Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-17 -- 2001.zenb

Freskagarri naturalena

Marijo Deogracias

Udako freskagarririk naturalena dela diote batzuek; botilan datorrena saldu guran ari direnek esaten dute hori. Baina botilan sartu aurretik, prozesu luzea du freskagarri natural horrek. Euria egin behar izan du lehenago eta lurpean hainbat denbora egin, hango mineralak bereganatuz, geroago lur-azalerantz bidea topatu eta ur-begiren baten ikusarazteraino. Uraz ari gara, ur naturalaz, hau da, ur mineral naturalaz. Euskal Herrian asko dira ur mineral naturalaren sorburuak, horietako batzuk termalak dira eta beste batzuk botiletan sartzen dituzte; baina guzti-guztiak mineralak dira eta herri sinesmenari jarraituz, horietako asko osasungarriak. Nork ez ditu ikusi ur botilarekin mendiko iturrira joaten diren herriko nagusiak? Batzuek burdin ura hartzen dute; beste batzuek, berriz, ur gaziak eta bateren batek baita ur azido gaseosoa ere. Mota honetako ur minerala gutxien topatuko dugu Euskal Herrian, eta hain justu, herri honetan dagoen bainuetxe gutxi horietako batean topatuko dugu: Karrantzako (Bizkaia) Moliner bainuetxean.

Ur mineraltzat jotzen da, osaera berezia duen eta osagai horiek denboran nahiko egonkor mantentzen duen ura. Espainiako arautegiak ez ditu ur mineralaren ezaugarri guztiak arautzen, baina lur-azpiko uraren ezaugarriei buruz ari da eta dio batez besteko giroko tenperatura baino lau bat gradu goitik azaleratzen den ura ur termala dela. Euskal Herrian, ur termal horiek, batez beste, 12 graduko giroko tenperaturan daude, hortaz, 16 gradutan egoten dira ur termalak, gutxienez.

Ur mineral termalez gainera, ur mineral industrialak ere badira gurean. Erabilera industriala duten urak dira eta ezagunenak, gatz-urak ditugu.

Hurrengo sailkapen nagusiena ur mineral medizinalak hartzen dituena litzateke. Sasoi batean bainuetxeetara joaten zirenek euren etxeetan ere ur «osasungarri» haietaz gozatzeko asmoz, ontzietan etxeratzen hasi ziren eta horrela etorri zen gaur egun ezagutzen dugun, eta bide batez ur kategoria honetan azkeneko talde handia osatzen duen, botilatzeko ura. H2O baino gehiago dira ur horiek. Hemen ere hiru talde nagusi egin daitezke. Azaleko urek, mineralizazio baxuena dutenak, kaltzio bikarbonatoa izaten dute (300-400 mg/litroko). Hauek ohikoenak dira, edozein iturritan topatzen ditugunak, baita etxeko iturritik hartzen ditugun urak ere. Bigarren talde batean kaltzio sulfatodun urak sartzen dira. Mineralizazio maila handiagoa dute (700-1.200 mg/litroko), batez ere sulfatoa. Ur hauetan gatza sumatzen hasten da, baina ez larregi oraindik. Hirugarren talde nagusia sodio klorurodun urek osatzen dute. Sakonenetik datozen urak izaten dira eta mineralizazio altuena dutenak ere bai. Ez dira edateko urak izaten, duten mineralizazio altuagatik eta ohikoena bainuetxeetan erabiltzea izaten da. Euskal Herrian Zestoako (Gipuzkoa) bainuetxean dute horrelako ura, esaterako.


Euskal Herriko bainuetxeak

Sasoi batean ezagun-ezagunak ziren gure herriko bainuetxeak. Paraje zoragarrietan eraiki ziren jauregi etxe erraldoiak, baina gizartearen (ekonomiaren) gainbeherak, tartean gerrak, bainuetxe horiek itxiarazi zituen. Hala ere, badira, ohitura osasungarri horri eutsi diotenak. Nafarroan, Bizkaian eta Gipuzkoan badago non gozatu ur-terapiaz, berta-bertako urarekin gainera. Nafarroan, Fiteroko bainuetxeak ematen digu horretarako aukera. 1869tik dauka izendapena. Sulfato-sodikoetan aberatsa da ura eta kaltzio eta magnesio asko du. Ur mineral gazia da eta termala da; sorburuan 48,5ºtan ateratzen da. Ur mota hauetako asko diuretikoak izaten dira, beste batzuk, ordea, libragarriak. Min horia, xixku-katarroa, bare eta gibeleko gaitzak, nerbio gaixotasunak eta gastritis kronikoa dutenentzako osasungarriak direla esaten da.

Ur hauetako bainuak, berriz, paralisia dutenentzako gomendatzen dira bai eta azaleko gaixotasunen bat dutenentzako, giharrentzako, erreuma, eta ahuleziarentzako.

Gipuzkoan daukagu sasoi bateko bainuetxe handi horietako bat martxan oraindik; Zestoan hain zuzen ere. Fiterokoa baino askoz ere zaharragoa da Zestoakoa, 1792. urtetik dauka erabilera publikorako izendapena. Hemen ere ur mineral gazia dago eta, aurretik esandako legez, hainbat erabilera ematen zaio: digestio-aparatua, xixkuaren gorabeherak, gibeleko gaitzak, behazun eta giltzurrunetako litiasia, idorreria, hezueria, erreumatismo, artrosi, psoriasi, estres eta gizentasun gaitzetan erabiltzen da.

Euskal Herrian dagoen hirugarren bainuetxea, apur bat ezezagunagoa egingo zaigu, batez ere Bizkaiko eskualderik ezezagunenean dagoelako: Karrantzan dagoen El Molinar bainuetxea litzateke. 1895 eta 1901 urteen artean eraiki zuten, eta 1982an berritu. Palotinoek daramate eta hango ur termalak 1789an ezagutu ziren. Batez ere, erreumatismoak sendatzeko dira ezagunak.



Ur mineral industrialak

Erabilera industriala duten urak ere jasotzen dira Espainiako Zientzia eta Teknologia Ministerioak egindako ur mineralen sailkapenean. Bata Añañan dagoen Santa Engratziko Iturriko ura litzateke (Araba) eta bestea Nafarroako Jaitzko La Salina deitzen dena.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan