Jakoba Errekondo
Turkia aldean ibili berriak dira lagun lagun batzuk, landareei begiratuz gain ikusten dituen bat tartean. Hango paisaietaz hitz egiten eta begian jo zuen bakarra sasiarkazia aitatu.
Sasiarkazia Ameriketan iparraldekoa da. Enrike IV.aren lorazaina zen Jean Robinek 1.601ean jaso zituen Kanadatik bidalitako lehen haziak eta 1624an landatu zuen lehen zuhaitza Parisen. Haren ohorez Robinia pseudoacacia izena eman zitzaion. Ehun eta hogei bat urte bizitzen da eta ezagutzen den ale handienaren ipurdiak 1,6 metroko diametroa du eta 5 bat metroko perimetroa. Egurra busti-lehorrerako ezagutzen den onena da eta garai batean gure artean gaztainak zuen tokia aspaldi hartua du: itxituretako hesolak, atakaką Erretzeko ere, nahiz eta txinpartatsua izan, oso ona da. Etxeetan, egituratan alegia, erabiltzeko zutikako lana egin behar duten zutabe eta abarretarako haritza bera baino hobea da. Baba eta ilar jendearen familiakoa denez, airetik nitrogenoa hartu eta lorrera lotzen duten bakterioak ditu zainetan apopilo. Izerdiak makilgoxoaren antzeko gustua du, baina osagai toxiko bat du. Lorea multzo zintzilikarioetan zuri zabaltzen du, albardatuta jateko ederrak dira eta eragin lasaigarria dute.
Turkian ikusi eta aitatutako sasiarkaziak ederki mantenduta omen zeuden edozein kaletan borobil-borobil inausita. Lagunari adierazi nion sasiarkazi horiek ez direla inausita borobilduak, berez direla esferikoak, txertatutako barietate berezi bat: Robinia pseudoacacia Umbraculifera alegia. Izenak dioen eran aterki baten eitea hartzen du, tiki samarra da eta espezie nagusiak dituen arantzatzarrak izaten ez dituenez kaleetarako, kaletar ahulen arterako egokia da oso.
Ondarroatik barrena Berriatuako idi probetara bidean ibili gara duela gutxi. Ondarroan errioaren ondoan dagoen haur eskolaren aldameneko enparantzan era honetako sasiarkazia sail polita badago, Euskal Herrian oso bakanak diren erakoa. Itsasoan amutik bizi direnek ez dute, nonbait, beren haurrak arantza artean haztea nahią
Jabier Agirre
Sukarrak asko kezkatzen ditu gurasoak, haurtxo txikiek dutenean batik bat, eta berehala hasiko dira arrazoiaren bila, gauzarik okerrenak pentsatuz. Sukarra ez da, hala ere, gaixotasuna, gorputzak infekzioen aurka jartzen duen defentsa-erreakzioaren osagai nagusia baizik. Beraz, gauza txarra ez, gorputzaren barruan zerbait ondo ez doala adierazten digun alarma-seinalea da. Ume askok, txikiak direnean batik bat, sukar altua izaten dute, aparteko larritasunik ez duten gaixotasun biralen aurrean.
Hala ere, umeak sukarra duenean komeni da pediatrak aztertzea, sukar horren arrazoiak bilatu eta diagnostikoa finkatzeko. Kasu gehienetan arazoak aparteko larritasunik izango ez duen arren, tenperatura 38 NkC-tik gora denean pediatrarengana joatea merezi du, diagnostikoa egin eta behar izanez gero, tratamendu egokia hartzeko. Muga nonbait jartzekotan 38 NkC-tan jarri dugu, baina ume bakoitzaren ezaugarriak ezagutzen ikasi beharra dauka gurasoak, noiz larritu eta noiz ez jakiteko, eta neurriak hartzeko.
Egoera jakin batzuetan adi egon eta bizkor erreakzionatzea komeni da, pediatrari berehala kasu eginez, edota larrialdi-zerbitzura joanez. Honako kasu hauetan, hain zuzen ere:
- Hiru hilabetez azpiko haurtxoa, sukar handia duenean itxurazko arrazoirik gabe; edota ahulaldia, akidura, suminkortasuna eta elikadurari uko egitea bezalako sintomak dituenean.
- Bi urtez beheko umea, logura ezohikoa edo arnasteko zailtasunak dituena, sukar handirik eduki ez arren.
- Edozein adineko umea, sukarrarekin batera azalean puntu gorriak edo purpura-kolorekoak dituenean -batez ere azala igurtzita mantxa horiek ez badira desagertzen-.
- Edozein adineko umea, 40 NkC-tik gorako sukarra duena. Edo sukarrarekin batera gorakoak dituena, tenperatura aipatutakoa baino baxuagoa baldin badu ere.
- Jaioberria, sukarra duenean, edo alderantziz, tenperatura nabarmen jaitsi bazaio (35-36 NkC).
Joxerra Aizpurua
Munduari biraka erregairik gabe
Energia bide alternatiboak hain modan dauden honetan, eguzki energiaz baliatzen den gailuaren berri eman nahi dizuegu. Bertrand Piccard mediku eta abenturazale suitzarrak Salon de Bourget delakoan aurkeztu berri du Solar Impulse deituriko proiektua, hau da, eguzki energiaz hornituko den abioia. Hark dioenez, proiektuak "garapen jasangarriaren inguruko komunikazio-plataforma izan behar du".
Hegal muturretik beste hegal muturreraino 80 metroko distantzia izango duen abioi honen diseinuan faktore asko kontutan hartuko dira, besteak beste, gauez hegan egiteko egunez bezainbeste energia pilatzeko sistema asmatzea.
Lausanako eskola politeknikoko hainbat ikerketa-talde ari dira eguzki-zelulentzako material ultra-arinak baina tenperaturarekiko erresistenteak izango direnak aztertzen. Motoreen batezbesteko potentzia 12 ZP izango da, gutxi gorabehera 1903an Wright anaiek eraikitako abioiak zuenaren antzekoa.
Abioiak izango duen gela bakarra minimoa izango da, pertsona batentzat. Ekipamendu aldetik, pilotuaren estresa eta abioiaren bibrazioak neurtzeko tresnak ere izango ditu.
Eguzkirik gabeko fotosintesia
Zer egin dezake fotosintesiaz baliatzen den organismo batek eguzki-izpirik ailegatzen ez den itsas hondoan?
Galdera honi erantzun beharra gertatu zitzaien Thomas Beatty eta beste ikerlari batzuei itsas hondoan sufre eta karbono dioxidoaren fotosintesitik bizi den bakterioa topatu zutenean.
Behin-behinekoz GSB1 deitzen zaion bakterio honek oso izpi bereziak erabiltzen ditu fotosintesirako, hots, erradiazio geotermalek sortutako dirdirak.
Dirdira hauek ez dira ikusgai giza begiarentzat, baina bai argi ikuskorraren espektroan infragorritik harago. Proceedings of the National Academy of Sciences deituriko aldizkarian orain hiru aste argitara emandako artikuluan, aipatu ikerlariek GDB1 bakterioa beste argi-iturri batzuen aurrean jarri dute fotosintesiaren fenomenoa uste baino egoera gehiagotan gerta daitekeela frogatzeko.
Itsas hondoko iturri geotermalak 1977. urtean aurkitu ziren lehenengoz eta ordutik gaurdaino gero eta fauna zabalagoa aurkitzen ari gara beraien inguruan, ez bakarrik bakterioak, baita 2 metroko arrai itsuak ere.
Orain arte fotosintesiaren definizioa hauxe zen: klorofila duten izakiek eguzkitik datorren argi-energia xurgatu eta energia kimiko bihurtzen dute hainbat osagai organiko sortuz eta oxigenoa askatuz. Hemendik aurrera ez du zertan izan behar eguzki-izpia energi iturri, ezta?