Katixa Garate
Asteazken goiza, bederatziak eta erdi dira. Eguraldi ederra dago. Zita dute antzezlaneko bi emakume protagonistek kazetari batekin, eurek idatzitako azken antzerki lanari buruz hitz egiteko: Alessandro Bariccoren Zeta egokitu dute eszenatokietarako. Ai ama! eta Ixaren ostean, oholtza gainerako idatzi duten hirugarrena. Hika antzerki taldeak taularatu ditu hirurak. Arantxa Iturbe iritsi da lehena, 41 urteko kazetari eta idazlea; oso garaiz. Hiztuna da, berba azkarrekoa. Pixka bat beranduago beste protagonista iritsi da bizikletan: Agurtzane Intxaurraga, 39 urteko antzerki zuzendari eta idazlea. Itxura lotsatiagokoa, baina ondo astintzen du mingaina. Elkarri agur egin diote, bero. Nabaria da bien arteko konplizitatea. Elkarrizketa bizia izango da, protagonista baten erantzuna besteak osatuko du. Tenis partida bat ikusten ari dela irudituko zaio kazetariari.
guztia irakurri
Nagore Irazustabarrena
1520ko uztailaren lehena. Hernan Cortes buru zutela, espainiarrak Tenochtitlan-en sartu ziren, egungo Mexiko Hirian. Leiendak dioenez, aztekak Aztlan-etik etorri ziren, arranoak hegan hasten diren lurraldetik. XII. mendearen bukaera aldera Mexikoko lautadara iritsi eta euren nagusitasuna ezarri zuten. Tenoch buru zutela, 1325ean, Texcoco lakuko uharte lohitsu antzura eraman zituen Huitzilopochtli jainkoak bidalitako arranoak eta han sortu zuten Tenochtitlan.
200 urte geroago, Cortes iritsi zenean, lokatz eremua zena, hiri handi eta boteretsua zen, dike, kanal eta zubiz josia, lorategi flotantez inguratua. 78 eraikuntzak osatutako barruti sakratua zuen eta erdian mailakatutako piramide formako Tenplu Nagusi ikusgarria. Unibertsoaren erdigunea.
Urre goseak itsututa, Cortesen gizonek eta haien atzetik etorri zirenek ez zuten seguruenik betirako galdu den ikuskizun hori behar bezala apreziatuko. Lanpetuta ibiliko ziren Jaungoiko ahal guztiduna ezagutzen ez zuten basapizti haiek bide onetik eramaten eta, batez ere, topatzen zuten urre guztia -amestu baino askoz gutxiago- urtu eta Europa zaharrera eramaten.
Urrezko pieza gutxi daude, hortaz, Guggenheimeko erakusketan. Baina guztira ia 600 lan bildu eta Mexikotik kanpora azteken zibilizazioaren inguruan inoiz egin den erakusketarik handiena osatu dute. Gainera Mexikon bertan ikus ez daitezkeen pieza batzuk ere badira Bilbon. Lanetako batzuk ez datoz Mexikoko bildumetatik eta herrialde honetako 1972ko Ondare Legearen arabera, baimenik gabe Mexikotik atera diren objektu guztiek, muga berriro pasako balute, ezingo lukete berriro irten. Eta bildumazale atzerritarrak ez daude euren piezak galtzeko prest.
Azteken bizitza artelanetan
Enrique Norten arkitektoak beirazko egitura bat egin du erakusketaren obra guztiak paratzeko. Baina piezak ez daude nolanahi ipinita. Felipe Solis, Mexiko Hiriko Antropologia Museo Nazionaleko zuzendari eta erakusketa honetako komisarioak Azteken Inperioaren historia eta bertako bizimodua islatu nahi izan ditu. Horretarako erakusketa hainbat zatitan banatu eta ibilbide jakin bat proposatu du. «Erakusketa hau gai bakoitzak bere atmosfera izan dezan eta hausnarketa bultza dezan pentsatua dago», adierazi du Solisek.
Lehen aretoa Mexikoko inguru naturalari eskaini dio. Kultura prekolonbinoek animalia eta landareak errealismo handiz jorratzen zituzten artean, estilo naturalistaz, eta hortaz baliatu dira bisitariari aztekek inguruan zutena ezagutarazteko. Sugeak, jaguarrak eta arranoak irudikatu zituzten, besteak beste, aztekek, eurentzat esanahi garrantzitsua zuten animaliak baitziren.
Eguneroko bizitzak ere badu tokia erakusketan. Apaingarriak, baxerak, zeramika... objektuok gizarte aztekaren hierarkia azaltzeko balio dute: urrezko, turkesazko edo obsidianazko bitxiak nobleziak erabiltzen zituen; herri xeheak, berriz, buztinezko objektuak soilik erabil zitzakeen apaingarri.
Giza irudia ere landu zuten antzinako mexikarrek. Figura antropomorfo ugari bildu dituzte gizon zein emakumeenak, euren eredu estetikoari jarraituz. Asko arroka bolkanikoz, aztekek gehien maite zuten materialez, eginak dira.
Beste zati batek azteken arbasoak hartzen ditu kontuan: olmecak, toltecak, teotihuacanoak... 450. urteko turkesazko maskara ederra da zati honetako piezarik garrantzitsuenetakoa.
Hurrengo atala erlijioari eskaini diote. Azteken unibertso erlijioso konplexuan Huitzilopochtli eguzki-gerraria zegoen gorengo mailan, ondoren Tezcatlipoca gaueko gerraren jainkoa edo Quetzalcóatl jainko zibilizatzailea eta haizearen zaindaria zeuden. Euriarekin edo urarekin zerikusirik zuten jainkoak ere miretsiak ziren Inperioan, nekazaritzan oinarritutako ekonomia bati dagokion moduan.
Atal honetan hasieran aipatutako Tenplu Nagusiari toki berezia eskaini zaio. Tamaina handiko sugeak daude ikusgai, aztekek euren jainkoak etsaiengandik defenditzeko erabiltzen zituztenak ûespainiarren aurka defentsa guztiak alferrikakoak izan baziren ereû.Tenplu Nagusian zegoen Arranoen Etxea ere irudikatu dute erakusketan. Atal honetan Xochipilli loreen printzearen eskultura ederra aipatu behar da. Mictlantechtli heriotzaren eta iluntasunaren jainkoaren eskultura ahaztu gabe. 1480 inguruan eginiko buztinezko lan honetan, jainkoak gorputz erdia larrututa du, atzapar handiak eta ile naturalez betetako zuloak buruan.
Baina aztekak ez zeuden bakarrik Ertamerikan. Espainiarrek konkistatuak izan baino lehen, aztekek inguruko herrialdeak konkistatu zituzten: texcocanoak, tepanecak, xochimilcak, tlahuicak... Guggenheim museoaren hirugarren solairuan ipini dituzte herri hauetako artistek landutako zeramika polikromoa, eskulturak eta apaingarriak.
Bazen herri bat ordea, aztekei aurre egin eta hauen hedapena mugatu zuena. Hernan Cortes iritsi bitartean, Mexiko mendebaldeko taraskoak izan ziren azteken etsai nagusiak. Kobrea eta brontzea lantzen maisuak ziren eta aztekek baino forma geometrikoagoak erabiltzeko ohitura zuten.
Orain arte azaldutako atal hauek guztiak New Yorkeko Guggenheimen izan ziren ikusgai Bilbon baino lehen. Baina Bilbon azken atal bat erantsi zaio, espainiarren konkistak eragin zuen gainbeherari eskainia. Felipe Solisek, «europarrek suntsitu zutena Europan erakutsi» nahi izan du horrela, bertakook ikus dezagun itsasoaz bestalde «poesia egiten zuen herri bat egon zela, hiriak eraikitzen zituena, munduaren ikuspegi orekatu eta zoragarria izan zuena».
Mayi Tolosa
«Sokazkoen teknikariarekin pasako zaitut" esan diguteà Halaxe deitzen diote Donostiako Erviti musika dendan soken limurtzearekin doinu egiten duten musika tresnekin lan egiten duen Jon Galarragari. Ez du bere burua luthiertzat, ez du inor mindu nahi, antza. Dioenez, luthierra sokazkoak konpondu eta egin ere egiten dituen pertsona da. Urtetan, luthierra izateko ikasketa bereziak egin dituena deitzen da horrela. Ez hori bakarrik, "gitarrak egiten dituena ere luthierra da" argitu digu, ofizioaren orotarikotasuna islatu nahian.
Luthier izenak lautea instrumentuan du jatorria. Lautea jatorri arabiarra duen musika instrumentua da, Europako aristokraziak geroago hartu eta musika kultuaren adierazgarri bihurtu zuena. Hasieran edozein musika tresna konpontzen zuenari deitzen zitzaion luthierra. Arotzak eta egurrarekin lan egiten zuen jendea izaten zen lanbide honetan aritzen zena, baina denborarekin profesionalizatu egin ziren eta harizko musika tresnak konpontzen zituztenei baino ez zitzaien hala deitzen.
Pasio barrokodun arotzak
Jon Galarragak txistua, dultzaina eta alboka jotzen ditu; musikaria bada izan, baina ustekabean hasi zen lan honetan. Orain 15 urte ez Euskal Herrian ez Espainian ez zen lan honetan aritzen zenik. Horregatik, dendan saltzen zituzten musika tresnei konponketa txikiak egiten hasi zen. Modu horretan, musika tresnak ez zituzten zertan atzerriko fabriketara bidali. Kontua da, oraindik ere, oso musika tresna gutxi sortzen dela hemen eta gehienak kanpotik ekarri izan dituztela beti. Konponketak egiteko kanpora bidaltzea garesti izaten da oso eta, beraz, halabeharrez lan honetan hasi behar izan zuen. "Gustatu behar zaizu hala ere, eta baita eskua izan ere, artisau arima behar duzu azken batean".
Horretan bat dator Alipio Guinaldo. Guinaldok Jonen tailerraren albo-alboan du berea. Txikitandik Donostian bizi izan den salamancar honek haizezko instrumentuak konpontzen lan egiten du, bai egurrez egindakoak, baita metalezkoak ere. Saxoa ikasteko saiakera egin duen arren, musika ezagupen gutxi duela onartu digu.
Hegazkinen mekaniko eta delineatzaile izateko ikasi zuen berak, baina San Sebastian egun baterako danborrak egiten hasi eta dagoeneko 23 urte daramatza tailerrean lanean. Hiru milioi pezeta balio duen fagota eskuetan hartu gaitu; 15 milioi pezeta balio duenik ere konpondu behar izan du. "Hau musikarien luzakin moduko bat da. Izugarri estimatzen dute euren instrumentua eta Formula 1ean ibiltzen direnentzako auto mekanikoa dena gara gu eurentzat", kontatu digu barre artean. Euskadiko Gazte Orkestrakoek, aurten Txinara egin duten bidaiara joan aurretik, zorte ona opa ziezaieten eskatu omen zieten. "Zer egingo dugu zuen laguntzarik gabe?" galdera eginda joan ziren hara.
Mekanika arte bihurtzen denean
Askotan, musika tresnak fabrikatik ekarri eta puntuan jartzea izaten da hain zuzen ere egiten duten lana, mekanikoak bailiran: biolinen zubiak martxan jarri, ziriak gogortu, arimak bere lekuan jarrià Lehen sorospen horiek ikastera, Bartzelonako lantegi batetara bidali zuten Jon Galarraga. Pixkanaka konplexutasun handiagoko gauzak eskatzen hasi zitzaizkion dendan eta orduan Alemaniara egin zuen bidaia, bertan nola lan egiten zuten ikustera. Han sokazko instrumentuen fabrikazio prozesu osoa ezagutu zuen. Hori izan da bere eskola, eta baita Alipio Guinaldorena ere.
Eurak hasi zirenean ez zen orain diren luthier eskolen antzekorik, ez Euskal Herrian behintzat. Praktikak egin ditu maisu. Are gehiago, Guinaldo maisu ez, irakasle ere egin da. Musikenen irakasten die egun, musikako goi zikloa egiten ari direnei nola zaindu euren instrumentuak. Instrumentuen mekanika eta mantenua da ikasgaiaren izen teknikoa eta derrigorrezko ikasgaia da gainera etorkizunean musikari profesional izango direnentzat. Asmoa musikariek euren instrumentuek izaten dituzten kalte txiki horiek euren kasa konpontzen irakastea da, orain artean musikariek ez baitzekiten "zer zen" eskuetan zutena, "behatzak jarri eta jo, besterik ez zuten egiten", dio Guinaldok. Orain, zein pieza dituen, nola muntatzen diren eta soinua zergatik sortzen duen ikasten dute, bere laguntzarekin.
Profesionalen eskasia
Profesional gisa, oso jende gutxi ari da instrumentuak konpontzen Euskal Herrian. Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioan da Euskal Herriko luthiergintza eskola bakarra. Bertan, hiru urtez fisika akustikoa, matematika eta kimika ikasten dituzte, besteren artean. Patxi Atozki Iruñeko luthierrak hantxe ikasi zituen luthier izateko lehen lezioak. Handik Italiako Cremona hirira jo zuen, luthiergintzan gehiago trebatzeko. Musikaria da bera eta artisautza ere gustuko zuen. Iruñean den antzineko tailer batean ari zen lanean, musikarekin zuen afizioak ofizio hau aukeratzea erabaki zuenean.
Ikasketa horiek beharrezko ikusten ditu berak, baita biolina jotzen jakitea ere, gutxienez, biolinaren soinua ezagutzea. Hori gabe, zail egiten zaio hainbat konponketa egin daitezkeela sinestea. Italiako esperientzia ere oso lagungarri izan zitzaiola nabarmendu du, han luthier asko ezagutu baitzuen eskolan eta lantegi batean ere aritu zen Stradivarius eta beste maisu handien sehaska den hirian, sekretu txikiak ikasten.
Kalitatea vs kalitatea
"Orain 40 biolin egin eta gutxi gorabehera gehienak dezenteak izaten dira. Kalitatea estandarra izaten da. Lehen ez zen ziurtasun hori izaten, baina 40 horietarik bat ona irten eta paregabea izaten zen. Hori da diferentzia", dio Jon Galarragak. Hala ere, instrumentu zaharrei dutena baino balio handiagoa ematen zaiela uste du.
Orain ere badira eskuz lan egiten jarraitzen dutenak, baina kapritxozko pieza moduan egiten dituzte instrumentu horiek eta prezioa ez da konpetitiboa izaten gainera. Horietako bat da Atozki iruindarra. Atozkik ere, Ervitikoek bezala, konponketak egiten ditu batez ere, baina gustuz harizkoak zaharberritzen aritzen da. Urtean pare bat biolin ere eraikitzen ditu eta baita saldu ere. Hala ere, onartzen du hauen prezioa ez dela batere lehiakorra egungo merkatuan.
Egurrezko instrumentuen munduan, onak artesanalak izaten jarraitzen dute, profesional hauen arabera. Euren ustez makinek ezingo dute eskuen lana ordezkatu, ez behintzat kalitatezko soinu bat lortu nahi bada. Teknologia berriekin eta teknika modernoekin, gauzak erraz konpontzen direla onartzen dute, baina instrumentuek eskatzen duten mimorik ez diete ematen.
Eskola baten beharra
Egile batzuek ez dituzte euren sekretuak ezagutzera eman nahi. Hori ulertzea kosta egiten zaie elkarrizketatu ditugun artisau hauei, horregatik, tailerrera doan edozeini, dakizkiten guztiak erakusten dizkiote.
Langileok argitu digutenez, atzerritar asko etortzen da bere burua laguntzaile bezala eskaintzera. Bertakorik apenas. Bertakoek gainera, kanpora jo behar izaten dute lehenago edo beranduago, ofizioaren ikasteko. Musikari gero eta gehiago izanik, teknikari gehiago ere beharko dira eta, horrenbestez, Euskal Herriko musika konpontzaile eskola on baten hutsunea sumatzen dute.
Pilar Iparragirre
Nolakoa da zuk egindako azterketa?
Oraindik ere ikuspegi filologikoak pisu handia du gurean, baina nik, filologoa naizen arren, ezingo nuke ikuspegi filologiko zehatz batetik idatzi, nirea literaturarekin zerikusi zuzena duen filologia delako. Nik historia literario bat egin dut, beti ere premisa filologikoak onartuta. Baina niretzat literatura letratik harantzago doan zerbait da beti. Esan nahi dut, nik lan honetan Lazarragaren edo beste zenbaiten testuetan aurkitzen ditudan intertestualitateak-eta lan filologiko hertsi batetik ezin direla egin.
Zer dela-eta kokatu duzu euskal literatura Mendebaldeko literaturan?
Izan ere, ezin da ulertu Mendebaldeko beste historiatik aparte. Niretzat historia hori denontzat berdina da, modu berean afektatzen gaituena. Eta, adibidez, Etxepareri buruz niri interesatzen zaidana gizon haren mentalitatea entenditzea da, alegia ea zer girotan eta norentzat idazten zuen, eta halako parekotasunak non dauden sasoi hartan.
Zein bereizgarri du zure azterketak?
Oso kontuan izan dut historizidadea. Eta historizidadea esaten dudanean narratibaz ari naiz. Zeren dokumentuak hor daude, tesiak ere bai, baina gero hori kontatu egin behar da. Eta hor idazlea sartzen da tartean. Hau da, datuak hor dauzkazu, baina gero historiagile zaren aldetik haien kontakizuna eraiki behar duzu, eta kontakizun horrek islatu behar du zure izaera eta zu deskribatzen saiatzen zaren mundua. Alegia, errekonozitu egin behar zara zu zeu errelato horretan.
Pilar Iparragirre
Nemesioren itzala
Pako Aristi,
Jokin Larrea
Elkar
42 orrialde 6,95 euro
Itzalak ihes egiten dion mutikoa
Apetitu gutxikoa izaki Pako Aristik sortu eta Jokin Larreak marraztutako istorio honetako protagonista, argal-argala da, bere amaren zoritxarrerako. Seme sendoa izatea nahi luke hark, baina ez alferrik Nemesiorekin! Nolanahi ere, azken aldian beste kezka bat ere badu amak, gauero norbaitek hozkailutik jana lapurtzen duelako. Nemesio ez dela badaki, nor ote lapurra? Biak bakarrik bizi dira etxean, aitak alde egin zuenetik. Azkenean litxarreroa harrapatzen du amak: bere semearen itzala da eta Nemesio melarra ez bezala, potolo-potolo dago. Amak, haserre, xurgagailuaren barruan uzten du preso izala. Baina Nemesiori lapurra nor den erakusteko xurgagailua irekitzen duenean, itzalak ihes egiten die, tutik esan gabe ez mutikoari ez bere amari.
«Baliaride» Toponimia, lengua y cultura ibéricas en Les Illes
Bienvenido Mascaray Sin
El Tall
382 orrialde
Bienvenido Mascaray eta iberiarren hizkuntzaren arrastoak
Ikerlari askok iberiera zehazki ulertzeko modurik ez dagoela esaten badu ere, Bienvenido Mascaray Sin ez da iritzi berekoa. Huescako Ribagorzan jaiotako aditu honek dioenez, bizirik aurkitu du berak iberiera Balear Uharteetako toponimian, epigrafian eta Mallorcako Llibre de Repartimen-en eta gai da hizkuntza hori interpretatzeko. Hain zuzen ere horren guztiaren berri ematen digu bere azken lan honetan, «Baliaride». Toponimia, lengua y cultura ibéricas en Les Illes-en, herri iberiarraren ezaugarriak azaltzen dituen azterketan. Bestalde, Mascaray Sinen aburuz, iberiera eta euskara historikoa ez dira inolaz ere hizkuntza ezberdinak, lexikoa, morfologia, sintaxia eta fonetika komuna dutelako.
Aljeriako gerla eta Euskal Herria (1954-1962)
Batzuen artean
Eusko Ikaskuntza
228 orrialde 11 euro
Euskaldunak Aljeriako gerran
Eusko Ikaskuntzak bere Lankidetza bildumaren 30. zenbakian euskaraz eta frantsesez plazaratutako Aljeriako gerla eta Euskal Herria (1954-1962) honek 2003ko ekainaren 21ean Kanboko Udaletxean gerra hark Euskal Herrian izan zituen ondorioak aztertzeko aurkeztu ziren lanak jasotzen ditu. Hala nola Xipri Arbelbideren «Herria»n agertu artikuluak, Aljeriako soldadoek igorrik, Txomin Peillenen Algerian gerlari, Michel Mendiboureren Senpereko lekukotasunak argazkien bitartez edota Eguzki Urteagaren La guerre dÆAlgérie et le militantisme étudiant, besteak beste. Zortzi urte iraun zuen Aljeriari independentzia ekarriko zion gerrak, bere garaian Frantzian Polizia operazioak izenarekin ezagutzen zen hura. Ehun eta bi gazte euskaldunek galdu zuten bizitza bertan.
Elkarreragina Hizkuntz Curriculumean. Hizkuntzaz ohartzeko ahalmena...
Leo Van Lier
Habe
308 orrialde
14,20 euro
Hizkuntz hezitzaileei zuzendua
Uxoa Larramendik euskaratutako Leo Van Lieren Elkarreragina Hizkuntz Curriculumean. Hizkuntzaz ohertzeko ahalmena, autonomia eta benekotasuna liburua hizkuntz hezitzaileei zuzendua dago, egileak irakurleak adoretu nahiko lituzkeelako beren kasa pentsatzera eta, hizkuntz irakaskuntzari dagokionez, beren proiektua eraiki eta garatzera, eta profesional kontzientziadun, autonomo eta benetako bilakatzera. Dozena bat urtez garatu den proiektu baten berri ematen du bertan Leo Van Lierek, erabilitako hizkuntz curriculumaren planteamendu filosofikoa agertuz. Praktikoa eta teorikoa izan nahi du liburuak, idealek eta errealitateak ez dutela zertan baztertzaile izan behar erakutsi, irakasleek dituzten kideekin elkarreraginez beren curriculum propioa gara dezaten.
Jo musika, jo!
Miquel Desclot
Elkar
80 orrialde 6,70 euro
Orkestra sinfonikoko instrumentuak
Juan Kruz Igerabidek itzuli duen Miquel Desclotek izenpetzen duen Més música, mestre! honetan orkestra sinfonikoko instrumentuen aurkezpen jostalaria egiten da, hamar urtetik aurrerakoentzat. Poemaz poema joango da irakurlea ezagutzen, batetik, pianoa, biolina, txirula, biola, oboea, biolontxeloa, kontrabaxua, klarinetea, fagota, turba, harpa, tronpeta, tronpa eta beste. Gero, musika instrumentu horiei buruzko igarkizunak datoz, ea aurretik jasotakoa irakurleari onuragarri izan zaion eta idazlea zertaz ari den asmatzen duen. Hala ez bada, lasai gera bedi, bukaeran ditu beharrezko erantzunak-eta. Sokazko instrumentuak, xaramela eta danbolina, tenora, fiskornoa, gitarra tiplea... datoz jarraian.
Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
130 or. / 5,15 euro
Oinez eta trenez egiteko bideak eta Nafarroako landetxeak
Sua argitaletxeak kaleratzen duen Euskal Herria aldizkariaren azkenengo zenbakian, ohi bezala, oinez egiteko hamaika bide eskaintzen zaizkigu. Baina baita Euskal Herria osoa trenez egiteko era bitxia ere. Horrez gain, Nafarroa osoan zehar dauden landetxeak abiapuntu harturik egin daitezkeen bederatzi ibilaldi proposatzen dira. Eta etxetik mugitzeke irudimenarekin egin daitezkeen bideak ere badaude, hala nola, musulmanek Euskal Herrian izan duten eta duten bizimodua erakusten duena.
Historia de la literatura vasca
Iñaki Aldekoa
Erein
317 orrialde 22 euro
Iñaki Aldekoaren euskal literaturaren historia
Txuma Lasagabasterren hitzaurrearekin plazaratu du Iñaki Aldekoak bere Historia de la literatura vasca guztiz pertsonala. Hirurehun orrialdetik gora ditu; heren bat XX. mende artekoari eskaintzen dio, bestea 1900 eta 1950 artekoari eta azkenekoa geroztikako urteei, beti ere euskal literatura Espainiakoaren, Frantziakoaren eta, oro har, Mendebaldeko literaturaren barnean kokatuz. Aldekoarentzat historiagilea errekonozitu egin behar da jasotako datuak azaltzeko eraikitzen duen errelatoan, eta koherentzia hori mantentzearren alditan kronologia sakrifikatu egin du berean, esate baterako Humanismoa eta Errenazimentua euskal literatura aszetiko guztia sortu zuen Erreforma eta Kontraerreformaren aurretik agertzerakoan. Aldekoaren historiak literatura kultoa eta literatura herrikoiaren artean Aro Modernoan egondako eraginak azaltzen ditu, eta Oteizak euskal kulturari esperimentazioaren eta abangoardiaren bidera etortzeko gonbita egin zion arte, XX. mendean oraindik gurean kristautasun moralak izandako pisua. Eta hortik aurrera Arestiri, Miranderi, Saizarbitoriari edo Txillardegiri euskal literaturan ematen dien lekua agertzen du, azkenengo belaunaldien urratsak ahaztu gabe.
Unai Brea
«Arte» izendapen orokorrak bere baitan biltzen dituen jardunbideek -musika, dantza, literatura, arte plastikoakà- ez dute behar bezalako arreta jasotzen irakaskuntzan. Horixe da arlo horietan dabiltzan profesional batzuengandik nahiz irakaskuntza munduko beste zenbaitengandik jaso dugun aldarria. "Beste interes batzuk daude tartean - dio Anton Mendizabal eskultore eta irakasle ohiak-, ikasleak beste arlo batzuetarako prestatu behar dira ondo, gizarteak hala eskatzen duelako. Matematika, gizarteaà Horiek dute garrantzia, eta gainerakoak bigarren mailakoak dira". Hots, bazterreko ikasgaiak esan diezaiokegun multzoan leudeke arte-adierazpideak.
Batetik, ordu gutxi. Hego Euskal Herrian, Madrilgo ministerioak ematen duen programazio ereduak astero ordu bakarra aurreikusten du musika irakasteko, eta beste bi arte plastikoetarako. Bestetik, metodologia eskas samarrak. "Arazorik handiena irakasleen prestakuntza falta da ûiritzi dio Mendizabalekû, eta ez da beraien errua. Unibertsitatean hasten da kontua. Irakasleak ez badira prestatzen, nekez izango dira gai ideia berriak lantzeko haurrekin". Azkenean, sormena galtzaile. "Pertsona bakoitzak gaitasun bat dauka bere baitan, baina oraingo programazioek ez dute laguntzen hori azaleratzen".
Musika eta dantza, are okerrago
Jon Maya errenteriarra zenbait aurresku txapelketatan lortutako arrakastarengatik dugu ezagun. Dantza bizibide bilakatu du gainera, bere herriko musika eskolan irakasle dabil eta. Mayaren ustez euskal dantzek lekuren bat behar lukete eskoletako ikasketa-egitarauetan. "Ez umeak dantzari bihurtzeko, hala nahi duenak badauka-eta aukera kanpoan, baina bai gure kultur-ondare diren heinean. Herri kantak irakasten diren bezala, herri dantzak ere irakatsi beharko lirateke, mundu guztiak oinarri bat edukitzeko sikiera".
Musikak, berriz, badu tartetxoa irakaskuntzan, baina asteroko ordua hutsaren hurrengotzat dute askok. Eta, denbora faltaz ez ezik, planteamenduaz kexu dira profesional batzuk. Marisol Atxurra irakasleak, berbarako, gabezia larriak ikusten ditu programazioan: "Curriculumaren planteamendu orokorra interesgarria da, baina lantzeko metodo ona edukitzekotan. Irakasleoi dagokigu zehaztasunak ezartzea, eta hortxe dago lehenengo oztopoa: esparrua zabalegia da. Ez dago denborarik sakontzeko. Gainera, eskolan erabili ohi den metodoa ez da batere eraginkorra".
Literaturaren tratamendua, desegokia
Inork ez luke esango literatura ikasgaia zokoratuta dagoenik irakaskuntzan. Hala ere, ematen zaion tratamendua ez da egokiena Yolanda Arrieta idazlearen ustetan. Dioskunez, "orain arteko joera nagusia literatura euskararekin batzea izan da. Biek osatzen dute ikasgai bakarra, eta literaturak ez dauka berezko tokirik. Orain arte hala egin behar izan da, euskararen onerako, baina momentua da gauza bakoitzak bere bidea har dezan".
Idazlearen ustez, literaturara hurbilpen egokia egitea irakaslearen borondatearen menpe dago gaur egun. Eta gehienetan ez da egiten. "Haur Hezkuntzan ondo egiten dira gauzak; jolasak, ipuinak, ahozkotasunaà Baina Lehen Hezkuntzako lehenengo mailara iritsitakoan, irakurtzen ikasi behar da, eta hor agertzen da mamua: literatura irakurketa lantzeko tresna huts bihurtzen da, inolako gozamenik gabe". Arrietak dio literatura modu berezian landu beharko litzatekeela, horretarako propio espazioak sortuz -"liburutegiak, esaterako"- eta sormena landuz. "Gaur egun, oro har, literatura lan astuna da; irakurzaletasuna bultzatu beharrean, irakurtzeko gogoa kentzen zaie ikasleei, salbuespenak salbuespen".
Eusko Jaurlaritzaren ikuspuntua, bestelakoa
Administrazioaren ikuspuntua ezagutzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera jo dugu, Ramon Martinez de Murgia Ikastetxeetako zuzendariarengana hain zuzen. Jaurlaritzak Madriletik datorrenari jarraitu behar diola gogoratu du Martinez de Murgiak; hala ere, "haiek emandakoak ez du hainbeste zehazten, eta askatasuna daukagu zenbait arlotan gauzak geure erara egiteko". Zenbakitan esatearren, Ikastetxeetako zuzendariak dio Ministerioak curriculumaren %45 ezartzen duela, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak beste %55. Nafarroan, esaterako, Gobernuak ia-ia bere horretan eusten dio Espainiako hiriburutik bidaltzen dutenari.
EAEra itzuliz, helburuez mintzatu gara Martinez de Murgiarekin. "Musikari dagokionez, helburu zehatzak ditugu Lehen Hezkuntzan zein DBHn. Garrantzizkoa dela uste dugu, bai kultura aldetik oinarria izan dezaten, bai pertsona modura behar duten heziketa integralerako. Horregatik, musika irakasleak ditugu ikastetxeetan, eta umeak sei urterekin hasten dira ikasten".
Arte plastikoek programazio zehatzagoa daukate. "Lehen Hezkuntza osoan dago, eta DBHn aukera bat da. Irizpidea zein den? Oinarrizko ezagupena eduki dezatela, eta geroago arte-ikasketak egingo dituztenentzat bide bat zabaltzen hastea, jakin-mina piztuz", dio.
Martinez de Murgiak ez du uste ikasgaiok baztertuta daudenik. "Egia da garrantzi handiagoa ematen diegula beste batzuei. Baina ikasgai bazterturik ez dago, guretzat denek dute garrantzia. Ordu gutxi dira, bai. Baina beste arlo batzuei -matematika, hizkuntzakà- oinarri-oinarrizkoak deritzegu pertsonaren garapenerako; horiek gabe ezingo lukete ezer egin. Ezta musika ikasi ere. Beraz, garrantzi handiagoa ematen zaie ordu kopuru aldetik. Horrek gabezia sortzen duela besteetan? Guk hobeto landu nahi genuke, baina ordu kopurua mugatua da. Ezin ditugu ikasleak hainbeste orduz aritzera behartu, honezkero nahikoa lan dute-eta. Dena dela, ikastetxeek badute askatasuna arloak indartzeko, nahi izanez gero".