Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-17 -- 2001.zenb

Jose Angel Irigaray


Uda, jai nagusien aroa. Denbora berezia, errito eta ospakizunak, elkarretaratzeak, musika eta dantzaldiak, oturuntzak, mozkorraldiak, katarsia... Nahiz batzuentzat -aski berria den joera- bertatik alde egiteko unea ere baden.

Jaia ziklikoki errepikatzen den erritoz beteriko aroa da, sinkroniazko denbora. Jatorria sozietatea osatzeko, integratzeko eta iraunarazteko behiala egin ohi ziren ospakizunetan dauka. Eta nahiz gero eta higatuagoa izan, oraindik ere egitate berezi eta garrantzizkoa izaten dirau. Guti edo asko, sozietatearen portaera eta kultur erak isladatzen dira bertan, haren oroitzapen-asmoak proiektatzen. Osagai definigarria da, kultura, ondare bizi eta bizigarria. Antropologia, psikologia, osasungintza, soziologia edota ekonomia arloko adituak ados dira horretan.

Sozietate sail guztien partaidetza baitezpadakoa izateaz gain jaiaren ezaugarria ere bada. Hain zuzen, jaiak badu denok «berdinago» bilakatzen gaituen giro «demokratizatzaile» bat, «horizontatzailea». Ohiko denboran, diakronian, agintegoa hierarkizaturik dago, jendartearen egituraketa bertikalagoa da, erpin gisakoa. Jaian, aldiz, behetik gora datorren ahotsa da nagusitzen eta «horizontalki» zabaltzen. Jaian denak kideago dira bilakatzen.

Egun, goitik beherako antolaketa, kontsumoko ekitaldiak nasai, partaidetza pasiboa baizik eragiten ez duen jai-ereduaren ezarpena bizitzen ari gara. Ondorioz, jaia integratzaile, osagarri eta are katartiko zentzuz gero eta barne-hustu eta besterenduagoa gelditzen ari da. Muntatzen dituzten parafernalia guztiek -gero eta «ikusgarriagoak», nola ez- egoera larri hori mozorrotzea dute helburu, joera pasiboa oraindik gehiago eraginez bidenabar.

Jaiarekiko jarrera horretan ordenaren izaera menperatzaile, zikiratzaile eta eskasa oraindik ageriago gelditzearekin batera, orobat dira nabarmentzen zein diren oposiziotzat har daitekeen «kalearen» pisu eta gaitasuna. Eta horretan, aitortu behar, politika orokorraren ideiara, eta funtsean, sistemak aise errekuperatzen dituen inertzi antzu eta eskasak soberan nagusitu ohi dira jaiaren «kalean».

Gurean, nahiz oraindik aski bizirik mantentzen den herritarren partaidetzaren tradizioa, begi bistakoa da jaiaren higadura. Konformismoa, delegazionismoa, inertzia, errazkeria, ahulezia... -erantzunak barne-, nabarmenegiak dira aspaldi honetan. Jaiaren transmisioa, adibidez -baitezpadakoa biziraun nahi duen edozein jardueratan-, aski herdoildurik datza, ustez eta haren barne-erreproduzitzeko gaitasuna agortezina den. Ustea ustel. Ordenaren agintekeriaren testuinguruan, salakuntza eta erantzunak, direnean, hark markatuaren araberakoak dira eta, gutiz gehienetan, zoritxarrez, aldez aurretik galduak. Eta jaia, oparo eta sozietate mailan eraginkor izanen bada, hastekoz eta bat sorkuntza da, aurrekoa transmitituz eta etengabe sortuz, aldatuz eta egokituz doan sorkuntza aske, osasungarri eta bizigarria. Ondotik soilik letorke, zinezko elkar ezagutu eta onartzearen ondorioz, -egun nahitaezkoa dirudien- ordenarekiko askatasun eta erantzukizunezko elkarlana.

Egungo egunean, erran gabe doa, jaia ez daiteke behiala bezala erabateko kaosaren leherketa izan; ia inon ez. Baina oraindik ere, zinezkoa izanen bada -sozietate eragin baikorrak barne-, kaosaren osagaiak funtsezkoak ditu. Asko da, beraz, jokoan dagoena. Peña-konpartsa eta antzekoak, batzuk behinik behin, saiatzen dira, baina edo auziak jendartearen puska garrantzitsu baten inplikazioa erakartzen du edo jai dugu, eta ez prezeski aipatzen ari garen motakoa.

Baiki. Gure inguruan, gainean, barnean garatuz doan mundua -menperakuntza, indibidualkeria, kontsumismoa, pasibismoa, abaila, sasi jaia eta antzekoak- jai osotuaren aurka doa; hots, gure berezitasun baten aurka. Galdera-erantzuna, beraz, gizarteari da. Baina, kontziente ote? Nahi/behar ote halako jairik?

Bitartean, zer gerta ere, jaian murgiltzea ez da errezeta txarra.

Gorka Urbizu

Aitor dut aspaldion telebista dezente ikusten ari naizela, komeni dena baino gehiago, ziurrenik. Ez naiz aitzakia bila hasiko, bestela zertarako aitortu? Utzi esaten, hori bai, etxean ordu asko igarotzea tokatu zaidala egunotan eta batzuetan zaila egiten dela telebista bere horretan, kieto uztea. Ezinbesteko bihurtu dugun gailu honekin harremana sakontzean, ezinbestean kate ezberdinen programazioarekin egin dut topo -talka esan beharko nuke-, eta bertan musikak duen presentzia eta tratamendua ikusi ahal izan dut. Aurreko iruzkinen batean aztertu nuen, zeharka bazen ere, gai honek gogora ekarritakoak, baina utziko didazue zera honetan zertxobait gehiago sakontzen.

Kopuruari dagokionez, musikak garrantzi handia dauka medio honetan. Publizitate gehiegizkoari erreparatzea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Musikak gero eta presentzia handiagoa dauka iragarkietan, askotan diskoak saltzeko biderik motzena bihurtuz. Bestalde, berez musika ardatz duten programak ez dira asko, ez bada bideoklipak bata bestearen atzetik eta inongo jakinmin kulturalik gabe jartzen dituzten saio horiek. Hauek ere, beti ere debaldeko kateez ari, ez dira asko, eta gehienetan multinazional erraldoien menera daude erabat, hortik kanpo mugi daitekeen musikagintzari zirrikiturik txikiena ere itxiz. Saio hauez gain, ditxosozko zerrendak behetik gora errepasatzen dituztenak daude. Zerrenda hauek batzuetan diskoen salmenten datu errealei dagozkie, beste batzuetan saioa kudeatzen duten entrepresaren zerrenda propioa dira, eta beste batzuetan saioa beraren jabeek ikus-entzuleekin interakzioan atondutakoak, gutxi-asko. Hierarkia hainbeste maite duten programa hauetan ere bideoklipek dute pisu handien, tarteka-marteka talde batzuren aktuazioak sartzen dituztela. Esan gabe doa kantu bakarreko emanaldi hauek ez direla benetako zuzenekoak ia inoiz. Play-backaren formatuan eginiko antzerkiak baino ez dira, askotan ordainpeko sasi-musikariak lagun dituztela. Musika zerbait bizia izaki, eskertzekoa litzateke musikaren "kontserbalizazio" hau alboratu eta benetako zuzenekoen aldeko apustua egitea. Baina noski, horrek arriskua eta benetako lana dakar berarekin, eta hori ez dago modan. Jakina, sukaldaritzan bezala, ongi egindako gauzek bere denbora eta trataera behar dute, baina horren aurrean askok nahiago dute fast-food errazera jo, postretarako opil industrialak irentsiz. Musikan ere halaxe, zoritxarrez.

Eta nahi gabe kantitatea aztertzetik kalitatera pasa naiz, telebistan musikak duen trataera haztatzera, alegia. Kantu soltea azken muturreraino ustiatzeko saiakera despotikoa bizi dugu egun: singlekrazia, nahiz hau nik asmatutako hitza den. Pornografia musikal hau irrati gehienetako legea izanagatik, telebistan singlekraziaren balioa biderkatu egiten da berehala, izan ere, irudia sartzen da jokoan, eta hortik atera kontuak: silikonak akordeak baino gehiago balio du, titi-ipurdiak sentimenduen gainetik; musikaren banalizazioa, arimaren ezabaketa, edukinen hustea, arte musikalaren bazterketa.

Produktua beste edozeren gainetik. Horixe da egun daukaguna eta egiazki zaila dirudi epe laburrean hori galgatzea. Ez dastatu: irentsi.

Zorionez, baina, beste musika mota bat badago, bihotzetik bihotzera doana eta musikariak eta entzuleak badakiena nola tratatu. Nahiz eta hori telebistan ezkutatu egingo diguten luzaroan. Bakoitzaren lana da diktadura honetatik kanpo bere arima musikalaren gosea asetuko duten hori bilatzea. Eta askotan erraza ez bada ere, esker oneko esfortzua da, zin dagizuet.

Rosa Martin Sabaris


Komunikazioaren gizartean bizi garela. Inoiz baino informazio gehiago dugula. Eta informazioa boterea dela. Hori diote. Horrenbeste gauza esaten da... "Neu naiz bidea, egia eta bizia" esan zuen beste batek. Eta jarraian hil egin zen. Hori diote behintzat, betiko gaizki-esaleek. Horrenbeste esatariren helburua ez da izango entzuleak beren esanetara jartzea!? Beti, noski, egiaren izenean.

Kazetariak eta epaileak ibiltzen omen dira egiaren bila. Baina ez batzuek, ez eta besteek ere ez omen dute denborarik informazioz kolapsatutako sotoetan begirada bat botatzeko, bihar goizean eman behar baita albistea, epaia. Hala eta guztiz ere, egiaren izenean jarraitzen dute.

Baina, kaleko ikusentzulerik inozoenak ere barneratuta du komunikazio erraldoiaren gizartean gezurra ezinbestekoa dela. Nork bere burua hobeto saltzeko curriculuma puztu behar dela apur bat. Politikariek politikoki zuzenak diren gezur bikainak esaten dakitela. Eta publizitateak gezurra baino ez duela iragartzen. Egia esateak, biluzik zebilen erregea ikusi zuen umearen antzera, lotsatuko gintuzkeela. Gezurra, minutu batean amaituko dudala esan dizudanean. Gezurra, Irakeko armak. Gezurra, munduko turroirik onena dela. Gezurra, guztiontzako etxebizitzak, lana, osasuna, eskubideak... Eta betirako maiteko zaitudala ere gezurra. Gezurrezkoa kalean erosi berri duzun markako jertsea. Gezurrezkoagoa benetako horrek El Corte Inglesen duen prezioa. Gezurra talk-showetan agertzen diren lekukotasunak. Eta albistegietako adierazpenak. Eta bihar eguraldi ona izango dela gezurra ere bai. Eta bihar erretzeari utziko diozula.

Zergatik tematu orduan egiaren bila? Ez bada, egiazkotasunak eta jatortasunak -labelak, alegia- azokan duen prezioarengatik. Zein da egiazkoagoa 20 eurotako CDa, edo 6 euroko berbera? Egiaren ezean, egiantza. Eta egiantzik ez bada, ba antzeko zerbait. Inoiz ere ez gezurra. Hori diote, eta ados daude.

Gezurraren aldarrikapen moduko zerbait irakurri dut arestian. Grupo Autonomo a.f.r.i.k.ak eta Luther Blissett eta Sonja Brunzels-ek idatzitako Manual de guerrilla de la comunicación, "apur bat zoriontsuagoa izateko aukera" eman nahi duen liburua da. Bertan, komunikazioaren teoria eta komunikazio-gerrilaren praktika uztartzen dira eta, era berean, irauli nahi jostalaria.

Komunikazioarekiko eta praktika politikoarekiko jarrera bat da "komunikazio-gerrila" delakoa, jarduera mota askotan gauzatzen dena. Horietako bat fake izenekoa da, gezurra, engainua, iruzurra, alegia. Athletic-eko emakumeen taldekoek gizonezkoen soldataren erdia jasoko dutela dioen gutuna zabal liteke, Athletic-eko bazkide guztien etxeetara bidalitako eskutitz baten bitartez. Segur aski, komunikabideren batera helduko litzateke gutuna, eta komunikabideak idazkiaren berri emango luke. Orduan, futbol taldeko zuzendaritzak hori gezurtatu beharko luke; gezurtamenari buruzko albiste berean, aldeko eta aurkako iritziak emango lituzke Gaur Egunek, seguru asko.

Hamaika fake jarduera etortzen zaizkit irudimenera Euskal Herriko politikaz hausnartzen jarrita. Izan ere, fakea ez da botereak eta zerbitzu sekretuek egindako faltsifikazioa, aitzitik, botererik gabeko ahotsen adierazpidea da, statu-quoaren diskurtsoak isildutakoen tresna. Eskarmentu handia du politikari askok esandakoa gezurtatzen, baina gezurtamen gehienen emaitza bakarra egiaren berrespena da: "excusatio non petita, accusatio manifesta".

"Zergatik ez dit inork entzuten?" kexatu da luzaroan Ezkerra. Izan ere, Ezkerra egiaren jabea izan da urteetan, baina ez du izan egia komunikatzeko tresna egokirik, kartel handiak, pankarta handiagoak eta komunikatu erraldoiak ez baziren. Denak egiazkoak. Fakea lortzeko ezin kaltegarriagoa baita, baita ezkerraren sineskeria ere: ezkerreko benetako lagunak ezin duela egia baino esan.

Tomas Karrera


Orain dela bi urte, 200 pertsona inguru bildu zirenean Nazio Eztabaidagunean, alderdi eta orokorrean eragileen arteko komunikazioa etenda zegoen erabat eta elkarrizketarako aukerak ezinezkoak ziren. Euskal Herriko gizartean etsipena handia zen. Gatazka politikoak ez zuela konponbiderik sinesten hasiak ziren zenbaitzuk.

Euskal Herriko egoerari buruzko hausnarketa hartan gatazka politikoa soluziobidean jartzeko konpromisoa hartu zuten. Orduan, emaitzak ez ziren oso ikusgarriak izan. Ikuspegi eta iritzi desberdinak zituzten pertsonen arteko komunikazio ariketa xumea izan zen. Baina gaur egun denok onartzen dugu ariketa hura oso baliagarria izan zela, hurrengo pausoak erraztu zituelako. Lehen urratsa, nolanahi ere. Ondorioz, 2004ko ekainean, Gatazkaren Konponbidea Sustatzeko Batzordea sortu zen, baina Euskal Herriko gizarteak itxaropenerako arrazoirik ez zuen oraindik ikusten.

Batzordeak eragileen arteko inkomunikazioa apurtu eta Euskal Herrian inoiz eman ez zen interlokuzio handiena lortu eta landu zuen. Urte baten ondoren, Batzordearen lorpena hor dago: 44 eragilek sinatutako Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa (OHD). Aurtengo martxoan gaude. Bigarren urratsa, zerbait aldatzen ari omen zen...

Maiatzean, OHDren sinatzaileek Hitzarmenerako Mahaia eratu eta konponbiderako prozesua hasteko azken urratsa egiteko epea adostu zuten. 2006ko udaberrian Konponbiderako Mahaia sortzea, alegia.

Une honetan OHDk markaturiko funtsezko lau irizpideak finkatzen ari dira. Euskal herritar guztiei irekitako prozesu demokratiko bat eraikitzea planteatzen du funtsean OHDak, lurraldetasuna eta bazterkeriarik gabeko printzipioetan oinarriturik, erabakitzeko gaitasuna aintzat hartu eta herritarren berresterako kontsulta bideak adostuko dituen mahaia osatuz.

Espainiako Parlamentuak onartu zuen adierazpenak bide berriak ireki ditzakeela kontuan hartuta, ETAren azken distentsio urratsa eta Gasteizko Gobernua osatzeko EAJ, EA eta EBren akordioan biltzen diren konpromisoak oinarri hori indartzera datoz.

Azken 25 urtetan ezagutu ez dugun egoera bizitzen ari gara. Eragile askoren aldetik norabide egokian mugitzen ari den egoera eta eszenatoki posibleen aurrean gaude.

Isilpeko lana jarraitzeko hilabeteak izango dira hurrengoak. Dauden mahaien kontzepzio desberdinak gainditzeko, balio duena jasotzeko, sobran dagoena zakarrontzira botatzeko, eta metodologia eta epeak adosteko. Amaitu dira aitzakien garaiak. Lehenbailehen aulkiak bete eta mahai gainean norberaren ideiak, arrazoiak eta ekarpenak utzi behar dira. Adostu beharrekoa, ostean adostu beharko da.

Demokrazian erabakitzea azken fasea da, aurretik proposamenak eta hauen eztabaidak daude. Jendartearen parte hartzea beharrezkoa da. Prozesuari buruzko irizpide sendoak izateko, babesa emateko, bultzada egiteko, azkartzeko, edo norabidez aldatzeko, proposamenetan eta eztabaidetan jendartearen parte hartzea ezinbestekoa izanik, jendarte eragileek sare zabala sortu beharko dute konponbide prozesuan parte aktibo izateko.

Hala ere, denbora ez da berdina denontzat. Denborak ez du berdintasunik ezagutzen. Erlojuak eta hauen jabeak ez dira batere igualitarioak. Igande bateko arratsaldea ez da berdina Donostiako tenisean ala Lugoko isolamendu ziegan. Denbora eta intentsitatea elkarlotuak omen daude. Einstein eta gero bederen. Erlatibitate kontua da. Sufrimenduak denbora irentsarazten digu, motelago, mantsoago. Sarritan, oka egin arte, edo burua eta konortea galdu arte. Sufritu duenak badaki.

Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren konponbideari dagokionez, orain dela bi urte non eta nola geunden eta gaur egun nola gauden antzik ez izan arren, Euskal Herrian dauden sufrimenduak hor daude bizi-bizirik. Bada garaia zenbait urrats egiteko!

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan