Izaskun Jauregi
Zure lehenengo liburuari egindako kritiketan aipatu zen zer kontatu baino gehiago nola kontatu zela zure kezka. Ipuinean ez dirudi horrela denik.
Biak orekatzen saiatu naiz. Ahalegindu naizmorala ez sartzen eta katekesia baztertzen. Elkarrizketa luze bat egin nahi nuen: protagonistek beraiek deskribatu behar zuten beraien burua eta narratzailea ahalik eta urrutien mantenduta lortzen da hori.
Zertaz hitz egin nahi zenuen?
Ezinegonaz, ezinegon existentzialaz. Bestea, suizidoa, metodoa besterik ez da. Ez dakit udarako oso aproposa den gaia...
Baina, ironia handiarekin landu duzu...
Horretan saiatu naiz. Egia esatea nahi baduzu, askotan galdetzen didate gai tristeetaz zergatik idazten dudan. Baina iruditzen zait ez dagoela bizitza bera baino gai gogorragorik, hain absurdua da! Edozein unetan harlauza bat eror dakizuke buru gainera, eta akabo.
Elkarrizketa formatoak erraztu egiten du honelako gaiak lantzea?
Suizidioarekin gauza bat gertatzen da: jende guztiak zergatia bilatzen duela. Eta elkarrizketa erabili izan ez banu, narratzailea derrigortuta legoke suizidatzera doan horren motiboak azaltzera. Ez nuen horrelakorik egin nahi. Irakurleari uzten diot hori.
Oso ezagunak ez diren xehetasunak ere ematen dituzu. Nondik atera dituzu?
Zerbait kuriosoa aurkitzen dudanean, gordetzeko joera dut. Suizidioari buruzko gauzatxo batzuk gordeta nituen. Suizidoaren gaia erakargarria iruditzen zait. Herrialde batzuetan, Japonian-eta, kulturaren parte da, ez du gaixotasunarekin harremanik, eta hori ondo dago.
Pertsonaia emakumea da, zure ipuin askotan bezala.
Emakumea da bai, baina besterik gabe. Askotan galdetzen didate zergatik diren nire pertsonaia gehienak emakumeak, baina Harkaitz Canori ez diote galdetzen zergatik diren bere pertsonaia gehienak gizonak.
Eta emakume honen ezinegona dago ipuinaren azpian...
Bai, kezka existentziala edo.
Hau bere bizitzan har dezakeen erabaki bakarra dela dirudi.
Bai, baina ez dut gehiegi azaldu nahi. Nahiago dut norberak zentzua bilatu diezaion ipuinari.
Eta zuk zein zentzu eman nahi izan diozu?
Ipuinaren hasieran dagoen Charles Baudelaire-en adierazpena Les fleurs du mal liburutik ateratakoa da eta heriotzari egiten dio erreferentzia. Nik liburu horrek duen estetika nahi nuen jaso: itsusiaren ederra nahi nuen islatu. Horregatik gaia egokia iruditzen zitzaidan.
Nagore Irazustabarrena
Posible al da zerbait beste modu batera egitea? Beste erabilpen bat izan al dezake? Ikus al daitezke eguneroko bizitzako gauzak beste ikuspegi batetik? Galdera hauek gatazka iturri dira, gatazkak sormena bultzatzen du eta sormenaren bidez
Divergentes galdera hauei erantzuna ematen ahalegindu da. Zuloaga Museoa, Windsor Kulturgintza eta Xabide Komunikazio Taldea dira sustatzaileak eta horrela definitzen dute egitasmoa: «Artearen, enpresen berrikuntza jardueren eta gizartearen arteko elkarrizketarako proiektua da, sormenaren eta pentsamendu dibergentearen bidez mamitua". Elkarrizketarako prest 190 artista agertu ziren eta dosier horietatik 10 aukeratu zituzten.
«Elkarrizketa hori, ordea -jarraitzen du azalpenak- gehiago da prozesua emaitza baino, etengabeko kontrastea adostasuna baino, aniztasuna homogeneotasuna baino... Izan ere, artearen eta berrikuntzaren arteko harremana, funtsean, hauxe da: bidea, gizartearen ideientzat, ametsentzat eta jakintzarentzat gune berri bat bilatzen dugunok ibil gaitezen». Guk bidea autotik jaitsi baino lehen hasi dugu, Zuloaga Museoaren parean tomate landaketa bitxia ikusi dugunean.
Tomate artetik Santa Luziara
Tecnalia/Inasmet zentroek metalaren eta material konposatu eta biologikoen arloan duten esperientzia baliatu du Boris Nordmann frantziarrak
Nube lanerako. Negutegietan erabiltzen diren hodietan tomateak landatu ditu eta horiekin, lorategi urbanoaosatu, landare sarea, labirintoa. Artistak ez du bisitariak «zer esan nahi du?» galdetzerik nahi, bakoitzarentzat zer esan nahi duen interesatzen zaio. Eta gizartearekiko harremana ez du horretara mugatu nahi; dagoeneko tomate ale batzuk gorritzen hasiak dira eta uzta jaso eta tomateak saltzeko asmoa du.
Soro berezia zeharkatuta Santa Luzia baserrira iritsi gara. Barruko iluntasunean
Potencial (n 2). Santa Luziaren Ispiluarekin egin dugu topo. Flavien Théry-k VICOMTech errealitate birtualari buruzko ikerketa zentroarekin batera egin du lan. Proiektoreak irudi zuria bidaltzen du pantailara. Lurrean dagoen ispilu beltzak karratu zuria islatzen du. Baina isla ez da zuria, etengabe mugitzen diren kolore guztietako karratuek osatzen dute, modu harrigarrian. Polarizazioaren inguruko ikerketei esker lortu dute zuriak bere baitan dituen koloreak bereiztea. Filtroen garrantzia azpimarratzen du obra honek, hots, interpretazioaren garrantzia. Unibertso bera, errealitate bera ezberdin ikus daiteke, nondik begiratzen den, bizitzan bezala.
Goiko solairuan Hasan Elahi Bangla Desh-ko artistaren instalazioa ikus daiteke. Tecnaliarekin batera eta Insalusen laguntzaz egin du
A merced de las olas. Lehenik bi botila kaxa itsasoan utzi zituen, Itzurungo hondartza parean. Ikerketa ozeanografiko batean oinarrituta, botilak noiz eta non agertuko ziren finkatu zuen. Egun botila horietako bakoitza akuario batean sartuta dago, Santa Luziako instalazioan. Akuario bakoitzari gatz maila ezberdina jarri dio gainera, munduko itsaso guztiak ordezkatuz. Elahi AEBetan bizi da orain, eta FBIk bere gainean eraman nahi duen kontrolak nazkatuta, bere mugimendu guztiak web orri batean eskaintzen ditu (
www.elahi.org), horrela bake apur bat izango duelakoan. FBIkoa izan gabe ere, artista hau hobeto ezagutu nahi duenak, bertara jo dezake.
Zuloagaren lorategiko espezie berriak
Zuloaga Museoaren lorategietan haritz espezie berria topatu dugu. Bruce Shapirok Robotiker (Tecnalia) eta Cementos Rezolarekin batera egin duen
Quercus da. Haritza zuhaitz sinbolikoa da guretzat, baina baita AEBetako Minnesotan ere, eta bertakoa da Shapiro. Eskultura algoritmikoa da, hots, forma artistaren programa informatikoak bideratu eta etengabe, modu infinitoan, errepikatzen du.
Handik gertu dago Ewen Chardronnet eta Ikusiren
Info-structure. Karpa baten barruan, pantaila handian gure inguruan dabiltzan sateliteen egoera ikus dezakegu eta pantaila txikiagoetan satelite horien bidez jasotzen diren telebista seinale etengabe eta itogarriak. Masa informaziorako sistemak zalantzan jartzen ditu horrela Astronauta Anonimoen Elkarteko kide frantziar honek.
Portuko bagoitik Inpernupera
Kirol portuan Foroarekin egin dugu topo. Sevillako Juan Carlos Robles CAFen aritu da lanean, eta horregatik tren bagoietako materiala erabili du. Emaitza bagoi bat da nolabait, eta egunero garraio publikoetan gertatzen den bizikidetza egoera erakusten du. Hori bai, bagoi hau zirkularra da eta, modu honetan, bertan eseritzen direnen arteko komunikazioa errazten da. Besteekin komunikatzeko gogo handirik ez duenak ere, egunkariak ditu eskura. Zirkulazio kontzeptuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Roblesek bere lanarekin.
Portua itsasontzian zeharkatu dugu eta bertatik ikusi dugu Miren Arenzana bilbotarrak ULMArekin batera egindako lana:
Sorgin-Zubi. Zumaiako oinezkoen zubia hartu eta pigmentu bereziaz estali du. Gauez zubiak dizdira egiten du horrela, zubiaren egitura arinduz, paisaiari argi ukitu bat emanez.
Zumaiako erdigunera iritsita, Amaia Plazan,
Zer da Zumaia zuretzat? instalazioa dago. Saioa Olmo bilbotarrak egin du Irizarren eta Zumaiako herritarren laguntzaz. Irizar enpresaren antolaketa eredua onarri hartuta, Zumaiaren antolaketa aztertu du. Herriko talde eta biztanleekin hitz egin ondoren, Zumaiako gizarte mapak osatu eta ikusgai jarri ditu. Hainbat herritarren ekarpenak ere bertan daude eta aipatzekoak dira Ikastolako haurrek eginiko harreman mapa pertsonalak.
Bidea Inpernupen amaitu dugu. Toki ederra da, itsaso zabala ikusten da bertatik eta Zumaiako bikoteentzat toki kuttunenetakoa omen da. IK4 enpresan aritu da Luis Bisbe malagarra, eta kokagune berezia nahi zuen
Blind date lanerako. Farola bat makurtu dute eta bisitaria hurbiltzen denero, ur zorrotada batek argiarekin bat egiten du. Argia eta ura batzea arriskutsua dela badakigu eta Bisbek ikuslearen erreakzioa bilatu du lan honetan.
Proiektu guztiak bilatzen du erreakzio hori. Izan ere, teknologia eta sormena uztartzeak zentzurik ez luke hirugarren elementu bat erantsi gabe: gizartea. Gure bisitaldian zentzu guztietako iritziak jaso ditugu; Saioa Olmok ipinitako informazioaren zati batek polemika sortu zuen eta egileak hura kentzea erabaki zuen; Foroa herritarrentzat bilgune bilakatu da. Beraz,
Divergentesek bilatzen zuen gizartearen erantzuna jaso du. Erantzun dibergentea.
Eider Garaikoetxea
"Kultura: gogo ahalmenen lantzea" dakar hiztegiak, beraz, hertsi-hertsian hartuta, ekitaldi kulturalak gogo ahalmenak landuta egindakoak dira. Ondorengo lerroetan, baina, arte eszenikoak (batez ere antzerkia), musika, zinema, museoak eta literatura hartuko ditugu kultura ekintzatzat; gehiago izan zitezkeen arren (bertsolaritza, telebista, Internet...).
Gogo eta ahalmen hitzak erabilita, esan gabe doa kultura esfortzu eta buru-nekatzearen emaitza dela, sormen-lana hain zuzen ere. Afera mundutarragoen ondoan, balio erantsia du. Kulturari plusa eransten diote herritarrek: idazlearen izerdi eta irudimenaren emaitza dira liburuak, dramaturgian adituen, aktoreen eta beste hainbaten ahaleginaren isla dira antzezlan eta filmak, zinemagileen irudimenetik ateratako altxorrak. Kultur lan baten atzean, bada, gutxienez lagun bat edo hamaika...
Kulturaren kontzepzio erromantiko horrez gain, pagatutakoa da egun aferaren gakoa, ika-mikaren koska. Sokrates filosofoak hala esaten zuen kultura merkea ez zela entzutean: "Kultura garestia bada, esadazu zenbat balio duen ezjakintasunak".
Kultura zenbakitan
Zenbaki saltsa ikaragarrian sartu gabe, hona lau hitzetan prezioen inguruan kalean osteratxoa emanda bildutakoak: Zinemara joateak ia 6 euro balio du, ikuslearen egunean merkeago. Horrez gain, areto askok film-sorta (10) ikusteko bonoak dituzte eta gazteentzat -gazte txartela edo unibertsitate txartela dutenentzat- %30ko deskontua egiten dute. Film guztiengatik ordaintzen da gauza bera, berdin produkzio erraldoia izan edo film alternatiboa.
Arte eszenikoen mundua konplikatuxeagoa da, alegia, antzezlanaren arrakasta, aktore eta zuzendariaren prestigioa edo aretoaren arabera ezartzen da ordaindu beharreko kopurua. Dena dela, antzezlan baten prezioa, batez beste, 15-20 euroren bueltan egoten da.
Literatura munduan ere, denetik da. Poltsikoko liburuak daude, gainerakoak baino dezente merkeagoak -agian 10-15 euroko aldea egon daiteke-, baina ez besteak bezain koadernaketa txukun eta onekoak. Musika alorrean ere, disko batzuek besteek baino gehiago balio dute, gutxi gorabehera 10-20 euro bitarteko prezioa dute eta berdin edo garestiago, kontzertuek.
Museoetan ere, ez da batasunik. Bilboko Guggenheim ezagunaren sarrerak, esaterako, 10 euro -6 erretiratu eta 26 urtetik beherakoentzat- balio du, aldamenean dagoen Arte Ederren museoaren sarrera, berriz, 4,5 euroan eskura daiteke -asteazkenetan musutruk-.
Alderatzea da kontua
Prezioak zehaztuta, berehalakoan datorkigu galdera. Gogoaz eta buruaz gain, poltsikoak ere astintzen al dizkigu kulturak? Zaila da galderari erantzutea, garesti edo merke beti baita beste prezio eta produktu batzuekin alderatuta. Akaso, Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) da erakusle objektiboenetako bat. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako datuen arabera, aisia eta kultura produktuen prezioek behera egin dute azken urteetan, %0'3 2004an eta %0'8 2003an. Are, indize honetan kontuan hartzen diren beste produktu guztiak igo egin ziren, nabarmen gainera. Hala nola, janari eta edari alkoholgabeak (%3'4), jantzi eta oinetakoak (1'6), edari alkoholdunak eta tabakoak (%4'9) eta hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (%4'2).
Izan ere, kultura merkea-edo dela diotenek hauxe dute argudio nagusi: «Kultura garesti? Aldera dezagun beste produktu batzuekin». Horren harira, Iñaki Zubeldia idazleak aldizkari honen 1.997 zenbakian hala esaten zuen: "Testuliburuak garestiak dira. Liburuak doan behar dute izan. Eta hori horren lasai esaten duenak 1.500 edo 2.000 euro gastatu ditu oporretan. Urtean zehar markako zapatilak erosten, alternatzen, poteoan, juergan... auskalo zenbat gastatu duen. Eta 150 euro inguru kostatzen diren liburuak erosteko hainbeste negar eta kexu".
Hari beretik tira egiten zuen Federico Krutwigek ere Susa aldizkariari eskainitako elkarrizketan: "Hemen Zarautzen hamabi sozietate gastronomiko daude eta soil-soilik liburudenda bat. Eta liburu bat erosteko, euskaldunek æbuh, oso garestia da; mila pezetaÆ diote, bainan egun batetan futbolean mila pezeta pagatzea garestia ez da". Egun esandakoak diruditen arren, 80ko hamarkadan bota zituen hitzok idazle handiak.
Kulturaren prestigioa
Ez dirudi, bada, erosgai ditugun produktuen artean kulturakoak garestienak direnik. Dena dela, merkeagoak beharko lukete? Doakoak akaso?
Javier Muguruzak Nabarra hilabetekarian idatzitakoa hartu daiteke gogoeta gisa. Muguruzak Niko Etxarti egindako elkarrizketa bat hartzen zuen hizpide bere artikuluan. Iparraldeko abeslariak zioenez, "Euskal kultura zero euro ordainduz kontsumitzea ez da ona. Plazan jotzen duzu eta gutxi batzuk gelditzen dira zuri begira, ez duzu baliorik (...) Eta baloratzen direnak U2rena bezalako kontzertuak dira, jakina, 50 eurotan". Muguruzak honakoa eransten zion hausnarketari: "Ordaintzen ez dena ez da baloratzen, ezta kulturan ere (...) "Euskara eta euskal kulturarako etengabe aldarrikatzen dugun prestigioa inolaz ere ez zaigulako funtzionamendu horretatik etorriko".
Luis Eduardo Aute kantariak Consumer aldizkariari eskainitako elkarrizketa-zatia aurreko gogoetaren ñabardura gisa har daiteke. Honakoa azpimarratzen zuen Autek: "Kultura funtsezko ondasuna da eta guztion eskura izan behar du. Horrexek bereizten gaitu piztiengandik; sekula ezin da luxuzko salgaia izan. Eta, bistan denez, prezioak eragin handia du gizartearen maila kulturalean. Dohainik eman izan ditudan kontzertuetan zalapartak gertatu izan dira eta sarrera kobratzen denean, berriz, zenbat eta garestiago jarri, orduan eta jende gutxiago joaten da".
Erantzun bila abiatu ditugu lerrook, baina buruak bezainbat aburu topatu ditugu bidean. Hobe bakoitzak gogoeta egitea, hori behintzat, doan da-eta.
Pilar Iparragirre
Noiz ekin zenion idazteari?
1995ean idatzi nuen nire lehen ipuina. Idatzi eta saritxo bat irabazi. Horrek animoa eman zidan idazten jarraitzeko. Harrezkero, urtean ipuinen bat idatzi izan dut, eta gorde ere bai, karpeta batean. Askok galdetu izan didate liburua noizko, eta guztiei erantzuten nien lasai egoteko, ez neukala presarik; halere uste dut neurri batean lotsa edo beldurra ere bazirela tartean, nik idatzitako zerbaitek liburu itxura hartzeagatik eta, batez ere, askoren eskuetara iristeagatik, kritikoen begi zorrotzek irakurriko zutelakoà Horregatik, ipuinak hor egon dira geldirik denbora luzean, lasai.
Lizardi saria eskuratu zenuen arte?
Bai, azkenean egun handia iritsi zen. Gaur egun handia da kaleratu nuen, nahi nituen marrazkiekin. Eta jendeari gustatu egin zitzaion! Liburu txiki horrek poz handiak eman dizkit, eta argitaletxeko ateak ireki ere bai. Orduan, pentsatu nuen une egokia zela ordura arteko ipuinekin zerbait egiteko.
Eta Egunerokoa ez dena osatu zenuen. Zergatik aukeratu zenuen titulu hori?
Liburuan bada ipuin bat Egunerokoa ez den buelta izenekoa, eta hortik dator titulua. Hainbat arrazoirengatik aukeratua dago: liburuko kontakizunak ez direlako egunero gertatzen direnak, ez direlako ohikoak; iradokitzailea delako, jakin-mina pizten duena ere bai; ez delako egunerokoa liburu bat kaleratzea, nahikoa gertaera berezia delako; eta protagonistek eguneroko eztena, arantza, mina, daukatelako sartuta, neurri batean...
Pilar Iparragirre
Egundokoa haiz, Segundo!
Pello Esnal
Gipuzkoako Foru Aldundia, Zarauzko Udala
64 or. / 6 euro
Azken Xabier Lizardi saria
Pello Esnalen Egundokoa haiz, Segundo! ipuinak irabazi zuen iaz Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu ohi duen Xabier Lizardi literatur lehiaketa. Haur ipuin honek herri txiki bateko elizaren kanpandorreko erlojuaren martxa zaintzen zuen gizonaz hitz egiten du. Oso umetatik hasia zen zurubi luzea igotzen, mailaz maila, bere aitonak eta gero aitak egiten zuten bezala. Aitonak ez zuen erlojua sekula zuzendu. Aitak, berriz, ez zion inoiz minutu bat bera ere aurreratzen edo atzeratzen utzi. Gure gizonak, bere aldetik, segunduak ere ez zizkion barkatzen. Eta hara nondik ohartu zen hamaika segundu aurreratu zela erlojuaren kanpaia, Estatu Batuetako telebista kate batek Urte Zaharreko gauerdiko kanpai-dangak bertatik emateko asmoa zuenean!
Eskolako 100 errezeta
Batzuren artean
Leioako Ostalaritza Eskola
80 orrialde
Leioako Ostalaritza Eskolak eskainitako ehun errezeta
Euskal sukaldaritza tradizionaleko zein berriko platerak gustuko dituztenei eta horrez gain ostaturik ospetsuenetan aurkitu ohi diren kalitatezko pintxoen zale direnei dago zuzendurik Leioako Ostalaritza Eskolakoek osatutako lan hau. Ehun errezeta jaso ditu atril bilaka daitekeen liburuan zein harekin batera doan CDan; zehatz-mehatz adieraziz plater bakoitza nola prestatu behar den, zer-nolako elikagaiak dituen beharrezko eta hainbat datu emanez: nutrizio informazioa, zailtasun maila, prezioa, prestakuntzak eramango duen denbora, urteko zein sasoitan komeni den gehien huraxe egitea... Eskuratu nahi izanez gero, jo
www.gastronomiavasca.net web gunera edo Leioako Ostalaritza Eskolara.
Los derechos humanos en la globalización
Mikel Berraondo López
Deustuko Unibertsitatea
192 or. / 10 euro
Giza Eskubideak
bermatzeko erak
Mikel Berraondo Lópezek Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuaren bidez plazaratutako lan honen izenburu zehatza Los derechos humanos en la globalización. Mecanismos de garantía y protección da. Gizaki orok egungo gizarte moderno batean legalki errespetatuak izan beharko lituzkeen eskubideek munduan zehar benetan daukaten errespetu eta berme maila aztertzen da bertan. Nazio Batuen Erakundeko zein Europar Batasuneko testuinguruan giza eskubideek izan duten bilakaera historikoa eta gaur egun duten egoera azaldu ondoren, Espanian zer-nolako garapena izan duten aztertzen ahalegintzen da egilea, garapen hori jarraian Euskal Autonomia Erkidegoan giza eskubideek duten egoerarekin kontrajartzeko.
Hizpide
Batzuen artean
Habe
108 orrialde
5,25 euro
Nolako irakaslea zaren jakitearren
HABEren Hizkuntzaren Didaktika Zerbitzuak kaleratzen duen euskalduntze-alfabetatze aldizkariaren 58. zenbakian, besteak beste, Pilar Montoya euskara irakasleak osatu duen Nolako irakaslea zara? Egin zure profila! lana azaltzen da, irakaskuntza ebaluatzeko iturri desberdinetatik informazioa biltzen duen artikulu-saioa. Bestalde, Gloria Sánchezek motibazioa du aztergai Etsipena eta ikasteko ezintasuna ikerlanean; Nati Abasolok eta María José Lasherasek Tutoretzaren garrantzia ikaskuntza birtualean. Gainera, Jose Franzisko Zinkunegik Euskara euskaldunen atzetik: Argentinan euskaraz-etik Euskara munduan-era lanaren bigarren partea eskaintzen du, eta Iñaki Muruak Txata, ziberespazioan lagunak egitea baino gehiago: esperientzia bat irakasleekin HABEnet campusean.
Hilerriko mamuak
Aitor Arana
Ibaizabal
88 orrialde 8,15 euro
Gau luzea hilerrian,
maitatzeagatik soilik
Beren arrebarekin ibiltzerik nahi ez zutelako hilerrira indarrez eraman eta hilobi batean giltzaperatua utzi zuten bederatzi urteko mutikoaren istorioa azaltzen du Aitor Aranak, Ibaizabal argitaletxearen Matxinsalto bilduman plazaratutako Hilerriko mamuak kontakizunean. Oso gaztea izan arren, erruz maite zuen Iñakik bere adin bera zeukan Nekane, herriko alkatearen alaba txikia, eta neskatoak ere beste hainbeste maite zuen Iñaki. Baina Nekanek bazituen bi anai nagusi, hamalau urteko Kike eta Patxi bikiak, eta hauek ez zuten batere gustuko beren arrebarekin zebilela ezkutatzen ez zuen Iñaki. Beraz, mutikoa zigortzea erabaki eta gauez hilerrira eraman zuten, bertan utziz goizalderarte.
Aneto
Miguel Angulo
Sua
4,50 euro
Miguel Angulok egindako Aneto inguruko mapa piriniarra
Miguel Angulok 1:15.000 eskalan egindako Aneto inguruko mapa honek gailur nagusira zein Maldito, Pico del Medio, Tempestades, Russel, Aragüells, Mulleres, Paderna, Tuca Blanca, Alba, Dientes de Alba, Le Bondidier eta Maladetara iristeko bide guztiak agertzen ditu, haiekin lotutako beharrezko zehaztasun oro eskaintzeaz gain. Bide batez, bazter haietan dauden mendi-aterpeen eta bestelako ostatuen berri ere ematen du, hala nola bisitarientzat onuragarri izan daitezkeen telefono zenbakiak.
Egunerokoa ez dena
Imanol Azkue Ibarbia
Erein
104 orrialde 10,70 euro
Bikote harremanen okertzea gai duten sei ipuin
2003ko Zarauzko Lizardi saria irabazi zuen Gaur egun handia da lanarekin eman zen idazle bezala ezagutzera Imanol Azkue Ibarbia. Orain, berriz, Erein argitaletxearen eskutik plazaratu duen Egunerokoa ez dena ipuin bildumarekin datorkigu. Sei narrazio labur azaltzen ditu bertan. Horietatik lauk bikote harremanen okertzea dute gai nagusi: Udaberria loratu zaizu, Silvie izenburukoan, emakume heldu alargun batek nerabezaroan bihotza hautsi zion gizonaren telefono deia jasoko du, lozorroan zeukan iragana berpiztuz; Nor singularrean, bere bikotearekin inoiz seme-alabarik ez izateko arrazoiak azaltzen ditu harreman horrekin guztiz etsita dagoen emakume oraindik gazteak; Lotan dago Laurak, berriz, bere neska-laguna kate motzean lotu nahi duen gizon jeloskor batek hartutako erabakia du ardatz, eta Hurrengoa nora?k, senarraren desleialkeriekin aspertuta dagoen emakume baten desleialkeri propioa. Gainerako bi ipuinen gaiak, ordea, bestelakoak dira: Egunerokoa ez den bueltan hirurogeita lau urte geroago aita fusilatu egin ziotela jakin duen gizonarekin egingo dugu topo, eta «Caly» edota oroitzapenak ipuinean urperaturik aurkitutako ontzi zaharraren sekretuarekin.