Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-07-24 -- 2002.zenb

Espainia bakarraren nazionalismo gogorrenak beti defendatu izan du «Espainia nazioen nazio» izan dela, baina ama nazioaren eta nazio kumeen eskubideak maila berean jarri gabe. Kataluniako Estatutuaren erreformak nazio gisa definitzen du Katalunia eta, besteak beste, honek hautsak harrotu ditu Espainiako eskuinean eta PSOEren sektore zabaletan. Extremadurak bere komunitatea naziotzat jotzeak ez luke arazorik sortuko, baina Kataluniak egitea nahikoa da era guztietako susmoak pizteko. Eta logikoa da, Kataluniak ez baitu nazio izaera aldarrikatzen hornigarri gisa. Ekaitza sortu du Kataluniakoak eta hau areagotu egingo da udazkenean. Dagoeneko aipatzen ari da Zapaterok bere kargutik ken dezakeela Jose Bono defentsa ministroa, honek aurretik dimititzen ez badu bederen.

Ainara Sarobe


Arreta Irratiak urtebete egin du aurten, maiatzaren 29an. 107.4 frekuentzian entzun daitezke irratiak prestatutako saioak. Irratiko arduradunak, Jabi Vidalek, esan digunez, «denetarik egiten dugu, magazinak, elkarrizketak, egunkarien albisteen inguruko debateak eta abar. Musikari buruzko programa bat ere badugu eta Fisikako bi ikaslek egindako fisikari buruzkoa ere bai». Bertsolaritza, hip-hop, jazz, ska, rock edo flamenkoa entzun daitezke irratian eta baita bidaiei buruzko emisioak ere. Egunean zuzeneko bi ordu egiten dituzte eta gainerakoa musika eta errepikapenekin betetzen dute.

10 dira sortzen dituzten saioak eta denak euskaraz. Vidalek adierazi digunez, «irratia euskaraz eginda entzule kopurua asko murriztuko zela bagenekien, baina hasieratik argi izan dugun ideia da. Hala ere, euskara erabiltzen ez duen jende gazte askok entzuten du irratia, beraz, hori ere ona dela uste dugu». Bere ustez, «erantzun ona jaso dugu, irratia herrian barneratu egin da».

Irrati lokal asko bezala, Arreta Irratia ere gutxiren artean sortu zuten: Asier Unanuek, Haritz Cordobak, Ińaki Ziarsolok eta Jabier Vidalek. Poliki-poliki lagun gehiago gehitu dira eta gaur egun 15 bat dira proiektua bultzatzen dutenak eta bertan lanean dabiltzanak, denak ermuarrak. Denek egiten dute lan musu-truk.

Herriko Arreta Irratiak lehen urratsak 2001eko uztailean eman zituen, nahiz eta oraindik egoitzarik, dirurik eta izenik ere ez izan. Kontzertu eta bestelako ekitaldiei esker egoitza alokatzeko eta materialak erosteko dirua lortu zuten. 2003ko San Martin azokan Arreta Irratia aurkeztu zuten herriko plazan programa eginez. Irratia handik bost hilabetera jaio zen, maiatzaren 29an, Kaleko Berbak programarekin.

Irratiaren helburua irrati libreen kudeaketarako sortutako Arrosa proiektuan parte hartzea da. Horretarako Interneterako sarbidea lortu behar dute eta horretan dabiltza gaur egun buru-belarri.

1.650 Drogetenitturri hilero

Euskaraz aritzen den herriko beste komunikabidea Drogetenitturri hilabetekaria da. 1.650 ale banatzen ditu Ermuan eta Mallabian hilero eta bietako informazioa biltzen du.

Aldizkariak soldatapeko langile bat du gaur egun eta maketaz arduratzen den beste bat. Kolaboratzaileak ere baditu eta bertako koordinatzaile Alazne Aiestaranek dioen bezala, «oso garrantzitsuak dira, haiek gabe aldizkaria ezin izango litzateke egin». Kolaboratzaileek ez dute ezer kobratzen eta herriko jendeak osatzen du talde hau. Aldizkaria Euskal Birusa elkarteak dituen bazkideei banatzen zaie -215 bazkide gutxi gorabehera-. Bestalde, Ermuko eta Mallabiko denda, taberna eta leku publiko gehienetan ere zabaltzen da. Halaber, etxean Drogetenitturri jaso nahi dutenek ere eskura dezakete. Doan banatzen da eta 650 etxetara heltzen da, bazkideak barne.

Herrian duen harrerarekin kontentu daude langileak. Aiestaranen ustez, «lortu dugu euskal hiztuna ez den jendea ere erakartzea. Askotan aldizkari elebiduna egin beharko genukeela esaten digute. Gutxi dira herrian aldizkaria ezagutzen ez dutenak». Izan ere, Udalak kaleratzen duen bihilabetekariaz gain, ez dago beste herri komunikabiderik Ermuan. Hala ere, Aiestaranek adierazi duen bezala, «gure helburua ez da konpetentzia egitea, ezingo genuke nahita ere. Beraz, herrian berezia iruditzen zaiguna egiten saiatzen gara eta horrela jendea erakartzen».

Mallabiko eta Ermuko Udalek diruz laguntzen dute aldizkaria eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak ere jasotzen ditu. Laguntza gehiago, kolaboratzaile gehiago, eta ahal izanez gero tirada igotzeko diru gehiago nahiko lukete aldizkariko arduradunek. Irailean azterketa bat egingo dute zenbateko tiradara hel daitezkeen jakiteko. Aiestaranek berak dioen moduan, «herrian denek euskaraz ez baitakite eta ez litzateke logikoa izango tirada irakurleak baino gehiagokoa izatea. Gainera, gure soldatak igotzeko ere diru gehiago nahiko genuke, ez baikara iristen lanbide arteko gutxieneko soldatara».

Drogetenitturri 1994. urtean sortu zuen herriko Euskal Birusa euskara elkarteak. Aiestaranek gogoan duenez, «garai hartan izan zen herri aldizkarien loraldia. Eibar, Elgoibar eta Arrasaten sortu ziren lehenak. Arrasate Press izan zen erreferentea». Orduan Drogetenitturri saldu egiten zen eta langile guztiak boluntarioak ziren, baina 8-10 ale baino ez zituzten atera horrela. Hala, egitura birplanteatu zuten eta soldatapeko langile bat eta maketatzaile bat jarri zituzten.

2003. urtean Drogetenitturriren 100. zenbakia kaleratu zuten eta uztailekoa 126.a izango dute. Ez zaie erraza egin 126.enera iristea: 2000. urtean aldizkaria desagertzear egon zen. Taldea nahiko desegituratua zegoen, langile finko bakarrak lana utzi zuen eta baita publizistek ere. Hala ere, «lortu dugu buelta ematea» dio gaur eguneko koordinatzaile Alazne Aiestaranek.

Aldizkariak izena luzea eta bitxia du eta beraren azalpenak merezi du: Drogetenitturrik Ermuko leku izen bat jasotzen du, Errekalde bideko iturriarena eta Droget zen iturriari txorrota jarri zion pilotari ezagunaren ezizena. Leku hori oso maitatua izan da ermuarrentzat, uda aldeko bainu eta atsedenleku estimatuena.

Euskal Birusaren itxaropena: gazte ermuarrak

Euskal Birusa euskara elkartea 80ko hamarkadan sortu zuten herriko 15 bat lagunek. Taldea, gaur egun, populazioaren %54 gaztelania elebakarra den eta %45,8 elebiduna den herrian ari da lanean. Iaz martxan jarri zuten Berbatruk egitasmoa abian jartzea dute aurtengo helburua. Honen bidez ostalarien artean euskara erabiltzea indartu nahi dute. Berbetan izeneko euskararen gogoeten inguruko jardunaldiak ere antolatzen dituzte eta aurten, Ermuko Udalak LKS enpresari eskatutako egoera soziolinguistikoari buruzko diagnosiaren emaitzak aurkezu dituzte.

Nahiz eta herritar gehienak (%89,6) euskara promozionatzearen alde agertu, azterketaren arabera euskararen transmisioa galtzen ari da eta 0 eta 3 urte arteko haurren ia %80ak gaztelera jasotzen du. Horrek esan nahi du euskara eskolan ikasten dela nagusiki. Beste datu esanguratsua euskararen erabilera da. Batez ere familian erabiltzen dute ermuarrek euskara (%15). Gaztelania gehien erabiltzen den lekuak dira berriz, osasun zerbitzuak eta Udala (%80).

Irakaskuntzari dagokionez, nahiz eta ikasle gehienak B eta D ereduan aritu A eta B ereduko matrikulazioek gora egin dute eta D eredua, aldiz, ez da hazi.

Hala ere, Euskal Biruseko kide eta Arreta Irratiko koordinatzaileak, Alazne Aiestaranek dioenez,«gaur egun haur gehienek B eta D ereduan ikasten dute eta gehienak euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai dira, baina aisialdia beste kontu bat da, ez da euskara erabiltzen. Hor saiatu beharko ginateke. Gu itxaropentsu gaude, bestela ez ginateke hemen arituko. Herriko etorkizuna gazteak dira.»

Zazpi urte bete berri dira Baltasar Garzonen aginduz Egin egunkaria itxi zenetik eta Alvaro Reizabal defentsako abokatuetakoak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazionalak udazkenerako jarri nahiko luke abian epaiketa. Reizabalek, dena den, zail ikusten du hori hala izatea eta, auziak duen froga kopuru izugarria kontuan hartuta, urtarrilera arte behintzat atzeratuko dela uste du. 15 lagun daude auziperatuta kasu honetan eta, besteak beste, 400 urtetik gorako espetxe zigorra eskatzen zaie ETAko kide izatea, erakunde honi laguntza ematea eta hainbat delituko ekonomiko leporatuta.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 25. urteurreneko ekitaldian hitz egin zuten Bilbo-Bartzelona AHT proiektuaz Juan Jose Ibarretxek eta Pasqual Maragallek, eta berau azter dadin agindua eman dute. Trenbidea Ebrorekin paraleloan joango litzateke eta gobernu biak bere bideragarritasuna aztertzen ari dira jada. Lehenago ere, Espainiako AHT sarearen plangintza nagusietan sarri hitz egin da Kantauri Itsasoa eta Mediterraneoa lotzeko trenbideaz, eta orain arte esandakoetatik bi adar izan ditzake Zaragozatik -hona Miranda de Ebro eta Logrońotik pasatuz letorke- aurrera: Terueletik Valentzia aldera bata, Ebrori Itsasoraino jarraituz zuzenean bestea.

Daniel Udalaitz


Europar Batasunak eta AEBek, neoliberalismo basatiaren predikatzaileek, eta hortaz, ekonomia globalizatuaren baitako erabateko liberalizazioaren predikatzaileak diren horiek, ez dute onartzen beraien herrialdeak Txinaren hainbat produktuz gainezka egotea -nahiz eta Txina ere Munduko Merkataritza Antolakundeko (MMA) kidea izan-, eta hori saihesten saiatzen ari dira zergez baliatuz. Euskal Herria ere ez dago egoera horretatik at, eguna joan eta eguna etorri, etengabe ari baitira txinatarrak dendak jartzen. Denda horiek, aldian behin, ehungintzako produktuz eta zapatez betetako poltsa handiak jasotzen dituzte Txinatik, gero hemen saltzeko. Esate baterako, Bilbon, Ametzola plaza inguruan, Txinako ehungintzako produktuak eta zapatak jasotzen dituzten hamabost denda zabaldu dituzte azken hilabeteetan.

Horrek dakarren arazoa ikusita, Txinak zenbait produkturen esportaziorako tarifak igoak zituen, %400 kasu batzuetan, Europako eta Amerikako Estatu Batuetako merkatuetan ehungintzako produktu txinatarren saturazioa murrizteko asmoz. Hala ere, Txinako produktuek merkatuetan eragindako saturazioa ikusita, EBk eta AEBek ere ehungintzako eta jantzigintzako hainbat produkturi kuotak ezartzeko prozedura iragarri zuten. Txinako Gobernuak, ehungintzako 81 produktu motaren esportazioari muga zergak kenduko dizkiela erantzun zuen joan den maiatzaren 30ean. Txinako Merkataritza ministroak azaldu zuen Txinak ez dituela "bi aldiz" zigortuko ehungintzako bere enpresak, batetik produktu txinatarrak esportatzeko muga zergak ezarriz eta bestetik EBk eta AEBek produktu txinatarren kuotak murriztuz.

EBko Merkataritza komisarioak, Meter Mandelsonek, bere garaian adierazi zuen 2010ean Txinaren esku egongo zela ehungintzako munduko salmenten %50; orain salmenten %20 da. Datu guztien arabera, bete egingo da iragarpen hori.

Txinaren lehiak ito egiten du Europako industria

Txinatarren lehiak hondamendira darama Europako ehungintzaren industria. Hala diote Europako patronalek. Lehen oso liberalak eta merkataritza librearen zaleak ziren patronal horiek berak, orain, neurri protekzionistak eskatzen ari dira euren gobernuei eta baita Europako Batzordeari ere. Hondamendi hori esplikatzeko, txinatarren soldatak alderatzen dituzte beraien enpresenekin. Txinan 20 milioi pertsonako ejertzitoa dago hilean 100 euroko soldata irrigarriaren truk jo eta su astean 60 ordu lanean aritzeko prest. Europakoak baino hogei aldiz soldata merkeagoak dituzte. Gainera, Txinak lehengaietan daukan aberastasuna gehitu behar zaio horri, kotoia adibidez. Espainiako Estatuan, esate baterako, emakumezko langileek -batez ere emakumezkoak dira ehungintzan lan egiten dutenak- kasurik onenean 700 euro jasotzen dituzte astean 40 ordu lan eginda. Baina oro har zenbateko hori txikiagoa izaten da, 450 eurokoa kasu batzuetan, oso sektore kaltetua da eta. Zenbatekoak txikiak izanik ere, soldata horiek handiegiak dira fabrikatzaile txinatarren prezioei gailentzeko.

Espainiako Estatuko fabrikatzaileek diote, azken lau urteotan jadanik 34.000 lanpostu eta 665 enpresa desagertu direla. Gaur egun 243.000 pertsona eta 7.000 baltzu inguru dabiltza arropagintzan -horietatik 400ek gama altuko arropa egiten dute-. Patronalen esanetan, Txinatik etorritako inportazioen erabateko liberalizazioak bizkor hondatuko du sektorea.

Alarma piztuta

Txinako eta Espainiako ehungintzak aurtengo lehen hiruhilekoan izandako zenbakiek piztarazi dituzte alarma guztiak. Koadroan ikus daitekeen moduan, Espainiako Estatu osoa kontuan hartuta, erraldoi asiarrari hamaika bider galtza gehiago erosi zitzaizkion 2005eko hasieran; hamabi milioi galtza pare. Zazpi bider jertse gehiago erosi zitzaizkion 2004ko garai berean baino. Bistan denez, ikusgarria izan da gehiketa, baina are deigarriagoak dira prezioen jaitsierak: Txinatik etorritako emakumezkoen alkandorak 6,13 eurotan saltzen ziren iaz. Aurtengo urtarrila eta martxoa artean, berriz, batez beste 2,4 eurotan saltzen ziren, hau da, hamabi hilabeteren ondoren %60 merkeago. Arazo hau ez da Espainiako Estatuan bakarrik gertatzen, Portugalen, Frantzian, Italian eta Europako beste hainbat estatutan ere buruhauste berbera dute.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan