ĢSokazkoen teknikariarekin pasako zaitut" esan diguteā Halaxe deitzen diote Donostiako Erviti musika dendan soken limurtzearekin doinu egiten duten musika tresnekin lan egiten duen Jon Galarragari. Ez du bere burua luthiertzat, ez du inor mindu nahi, antza. Dioenez, luthierra sokazkoak konpondu eta egin ere egiten dituen pertsona da. Urtetan, luthierra izateko ikasketa bereziak egin dituena deitzen da horrela. Ez hori bakarrik, "gitarrak egiten dituena ere luthierra da" argitu digu, ofizioaren orotarikotasuna islatu nahian.
Luthier izenak lautea instrumentuan du jatorria. Lautea jatorri arabiarra duen musika instrumentua da, Europako aristokraziak geroago hartu eta musika kultuaren adierazgarri bihurtu zuena. Hasieran edozein musika tresna konpontzen zuenari deitzen zitzaion luthierra. Arotzak eta egurrarekin lan egiten zuen jendea izaten zen lanbide honetan aritzen zena, baina denborarekin profesionalizatu egin ziren eta harizko musika tresnak konpontzen zituztenei baino ez zitzaien hala deitzen.
Pasio barrokodun arotzak
Horretan bat dator Alipio Guinaldo. Guinaldok Jonen tailerraren albo-alboan du berea. Txikitandik Donostian bizi izan den salamancar honek haizezko instrumentuak konpontzen lan egiten du, bai egurrez egindakoak, baita metalezkoak ere. Saxoa ikasteko saiakera egin duen arren, musika ezagupen gutxi duela onartu digu.
Hegazkinen mekaniko eta delineatzaile izateko ikasi zuen berak, baina San Sebastian egun baterako danborrak egiten hasi eta dagoeneko 23 urte daramatza tailerrean lanean. Hiru milioi pezeta balio duen fagota eskuetan hartu gaitu; 15 milioi pezeta balio duenik ere konpondu behar izan du. "Hau musikarien luzakin moduko bat da. Izugarri estimatzen dute euren instrumentua eta Formula 1ean ibiltzen direnentzako auto mekanikoa dena gara gu eurentzat", kontatu digu barre artean. Euskadiko Gazte Orkestrakoek, aurten Txinara egin duten bidaiara joan aurretik, zorte ona opa ziezaieten eskatu omen zieten. "Zer egingo dugu zuen laguntzarik gabe?" galdera eginda joan ziren hara.
Mekanika arte bihurtzen denean
Eurak hasi zirenean ez zen orain diren luthier eskolen antzekorik, ez Euskal Herrian behintzat. Praktikak egin ditu maisu. Are gehiago, Guinaldo maisu ez, irakasle ere egin da. Musikenen irakasten die egun, musikako goi zikloa egiten ari direnei nola zaindu euren instrumentuak. Instrumentuen mekanika eta mantenua da ikasgaiaren izen teknikoa eta derrigorrezko ikasgaia da gainera etorkizunean musikari profesional izango direnentzat. Asmoa musikariek euren instrumentuek izaten dituzten kalte txiki horiek euren kasa konpontzen irakastea da, orain artean musikariek ez baitzekiten "zer zen" eskuetan zutena, "behatzak jarri eta jo, besterik ez zuten egiten", dio Guinaldok. Orain, zein pieza dituen, nola muntatzen diren eta soinua zergatik sortzen duen ikasten dute, bere laguntzarekin.
Profesionalen eskasia
Ikasketa horiek beharrezko ikusten ditu berak, baita biolina jotzen jakitea ere, gutxienez, biolinaren soinua ezagutzea. Hori gabe, zail egiten zaio hainbat konponketa egin daitezkeela sinestea. Italiako esperientzia ere oso lagungarri izan zitzaiola nabarmendu du, han luthier asko ezagutu baitzuen eskolan eta lantegi batean ere aritu zen Stradivarius eta beste maisu handien sehaska den hirian, sekretu txikiak ikasten.
Kalitatea vs kalitatea
Orain ere badira eskuz lan egiten jarraitzen dutenak, baina kapritxozko pieza moduan egiten dituzte instrumentu horiek eta prezioa ez da konpetitiboa izaten gainera. Horietako bat da Atozki iruindarra. Atozkik ere, Ervitikoek bezala, konponketak egiten ditu batez ere, baina gustuz harizkoak zaharberritzen aritzen da. Urtean pare bat biolin ere eraikitzen ditu eta baita saldu ere. Hala ere, onartzen du hauen prezioa ez dela batere lehiakorra egungo merkatuan.
Egurrezko instrumentuen munduan, onak artesanalak izaten jarraitzen dute, profesional hauen arabera. Euren ustez makinek ezingo dute eskuen lana ordezkatu, ez behintzat kalitatezko soinu bat lortu nahi bada. Teknologia berriekin eta teknika modernoekin, gauzak erraz konpontzen direla onartzen dute, baina instrumentuek eskatzen duten mimorik ez diete ematen.
Eskola baten beharra
Langileok argitu digutenez, atzerritar asko etortzen da bere burua laguntzaile bezala eskaintzera. Bertakorik apenas. Bertakoek gainera, kanpora jo behar izaten dute lehenago edo beranduago, ofizioaren ikasteko. Musikari gero eta gehiago izanik, teknikari gehiago ere beharko dira eta, horrenbestez, Euskal Herriko musika konpontzaile eskola on baten hutsunea sumatzen dute.
Cremonan bildu ziren talenturik handienak. Hiru dinastia izan ziren: Amati, Guarneri eta Stradivarius. Zalantzarik gabe, azken hauek izan dira denetan handienak. Stradivarius familiaren lana, luthiergintzari dagokionean, mugarritzat hartzen dute askok. Familia hark sekretuak, baina, hilobira eraman zituen eta ordutik ez du inork halako izen eta osperik izan, ez eta haiek asmatutakoen errezetarik berreskuratu. Hori bai, haiek egindako biolinak ez ditu inork ahazten, are gutxiago enkanteetan horiekin aberasten direnek.
Errenazimenduan hasi zen luthierren lana garrantzia hartzen. Bi arrazoi nagusi dira: bata, ordura arte, ahotsak zuela garrantzia konposizio musikaletan eta instrumentuek lagundu baino ez zutela egiten. Orduan hasi zen musika instrumentala ere indarra hartzen eta ondorioz luthierren lana beharrezko bihurtzen. XVII. eta XVIII. mendeetan ofizioa arte bihurtu zen. Ospe handia hartu zuten luthierrek eta eskola eta talentu asko sortu zen; batez ere, Espainian, Alemanian, Frantzian eta Italian.
![]() |
|
||||
2000 zenbakia. Azkena || Hemeroteka
|
Š 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa