Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-10 -- 2000.zenb

Xabier Letona


Hauteskundeen ondoren garai politiko berri bat irudikatu da. Zer animorekin heltzen dio lehendakariak garai honi?
Benetako aldaketa ez da oraingoa izan, 2001ean hasi zen aldaketa. Apirileko hauteskunde hauen ondorengo egoera beste etapa bat da, zaila baina aldi berean aukeraz betea. Ezinezkoa da gizartean dauden aurreikuspenak zapuztea. Bakea eta normalizazio politikorako akordioa lortzea da lehentasun politikoa eta gero, jakina, hor da baita ere gobernagarritasuna. Energiaz beteta nago, hemen aritzeko ezinbestekoa da hori.

Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa [Ibarretxe Plana] alboratua geratu bide da. Etorkizunean zertarako balio behar du ekimen horrek?
Etorkizunerako dugun aktibo politikorik handiena da, eta bakarra oraingoz. Legebiltzarrean ekimen horrek erdietsitako 39 boto baino sostengu handiagoa duen egitasmo bat lortzen bada, bikain. Gaurkoz hori da duguna eta legealdi honetan ere oso garrantzitsua izango da.

Onartutako erreforma horretatik zer jorra daiteke PSE-EEk onartzeko modukoa?
Demokrazia onartzen bada, onartu behar da orain arte Legebiltzarrak onartu duena. Hortik aurrera, esku artean dauzkagun tresna guztiak baliatu behar ditugu normalizazio politikorako akordioa lortzeko. Apaltasun osoz, baina ekimen horretan baditugu akordio politikorako behar ditugun zume guztiak.

Zure abizenaz ezagutzen den plana EAJ-EAren ardatza izan zen hauteskundeetan eta koalizioak ez zituen emaitza onak lortu. Ba al duzu halako porrot sentipenik?
Esperotakoa baino eserleku gutxiago atera ditugu, baina hauteskundeak guk irabazi genituen eta, beraz, guri dagokigu lidergo politikoa, bai normalizazio akordioa bideratzeko bai Gobernua eratzeko. Guk ezin dugu ezer inposatu, besteekin hitz egin eta, kasuan kasu, itunak lortu behar ditugu. Baina azken urteotan PPk eta PSE-EEk ez dute gurekin hitz egin nahi izan eta orain jarrera hori aldatzea espero dut. Gorteetara joan nintzenean garbi esan nuen, lehen hitzak izan ziren eta euskaraz: "Euskadik eta euskaldunok gure etorkizuna erabakitzeko gaitasuna izan behar dugu". Horrek izan behar du alderdi guztien arteko elkarrizketen ardatza.

Baina Estatutuaren erreforma hauteskundeen ardatz gisa aurkeztu eta esperotako emaitzak ez lortzeko zerbaitetan egingo zen akats.
Begira, guk irabazi egin genituen hauteskundeak. Iragan legealdian bigarren alderdiak baino 14 eserleku gehiago genituen eta orain 11 gehiago. Azken lau urteotan Gobernuak etekin asko ekarri dizkio euskal gizarteari eta datozen lau urteetan ere hala izatea espero dut.

Estatutuaren erreforma proposamena eta joan den legealdiko gure jarrera oso garrantzitsuak izan dira besteak mugiarazteko. Gu prest gaude besteekin hitz egiteko eta akordioa gauzatzeko. Posible da PSE-EErekin edo EHAKrekin gobernu akordioa lortzea, baina horretarako aldez aurretik normalizazio politikorako ituna egin behar da, bestela ezinezkoa da.

Zapateroren jarrera ospetsuaz asko hitz egin izan da, baina indarrez ikusten al duzu halako prozesu batek eskatzen dituen oztopo guztiak gainditzeko?
Bere jarrera bakarrik ez, denon jarrera da klabea prozesu honek aurrera egin dezan. Baina jarreraz gain, mahaiaren gainean behar dena jartzeko eta arriskatzeko ausardia politikoa behar dugu. Komunikabideetan gehiegi hitz egiten dugu bakeaz eta normalizazio politikoaz, eta diskrezio handiagoa behar dugula uste dut. Hitzetatik ekintzetara pasatu behar da.

Kongresuak ETArekin hitz egiteko emandako baimena garrantzi handikotzat jo zen.
Hori, azken finean, kontzeptu bat berreskuratzea besterik ez da izan, hau da, biolentziaren amaiera elkarrizketaren bidez egin behar dela. Hori Ajuria Eneko Itunean bazegoen jada. Berreskuratzea positiboa da, baina gehiago egin behar da, hori bai, pausoz pauso, dena batera ezin da egin eta.

Alderdien mahaia dela eta, Ramon Jauregik iradoki du halakorik ez dela behar eta prozesua Eusko Legebiltzarrean eraman behar dela.
Ez dut uste hori denik eztabaida, niri berdin zait han edo hemen hitz egitea. Baina norbaitek uste al du Batasunekoekin hitz egin gabe lor daitekeela normalizazio politikorik? Hori nola egin, noiz, zer motako mahaianŕ bigarren mailako kontuak dira, garrantzitsuena elkarrizketari heltzea da: batzuetan izango da bi alderen artekoa eta hurrengoan askoren artekoa. Orain garrantzitsuena ez da mahai bat eratzea, kontzeptuak eta harremanak lantzea baizik: zer da normalizazio politikoa lortzea? Zeri buruz hitz egin behar da, zein epe dauzkaguŕ Denon artean hitz egin behar dugu, baita Batasunarekin ere. Ni hitz egiten ari naiz Batasunarekin eta segituko dut hitz egiten, hori ezinbestekoa da eta.

«Erabakitzeko eskubidea eta paktatzeko beharra» diozu. Erabaki zer eta nork? Negoziatu zer eta noraino?
Onartzen dugu Euskal Herria kulturalki eta hizkuntza aldetik hor dagoela? Onartzen al dugu Euskal Herria subjektu politikoa dela? Erabakitzerako orduan zeintzuk dira erabaki esparruak? Nafarroa, Iparraldea... lurraldetasunari buruz hitz egin behar da. Topatu behar dira erabakitzeko formulak eta gero ituna egin, ituna baldin badago inork ezin izango duelako bere kabuz apurtu edo aldatu. Legebiltzarrean onartutako formula batek hitz egiten du horiei buruz, hitz egin dezagun beste formula batzuei buruz ere.

Estatutuaren erreformatik behera, beraz, ezin da jo.
Subjektu politikoa, lurraldetasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ituna, argi eta garbi esan behar dugu horiei buruz hitz egin behar dela, ezin dugu inor engainatu.

Negoziatzeko behar horrek izan dezake beto ahalmenik bere baitan, zeren eta bi parte baldin badira, batek negoziatu nahi ez badu betoa jartzen ari da.
Hori da orain arte gertatu dena, azken lau urteetan horrela atera dugu gure proposamena. Argi eta garbi esan nuen Madrilen Eusko Legebiltzarrak onartutako proiektua zela eta Madrilera negoziatzeko ekarri genuela, ezinezkoa zela proposamenari ezezkoa ematea negoziazio saiorik egin gabe. Etapa berri honetan alderdien posizioa desberdina da, akordiorako aukera dugula uste dut eta une hau baliatu behar dugu. Belaunaldi honetarako azken aukera izango da.

Jende asko ari da pairatzen gatazka bortitzaren ondorioak: ETAren mehatxupean daudenak, presoen eskubideak zapaltzen dira, hauen senideen egoeraŕ Keinuen ordua da.
Hala izatea espero dut. Giza eskubideen edozein urraketa salatu behar da. Nik sarri esaten dut giza eskubideekin ezin dela sakelako telefonoekin bezala gertatu, hau da, giza eskubideetan ezin daiteke egon estaldurarik gabeko eremurik. Denen sufrimendua onartu behar da. Deliturik gogorrenak eginda ere, presoen eskubideak aintzat hartu behar dira. Eta presoen eskubideen urraketa edo ilegalizazioa salatzen bada, gero ezin da justifikatu norbait hiltzea hori gatazkaren ondorio dela esanez. Izatez, presoena ere gatazkaren ondorio da. Berradiskidetze prozesu horretan lan handia dugu egiteko.

Xabier Arzalluzek dio zu lehendakari zaren bitartean bera lasai dagoela.
Hori esaten du Xabierrek? Lagun mina dut eta. [Barre algara artean dio hori lehendakariak].

Bigarren aldea ere badu Arzalluzen esaldiak. EAJko egungo zuzendaritzarekiko mesfidantza iradokitzen du.
Ez dakit, ez dakit... gero gerokoak. Momentuz Xabier ez dago betoaz hitz egin dutenen artean, ezta? Beraz, momentuz arriskurik ez. [Txantxa giroan jarraitzen du lehendakariak]. Alde batetik pentsatzen dut Xabierrek niri babesa eman nahi didala [seriotasun osoa berreskuratu du], baina ni alderdiaren eta koalizio baten ordezkari naiz eta konfiantza osoa dut alderdian eta koalizio horretan.

Mikel Asurmendi

Bost urte (1980tik 1985era) pasa zituen espetxean eta hogei bete ditu poliziarengandik ihesi. Aste honetan hogei urte bete dira -1985. urteko San Fermin egunean- Martuteneko espetxetik ihes egin zuenetik. Sarri Sarri kantuaren hotsak aspaldi moteldu ziren izuen gordelekuetan barrena. Joseba Sarrionandiak artean, marinelen bidea hartu zuen eta txankuak soinean segitzen du munduan. Etxerik gabe ibiltzearen pribilegioa eta madarikazioa bizitzeko arrazoi bera dira Sarrirentzat. Alta bada, Kalaportura etorri ohi da aldian-aldian. Orain pare bat aste bertaratu ginen eta iheslariaz galdetu genion portu-gidariari. Ez omen du egundo ikusi, baina mezua bere izenean utziz gero, ez duela erantzuteko usadioa galdu adierazi zigun. Mezuaren izenburua hauxe zen: ARGIAk 2000. zenbakia kaleratuko du aurki eta zurekin akordatu gara. Bera ere bai gurekin.
guztia irakurri

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan