Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-08-12 14:27:06
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-10 -- 2000.zenb

Ramon Jauregi: «ETAk hauxe jakin behar du: orain ala inoiz ez»

Mikel Asurmendi

Gasteizen hitzartu genuen elkarrizketa Ramon Jauregirekin. Familia arazo bat dela medio, ordu batzuk lehenago Parisera joan zitzaigun ustekabez. Hala ere, aldez edo moldez, burutu dugu solasaldia. Harrez gero, Ibarretxe lehendakariaren berrizendatzea eta ETAk egun berean Madrilen egindako ekintza izan ziren.

Imajinatzen al zenuen Euskadiko trantsizioa horren luzea izango zenik?
Espainiako trantsizio demokratikoak arrakasta handia izan zuen nola estatuan hala Euskadin. Askatasun eta autogobernurako trantsizioa ongi burutu dugu. Hala ere, bakea lortzea eta euskal politikaren bizimodua "normalizatzea" bestelako urratsak dira eta horietarako denbora funtsezko faktorea da. Edonola ere, bai, luzeegi jotzen ari da.

Zein dira gatazkaren irtenbiderako gakoak?
Lehena, marko juridiko-politikoa: Estatutua eta Konstituzioa euskaldunen erabaki askearen ondorio dira. Zilegiak eta legitimoak dira biak. Marko hori erraztasunez aldatu eta molda daiteke. Hori bai, aldaketa eta moldaketok horretarako xedatutako arauen bitartez baino ezin litezke gauzatu.
Bigarrena: bakea ezinbesteko baldintza da dialogo erreformista horrentzat. Abertzale ez direnen aurkako mehatxua ez baldin bada eteten, ez daude zerbaitez hitz egiteko behar diren baldintzak.
Hirugarrena: Euskadi nortasun xede anitzeko hiritarrak biltzen dituen erkidegoa da. Edozein akordiok adostasun maila zabala izan behar du. Politikak zeharkakoa izan behar du eta demokrazia euskalduna, nahitaez, konsoziatiboa izango da.
Laugarrena: guztiok onartu behar dugu Euskadiren xede politikoak, askatasunez eta bakean, gehiengo handien babesarekin, dagokion lekua bilatu behar duela ordena estatutario eta konstituzionalean.

Aljer, Ajuria Enea, Lizarra-Garazi... Orain bai? Zergatik?
Ez dut uste oraingoa bakearen benetako eta behin betiko abagunea izango denik. Saiatu egingo gara, baina zalantza eta susmoz beteta nago.

Nola ikusten duzu EAJ egoerari aurre egiteko?
EAJ txundituta eta zatituta dago; txundituta Zapaterok gainezka egin dielako urte osoan zehar eta zatituta alderdiaren barneko indarrek abertzaletasunaren penduluari kontrako alde eta alde antagonikoetatik bultzatzen diotelako.

Eta nola ikusten duzu ezker abertzalea: ETA eta Anoetako proposamena.
Ezker abertzaleak zer nahi duen badakigu. Nik uste dut bakea nahi duela, baina baldintza zehatz batzuetan, prezio politiko zehatz batekin eta bera protagonista den prozesu baten bitartez. Nire iritziz, bere asmoak ez datoz bat demokraziarekin, ezta arazoaren benetako egoerarekin ere. Erratuta egotea nahiago nukeen arren, ezin diot eszeptiko izateari utzi. Akaso iragandako hainbeste urtek aurreiritziz bete naute.

Arnaldo Otegi baliozko solaskidea al da?
Otegi pisu handiko buruzagia da. Bakearen alde egin nahi duen ekarpena zintzoa baldin bada, solaskide izango dugu. Baina hori laster ikusiko dugu.

Nola ikusten duzu Alderdi Sozialista ebazpen posible baten kasuan? Nola Zapatero jaunaren gobernua?
PSOEk Zapaterori jarraituko dio. Alderdiak presidentearen alde lan egiten du eta ETAren behin betiko bukaera ikusteak Espainiako sozialismoa gogoz berotzen du. Urrats erabakigarria Zapaterok egin behar du. Berak badaki batzuek "aukeren gurutzaketa" deitzen dutena gertatu zaiola eta berak baldintza egokien pilaketa hori aprobetxatu nahi du. Zapatero ETAren desagerpena bilatzen ari da eta ETAk jakin behar du aukera honakoa dela: "orain ala inoiz ez".

Terrorismoaren aurkako eta Askatasunen aldeko Ituna agortuta al dago?
Guk ez dugu hautsi. Itunak Espainiako alternantziaren bi alderdiak lotzen ditu eta printzipio bikoitza dauka: xantaia terroristaren aurrean ez etsitzea eta berau ez erabiltzea alderdien arteko lehian. Nire ustez, printzipio horiek oraindik indarrean daude.

Zer deritzozu Alderdi Popularrari? Askok PSOEren lasta gisa ikusten dute. Hainbaten ustez, abertzaleek zortzi urtean Aznar jaunaren gobernutik jasotako "botika" bera biltzen ari omen da Alderdi Sozialistaŕ
Aldatzea espero dut. Uda ostera arte itxaron beharko dugu PPrekin Estatuko gaiei buruz hitz egin daitekeen jakiteko. Biolentziaren desagerpena, inoiz izatekotan, Estatuko gaia da. Bakeak, inoiz lortzekotan, PPren parte-hartzea behar izango du.

Alderdien Legea: noiz arte?
Biolentziarik ez bada, Alderdien Legea ez da aplikatuko. Baina biolentzia demokraziaren eta alderdi batzuen gaineko "Damoklesen ezpata" den bitartean, Alderdien Legeak debekatzen jarraituko du batzuek, zuhur eta abantailatsu, indarkeria eta politika uztartu nahi izatea.

Honako hau esan zenuen Batasunaz: "Oraingoetan ez, baina hurrengo hauteskundeetan presente izango da". Udal hauteskundeetan hain zuzen. Zergatik?
Denbora epe horretan aldaketa ugari izango zirela adierazi nahi nuen: bai indarkeria desagertzea, bai Batasunak indarkeria gaitzestea.

EHAK baimendua izan bazen, arrazoiren bat izango zen tarteko? Zergatik bestela?
Auzitegi Konstituzionalak argi azaldu zuen Aukera Guztiak taldearen sententzian hautagai-zerrendak ezin utz zitezkeela legez kanpo ad infinitum, Batasunarekiko lotura aski argi eta egiaztatua izan behar baitu. EHAK 2002an legeztatutako alderdia da eta horren aurka egitea juridikoki bideraezina zen. Ez zen kalkulu estrategikorik izan, arrazoiketa juridikoa baizik.

Zer iritzi duzu PSE-EE alderdiaz? Patxi Lopez lehendakari izan asmoz aritu al da benetan?
Patxik agerian utzi nahi izan du "Ibarretxeren gehiengo eza", baita alternatiba sozialista sortzeko zilegitasuna ere.

Bake prozesurik bidera al liteke arazoari irtenbide bat emateko EAJ Eusko Jaurlaritzatik kanpo utzita?
Ez dut uste. Ez. Estratega batzuen iritziz, EAJ ez da beharrezkoa orain. Ezker abertzaleak ere askotan esaten du, bake prozesua ondare bihurtu asmoz. Ez, nik ez dut uste posible denik. Gustatu zein ez, EAJk botoen %40 inguru dauka. Jakin badakit Zapaterok erlazio leial baterako estrategia diseinatu duela EAJrekin, baita Josu Jon Imazek jarrera hori onartu duela ere.

Nola manten liteke hiruko ahul bat -EAEn gobernatzeko- eta "hiruki" bat sortu gatazka konpontzeko?
Gauzek aurrera egiten badute, Eusko Jaurlaritzako hirukoa instrumental eta iragankorra izango da. Gobernu horrek ez du gauza handirik emango. Euskadiko aldaketa garrantzitsuak beste eztabaidagune batzuetan gerta litezke. Eta beste eztabaidaguneetan ez bada ezer gertatzen, Gobernu hori erabateko porrota izango da, azken lau urteetakoa izan den bezala.

Erantzunak

Erantzunik ez dago.

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.

Albiste honi erantzun

Albiste honi erantzun

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan