta tan bien el luto, Gil Vicenteren Auto de los Cuatro Tiempos, Pedro Calderón de la Barcaren El astrólogo fingido, eta Pragako Antzerki Beltza taldeak sortutako Impresión de D. Quijote antzezlan klasikoak ikusi ahal izango dira Erriberriko Antzerki Klasikoaren VI. Jaialdian, hilaren 22tik abuztuaren 7ra. Aurten Nafarroako Gobernuak antolatu du lehen aldiz; Nafarroako Jaialdiak bertan behera utzi eta antzerki klasikoaren jaialdian egin du inbertsioa, 540.000 eurokoa.


Errobi ahoz aho

Ahoz aho lelopean abiatuko da Itsasun (Lapurdin) hamargarren urtez ospatuko den Errobiko Jaialdia. Aurten belaunaldien arteko ahozko transmisioa izango da uztailaren 21etik 23ra egingo den jaialdiaren ardatza. Kontzertuak, dantza saioak, hitzaldiak, erakusketak... izango dira aukeran. Kafe Antzoki Librea gunean artista berriek euren lana aurkezteko parada izango dute. Besteak beste, Xabaltxek, Caroline Phillipsek eta Mixel Ducauk, Xabi Hayefek eta Izankik eskainiko dituzte emanaldiak. Itsasuko erakusketa gelan, Balerdi, Goenaga, Ameztoi eta beste hainbat artisten lanak jarri dituzte, Aita Barandiaranen omenez.


Folklorearen txanda

Korea, errumania nahiz Hegoafrikako folkloreaz gozatzeko parada izango da Portugaleteko Nazioarteko XXXI. Folklore Jaialdian, uztailaren 22tik 25era. Jaialdiaren antolatzaile Elai-Alai dantza taldeak Munduko dantzak ikuskizuna prestatu du 25erako. Elai-Alaik berak eta jaialdira datozen beste sei taldeek emanaldi ibiltaria eskainiko dute Carlos VIII.a hiribidean. Uztailaren 21etik 26ra egingo den Bidasoako Nazioarteko Folklore Jaialdiak ere egitarau oparoa du. Bertan parte hartuko duten taldeak haur eta gaztez osatutakoak dira. Besteak beste, Armenia, Senegal eta Mexikotik etorritakoak.


Reutersen irudiak Donostian

150 urte bete ditu aurten Reuters argazki agentziak. 200 herrialdetan ditu delegazioak agentziak eta ohiko 200 kolaboratzaile ditu. Haien lana bertatik bertara ezagutzeko aukera dago Donostiako Boulevard aretoan, abuztuaren 21a bitartean; izan ere, agentziaren 150 argazki paratu dituzte Reuters: Munduaren unean uneko irudiak erakusketan. Horiez gain, agentziko argazkilariek momentuan satelite bidez bidaltzen dituzten argazkiak ere ikus daitezke. Erreportariek izaten dituzten baldintza gogorrek ere badute tartea erakusketan. Gainera, agentziako argazkilariek bisita gidatuak eskainiko dituzte erakusketan zehar. Uztailaren 23an Andrea Comas izango da gidari, 30ean Sergio Pérez, abuztuaren 6an José Ribero eta 13an Marcelo del Pozo.

Belarreggae jaialdia egingo dute lehenengoz Zornotzan uztailaren 24an. Antolatzaileek adierazi dutenez, musika mestizoa gogoko dutenen urteroko topaleku bihurtu nahi dute jaialdia. Aurten Morodok, Tanking Soldiers taldeak lagunduta, Sargento Garciak eta Mykhal Selectah DJak parte hartuko dute, Zornotzako Larrea futbol zelaian egingo den jaialdian.

Iparraldeko bertsolaritza hobeto ezagutzeko abagunea eskaintzen du Euskal Kultur Erakundeak sareratu duen www.bertsulari.com webguneak. Lau hizkuntzatan (euskara, frantsesa, gaztelania eta ingelesa) jarri dituzte edukiak: bertsolaritzaren historia eta bilakaera, bertso saio eta txapelketen albisteak, Iparraldeko bertso eskolen mapa, azken albisteak, bideoak eta Amets Arzallus, Sustrai Colina, Miren Artetxe, Patxi Iriart eta Xalbador zenaren gogoetak jaso dituzte.


Artea edukiontzietan

Erakusketa berezia dago zabalik, Bilboko udaletxe aurrean, Uribitarteko pasealekuan. Izan ere, garai batean kaia zen ingurunean, merkantziak garraiatzeko edukiontziak jarri dituzte. Haatik, edukiontziek ez dute ohiko merkantziarik barruan, artelanak baizik. Espainiako Estatuko 17 artistek euren lanak paratu dituzte edukiontzi banatan eta Artearen Ontzia erakusketa osatu dute. Miguel Cereceda arte komisario, kritiko eta irakaslearen ideiari jarraitu zaizkio, esaterako, Jaime de la Jara, Menchu Lamas, PSJM, Cuco Suárez eta Bilboko Imanol Marrodan artistak. Erakusketa mugikor hau hilaren amaiera arte izango da Bilbon eta ondoren Espainiako Estatuko beste portu batzuetan lehorreratuko da.

Beńat Sarasola kantariaren hitzok jaso zituen Berriak: «Kultura ez da bakarrik jende jakintsu eta berezitu batzuen esku. Kantu baten egitea bezala da, nornahik ausartu behar du kantu baten egitera. Gogoa duenak egin behar du, ez utzi gure ustez ahal hori dutenentzat. Kantatzea bera ere ez».

Txan magoak honakoa adierazi zion Diario de Noticiasi: «Magia helduentzat da, dudarik gabe, guk logikarekin jokatzen dugulako. Haurrak berriz fantasiazko mundu batean bizi dira, eta oso zaila da truku batekin harritzea. Adibidez, oholtzaren gainean gamelu bat atera behar dela esaten duzunean, haurrek 'goazen ikustera' diote. Helduek 'ez' pentsatzen dute, hori ezinezkoa dela uste dute, ez dago logikaren barnean».

Karmele Jaio idazleak El Paísi esanak: «Idazleak argiaren pean uzten duen detaile hori nahikoa izan behar du irakurleak deskubritu ditzan itzalpean geratu diren guztiak. Hori da idazten duenaren erronka nagusia. Nobela ia dena kontatzera eta erakustera kondenatua dagoen bitartean, ipuinak itzalpean gordetzen du benetan erakutsi nahi duen hori eta irakurleari uzten dio hori deskubritzeko aukera».


Luis Mariano musikari eta kantariari (1920-1988) eskainitako Luis Mariano. Irundar Unibertsala erakusketa zabaldu dute Irungo Amaia kultur zentroan. Irailaren 4a bitarte, Marianoren argazki eta objektuak ikusi ahal izango dira. Halaber, uztaila eta abuztuan haren pelikulak erakutsiko dituzte Amaian.

Etxahun-Irurik idatzitako Bereterretxe pastorala antzeztuko dute uztailaren 24 eta 31n Ligiko, Atereiko, Lexantzüko, Zumarreko eta Etxebarreko herritarrek. 1970ean lehen aldiz taularatu zen Ligin pastorala. Oraingoa Pier-Paul Berzaitz musikari eta kantariaren moldaketa da.

Haizea eta Izarne Zelaiak erakusketa zabaldu dute Donostiako Sugar galerian. Ama margolaria dute eta hamabi eta 21 urteko ahizpek ibilibide oparoa dute. Haizeak 31 txapelketa irabazi ditu eta Izarne Arte Ederrak ikasten ari da. Hilaren 28a arte dago haien margoak ikusteko parada.

Eugenio Agirretxe idazle eta erlijioso frantziskotarra zendu da orain gutxi, 85 urte zituela. Anaitasunan eta Goiz Argin kolaboratu zuen; euskaltzaina zen eta ohorezkoa 2000tik. Arantzazuri lotutako lau idazlan eta Zamalbide elizaren kondairatxoa idatzi zituen.

Abelin Linazasorok bere hirugarren lana plazaratu du: Aitortza nobela (Txalaparta). 36ko Gerra herritarrek nola bizi izan zuten kontatzeko gurariz idatzi du.

Gure Irratia kinka larrian da eta kanpaina egiten ari da, estudioak Uztaritzera eramateko dirua biltzeko. Euskal Herriko hainbat talde eta bakarlarik euren alea jarri nahi izan dute eta Zure rokanrrola diskoa grabatu dute. Captain Nemok (irudian), Sharon Stonerrek, Nuuk-atek, 717k eta beste hemezortzik.

hemeroteka

2001. zenbakia | 2005-07-17
2000. zenbakia | 2005-07-10

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan