Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-24 -- 2002.zenb

Inma Errea

ZENBAT Txinatarren inguruko estatistikak beti dira ikusgarri. Eta erakusgarri. Mendebaldeko biztanleokin konparatuta, hainbeste izanik, neurritik kanpoko fenomenoen protagonista bihurtzen ditugu aise. Oroitu, bestela, txinatar guztiek batera lurraren kontra ostiko eginez gero mundua dardaraka paratuko zutela zioen izugarrikeria hartaz, Maori aurre egiteko Amerikako Estatu Batuetan eraiki zuten arrisku horiari buruzko teoriaren oinordeko, segur aski. Esaldia adierazgarria zen, irudimentsua, erraz irudikatzekoak baitziren ez dakit zenbat milioi txinatar aldi berean hanka jaso eta gero zorua indarrez zapaltzen, eta arrunt sinesgarri egiten zen, hainbeste izanda, mugimendu soil horrek eragin zezakeen ondorio ikaragarria. Esaldiaren benetako balioa, alabaina, sinbolikoa zen: hainbeste jendek batera eginda berez erasorako zuen ahalmen handiaz ohartarazten gintuen, Txina komunistaren mehatxuaren aitzin ernearazten zituen estatubatuarrak eta, oro har, mendebaldarrak, eta Txina erraldoiari beldurrez begiratzen irakasten zion jendeari. Orain, komunismoa beharrean Txina ekonomiaren alorrean erakusten ari den jokabide lehiakorra mehatxu gisa sentitzen dugun honetan, Maoren garaian bezain baliagarria da txinatarrek mundua dardarazteko duten ahalmenaren metafora, beldurrak ere bere horretan dirauela.

Orain diote txinatarren %30ak, hamarretik hiruk soilik, haien ipurdiak gure maneran, hau da, paper leun gozoarekin, garbitzen dituztela. Eta txinatarrek orok gure metodoa, hau da, paperarena, erabiliko balute, Amazonaseko arbolak urtebetean desagertzeko zorian paratuko ei lituzketela. Datu horien egiazkotasuna gorabehera, beste edozein estatistikak baino hobeki irudikatzen dute gure munduko desoreka, eta argudio hagitz baliagarria dugu mundu aberatseko gurasook gure haurrei gaztigatzeko komuneko papera gupida gabe xahutzeko hain errotua duten azturari uko egiteko komenentziaz.

Datu horiek, bestalde, haien neurtezinean, gure ohiko ikuspegiak iraultzeko balio ahal dute.

Nola. Txinatarren %30ak ipurdia gure modura garbitzen badu, nola egiten dute gainerakoek? Nola, Asian bizi diren beste guztiek, nola, afrikarrek, nola, Amerikako oihanetako indigenek? Pentsatzekoa da metodo tradizionalagoak erabiliko dituztela, hau da, gurea baino lehenagokoak. Harrigarria da ipurdia garbitzeko beharra hain oinarrizkoa izaki, eta hain orokorra, zein gutxitan aipatzen den hala zientzia lanetan -antropologian, kasu- nola literaturan. Gizon-emakumeok libratu osteko zereginari heltzeko manera edo -beste adibide bat ematearren- emakumezkoon hileroko odol-isuriari aurre egiteko historian zehar erabilitako metodoak gai ukiezinak dira gure artean, nahiz horien gainean etengabe gora doan industria ezin loratuagoa antolatua dugun. Afera zikinegiak omen, mendebalekook garbitasunaz dugun ikuspegi neurotikotik begiraturik. Ohitu gara higienea bermatzeko neurri zorrotzak hartzen, eta horren inguruan ohitura eta industria sofistikatuak garatu ditugu, kasik neurriaren sena galtzeraino. Gure gorputzen eta janarien usainak arbuiatu eta lore antzeko usain kimikoez hornitutako produktu agian arriskugarriak arnastera emanak bizitzeko gauza baikara, edo etengabe dutxara jotzeko, zikin sentiarazten gaituen konpultsio demasekoak bultzatuta.

Nor. Baina noraino -norenganaino- iritsi behar du komuneko papera erabiltzeko eskubideak? Arbola guztiak suntsituko ditugu, munduko gizon-emakume orok popa zelulosaz garbitu ahal izateko? Edo arerio joko ditugu guk adina paper, xaboi, usaingarri eta ukendu ekoiztu eta kontsumitu nahi dituzten txinatarrak? Etsai izanen ditugu gutaz besteko mundutar guztiak? Zergatik? Paper ziztrin batengatik? Noiz arte? Ez dugu asmatuko beste bide batzuk -ez hain hauskorrak, ez hain hondagarriak- jorratzen?

Mikel Irizar

Gurutze/Fatimetu arrebak bota berri du latza: «Dagoeneko soberan ditut elkartasun karabana guztiak» esan du, eta inguruko zenbaitek haserre hartu omen du esandakoa. Baina zuzen dabil Fatimetu/Gurutze. Sahararekiko elkartasunak eskatu ohi du 30 urtez Tindufeko kanpamenduak sostengatzea, baliabide materialekin eta bihotz laguntasunez. Baina une honetan, zeregin nagusia ez da karitatezko karabanak bidaltzea Tindufera. Sahararrekiko elkartasunak eskatzen du, gaur eta hemen, bat egitea Sahara okupatuan borrokan ari direnekin.

Tinduf (Aljeria)
30 urte inguru daramate sahararrek basamortuan. Bizirauteko modu bakarra izan zuten han gordetzea, herri sentimenduaren txingarra ez zedin itzal. Eta antolakuntza lan itzela egin dute han, ondo baliatuta kanpoko laguntza ugaria, euskaldunona punta samarrean. Baina hura geltoki dute, ez helmuga. Eta ez bakarrik basamortu gorria delako. Ezer baino lehen, hura Aljeria delako, atzerria sahararrentzat. Salem koinatuak, esaterako, ez zituen nahi bere errautsak Tindufen, atzerrian, baizik Sahara librean.

Sahara okupatua
Berriro arrebaren hitzak: «Orain ezagutu da kanpoan lurralde okupatuetako errepresioa, baina hori azken 30 urteko kontua da. Atxilotuak, kartzelatuak, desagertuak, torturatuak ez dira gauza berria. Sahararrak modu baketsuan ari dira Intifada egiten». Ez, ez da berria lurralde okupatuetako borroka, baina bai da berria haren berri iritsi izana mendebaldera. Eta, hemen ikusi denean marokoar polizia manifestariak egurtzen edo hainbat ordezkariren bisitak indarrez galarazten, berpiztu egin dira sentimenduak, eta birkokatu egin da gaia. Tindufen iraun egingo da, baina borroka irabaz daiteke bakarrik Saharako lurralde okupatuetan. Beno, han eta... Estatu Batuetan.

Washington
Zer eta geopolitika izan dezake lagun RASDk askatasunera bidean. Hitz laburretan, Dorre Bikietako atentatuaren eraginez, Amerikako Estatu Batuei (AEB) komeni zaie -terrorismoari aurre egiteko- Magreb batu eta laguna. Eta honetarako, Saharako egoera da oztopo nagusia, Maroko eta Aljeriaren artean. AEBak Marokoren lagun dira negozioetan, baina urte betean bikoiztu egin dituzte inportazioak Aljeriatik. Eta petrolio bila dabiltza Saharako itsasertzean. Gauzak horrela, komeni zaie gatazka bideratzea. Oraingoz, Etxe Zuriak ez du harreman formalik Fronte Polisariorekin, baina, era berean, ez dio aitortzen Marokori inongo soberaniarik Saharan. Eta borroka gogorrean dabiltza AEBetako Kongresuan, Marokoren aldeko lobbya eta sahararren ordezkariak. Hauen artean ezagun egin da Mouloud Said, lortzen ari delako Sahararen aldeko atxikimenduak berdin demokraten edo errepublikarren artean. Bere kontra, Maroko ari omen da sekulako dirutza gastatzen, iritzia moldarazten duten enpresetan. Baina, estatubatuarrei -nonbait- David gustatzen hasi zaie gehiago, Goliat baino.

New York
Nazio Batuetan (NB) dago beste borroka zelaia. Baker Saharatik erretiratu eta gero, emaitzarik lortzen ez zuelako, bere lankide bat, John Bolton, izan daiteke AEBetako enbaxadore NBen aurrean. Eta, ze gauza, askorentzat deabruaren hurrengo den gizon hau, oso lagungarri izan daiteke Saharako egoera bideratzeko, nola izan zen askoz lagungarriago Aznarren tinkotasuna gai honetan, Zapateroren egungo epelkeria baino. Ez da ahaztu behar, NBak direla Sahararen kasuan nazioarteko legalitatearen zaindariak, eta hauen proposamen guztietan erreferenduma dela konponbidearen giltzarri.

Aaiun
Gorabehera askoren bueltan, oraingo zikloan haizea alde dute sahararrek. Alde, baina ez debalde. Asko eta ondo egin beharko dute borrokan, egoera bideratuko bada. Eta hor behar gaituzte lagunak, sostengu, kide eta bozgorailu. Besteak beste, Salemen errautsak ere itzul daitezen noizbait Sahara librera.

Aingeru Epaltza

Nazioarteko Komite Olinpikoan Madril baino seguruagoa zelakoan Londresen aldeko hautua egin duten kideak auskalo non satortu diren joan den ortzegunaz geroztik. Oinezko arrunta bazara, leku seguruak bukatu dira lur azalean. Ezagutzen ez duzun batek ezagutzen ez duzun kausa batengatik akaba zaitzake, eta inongo gobernu, inongo polizia, ez da zure heriotza galarazteko gai izanen. Zenbaitetan, ahal izanda ere ez du galaraziko, okerreko unean okerreko lekuan suertatzeko zoritxarra baduzu.

Loteria hilgarrian Erresuma Batuak zituen zenbaki gehien erosirik. Estatu Batuek nazioartean duten aliaturik sendoena da, eskumakil fidela Irakeko abentura militarrean; haren eskuetan dago, urte amaiera arte, Europako Batasuneko txandakako lehendakaritza, eta egoitza ematen ari zitzaion, Edinburgon, G-8 bilerari. Ugazaba amerikarraren ondotik, Londresen dago munduko egungo ordena burdinazkoaren zutabe nagusietariko bat. Sarraskiak ordena horren zuzentasunaz zalantzarik pizteko balioko duen, itxaropen guti, hala ere. Hilak zenbatzetik gelditzen direnean, ez da hitzaren txanda etorriko, mendekuarena baizik. Non noiz, egin apustu.

hemeroteka

2000. zenbakia | 2005-07-10

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan