Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-09-04 17:20:17
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-17 -- 2001.zenb

Gatzaren herrietan

Onintza Irureta

Gesaltza Aņana herria bitan banatuta dagoela esan daiteke: 200 biztanle ere ez dituen herritxoa eta Gatzaren Harana, 111.000 metro koadroko azaleran zabaldutako gatzagak. Paisaia bitxia da, ezin esan ederra denik, ia larrain guztiak (gatz terrazak) abandonatuta baitaude eta itxura tristea dute. Muera edo Terrazos izeneko ibaiak dakarren ur gaziko iturburua 822. urtean baliatzen zutela jasoa dago izkribuetan. 1.000 urte baino gehiagoan ur gazi hori erabili dute gatza ateratzeko. 1.000 urte baino gehiago iraun duten gatzezko terraza distiratsuek 40 urtean behea jo dutela adierazi dute EHUko Arkitekturaren Arkeologiako Ikerketa Taldekoek. Gesaltza Aņanako gatzari jada ez zioten etekin ekonomikorik ateratzen eta gainera, betiko larrain horiek konpontzeko porlana erabiltzen hasi ziren. Betiko egurrezko, lurrezko, harrizko egitura erortzen hasi zen, porlanak gehiegi pisatzen zuen eta larrain arteak hondakinez bete ziren. Gatzgile gehienek lana egiteari utzi zioten eta larrainak urik gabe, gatzik gabe, distirarik gabe geratu ziren.

Alabaina, Gatzaren Harana bisitatzeak merezi du dagoen dagoenean ere. Eta abuztuaren 1etik aurrera paisaia abandonatua ikusi eta ogibide galduaz jakiteko aukera izango da bisita gidatuei esker. Izan ere, Gesaltza Aņanako Gatzaren Harana monumentu historiko izendatuta dago eta Arabako Foru Aldundiak zaharberritzeko plana prestatuta dauka: 20 urtean 20 milioi euro inbertituko ditu. Bainuetxea eraikiko dute herrian, Gatzaren Bulebarra ere bai: larrainen alboko eraikin batzuk eraberritu eta fundazioa, erakusketa gela eta gatza ekoizteko eta saltzeko biltegia egingo dituzte. 5.648 larrainetatik 1.369 larrain ekoizpenerako erabiliko dituzte. Urtero 88 tona gatz atera nahi dute eta kiloa 2,1 eurotan salduko dute. Haranaren behealdean 500 lagunentzako auditorioa prestatuko dute, larrain abandonatuetan 600 eguzki plaka ezarriko dituzte eta ur gaziaren alde terapeutikoa baliatu nahian, oinak bustitzeko prestatuko dituzte hainbat larrain.

Arabako Foru Aldundiak antolatu dituen bisita gidatuekin jada desagertu den ogibidea imajinatu ahal izango dugu eta baita larrainen distira, zuritasuna ere. Urte batzuk barru paisaia eroriak, utziak, beste itxura bat hartuko du, eta garai bateko gatzaga biziberrituko ez bada ere, larrain askotan gatza eguzkitan etzanda ikusiko dugu gatzgileak otarrera noiz jasoko zain.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan