Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-10 -- 2000.zenb

Katixa Garate


Jazza puri-purian

Jazz doinuak entzuten hasi dira dagoeneko gurean. Esan daiteke abian dela jazz denboraldia. Getxoko Jazz Jaialdiak (uztailak 1-5) bota zuen suziria, María Joao, Baldo Martínez eta Richard Gallianoren laguntzaz, besteak beste. Ondoren Gasteizkoak hartuko du testigua uztailaren 12tik 16ra. Charlie Parker eta Chick Corearen taldearen emanaldiak, jazz elektronikoaren gaua (Ortophonk, De Phazz...), aukera ugari izango da jazzaz gozatzeko. Baionakoaren txanda izango da hurrena, uztailaren 15etik 17ra. Bertan Archie Shepp eta Miren Aranburu Ensemblek eskainiko dituzte kontzertuak, besteren artean. 22tik 27ra, 40 urte betetzen dituen Donostiako Jazzaldiak 71 kontzertu eskainiko ditu; Maceo Parker eta Bebo Valdésenak tarteko. Zarauzko Nazioarteko Jazz Mintegiak (25-30) itxiko du denboraldia. Zarauzko kontzertuetan Al Fosterren taldea izango da.


Arte garaikidea Izurako txokoetan

Baserri eremuan arte garaikidea hedatzeko helburuarekin, zabalik da XVI. Uda Erakusketa. Abuztuaren 21a bitartean luzatuko den ekimen horren gonbidatu nagusia Jose Antonio Sistiaga margolaria da bere semearekin batera, Youri Sistiaga. Artista gazteei ere lekua egin asmoz, Hegoaldeko zein Iparraldeko artista gazteak gonbidatu dituzte antolatzaileek, besteak beste, Manu Uranga, Donostiako Artista Berrien Lehiaketako irabazlea, eta Aitziber Akerreta, Nafarroako Artista Gazteen Lehiaketako garailea. Aurtengoan, artelanak kultur etxean, elizan eta herriko ostatuan ikus daitezke.


Bilboko kaleak agertoki

Bilboko kalealdiak antzoki bihurtuko ditu hiriburuko hainbat kale eta plaza, seigarren urtez, uztailaren 5etik 13ra bitartean. Aurtengo berrikuntza aipagarriena Estatuen Kale Nagusia ekimena da. Uztailaren 5ean eta 6an 16 estatua bizidun hiriburuko Kale Nagusiko hainbat txokotan kokatu ziren. Estatua horiek pertsonaia errealak eta fikziozkoak gorpuztu zituzten, guztiak bilbotarrak edo hiriarekin loturaren bat dutenak : Diego Lopez de Haro hiribilduaren sortzailea; Juan Crisostomo de Arriaga, Mari Jaiaà Uztailaren 7an eta 8an, Arteen Paseoak Abandoibarra dantzaz, zirkuzà beteko du eta uztailaren 12 eta 13an, Antzerkiaren Zazpi Kaleak saioan, antzezlan ezberdinak ikusteko parada izango da zazpikaleetan.


Kulturgunea Arantzazuko santutegian

Amaitzear da Arantzazuko santutegian duela hiru urte hasitako proiektua: irailaren 9an irekiko dute ofizialki frantziskotarrek Gandiaga Topagunea. Kubo formako bi eraikin modernoz osatuta dagoen arren, oraingoz, eraikin bakarra zabalduko da. Eraikin horrek bi solairu ditu: behekoan bi pilotaleku, aterpea eta gazteentzako prestaturiko gunea daude; goikoan, batzarrak, bilerak eta ekitaldiak egiteko aretoak. Aretoei Arantzazurekin lotura izan duten artisten izenak jarri dizkiete: Txillida, Oteiza, Basterretxeaà Kulturaren egoitza berriak Arantzazuko santutegiak kulturaren arloan duen hutsunea beteko du.



Musika eta ikus-entzunezkoen sektoreak antolatze

Zuzeneko musika kontzertuak kudeatzen dituzten Euskal Herriko 21 management enpresak (Ama Lur, KAP, Zuzeneko Hotsak, Syntorama...) Euskal Promotoreen Elkartea (EUPREL) sortu dute, sektorea sendotu eta profesionalizatzeko. Erakunde publiko eta pribatuekin biltzeko asmoa agertu dute xede hori lortze aldera. Dagoeneko hitz egin dute Eusko Jaurlaritzarekin eta aldundiekin eta antzerkiak Sarearen baitan duen begirunea musikak ere behar duela adierazi diete. Halaber, udalekin eta kultura teknikariekin eta komunikabideekin hitz egiteko asmoa agertu dute. Ikus-entzunezkoen arloko 45 enpresek EIKEN (Euskadiko Ikus-Entzunekoen Klusterra) sortu dute, enpresen arteko harremana estutzeko, sektorea indartzeko eta merkatu digitalean lehiatzeko. Webgunea ere sareratu dute: eikencluster.com.


Moda ikastaroa Tuteran

Moda. Topaleku ikastaroa eskainiko du Tuterako UNEDek, uztailaren 17an. Diseinutik hasita merkaturaino, moda izango dute hizpide David Delfín diseinatzaileak eta hainbat moda kazetarik.


Deabru Beltzak antzerki taldeak Donostiako Antzerki Azokak lehenengoz banatu duen Victoria Eugenia saria jaso du, antzerkia sortzen, berritzen eta zabaltzen egindako ahaleginaren eskergarri.

Manu Lopez Gasenik Baporea 2005 saria eskuratu du Gogoa lege zientzia fikziozko eleberriari esker. Irailean argitaratuko du nobela SM argitaletxeak.

Jesus Mari Agirretxe Keuk bakarkako hirugarren diskoa plazaratu du, Uek proiektu pertsonalaren baitan: Fignuh Hystreld (2112 Produktions). Abesti guztiak, bat izan ezik, instrumentalak dira. Jon Gurrutxaga eta Breixo bateria joleak eta Mikel Santos baxu jolea izan ditu kolaboratzaile.

Xanti Zapirain Kaikuk Bizi behar dugu liburu autobiografikoa plazaratu du, Txalapartaren eskutik. 1987tik 1998a arte, ez zen etxetik atera Kaiku. GALen garaia eta errefuxiatu bizitzaren berri ematen du liburuan.

Golden Apple Quartetek hemezortzi urte daramatza oholtza gainean. Adin horretara iritsita serio jarri nahi izan du eta Los Golden en serio estreinatu berri du, Patxi Barcoren zuzendaritzapean.


Nagore Aranburuk hauxe adierazi zion Emakunderi: «Ez bazara publiko osoa maitemintzeko moduko neska, paper txikiak tokatzen zaizkizu, neskamearena egitea eta abar. Baina sarri modelo paper horrek florerotik gehiago dute paper txikiek baino eta aktoreari ez dio joko gehiegirik ematen».

Igor Yebrak El Correori esanak: «Dantzaria izatea gauza oso egoista da, behar hori duzulako egiten baita, ez publikoak eskatzen duelako. Behar hori izateari uzten diodanean edo maila ematen ez dudala ikusten dudanean, dantza egiteari utziko diot, baina hori ez du publikoak erabakiko».

Santi Erasoren honako hitzak jaso zituen Berriak: «XIX. mendean jabetza intelektuala ikusteko zegoen modu elitista eta aristokratikoa du SGAEk, eta egun teknologia berriekin kostuak hainbeste jaitsi diren honetan, ikuspegi horrek ez du balio».

hemeroteka

1999. zenbakia | 2005-07-03
1998. zenbakia | 2005-06-26

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan