Joseba Sarrionandia: «Espainolek gutaz esaten dituzten gezur batzuk asumitu ditugu»

  • Bost urte (1980tik 1985era) pasa zituen espetxean eta hogei bete ditu poliziarengandik ihesi. Aste honetan hogei urte bete dira -1985. urteko San Fermin egunean- Martuteneko espetxetik ihes egin zuenetik. Sarri Sarri kantuaren hotsak aspaldi moteldu ziren izuen gordelekuetan barrena. Joseba Sarrionandiak artean, marinelen bidea hartu zuen eta txankuak soinean segitzen du munduan. Etxerik gabe ibiltzearen pribilegioa eta madarikazioa bizitzeko arrazoi bera dira Sarrirentzat. Alta bada, Kalaportura etorri ohi da aldian-aldian. Orain pare bat aste bertaratu ginen eta iheslariaz galdetu genion portu-gidariari. Ez omen du egundo ikusi, baina mezua bere izenean utziz gero, ez duela erantzuteko usadioa galdu adierazi zigun. Mezuaren izenburua hauxe zen: ARGIAk 2000. zenbakia kaleratuko du aurki eta zurekin akordatu gara. Bera ere bai gurekin.

2005eko uztailaren 10an
Nola gogoratzen duzu ARGIAn idatzi zenuen garaia?
Ba gaztaroan ginen eta, gauza zailak egiteko ilusioa gogoratzen dut. Ez badituzu ilusioak hamazazpi edo hemeretzi urterekin, noiz izango dituzu ba. Eta gainera, frankismoa amaitzen ari zen eta, ordurako dena gertatua zela ematen zuen, dena amaitzen ari zela, eta dena orduantxe hasiko zela aldi berean, dena ordutik aurrera gertatuko zela. ARGIAn hiruko hura dut bereziki akorduan, lokalera helduta, Elixabetek, Pilarrek eta Lurdesek (Garmendia, Iparragirre eta Auzmendi, hurrenez hurren) osatzen zutena, eta besteak. Sasoi hartako aldizkaritik, Bixente Ameztoiren azalak gogoratzen ditut batez ere.

Nola ikusi duzu euskal prentsaren garapena urte hauetan?
Ez dut ondo ezagutzen, noizean behin hartu ditut egunkari eta aldizkari batzuk, ez dut ezagutzen euskal irratirik edo telebistarik. Dena dela, Berriaren aleren bat hartzen dudanean harrigarria egiten zait kalitatea. ARGIA ere oso ondo egiten da. Fisikoki ondo daude, testuen aldetik ere nahiko ondo, hizkeraz aparte, irekiak eta kritikoak. Askoz irekiago eta kritikoagoa iruditzen zait euskal prentsa, espainola eta ezagutzen ditudan beste herri batzuetakoak baino. Hurbilagotik defektuak ikusiko nituzke igoal.

Zer eragin dute berauek zure bizitzan?
Ene bizitzan ez dute eragin handirik. Hor anuntziatzen diren kontzertuak nik irakurtzen ditudanerako pasatuak dira, baina paperok datozeneko planeta arraro horretakoa naizela oroitarazten didate. Eta beno, poz apur bat ere ematen dit, nik sasoi batean egin nahi nituen gauza batzuk beste batzuek egin dituztelako nik egin nitzakeen baino hobeto.

Akordatzen al zara nerabe garaian nola imajinatzen zenituen 2000.eko urteak?
Ba literaturarekin imajinatzen genituen, ezta? George Orwellen 1984, Stanley Kubricken 2001 Odisea moduko hipotesi hiperbolikoekin, baina bagenekien hiperbolikoak zirela, eta errealitatea azkenean arruntagoa izango zela pentsatzen genuen, askoz aspergarriagoa. Eta esan behar da, ez direla Orwell edo Kubricken aurresanak konplitu, errealitatea oraingoz bestelakoa dela, baina den bezalakoa ere imajinaezina zela orain dela 25 urte. Eta errealitatea bera ere oso hiperbolikoa dela, pasada hutsa dela. Iparramerikarrek Afganistan eta Irak horrela gobernatu nahi izatea, esate baterako, hegazkinetatik jaurtiriko lehergailuekin, ez errealitateak baizik eta fikzioak asmatzeko moduko gauza zen.


Zertan dute antza orduko gomutek eta gaurko gogoetek 2000.eko urteen gainean?
Ba... progresistak ginen, ezta? Beno, mundu guztia da progresista, denok dugu mundua apurka-apurka baina hobera doala sinesteko joera hori, hobera zentzu ekonomikoan eta zentzu moralean, astiro eta atzera-aurre askorekin, baina azken batean hobera, eta bai orduan eta bai orain ebidentzia asko azaltzen dira ideia nagusi horren kontra, ezta? Iraultza industrialak teknologian eta aberastasunean aurrerapen gehien ekarri zuenean 1914ko gerrako sarraskiak gertatu ziren. Eta teknologiaren hobekuntzari esker egin ziren Hiroshimakoa eta atzoko Irakeko eskualde horretako bonbardaketak. Orduan, progresistak gara denak, eta hor dago aspalditik inkoherentzia hori, progreso moralari buruzko zalantza ikaragarri hori.
Amerikako Estatu Batuetako Konstituzioak, hiritarren helburua "zoriona" lortzea dela dio. Ideia hori oso arraroa da, oso aldrebesa, pentsatzea negozio eta aberastasunaren bidez lortzen dela "zoriona", edo ordezkaritza politikoaren bidez. Nik ezagutu dut jende pobre-pobrea oso alaia eta bizitza gozatzen. Eta ezagutu ditut aberatsak bizitzeko gogoa guztiz galduta. Pobrea izatea ez da inolaz ere hobea, baina esan nahi dut ezartzen zaigun gizarte eredu hau, diruaren inguruko bizimodu mendebaldar hau azkenean oso miserablea izan daitekeela.

"Ihes egitea zilegi balitz nunbait balego bakea, ni ez nintzateke...". "Ihes egitea zilegi balitz urra ahal baledi katea, ni ez nintzateke..." dio kantuak. Zu zer izango zinen edo zer ez zinen izango?
Ba ez dakit, ez nintzen izango polizia, ez politikoa. Izango nintzen... Athleticeko futbolista ere ez dut uste.

Zure argitalpenetan, elkarrizketa nahiz liburuetan, zure zuri-beltzeko argazki bat edo beste agertzen dira. Bakarrak. Ezagutzen al duzu zure burua berauek ikustean?
Ez dakit, ispiluek eta erretratuek iruditzen zait endredatzen dutela jendearen ikuspegia. Pertsona ez dago bere buruari begiratzeko egina. Erretratuko pertsona hori nik ez nuen ezagutu. Erretratu hori atera zuen laguna bai ezagutuko nuke ondo, orain dela hogei urte ez dudala ikusi eta gustura besarkatuko nuke; gero esango nioke, oraingoan kamara etxean utzi duzu ezta? Ez izateko beste hogei urtez beste irudi bat, itzal edota bahitu hori. Pertsona, berak ikusten duena da, dituen lagunak, harreman naturalak beste jende horrekin egiten dira. Orain beste batzuk ikusten ditut, baina ez ditut haiek ahaztuan, eta gustura besarkatuko nituzke orduko lagunak.


Nor zaren galdetzen ote diozu zure buruari? Zer erantzuten diozu?
Ba ez diot galdetzen, ze galdera tontoa litzateke, ezta? Esan gabe ere badoa, oiloa oiloa den bezala, ni Euskal Herritik aldegindako euskalduna naiz, polizia espainolak harrapatu nahi ninduelako. Ez naiz bakarra, ni bezalako asko dabiltza munduan zehar, eta orain dela ehun eta hogeita hamar urte ere ibili ziren, eta orain dela hirurogei urte. Ez naiz batere berezia alde horretatik. Idazle legez ere, konfesatu behar dut hamazazpi urte nituenetik idazten dudala, baina horretan ere ez naiz batere espeziala, pentsa zenbat idazle dagoen Euskal Herrian bertan. Pertsonalitate krisian daude editorialak, idazleak irakurleak baino gehiago izango garelako laster.

Zure irakurleek zutaz imajinatu edo pentsa dezaketenak "arduratzen edo kezkatzen" al zaitu?
Normalean ez, baina Euskal Herria eta mundua hain aldrebes dagoen sasoi honetan, igoal arduran hartzeko gauza izan daiteke. Euskaldunak satanizazio gai izan gara azkeneko urteetan, espainolen aldetik esan nahi dut. Irudi faltsuak zabaldu dira, eta aurreritziak. Gainera, ez dakit konturatzen zaren, baina satanizazio egoeretan gauza arraro bat gertatzen da, fabulakoaren antzekoa, ardien artean ardi bat beltza da eta ardi beltz horri otsoa deitzen diote batzuek, ardi horrek beltza dela esango du hasieran, baina beste ardiek otsotzat ematez eta denborarekin, ardi beltzak otsotzat hartzen du bere burua, ardi zuriak jaten hasteraino. Esan nahi dut, inpresioa dudala, espainolek gutaz esaten dituzten gezur batzuk sinestu eta asumitu ditugula. Eta lehenago euskaldunek "arlote"aren papera asumitu zuten bezala, edo gero beste batzuek "indartsu"aren papera, asumitzen ditugula orain batzuetan ere "biolento"aren edo halako beste paper batzuk, azken batean geure kontrarioaren kreazioa direnak.
Ez dakit erantzun dizudan, esan nahi dut irudi faltsuz kargaturik bizi garela. Nitaz pentsa dezakeena jendeak, ni hogeitabost urtetan ikusi gabe eta kartelak ikusten, ba imajinatu. Baina, iruditzen zait espektakuluaren mundu honetan konfusioa orokorra dela.


Imajina ezazu euskal literatura paisaia gisara. Zer iritzi duzu paisaia horretaz? Nola ikusten duzu zure burua paisaia horretan?
Ba ez dakit, batzuetan gustatzen zait eta bestetan ez zait batere gustatzen, eta desberdina dena, batzuetan maite dut eta bestetan ez dut hainbeste maite. Basque landscape tipikoa imajina daiteke, fabrika bat, tximiniatik kea dariola, bizikletaz lohihartzekoarekin itzultzen den langilea, han atzean mendia, landa berdean behi bat, albokari bat ere jar dezakezu hor Otxarkoagan balitz bezala, eta ez dakit, oso 70's, ezta? Eta koadro horretan ba, ni, horretarako egin behar duzu gure eskola denborako mapetan egiten zutena Kanariak eta Ifni sartzeko, eta Fernando Poo, koadrotxo bat bazterrean. Euskal paisaiatik apur bat aparte eta ordu diferentearekin, eta ni ba hor izkina horretan trankil, in angulo cum libro, paper zahar batzuk leitzen.


Behinola Bernardo Atxagari konpromisoaz galdeturik »testuinguruan zu zeu ere hizpide izaki» Atxagak zu zeu euskal literaturaren aristokratatzat jo zintuen. Zer duzu esateko?
Euskal igualitarismotik ihes egin behar eta, orain lumpen hutsa naiz. Broma da, baina ideia ez da hutsala, ez dakit konturatzen garen, euskal literaturaren historia errepasatuz gero euskal idazleak oso gutxi izan direla oraintsu artean, eta gutirentzako lanean, Santxo Jakintsuaren gortesaurentzat bakarrik, irakurtzen zuen populuak erdaraz irakurtzen zuelako literatura popularra. Euskal idazleak elitistak izan gara derrigorrez eta, zailagoa da Raymond Chandler edo Rubem Fonseca bezala idaztea, orain arte euskal estiloak ere apur bat aristokratizanteak izan dira...


Literatura idazteko leku pribilejiatua al da zurea?
Ba ez dut uste.


Literatura bizitzeko berriz?
Ez dakit zer den literatura bizitzea. Literaturaren espektakulua ez dut ezagutzen, ez dut egundo aurkeztu libururik esate baterako. Literatura bizitzea bizitzari zentzu apur bat ematea baldin bada, liburuetako pertsonaiek egiten dutela ematen duen bezala, ba nahi nuke bizitzak zentzu apur bat izatea, baina hori liburua amaitu arte ez da jakiten.


Zertan zara madarikatua? Zertan pribilejiatua?
Pribilejioa, ez dudala etxerik izan azken hogeita bost urtetan. Eta maradikazioa, ba, ez dudala etxerik izan azkenengo hogeita bost urteotan.


Iraganeko "izuen gordelekuak" eta gaurko "gordelekuaren izuek" badute elkarren antzik?
Hura fantasia zela uste dut, ezta? Eta honek ere geroago eta handiagoa du fantasiaren antza.


Zer bilakatu da literatura zuretzat? Plazer iturri edota bizipoza? Halabeharra? Halabeharrezkoa?

Plazer iturriarena ez, iturriak ura ematen du, hori lehortea ez denean. Literaturan "plazerra" aipatzea, Ipar Amerikako Konstituzioaren "zoriona" bezala, lelokeria da, nik behintzat ez dut konprenitzen zertaz ari diren. Paradoxa edo ironia legez konprenitzen da bakarrik, Roland Barthesen tituluan bezala.

"Gartzelako poemak" gogoan, poesia -genero hertsian ulerturik- iragana al da zuretzat?
Ez, poesia idazten jarraitzen dut. Beste liburu bat, Hny illa nyha majah yahoo argitaratu zen gartzelako poesiaren ondoren, baina konprenitzen dut inork aipatu nahi ez izatea. Eta orain Itzuli ezinak deitzen den liburu bat ari naiz amaitzen. Jendeak gutxiago irakurtzen du poesia, baina literaturaren fundamentuak hor daudela iruditzen zait.

Imajinatzen duzu "mundu normalera" zure itzulera?
Ni ere mundu normalean bizi naiz gero, nahiz eta beste parte batean. Euskal Herrikoa ez da mundurik normalena izango, euskaldunak ere nahiko arraroak zarete. Baina ez dakit zelan gerta daitekeen itzultzea, imajinazioak ere bere mugak ditu.


Zein ondasun bil zenezake denok agindu nahi dugun "gure mundu" honetan?
Nahiko lumpen naiz eta ez dut ondasun handirik. Susmatzen dut hiruzpalau liburu izango direla utziko dudana oinordean.


Oroitzen duzun zerbait ahaztea nahiago ote? Akordatzen ez zaren zerbaitetaz gogoratu nahiko al zinateke?
Ahaztu ez dakit, gertatzen direnetatik hainbat gauza gertatu ez balira hobe. Baina ondo dago akordua, halako gertaerak errepika ez daitezen.

Literaturaz
«Literaturan 'plazerra' aipatzea, Ipar Amerikako Konstituzioaren 'zoriona' bezala, lelokeria da, nik behintzat ez dut konprenitzen zertaz ari diren. Paradoxa edo ironia legez konprenitzen da bakarrik, Roland Barthesen tituluan bezala».

Zorionaz
«Amerikako Estatu Batuetako Konstituzioak, hiritarren helburua 'zoriona' lortzea dela dio. Ideia hori oso arraroa da, oso aldrebesa, pentsatzea negozio eta aberastasunaren bidez lortzen dela 'zoriona', edo ordezkaritza politikoaren bidez. Nik ezagutu dut jende pobre-pobrea oso alaia eta bizitza gozatzen».

Bertsoa

Doinua: Erreguetan

Liburuetan biografiei
sarri begiratu diet,
eta ni ere urduritu nau
argazki betiko horrek.
Zure kasuan esaera bat
aldatuz galde dezaket;
mila irudik baino gehiago
balio al du hitz batek?


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude