Daniel Udalaitz
Ezkutuko ekonomiak era askotako izenak ditu, zenbait ñabardurarekin: ekonomia murgildua, irregularra, beltza, lurpekoa... Jarduera ekonomikoaren zati hori ez da ageri estatistika ofizialetan eta ez da sartzen zirkuitu fiskaletan, zeren, ez haren protagonistak (enpresaburuak, langileak), ez haren emaitzak (produkzioak, kostuak, mozkinak...), ez baitira deklaratzen. Ezkutuko ekonomia garrantzi handikoa da edozein herrialdetan, baina egia da egoera hori, gehienbat, bolumen handiko langabezia duten herrialdeetan gertatzen dela. Kalkulatzen denez, ezkutuko ekonomia, herrialdeen arabera, barne-produktu gordinaren %10etik %30era bitartekoa izaten da. Gure inguruan, fidatzeko moduko zifra ofizialik ez badago ere, ezkutuko ekonomiaren maila oso munta handikoa da oraindik ere eta egungo eta etorkizuneko immigrazioarekin, gero eta handiagoa izango bide da. Zein dira ezkutuko ekonomia hori izatearen kausa nagusiak? Funtsean, hiru dira: presio fiskala ekiditeko asmoa, Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioak saihestea eta langileen eskubideen defentsako araudi laboralak aplikatzeari muzin egitea.
Euklidesen Elementuak matematika liburua euskaraz
Euklidesen Elementuak liburu klasikoa euskaraz irakur daiteke Elhuyar Fundazioak argitaratu eta Patxi Angulok itzuli duen bertsioari esker. Euklidesek duela 22 mende inguru idatzi zuen liburua eta orduz geroztik zientzia liburuen artean gehien argitaratutakoa eta itzulitakoa izan da. Geometria, zenbakien teoria, zenbaki irrazionalak, espazioko geometria eta beste hainbat gai jorratzen ditu liburuak. Elementuak liburua zientziaren alorrean oso garrantzitsua izan da eta Angulo itzultzaileak adierazi duenez, «liburu hau agertu zenean beste guztiak desagertu ziren eta erromatarren garaitik XIX. mendea arte erabili da eskoletan matematika erakusteko». Patxi Angulok Elementuak lanaren itzulpenaz gain, hainbat atal gehitu dizkio bere liburuari.
Gaelikoa Europako hizkuntza ofizial izatea ospatzeko arrazoirik ez?
Gaelikoa Europar Batasuneko hizkuntza ofiziala bihurtuko da 2007an. The Irish Independent egunkarian idatzi duen Eilis OÆHanlon kazetariak ez du neurri hori ospatzeko arrazoirik aurkitu. O'Hanlonen ustez, «(...) herritarrik konprometituenez osatutako taldetxo batek Europako Batasunak irlandera onartu zezan burrunda eragiten badu ere, inori ez dio axola. Axola balitzaigu bezala egiten dugu, hori delako Irlandako jende ikasi eta aurreratuak defendatu behar duen aldarrikapen bat (...)». Ofizialtasuna eskatzea baino neurri hoberik badu OÆHanlonek: «Irlandera hainbeste maite badugu, errekazionatu beharra daukagu. Adibidez: irlanderaz hitz eginda. Horren ordez, zenbait keinu alferrikakorekin konformatzen gara, hala nola, kaleen izenak gaelikoz ipintzearekin. (...) Nola edo hala moldatu gara Europako aurrekontuetatik 3,5 milioi euro lortzeko urtero, EBren agiriak gaelikora itzultzea ordaintzeko, bitartean herrialde honetako jende guztiak ingelesez irakurri ditzakeen arren. Europaz ondo baliatu gara».
Behatokia nazioartean
Hizkuntz Eskubideen behatokiak hiru bidaia egin berri ditu Kurdistanera, Italiako Trieste-ra eta Londresera. Hiru helburu bete nahi ditu atzerrian Behatokiak: Euskal Herrian hizkuntza eskubideak zertan diren azaltzea, Behatokia nazioartean erreferente bihurtzea eta nazioarteko aditu eta erakundeekin hizkuntza komunitate gutxituen sarea edo kontseilua sortzea.
Luis Beroizek Ibarretxe lehendakariari idatzitako artikuluaren bukaera da honakoa (Gara, uztailak 4). Kale borrokarekin lotutako auziak medio, ia hiru urte preso daraman Andoni Beroiz gaztearen aita da Luis.
«Zure hitz bakarrarekin libre geratuko dira gure seme-alabak. Zure oniritzia adieraziz, epaileei gutun hau bidaltzea nahikoa litzateke gure haiek euren etxeetara itzul daitezen, zuek eraman zenituzten eta inoiz atera behar ez zuten etxe haietara. Aitor iezaiezu egia. Zuk eman zenion hasiera gure oinazeari eta zuri dagokizu amaiera ematea. Egiten ez baduzu, [seme-alabak] itzultzen ez badizkiguzu, ezinbestean ni neu sartu beharko nauzu haiekin barrura. Horretarako arrazoiak emango baitizkizut, hitz ematen dizut, zin egiten dizut, Gernikako Arbolak badu horretarako lekurik».
(Apirilean, 1987. zenbakian, Luis Beroizi egindako elkarrizketa argitaratu zuen ARGIAk).
Komunikabideetan oihartzun handia izan du ETAk sei kide erakundetik kaleratzeari buruz Vasco Press-ek eman duen albisteak. Berri agentziaren arabera, Francisco Mujika, Ignacio Arakama, Iñaki Bilbao, Carlos Almorza, Kepa Solana eta Koldo Aparicio dira ETAk kaleratutakoak. ETAren jardun armatua eten beharraz, sei preso hauen agiri bat argitaratu zen iragan azaroan Diario de Noticias-en. ETAk eta EPPK-k Patxi Zabaleta egin zuten filtrazioaren erantzule eta EPPK-k «persona non grata» gisa jo du.