Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-17 -- 2001.zenb

Itsas arkitektoak

Estitxu Eizagirre

Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) portura hurreratuta, antzinako ontziak aurkituko ditugu kulunka. Albaola elkartea (1998an sortua) ari da Euskal Herriko itsas ondarea suspertzen. Hemengo itsasontzien tipologia aztertu, eraiki eta nabigatu egiten dute. Arraunerako ez dagoelako eliteko kirolari, ez gazte izan beharrik, 20tik 60 urtera arteko 50 gizon-emakume elkartzen dira.

Historia liburutan maiz irakurri dugu euskaldunek vikingoei edo normandoei ikasi zietela nabigatzen. Mito horrekin ez dator bat Xabier Agote, Ontziolako kidea: «XVI. mendeko euskal itsasontzien aztarnak aurkitu dituzte kanadiarrek, eta konturatu dira mende horretan behintzat oso garrantzitsua izan zela hemengo itsas historia, bertako teknologiarekin egiten zirela ontziak, eta hemengoak kopiatu zituztela beste batzuek». Izan ere, bertan baldintza ezin hobeak zeuden ontzigintzarako: materialerako harizti aberatsak eta burdinik onena; kosta mareaduna űitsasontziak egiteko eta botatzeko oso lagungarriaű; eta Europarekin harremanetan jartzeko kokapen egokiena.


Olatu eta haizeen araberako egitura

Hemengo itsasontzien arkitekturaren ezaugarriak haizeak eta olatuek moldatu dituzte: Haizea ez denez batere egonkorra, batez ere arraunean mugitzen ziren, eta besoen indarrari etekinik handiena ateratzeko ontzi estu eta arinak behar ziren. Portuetako sarrerak oso sakonera txikia zutenez -horrek sortzen ditu olatuak-, ontziek zapalak izan behar zuten. Albaola elkarteari esker, ontzi hauek bizirik ditugu egun. Nola berreraikitzen dituzte ontziak?


Liburuetatik uretara

Itsas arkeologiaz aztertzen dute nolakoak ziren iraganeko ontziak eta ondoren, jatorrizkoa bezalakoa eraikitzen dute ontziolan: material eta teknika berekin. Egun zurezko ontziak eraikitzen dituen bakarretakoa da eta bertan jendea formatzen dute. Egindako ontziak ureratu, eta dinamizatzen dituzte, lau modutan. Batetik, arkeologia experimentala eginez: Badakigu nolakoak ziren antzinako ontziak, baina nola nabigatzen zuten praktikan ikusten da ondoen, zer abiadura hartzen zuten, nolako belak zituzten -irauten ez dutenez, arkeologoek ezin izaten dute zehatz jakin hauen forma-... Bestetik, Itsas ondareaz gozatu nahi duenari aukera ematen diote nabigatzeko, kontuan hartuz elkartea dela, ez aisialdi taldea, beraz, ez da diruz ordaintzen arraunean egitea, talde lanetan parte hartuz baizik. Gainera Euskal Herriko itsas ondarea ordezkatzen dute foroetan, topaketetan parte hartuz. Adibidez, Bretainiara joaten dira bi urtez behin, non mundu osoko 2.000 itsasontzi tradizional elkartzen diren. Aurten Cambados (Galizian) egon berri dira, eta itsasontziz itzuliko dira Pasaiara, uztailaren 24an. Azkenik, espedizioak antolatzen dituzte, esaterako, larruzko txaluparekin Vigora joan ziren, Irlandari bira eman zioten belaz eta arraunez...

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan