Mikel Asurmendi
Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975). Zuzenbidean lizentziatua. Lubaki bandan hasi zen literaturaren bidean. Kea behelainopean bezala poesia liburua izan zen lehen onura, 1994an argitaratua. Harrezkero han-hemenka dabil, Donostiako literatur portu finkotik New York, Parisera edo Bartzelonara bidaiatu ohi du tarteka, maletak hartuta batzuetan, imajinazioak gidatua bestetan. Neguko zirkua ipuin liburuari azken ukituak ematen dizkion bitartean -uda ostean kaleratuko da-, Belarraren ahoa liburua dugu bidaia hauetako azken onura. «Aiztoarena baino zorrotzago da belarraren ahoa» gaztigatu digu sarreran. Idazluma aiztoa bailitzan ari da literatur zirkuan. Musikarako trebezia mugatua duela onartua, hitzak josten eta zorrozten aparta dela erakusten digu aldian-aldian. Hona hitz zorrotzailearekin izandako solasa.
guztia irakurri
Pilar Iparragirre
Nola aurkeztuko zenuke zure azken lan hau?
Bere tituluak badu zerikusia liburuan agertzen den pasarte txiki batekin, non azaltzen den sekula ez garela berriro izango izan ginenak. Nolanahi ere, tituluak ez du garrantzia berezirik istorioan. Nobela beltza denez, agian zuzenago litzateke Hiltzailea maiordomoa da edo horrelako zerbait jartzea, baina pista argiegia izango zen.
Hortaz, nobela beltza da Mendaroko txokolatea?
Beno, normalean nobela bat beltza izaten da delituen inguruan agertzen denean, eta gizarte kritika egiten duenean. Honek, ez askorik, baina gizarte kritika badu, eta delituak dauzka ardatz.
Zein da protagonista sukaldaria izatearen arrazoia?
Nobela errealista denez, inguruan oinarrituta dago, eta protagonistak euskaldunak dira nire ingurukoak euskaldunak direlako. Hasieratik egin nahi nuen nobela beltz bat, eta Durangaldean kokatu nahi nuen, ni han bizi naizelako. Durangaldean badaude mendiak, eta hor turismoak oso ondo funtzionatzen du, batez ere jatetxeek. Eta nire protagonistak jatetxe bat du, eta inguru horretan dago -izan daiteke Atxondo, Elorrio, Abadiño...-. Baina beste pertsonaiak leku ezberdinetakoak dira. Deba ingurukoa da bat, eta Bilbo ere ateratzen da -batez ere Otxarkoaga-.
Hiltzaileek ere zenbat eta indartsuago izan hobeto bukatzen dute?
Kate bat beti hausten da katebegi ahulenetik, horiek beti ordaintzen dute, bai liburuetan, bai benetan. Horregatik, nirean ere ahulenek okerrago bukatzen dute, eta indartsuagoek hobeto.
Pilar Iparragirre
Omar dendaria
Harkaitz Cano,
Antton Olariaga
Elkar
44 orrialde 6,95 euro
Denetarik saltzen zuen dendaria
Afrikako herri txiki batetik txalupa ziztrin batean etorritako gizonak Euskal Herriko beste herri txiki batean jarri zuen dendaz hitz egiten digu Harkaitz Canok sortu eta Antton Olariagak marraztutako istorio honek. Neskato bat da kontalaria. Makina bat bisita eginak zizkioten neskato honek eta bere aitonak Omarren dendari, egunero-egunero ogia eta egunkaria erosten baitzizkioten. Eta beste edozein gauza behar izanez gero ere bai, Omarren dendara hurbilduko ziren, denetarik saltzen baitzuen Omarrek. Apretak nahi zenituela? Apretak izango zenituen. Pilak behar zenituela. Berdin. Pozik zegoen jende gehiena dendari afrikarrarekin, eta gustura bizi zen bera Euskal Herrian, paperak eskatu zizkioten arte. Izan ere, Omar papergabea zen.
Euskera
Batzuen artean
Euskaltzaindia
1.202 orrialde
12 euro
Euskaltzaindiaren azkeneko ekitaldiak eta sariak
Euskaltzaindiaren lan eta agiriak biltzen dituen Euskera aldizkariaren azkeneko liburukian, besteak beste, honoko ekitaldi hauek jasota daude: Jose Luis Lizundia Askondoren Euskaltzaindian sartzea, Maurice Harrieten heriotzaren lehen mendeurrena, Eliza eta euskara Gasteizko elizbarrutian aztertu zuten jardunaldiak, Jean Haritschelharren Euskara eta Euskaltzaindia Europako hizkuntzen mosaikoan, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa eta Euskaltzaindiaren arteko ekitaldia, Bilbao Bizkaia Kutxa-Euskaltzaindia literatura sariak, 2004ko Nafarroa Oinez zela-eta Euskaltzaindiak Lizarran antolatutako ekitaldiak, eta hizkuntza gaitasuna Iparraldean zertan den aztertzen duten lanak.
Exclusión y victimación
Asier Martínez de Bringas
Deustuko Unibertsitatea
192 orrialde 10 euro
Giza Eskubideen deiadarra
Deustuko Unibertsitatearen Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamenduaren babesarekin plazaratu duen Asier Martínez de Bringasen lan honen izenburu zehatza Exclusión y victimación. Los gritos de los derechos humanos en la globalización da. Oro har munduan ezarri den eredu ekonomikoaren barnean giza eskubideek daukaten alde batera uztea aztertzen du bereziki. Globalizazioaren ideologia eta haren gainean eraiki diren mitoak, politikan dituen eraginak, Enrique Dussel pentsalari argentinarrak gai hauen inguruan kaleratu dituen saioen azalpena, giza eskubideak postmodernitatean ibiltzeko estrategia gisa, eta biopolitikak giza eskubideei dagokienez duen garrantzia, besteak beste.
Euskal Herriko Eskultura
Juan José Usabiaga
Ibaizabal, Hariadna argitaletxea
138 orrialde
14,20 euro
Eskulturaren euskal ibilbidea
Juan José Usabiagak osatu duen euskal eskulturaren ibilbide honetan, hasieratik bertatik azpimarratzen da aspaldiko Historiaurre hartatik denbora guztietako eguneroko gertaera izan dela eskultura, etenik gabe landu den artea. Eta Paleolitoko arte higigarritik ekiten dio Usabiagak geure eremu geografikoan sortutako eskulturagintzaren historiari, azalduz erromatar kolonizazioaren aurrekoak zein erromatarren garaikoak, erromanikoaren eta gotikoaren mendeak, XVI. mendean eman zen berpizkundea, XVII. eta XVIII. mendeetako barrokoa eta rococoa, XIX. mendean zurezko irudiak egitetik harrizko eskultura genero berriak egitera eman ziren urratsak, XX. mendeko modernotasunaren bat-bateko hasiera eta gerra ondoko zein gaur egungo eskulturagintza.
Altzo 2004!
Batzuen artean
Altzoko Kultur Batzordea
64 orrialde
Altzoko 8. urtekaria dagoeneko kalean
Altzoko Kultur Batzordeak urtero plazaratu ohi duen aldizkaria berdez jantzi nahi izan dute aurten, edonoren nahiak esperantza iturri iraul daitezen. Eta gai ugari aurkeztu dituzte: Oiartzungo Herri Musikaren txokoan aurki daitezkeen lehengo soinuak, hiztun egokiak izateagatik Abelino Barriola saria irabazi zuten gazte altzotarrak, Mertxe Allue dantzariari egindako elkarrizketa, inguruan geratzen zaizkien azken artzaiek esandakoak, Lausanne eta Kataluniara bidaiatzeko proposamenak, Altzon bizi izandakoen eta gaur egun direnen berri, alergiari eta biodibertsitateari buruzko lanak, Iñaki Murua eta Aitor Olano txirrindularien hitzak, Joxe Manuel Odriozola Izarreko Rubio Txikirenak...
Programaziogintza
Edorta Arana Arrieta
Udako Euskal Unibertsitatea
450 or. /25 euro
Telebista eta irratiko programazioei gainbegirada
Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko telebistagintzak eta irratigintzak egin duten ibilbidea eta daukaten eskaintza, kontsumoa eta programazio eredu nagusiak jaso eta gero, audientzia ikerketen helburu eta emaitzetan sakontzen ahalegindu da Edorta Arana Arrieta lan honetan. Telebista eta irrati programazioei eskaini dizkie hiru atal: programagintzaren definizioa eta bere ikuspegi estrategikoa eta taktikoa; eragiten duten faktoreak; eta programazio-saila irratian eta telebistan.
Mendaroko txokolatea
Iñaki Irasizabal
Elkar
167 orrialde 12,45 euro
Halabeharrez ikerlari bilakatuko den sukaldaria
Euskal paisaiak eta jendeak parte nagusia jokatzen duten kutsu beltzeko nobela idatzi du Iñaki Irasizabal durangarrak. Mendaroko txokolatea-k bere bikotearekin dituen gorabeherak baino arazo larriagorik ez duen sukaldari bat du protagonista. Okerrena gertatzear zaio, ordea. Bat-batean, bere arrebaren senarra desagertu egingo da eta egunero hondartzatik ibiltzeko ohitura duen Sopelako emakume batek aurkituko du haren gorpua. Hasieran, istripu baten erruz hil delakoan dago familia, baina poliki-poliki beste aukera batzuk hasten zaizkie ernetzen, bere burua amildegitik behera bota duela-edo. Sukaldariaren arrebak ez du aukera hori onartzen, baina, eta anaiari laguntza eskatzen dio bere senarrari benetan gertatu zaiona argitzeko. Istilurik ezagutzen ez zitzaion gizona izaki hildakoa, hari kalte egin nahi zion inor egon daitekeenik ez dute uste, baina aztarnen arabera poliziak beste iritzi bat du eta autopsia egin behar zaiola erabakitzen du. Autopsia horretan sukaldaria egoteko tematuko da arreba. Eta orduan aspaldi semea desagertu zaion ama bat agertuko zaie etxean, argituz hildakoak telefonoz deitu ziola, aurrez aurre bere semeari buruz hitz egin behar zutela esanez.