Aurelia Arkotxa
Danteren XXVII. kantuaren hondar neurtitzak amets gaiztoenetan bezala, aterabideak betiko zerratzen ditu: infin che'l mar fu sovra noi richiuso. Ulisez ari zaigu Dante. Ahazten dugu Ulisek Okzidenteko itsasoa ez zuela nehoiz ikusi. Egarri hori gelditu zitzaiola. Eta gainera anitz tradizio zaharren arabera, Uliseren bidaia ez zela uste dugun bezala amaitu Ithakara itzultzean. Dantek, argi da, ez du Homeroren bertsioan sinesten. Gogora dezagun bada Infernuaren XXVII. kantuaren hondarra.
Dante zortzigarren zirrikan edo bolgean badabil orain, Virgilio duelarik aitzindari eta hona non sugarrak ikusten dituen eta Virgiliok erraten dion "arimak daude gar horien barnean". Eta hona non Ithakako eta Argoseko erregeak agertzen diren, Diomede eta Ulise. Biak su berean elkartuak "beren garraren barnean negar egiten dutela". Dantek gelditu nahi du, Ulise handiaren mintzoa entzun nahiz. Eta hona non Ulisek kontatzen dizkion bere azken orenak. Ithakara bihurtu eta ezin jasanez han bidaiatu gabe egon beharra...
Ez Penelopek, ez semeak ez zuten geldiarazi ahal izan. Homerok ez zekiena, Dantek badaki: Ulise, Jainkoak kondenatu zuela azkenean, ezagutzaren gutiziak kilikaturik berriz kurri joan zelakoz. Bidaiari herratu bilakatua baitzen Ulise. Itsaso irekia begien aitzinean ikusiz, tirriatu zelakoz. Mediterraneoko bazter guztiak bisitatu zituen, Sarderen lekuraino, Espainiaraino eta Marokoraino. Ordea, denbora ere kurri baitabil, Ulise eta eskifaiakoak ez ziren beren lehen bidaian bezain arin eta erne. Zahartuak, lehen baino emekiago zebiltzan. Hala ere, Uliseri Mediterraneoaren itzuliaren egitea ez zitzaion aski izan, Herkulek bere zutarriak eraikiak zituen pasaiaraino hurbiltzean, Ceuta ezkerretik zuela eta Sevilla eskuinetik, urrunago joan nahi izan zuen, "bizidunik ez duen munduko eguzkiari" jarraiki nahi zitzaion, urrunago. Urrunago? Herkulek, debeku seinaletako kokatuak zituen zutarri haiek baino urrunago? Ulisek lagunak berotzen ditu: "Kontsidera ezazue zuen askazia. Ez zarete brutoak bezala bizitzeko eginak izan, baizik eta bertuteari eta ezagutzari jarraikitzeko". Ontziaren popa sortaldera itzuliz, Herkuleren zutarriak pasatzen dituzte, badoaz aitzina, beti sartaldera buruz. Munduaren bertzaldera hurbiltzen ari dira, Antartidako mugetara, "gauaz bertze poloko izar guztiak jada ikusten nituen», kontatzen dio Ulisek Danteri. Iparreko izarra aldiz apal-apal itsasoaren horizontean. Hain apal non jada uretan erdi itoa den. Ataka gaitz horretan bortz aldiz sortu eta bortz aldiz itzali ondoan "ilargi pean zen argia" mendi beltzaran izugarri bat begien aitzinean agertzen zaie, izan daitekeen mendirik handiena. Ulisek eta haren lagunek ez dakite hor aurrean dutena Kristok Purgatorioa kokatzeko hautatu duen Parabisuko mendia dela. Itsasturiek azkenean lur berria aurkitu dutela uste dute. Ordea, "lur berritik zirimola sortu zen eta ontzia frentetik jo zuen. Urekin batera hiru aldiz itzulikarazi ontzia; laugarrenean zutitu zuen popa airean, branka uretan ondoratu, haren borondatea konplituz, itsasoa gure gainetik hetsi zen arte".
Dante 1300eko apirilaren zazpitik zortzira doan gauean heltzen da Infernutik hurbil den selva oscuraren atarietara, bide zuzena galdu ondoan. Egia erran, ez dakit zenbat denbora iragana den, geroztik, Ulise dagoen zortzigarren zirrikaraino. Infernuko zirkuluetan denboraren zentzua galtzen baita. Bederatzigarren eta azkena den zirkuluaren hastapenean, Dantek eta Virgiliok ikusten dute nola urruntzen zaien Ulise: "Jada su garra zuzen-zuzena zegoen eta geldirik, gehiago deusik ez errateko, eta jada guregandik bazihoan, poeta eztiaren agurrarekin".
Hala ere, ur zirimolak ez zituen luzaz arrastatuko sartalderantz joanen ziren bidaiariak. Herkuleren zutarriek markatzen zuten muga debekatua, gaur Cadizen -lehen Herculeum deitua- koka genitzakeenak, gaindituak izan ziren. Itsas ozeanoan, gaurko Atlantidan, sartu ziren itsasturiak. Ulisek amesten zuen ezkerreko, dal lato mancino, itsaso irekian.
Fernando Muniozguren ( irakaslea)
Zenbait aste pasatu da Irakaskuntza-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) bere lana egin eta Hezkuntza Sailak argitaratu zuela. Hasteko esan beharra dago, ordua zela beste ikerketa orokor bat egin eta gizarteratzeko, azkena duela hogei bat urte egin baitzen, ospetsua egin zen EIFE hura. Eta, zalantzarik ez, gisa horretako ikerketak sarriago egin beharra dago, gizartearen eskaera, abiadura eta aldaketek hala eskatzen dutelako. Modu horretan sistemak erronka berriak barneratu eta neurri pizgarrien bidez, egokitzapen-eragingarriak egin ditzan.
ISEIren ikerketaren ondorioak batzuendako tamalgarriak dira, ereduen sistemak kale egin duelako; besteendako ez hainbeste, testuinguruak askoz gehiagorako ematen ez duelako. Kontua da, DBHko ikasketak amaitutako B ereduko ikasleen %27,5ak eta D-ko 57,2ak lortu dutela, ez aparteko maila, Atalasearen ingurukoa baizik.
Baina, nire ustez, emaitza horien aurrean deitoragarria da eztabaida zabalagoa eta sakonagoa sortu ez izana. Azken baten, euskararen herrian, irakaskuntza sistema euskaldunak sortzeko gai ez bada, gutxienez, zer pentsatua eman behar digu eta diagnosi eta neurriez berba egitea dagokigulakoan nago. Jakina, Bertendonako sindromeak jota ez bagaude, behintzat.
Iritziak iritzi emaitza horiek direla eta, hobekuntzarako, sektoreko baten begiradak eskaini nahi dizkiet indar, asmo eta, seguru asko, ilusioz datozen Hezkuntza zein Hizkuntza Politikarako karguei.
Uste dut, beste ezer baino lehen, gaiaren garrantziaz jabetu behar dutela eta aro berriaz dihardugun legegintzaldi honetan ausardia eta konpromisoa eskatuko nieke, behingoz, euskararen berreskurapenerako oinarria finka dadin. Era horretan, irakaskuntza-sistemak bere zereginak bete ditzan.
Lehenengoz, esango dut ereduen sistemaren gaineko gogoeta eta berregokitzapena ezinbestekoak direla. Logikoena, Katalunian legez, eredu bakarrerantz jotzea litzateke, eskola bakoitzari bere autonomia emanez, jarduerak eta egitasmoak bere testuingurura egokituta prestatu eta egikaritu ditzan. Badakit jakin, proposamen horrek arlo politikoan gorabeherak sor ditzakeela baina, estrategietan kontsentsurik ez dagoenean, impassetik irteteko, gehiengo-gutxiengoen jokoa jarri behar da martxan eta herri honen gehiengo nagusiaren nahia aipatu norabidean doa. Gainera, ez dugu ahaztu behar, irakaskuntza-sistemak ziurtatu behar duena aukera berdintasuna dela. Alegia, 16 urte bete eta DBH amaitzean ikasle denek izan behar dute euskaldun oso. Hori baita etorkizuneko aukera berdintasunaren oinarrizko bermea. Horretarako, alderdien interes politikoen sarean trabatzeke eta horiei aurrea hartuz, lehen urrats moduan, eztabaida zabala sortzeko premia ikusten dut, espezialisten eta eskola-komunitateko partaideen esku-hartzea eta ekarpenak jaso ahal izateko modua ziurtatuz.
Horrez gain, eta ikastetxeari begira, hasieran espektatibak sortu zituen Ulibarri normalkuntza-programa mugatua geratu dela ez dago zalantzarik. Beraz, unean uneko sustapen ahaleginaz haratago, Ulibarri orokortua pentsatu, esperimentatu eta martxan jarri beharra dago, eskola-komunitate osoa subjektu moduan hartuta, eta jakina, eskolaren osagarri diren gizarte-eragileekin elkarlana eta sinergiak garatuz. Horrek, ezin uka, urrats kualitatiboak emateko baliabideak jartzea eskatzen du, helburu nagusia lorgarri bihurtzeko.
Baina eskolaren esparrua garrantzitsuena izanda ere, ez dugu ahaztu behar hizkuntza gertaera soziala dela eta, ikasleak esna dauden urte osoko denboraren %15-20a baino ez dutela ematen ikastetxean. Beraz, eskolaren baliabideez gain, helburuak erdiesteko, ikasleak gizarteko bestelako zerbitzuak baliatuz ematen duen denbora horretan egin beharko da ahalegina. Nik esango nuke aisialdiaren esparrua eta ikastetxearen jarduera elkarren osagarri egin behar ditugula. Ulibarri orokortuak eskolaren mugak gainditu eta gizartearekin bat egiteko premia nabarmena dakusat.
Azken baten, euskararen murgilpen-giroa da 16 urtez azpiko ume eta gaztetxoei eskaini behar zaiena. Giro horrek bestelako errealitate bat erakutsi eta euskaraz bizitzeko aukera emango baitie, familia girotik autonomia hartzen eta harreman-hizkuntza finkatzen diharduten gaztetxoei. Eta, murgilpen-giro hori orokorra bihurtzeko Udalek aisialdian eragin behar dutenez, hiru esparruak, ikastetxea, gizarte-eragileak eta Udalen artean osatutako organoa sortu eta eskaintza egokia egitea litzateke irtenbideetako bat.
Horrekin guztiarekin batera, aurreko artikulu batean esaten nuen moduan, TB-programa egokien eta gustukoen gaia kontuan hartzea zeharo garrantzitsua da adin hauetako neska-mutikoentzako. Beraz, hor daukagun hutsunea zuzentzea litzateke beste eginkizunetako bat, batez ere nerabeen adin-esparruan. Eta hori diodanean ez dihardut ETBra begira soilik, "bertoko" kate pribatuetan marrazki bizidunak erdaraz baitaude gehienetan. Kasu horretan, ume eta gaztetxoen artean euskararen sustapenak daukan onarpen soziala izan liteke arrazoi bidea kuota ezartzeko.
Azkenik, ume etorkinen gaiak hartzen diharduen garrantzia azpimarratu nahi nuke, aurreikuspenen arabera 2010ean 72.000 izango baitira. Oraingo martxa eta jokabideekin, sekula ez ditugu euskaldunduko eta aukera berdintasuna aukera galdua izango da.
Horra hor bada, nire esperientziaren talaiatxotik legegintzaldi honetarako ikusten ditudan zereginak. Animo eta heldu lanari, bada zereginik eta.
Joxemari Agirre
Bakegintza eta normalizazio politikorako legealdia», honela bataiatu zuen lehendakariak estreinatu berri dugun legealdia. Ametsak eta itxaropenak betetzeko legealdi baten aurrean gaudela adierazi zuen, bakegintza eta normalizazio politikoaren ametsez eta itxaropenez ari gara, noski. Eta herritar gehiengoaren desioak ere bide beretik dabiltza, ezbairik gabe.
Baina gauza bat da nahi izatea, desiratzea eta hala izan dadin zain egotea eta beste bat, ahaleginak egitea, norberaren baitan dagoena bultzatzea, ekimena izatea eta, norberari tokatzen zaion arlotik, bakoitzak ahal duena egitea, gauzak berez konponduko direla uste izan gabe. Izan ere, oso jarrera epela bezain antzua litzateke, besoak tolestu eta gauzak berez bere onera etorriko direla uste izatea. Bakegintzak eta normalizazio politikoaren bideek jarrera aktibo eta eraginkor bat eskatzen dute. Bakoitzari bere ardura mailan, noski.
Eta lehendakariak ez zion muzin egin ardura horri bere inbestidura-ekitaldian. Aitzitik, hirukoaren gobernu buru bezala bete-betean heldu zion gai honi eta zehatz-mehatz aipatu zituen hartzen zituen bere konpromisoak, Jaurlaritza berriaren egitasmoak banan-banan aletu zituenean. Eta Eusko Jaurlaritzak bakearen eta normalizazioaren eragile aktibo izan behar zuela aitortu zuen hasiera-hasieratik.
Bere konpromisoa oso zehatza eta garbia izan zen. Iritzi eta ikuspuntu guztiak osatzen duten mahaia bultzatzeko ardura hartu zuen. Inor baztertu gabe, alderdi guztiak esertzeko mahai bat eratu. Zertarako? Elkarrizketarako. Normalizazio politikoaren bideak irekitzeko.
Mahaira deitzea bere esku dago, baina han alderdi guztiak esertzea, hori ez dago bere esku. Gure politikari batek esaten zuen bezala, zuk astoa iturrira eraman dezakegu, ura edan dezan, baina nahi ez badu ez du edango. Eta alderdi batzuek hasi dira baldintzak ipintzen, eseri aurretik. Edonork daki beharrezkoa izanen dela indarkeriaren desagerpena bermatzea eta sentsibilitate politiko guztiak parte hartzeko aukera egotea mahaiak aurrera egingo badu.
Lehendakariak jakin badaki alderdi guztien mahaia osatzea ez dela erraza izango eta lan asko egin beharko dela helburu hori lortzeko, eta horregatik beste ekimen zehatz bat ere aipatzen du. Irailetik aurrera lan talde bat abian jartzea proposatzen du, indar politiko guztiek izendatutako ordezkariez osatua, urtea amaitu aurretik, adostutako proposamen bat egin dezaten Elkarrizketa Politikorako Mahaiaren funtzionamenduaz, hala nola, metodologia, helburuak, printzipioak, konposaketa eta prozedura, besteak beste. Baita ere, mahai horri, geroaren geroz luza ez dadin, epe bat ipiniko zaio normalizazio politikoaren ituna lortzeko. Beraz, urtearen azkeneko hiru hilabetekoan egin asmo dira ariketa horiek denak.
Gainera, beste erreminta bat ere eskaintzen du lehendakariak eginahal honetan: normalizaziorako kontseilu politikoa, hau da, berak eta beste bi sailburuk osatuko dutena. Hain zuzen ere Jaurlaritzaren eragile lanak bultzatzeko eta indartzeko, betiere normalizazio politikoa, bakegintza eta adiskidetzea helburutzat izanik.
Hasi berri dugun legealdia, itxaropenez eta aukeraz betea dator. Denon eskuetan dago, denon ardura da aukera horiek ez zapuztea. Baina, batez ere, bertako alderdi politikoen baitan dago normalizazio politikoa, aspalditik datorren euskal auzi politikoa konponbidean jartzea. Horretarako ez da aski izanen aukera eta iritzi politiko guztiak aldarrikatu ahal izatea, ezinbestekoa izango da aukera eta ideia politiko guztiak garatzeko eta gauzatzeko eskubide berdina izatea. Euskal Herrian auzi politikoaren konponbideak eta bake politikoaren lorpenak gehiago eskatzen dute: herri eskubide guztiak, ideia politiko guztiak garapen aukera berdina izatea. Labur esateko: erabakimena. Mahaiak adosten duena, proposatzen duena, herri kontsultara eramana izango da, gehiengoaren babesa edo ezetza jaso dezan.
Gidoia idatzita dago. Orain aktoreen eta alderdien ordua da eta hauei tokatzen zaie beren rola jokatzea, ausart izatea, bakoitzak eskaini eta eman dezakeena ematea eta besteari ere eman dezakeena baino gehiago ez eskatzea.
Elkarrizketan aritzeko bi gauza behar dira, gutxienez. Batetik elkarrizketarako edukiak eta proposamenak -bestela ez dago elkarrizketarako gairik- eta bigarrenik zerbait uzteko, zerbaitetan besteari arrazoia emateko prest egotea.
Lehendakariak bere diskurtsoan oso ondo markatu zituen elkarrizketaren baldintza biak: berak abenduaren 30ean Legebiltzarrak onartutako proposamena dakar mahaira eta babes gehiago lortzen duen proposamena onartzeko prest dago.