Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-02 15:11:57
Udako Euskal Unibertsitateko web gunera lotura
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-07-10 -- 2000.zenb

Mikel Asurmendi

Gasteizen hitzartu genuen elkarrizketa Ramon Jauregirekin. Familia arazo bat dela medio, ordu batzuk lehenago Parisera joan zitzaigun ustekabez. Hala ere, aldez edo moldez, burutu dugu solasaldia. Harrez gero, Ibarretxe lehendakariaren berrizendatzea eta ETAk egun berean Madrilen egindako ekintza izan ziren.

Imajinatzen al zenuen Euskadiko trantsizioa horren luzea izango zenik?
Espainiako trantsizio demokratikoak arrakasta handia izan zuen nola estatuan hala Euskadin. Askatasun eta autogobernurako trantsizioa ongi burutu dugu. Hala ere, bakea lortzea eta euskal politikaren bizimodua "normalizatzea" bestelako urratsak dira eta horietarako denbora funtsezko faktorea da. Edonola ere, bai, luzeegi jotzen ari da.

Zein dira gatazkaren irtenbiderako gakoak?
Lehena, marko juridiko-politikoa: Estatutua eta Konstituzioa euskaldunen erabaki askearen ondorio dira. Zilegiak eta legitimoak dira biak. Marko hori erraztasunez aldatu eta molda daiteke. Hori bai, aldaketa eta moldaketok horretarako xedatutako arauen bitartez baino ezin litezke gauzatu.
Bigarrena: bakea ezinbesteko baldintza da dialogo erreformista horrentzat. Abertzale ez direnen aurkako mehatxua ez baldin bada eteten, ez daude zerbaitez hitz egiteko behar diren baldintzak.
Hirugarrena: Euskadi nortasun xede anitzeko hiritarrak biltzen dituen erkidegoa da. Edozein akordiok adostasun maila zabala izan behar du. Politikak zeharkakoa izan behar du eta demokrazia euskalduna, nahitaez, konsoziatiboa izango da.
Laugarrena: guztiok onartu behar dugu Euskadiren xede politikoak, askatasunez eta bakean, gehiengo handien babesarekin, dagokion lekua bilatu behar duela ordena estatutario eta konstituzionalean.

Aljer, Ajuria Enea, Lizarra-Garazi... Orain bai? Zergatik?
Ez dut uste oraingoa bakearen benetako eta behin betiko abagunea izango denik. Saiatu egingo gara, baina zalantza eta susmoz beteta nago.

Nola ikusten duzu EAJ egoerari aurre egiteko?
EAJ txundituta eta zatituta dago; txundituta Zapaterok gainezka egin dielako urte osoan zehar eta zatituta alderdiaren barneko indarrek abertzaletasunaren penduluari kontrako alde eta alde antagonikoetatik bultzatzen diotelako.

Eta nola ikusten duzu ezker abertzalea: ETA eta Anoetako proposamena.
Ezker abertzaleak zer nahi duen badakigu. Nik uste dut bakea nahi duela, baina baldintza zehatz batzuetan, prezio politiko zehatz batekin eta bera protagonista den prozesu baten bitartez. Nire iritziz, bere asmoak ez datoz bat demokraziarekin, ezta arazoaren benetako egoerarekin ere. Erratuta egotea nahiago nukeen arren, ezin diot eszeptiko izateari utzi. Akaso iragandako hainbeste urtek aurreiritziz bete naute.

Arnaldo Otegi baliozko solaskidea al da?
Otegi pisu handiko buruzagia da. Bakearen alde egin nahi duen ekarpena zintzoa baldin bada, solaskide izango dugu. Baina hori laster ikusiko dugu.

Nola ikusten duzu Alderdi Sozialista ebazpen posible baten kasuan? Nola Zapatero jaunaren gobernua?
PSOEk Zapaterori jarraituko dio. Alderdiak presidentearen alde lan egiten du eta ETAren behin betiko bukaera ikusteak Espainiako sozialismoa gogoz berotzen du. Urrats erabakigarria Zapaterok egin behar du. Berak badaki batzuek "aukeren gurutzaketa" deitzen dutena gertatu zaiola eta berak baldintza egokien pilaketa hori aprobetxatu nahi du. Zapatero ETAren desagerpena bilatzen ari da eta ETAk jakin behar du aukera honakoa dela: "orain ala inoiz ez".

Terrorismoaren aurkako eta Askatasunen aldeko Ituna agortuta al dago?
Guk ez dugu hautsi. Itunak Espainiako alternantziaren bi alderdiak lotzen ditu eta printzipio bikoitza dauka: xantaia terroristaren aurrean ez etsitzea eta berau ez erabiltzea alderdien arteko lehian. Nire ustez, printzipio horiek oraindik indarrean daude.

Zer deritzozu Alderdi Popularrari? Askok PSOEren lasta gisa ikusten dute. Hainbaten ustez, abertzaleek zortzi urtean Aznar jaunaren gobernutik jasotako "botika" bera biltzen ari omen da Alderdi Sozialistaà
Aldatzea espero dut. Uda ostera arte itxaron beharko dugu PPrekin Estatuko gaiei buruz hitz egin daitekeen jakiteko. Biolentziaren desagerpena, inoiz izatekotan, Estatuko gaia da. Bakeak, inoiz lortzekotan, PPren parte-hartzea behar izango du.

Alderdien Legea: noiz arte?
Biolentziarik ez bada, Alderdien Legea ez da aplikatuko. Baina biolentzia demokraziaren eta alderdi batzuen gaineko "Damoklesen ezpata" den bitartean, Alderdien Legeak debekatzen jarraituko du batzuek, zuhur eta abantailatsu, indarkeria eta politika uztartu nahi izatea.

Honako hau esan zenuen Batasunaz: "Oraingoetan ez, baina hurrengo hauteskundeetan presente izango da". Udal hauteskundeetan hain zuzen. Zergatik?
Denbora epe horretan aldaketa ugari izango zirela adierazi nahi nuen: bai indarkeria desagertzea, bai Batasunak indarkeria gaitzestea.

EHAK baimendua izan bazen, arrazoiren bat izango zen tarteko? Zergatik bestela?
Auzitegi Konstituzionalak argi azaldu zuen Aukera Guztiak taldearen sententzian hautagai-zerrendak ezin utz zitezkeela legez kanpo ad infinitum, Batasunarekiko lotura aski argi eta egiaztatua izan behar baitu. EHAK 2002an legeztatutako alderdia da eta horren aurka egitea juridikoki bideraezina zen. Ez zen kalkulu estrategikorik izan, arrazoiketa juridikoa baizik.

Zer iritzi duzu PSE-EE alderdiaz? Patxi Lopez lehendakari izan asmoz aritu al da benetan?
Patxik agerian utzi nahi izan du "Ibarretxeren gehiengo eza", baita alternatiba sozialista sortzeko zilegitasuna ere.

Bake prozesurik bidera al liteke arazoari irtenbide bat emateko EAJ Eusko Jaurlaritzatik kanpo utzita?
Ez dut uste. Ez. Estratega batzuen iritziz, EAJ ez da beharrezkoa orain. Ezker abertzaleak ere askotan esaten du, bake prozesua ondare bihurtu asmoz. Ez, nik ez dut uste posible denik. Gustatu zein ez, EAJk botoen %40 inguru dauka. Jakin badakit Zapaterok erlazio leial baterako estrategia diseinatu duela EAJrekin, baita Josu Jon Imazek jarrera hori onartu duela ere.

Nola manten liteke hiruko ahul bat -EAEn gobernatzeko- eta "hiruki" bat sortu gatazka konpontzeko?
Gauzek aurrera egiten badute, Eusko Jaurlaritzako hirukoa instrumental eta iragankorra izango da. Gobernu horrek ez du gauza handirik emango. Euskadiko aldaketa garrantzitsuak beste eztabaidagune batzuetan gerta litezke. Eta beste eztabaidaguneetan ez bada ezer gertatzen, Gobernu hori erabateko porrota izango da, azken lau urteetakoa izan den bezala.

Kike Amonarriz

Patxi Salaberrik apailaturiko liburuak, klasikoen atarikoak, gomendiozko gutunak eta hitzaurreak biltzen ditu gaurko grafiara egokituta. Kronologikoki ordenaturiko testu hauen bidez, klasikoen pentsamolde soziolinguistikoan arakatzeko aukera paregabea eskaini digu egileak. Hitzaurre horietan gai askotarikoak jorratzen badira ere, hizkuntzaren inguruko hausnarketek, kezkek eta iritzi ugariek lehentasunezko lekua hartzen dute. Eta harrigarria da, hitz eta hausnarketa horietako askoren gaurkotasuna, gure hizkuntzaren egoerak aurreratu duenaren eta ez duenaren lekuko.


Euskarazko liburuak urri

Lehen euskal idazleak oso kontziente ziren, euskararentzat bide berriak zabaltzen ari zirena. Etxeparek ez zion alferrik jarri Linguae Vasconum Primitiae izenburua euskarazko lehen liburuari. Hurrengo egileek ere jorratu gabeko bidea ikusi zuten aurrean: "Guziz lengoaje oraino usatu gabe batean" ari zela aitortu zigun Joanes Leizarragak 1571n. Axularrek, "zein gauza guti edireiten den euskaraz eskiribaturik" nabarmenduko digu Geroren hitzaurrean 1643.ean eta 1800. urtean kexu bera irakurriko diogu Juan Antonio Mogeli: "Erdaldunak izango dituztela libru gisa guzietakoak ugari ta gehiegiaz bezela, ta Euskaldunak hain urri?". J. Martin Hiribarrenek aldiz, bertsotan eman zigun ideia bera 1853an: "Liburu on guzia frantsesez egina /soseko liburu bat gabe Eskalduna!".

Liburuak urri eta merkatu txikia -"kanpo laburra"-. Frai Bartolome Santa Teresak euskarazko liburuen komertzializazio zaila islatzen du bere hitzetan. Liburuak argitaratzeko asko gastatu behar omen zen "Ta menturaz gitxi edo bat bere ez saldu", horretarako ere merkatari gutxi zegoelako garai hartan. Konparatu hitzok, berriki, Editoreen Galeuscan esandakoekin...


Euskaldunon axolagabekeria euskararekiko

Etxepare klarki mintzatu zen jada 1545. urtean: "Zeren baskoak baitira abil, animos eta jentil, eta hetan izan baita, eta baita, zientzia guzietan letratu handirik, miraz nago, jauna, nola batere ezten asaiatu bere lengoaje proprialaren faboretan heuskaraz zerbait obra egitera (...) Eta kausa honegatik gelditzen da abataturik, ezein reputazio bage".

Etxeparek bezala, klasiko gehienek euskaldunak egiten dituzte euskararen egoeraren errudun, eta bereziki letratuak edo jauntxoak eta elizgizonak. Oso gutxi dira kanpoko erasoak edo legeak aipatzen dituztenak. Salbuespenetako bat Joanes Etxeberri, Ziburukoa da, estatuen eleaniztasunaren aldeko aldarriaren aitzindari bertsotan: "Erregeak behar ditu defendatu jendeak / hizkuntza batekoak hain ungi nola bertzeak".

Txema Larreak Euskaldungoa erroizturik liburuan salatu zuen bezala, euskara letratua gero eta gehiago urrundu zen euskaratik beretik, ikusmolde diglosiko baten eraginez. Larramendik berak, pulpitutik hizkera nahasia darabilten abadeak gogor kritikatzen ditu: "behin Euskera, behin Erdera, behin Latinera, guzia lerdatua, zikindua, baraustua, zeinean dirudien igo dirala gain hartara entzule guzien burla egitera". J. A. Mogelek aipatzen du, apaiz egin berri asko, euskara oso atzenduta ateratzen zela apaiztegietatik, sermoi bat euskaraz txukun egiteko gai ez zirela. Eta lerro artean bada ere, agintariengana zuzendu zituen geziak: "Esaten dabee gitxien esan bihar leukeen askok euskeria baldresa, traskila ta soinoko zantarduna dala".

Frai Bartolomek berriz "mea culpa" kantatzen du: "geuk eleiza-gizonok berba askotan nahastau ta ezaindu dogu euskeria" eta J. J. Mogelek 1816an, abadeez gain, zuzen-zuzen salatu zituen Bizkaiko jakintsuak, liburuak ez zituztelako beren ama-hizkuntzan idazten.


Barka ausardia!

Idazki hauek irakurrita, nabarmena da, idazle askok pobre irizten ziola bere euskara mailari eta euskarari erabilera esparruak zabaltzeagatik idatzi zutela. Euskara Saran ikasi zuen Estebe Materre frantses predikari "euskaldun berria"k, esate baterako, ikasitakoa "Euskal Herriko probetxutan enplegatu" nahi zuela aitortu zuen 1617. urtean, nahiz eta adierazi zuen batzuek agian miretsi egingo zutela euskaraz idazteko izan zuen ausardia. Joanes Etxeberri Ziburukoak beste zenbaitek hobeki eginen zuela zioen, Tartasek ez daki bere lengoajea aprobatua izanen ote den eta Frai Bartolomek dio, ongi ala gaizki egin duen jakitunek esango dutela. Astarloa harrituta zegoen inork ez zuelako euskaraz ematen berak itzulitako liburua, eta hori ikusita ekin omen zion lanari, bera lan horretarako ez zela duin jakin arren.

Eskerrak, euskararen beharrei erantzun nahirik, beren euskararekin konplexuz beteta egon arren idazleok lanari ekin zioten... jakintsuen zain egon barik.


Nolako euskara?

Aldez edo moldez, idazle gehienek euskara batuaren falta eta premia nabarmentzen dute. Euskararen dibertsitatea eta molde anitzak aipatzen dituzte, baina baita euskaldunon arteko elkar ezin ulertua ere.

Euskalkien arteko lehia ere ez da gaur goizekoa. Euskaldun bakoitzari berea iruditzen omen zaio onena. Horregatik Sarakoa maite ez duenari "bertze Euskara hobeago batez eta hobekiago" idazteko parioa egiten dio Materrek. Euskararen normalizazioaren aurka daudenek maiz sustatu dituzten euskalkien arteko borroka hauek ez dira euskaltzaleon gustukoak izan, ez orain eta ez lehen. J. A.Mogelek ere kartsuki kritikatu zituen: "Zer esango digute erdaldunak errietan ta zinuka bagabiltza alkarren artean? Gure euskera gauza ez dala".

Garbizale gutxi euskal idazleen artean. Gaur egun bezala ordea, kezkatuta agertzen dira "euskañol"arekin edo "frantseuskara"rekin. Gaitzetsi egiten dute hizkuntzaren berezko baliabideak bazter utzita, axolagabekeriaz erdaretara jotzea: "Aski aberatsa da bere baitarik, ez izatekotzat hizkuntza atzeen beharrik" (B. Larregi).

Larramendik eta Juan Antonio Mogelek ongi bereizten dituzte bi muturrak. Batetik, beste hizkuntzetako hiztxo bat ere nahi ez dutenak; eta bestetik, premia gabe euskara nahasi eta ikasi edo hobetu nahi ez dutenak. Irtenbidea ere garbi dute: ez bat eta ez beste! Ez garbizale, ez mordoilo. "Euskararen kalitatea"ri buruzko ondorioak irakurri dituztela dirudi!

Hitzaurre hauetan sarri agertzen den beste gai bat, euskaraz idaztearen zergatiena da, eta denen artean, Etxeparek aipatzen dituenak ditugu gustukoen: "plazer hartzeko, solas egiteko, kantatzeko eta denbora iragaiteko materia" idatzi omen zuen. Gerora ere horrelakoak ugariago izan bagenitu gure literaturan!

Aurreko guztiak irakurri eta liburua ixtean berriz, Txirritaren bertsoak etorri zaizkit gogora, laburpen gisara: "Erdara etzan bakarrik kapaz / euskarak lagundu diyo".

Amets Arzallus


Asteartea da, ekaineko astearte normal bat. Eta oilarrak goiz kantatu du Azkaraten. Baina Jean Mixel Galantek kasurik ez hari. Lana egin behar duenak lo ere egin behar du. "Ez naiz baitezpada goiztiarra -dio-, zazpiak eta erdietan iratzartzen naiz. Jaiki, askaldu, eta egun horretako egitarauan zer dudan so egiten dut: Herriko Etxeko lanak, Baionan Kontseilu Nagusiko komisio bateko bilkura, laborantza lan zenbait...". Ez zaio hainbeste iruditu, eguneroko erritmoa du funtsean. Bere erritmoan abiatu gara gu ere, bere gibeletik, ea noraino heltzen garen.


Jean Mixel Galant, Azkarateko auzapeza

Zortzietan sartu da Herriko Etxeko atetik. Gutunak zabaltzea, paperen sailkatzea, herriko afera batzuen aitzinaraztea... Beti izaten zerbait. "Rinnnn!!! Rinnnn!!!". Idazkaria hor ez delarik, telefonoa ere berak hartu behar:

- Bai?
- ...
- Oui oui, je sais.
- ...
- D'accord, je le ferais.

Euskaraz hasi eta frantsesez fini. Herrian denak euskaldunak dira. Baina euskaldunak aroaz mintzatzeko. Gogoeta solasaldi bat heldu delarik aiseago da frantsesez ematea. "Administrazioan sartzean denak frantsesera lerratzen dira, nihaurek ere baditut lanak. Menturaz hitz batzuk bakarrik eskas direlako", garbi mintzo da Jean Mixel. Hain zuzen ere Herriko Etxean esku artean duten gai bat da euskararena, herria euskalduntzeko lehen urratsa norbaitek egin behar baitu. Gogoeta hori ardura dabil bere buruan: "Eta zergatik ez Herriko Etxeak egin? Ni, adibidez, idatziz herritarrei mintzatzen naizelarik entseatzen naiz bi hizkuntzetan egiten".

Baina, hizkuntza istorioak utzi, eta zer zioen telefonoz bestaldekoak? "Bikote gazte bat nuen hor, Baigorrikoa. Azkaratera jinen dira bizitzera, eta eraikitzeko eskubidearen galdetzeko dosier bat igorri behar dugu Donapaleura. Pentsatzen dut ez dela arazorik izanen". Seinale du ahotsean berri ona duela hori. Ez da usu gertatzen inguruko herrietako gazteak bertan bizitzen gelditzea. Gehienak barnealdetik kostaldera buruz joaten dira. Azkarate ere horrela jausi da hirurehun biztanletik behera. Hirurehun biztanle eta %33 erretretatuak, marka txarra herri batentzat. Hara barnealdeko herri gehienen errealitatea. Baina badu Jean Mixel Galantek esperantza aldatzen joanen den: "Duela zenbait urtera arte zaharrak baizik ez ziren jiten. Batzuk kanpotarrak, besteak herrikoak, gaztetan partituak, eta zaharturik berriz sorterrira heldu, 60 edo 70 urterekin. Baina azken bi urtetan fenomeno berria azaldu da, eta inguruko herrietako gazte zenbait hasiak dira hemen kokatzen". Fenomeno hitza aipatu du, baina fenomenoa osatzeko zenbat jende behar ote da Azkaraten? "Badira hiruzpalau etxe orain eginak direnak, eta beste hiruzpalau egitekoak". Eta gazte, zer ote da gazte izatea Azkaraten? "Berrogei urte azpikoez ari naiz. Horrelakoak dira heldu, baina bistan dena, %33 erretretatua bada, hori ez da egunetik biharamunera aldatzen". Egia, egunetik biharamunera, gaztea ere egun bat zaharrago.

Egunetik biharamunera, adina bezala, etxebizitzaren prezioa gora. Eta prezioek ere ohiltzen dituzte gazteak. Azkaraten, ez Miarritzen bezain gora, baina aski gora dira lurren zenbakiak. Horrek du Jean Mixel Galant izuarazten: "Horrela segituz, nago bihar zer heinetan herri hau kapable izanen den bere seme-alaben kokatzeko bere herrian. Beraz, absolutuki behar du horrek gelditu, eta lehen urratsa jabeek berek dute egin behar. Prezio hori galdeginik sosduna eta kanpokoa bazaigu etortzen, ez dut uste geroan gauza ona izaten ahal den herriarentzat". Azkarate ez da aberatsen bilgune bilakatu. Urte hastapen honetan, herriko bihotzean, jauregi bat salgai emana zen. Legeak ematen dizkion abantailak baliatuz Herriko Etxeak jauregia eta lurra erosi ditu. Hala egin ez balu segur aski lau izarreko ostatua eginen zuten. Orain, horren ordez, orubea apailatzea pentsatzen ari da auzapeza. "Heldu den urte hondarreko pentsatzen dugu zerbait zutik ematea, nahi nuke 2007an etxeak egiten hastea. Bederatzi-hamar etxe kokatuko ditugu, eta esperantza dugu inguruko jendeak hurbilduko direla". Agian ez dituzte ingelesek erosiko!

Bederatziak dira, eta oraino ez da Jean Mixel Galant bere bulegotik altxatu. Baina ordu horretan hitz ordu bat badu. France 3 telebista katekoak jitekoak dira prefetak igorri gutun madarikatuaren harira Jean Mixeli galdera bat pausatzera. Galant kazetari izana da laborari eta politikari baino lehen, beraz, ez dute kamerek izutzen.

France 3: Jean Mixel Galant, Azkarateko auzapeza zara. Euskal Herriko Laborantza Ganberari diru-laguntza ematea deliberatu du Azkaratek, eta ondorioz prefetak gutuna igorri dizu Herriko Etxea zigortuko duela abisatuz. Zer diozu?

"Ez da lehen aldia, zigortuak izanak gara euskal departamenduaren alde zen hautetsien elkarteari laguntza emanik. Estonatua naiz prefetak erraten baitu zer den ona eta zer txarra guretzat. Euskal Herriko Laborantza Ganberari laguntzaren ekartzea denek aho batez ongi ikusi dugu herriko kontseiluan. Uste dut prefetak eta estatuak borta bat zerratzen digula. Zerratzen digu hemen guhaurrek nahi dugun laborantzaren etorkizuna. Baina beste borta bat ere zabaltzen du, uste baitut auzo herrialdeak, Hegoaldeak, lagunduko gaituela. Haiek sinesten baitute hemen guk asmatzen dugun laborantza ibilmolde berriari buruz, erdaraz erraten den agriculture paysanne et durable horri buruz".

Bederatziak eta laurden Herriko Etxeko ordularian. Mugitzeko tenorea. Jean Mixel Galantek ttattarra jantzi eta monsieur Galant bihurtu da, politikaria.


Monsieur Galant, kontseilari orokorra


Monsieur Galant azken sei urtetan Baigorriko kantonamenduko ordezkaria da Paueko Kontseilu Nagusian. Han, osoko bilkurez gain, bi komisio segitzen ditu hurbiletik, Garapen Ekonomikoaz arduratzen dena, eta Komisio Soziala. Gaur Garapen Ekonomikoaren komisioko bilkura du Baionan. Ez gara berekin bilkurara sartuko, baina berekin eginen dugu Baionako itzulia.

"Baionara hiru oren laurdenez joaten naiz -mintzo da monsieur Galant-, Pauera joateko oren bat eta erdi behar dut. Beraz, bilkura Pauen banu ez nuen astirik ukanen goizean Herriko Etxeko lanak egiteko". Pauera bidea luze da. Badakigu nondik zirikatu. Aspaldian Nafarroa Beherean kezka sortu duen gai bat 2 bider 2 bide egitasmoa da, Iruñea eta Paue lotuko lituzkeen bide zabala. "2 bider 2 bide hori eginen balitz fiteago joango zinateke Pauera...", bota diogu. Laster eman digu arrapostua: "Beren zenbakien arabera bai, hamar minutuz eginen omen dut Donibanetik Donapaleurakoa. Kalkulatzen ari izan naiz eta 180 kilometroan joan beharko nuke horren egiteko. Pauera ere ez nuke anitz irabaziko. Bereziki Donapaleura heldu aitzin radarrak gelditzen banau..." Alta, momentuz, radarrak gelditu duen bakarra bide egitasmoa da. Pauen tabu bihurtu da, geldirik dago, ez dute aipatu ere egin nahi. Jean Jacques Lasserre presidentea ohartua da, uste baino gehiago kontrako baduela, bestela afera fiteago aitzinatuko zuen. Monsieur Galant aurka du: "Erraten digute gure eskualdearentzat bide hori ona izanen dela, baina erran gabe zergatik. Eta lehenik jakin behar da eskualde honetako garapen ekonomikoa zerk duen ekarriko, lehentasunak non diren. Ene pentsamoldea da garapena jinen zaigula kostaldetik, eta ez Iruñetik. Ez du horrek erran nahi ez dugula Iruñera hurbildu nahi, baina Iruñera ahal da hurbildu bide normal bat, bide on bat eginez. Eta ez haiek nahi duten bezala nazioarteko garraioa pasako litzatekeen bide batekin".

Paueko bideaz mintzo, heldu gara Baionara. Hautetsi lagunak agurtu eta sartu da bilkurara monsieur Galant. Garapen Ekonomikoaren komisioan laguntza galdeak ikertzen dira. Lantegi batek, bere galdea pausatzen du eta komisio horrek laguntza horri buruz bere pentsamoldea azaltzen du. Ez du deusik bozkatzen. Benetako erabakia komisio permanenteak hartuko du, gero, Pauen.

Oren bat eta erdi, horra zenbat iraun duen bilkurak, hain zuzen Azkaratetik Pauera bidean pasatzen den denbora. Baionara, erran bezala, hiru oren laurden. Hiru oren laurden, joan, eta hiru oren laurden jin. Autoan sartu eta berriz ere zirikatu dugu: "Ez liteke txarra Kontseilu Nagusiko osoko bilkurak ere Baionan balira...". Erne da monsieur Galant: "Bistan dena! Horrek erran nahi luke euskal departamendu bat badugula. Eta horrek gauzak alda ditzake, bereziki Hegoaldeari begira. Baina oraino amets bat egoten da, ez dakit nola aitzinatu behar dugun, Gobernuaren jokamoldea ikusiz uste dut urrun den oraino". Urrun ez dena Azkarate da. Heldu gara, oren batak laurden guti, bazkaltzeko ordua. Ttattarra kendu du monsieur Galantek, eta orain Jean Mixel dugu aitzinean. Mahaian jartzean "Jan gogotik ûerran diguû, laborariak indarrak bildu behar ditu gero lanean aritzeko".


Jean Mixel, laboraria

Bi orenak dira, eta aroa ederra da kanpoan. Jean Mixelek bere jantzirik gustukoena beztitu du, laborariarena: "Aitor dut izugarri maite dudala laborantza. Ez banu maite izan pentsatzen dut hautetsi izendatzean kabalak eta denak salduko nituela. Baina sobera maite dut eta ahal den biartean segituko dut". Seinale du odolean daramala.

Esne behiak ditu etxean Jean Mixelek, baratzea ere bai. Eguneroko lan horiez anaia arduratzen da bereziki. Eta berezietan berezi, beste zerbait da Jean Mixelen etxaldean: tabakoa. Harrigarria bada ere, tabakoa lantzen du. Ez da edozein lekutan aurkitzen den landarea, baina lehen bat baino gehiago omen ziren Azkaraten: "60ko hamarkadan laborari andana bat ginen endibiak egiten genituenak. Tabakoa jin zen eta esperantza gehiago ematen zuen, diru gehiago. Bi laborariek parioa egin zuten, eta horiei segituz ondoko urtean gu ere horretaratu ginen. Etxaldea tipia zelako eta behietarik aparte beste zerbait behar zelako bizitzeko".

Tabakoak kasik urte guztiko lana du. Martxoan ereiten da, eta bi hilabetez hazitegi txikietan sartua atxikitzen da. Maiatz erdian kanpoan landatzen da, eta ekainaren 10era arte bere pusa egiten du. 15 aldera tratamendu bat eman behar zaio eta beti inguruko belarretatik garbi atxiki. Agorrilaren lehen egunetan lilia zaio ateratzen eta hori behar du moztu, eskuz. Pozoin bat burutik beheiti eman, ez dadin beste pusa bat partitu hosto bakoitzaren ondotik, eta buruilaren (iraila) 10ean biltzen da. Sartu denak barnera, zintzilik ezarri eta bera idortzen da bi hilabetez. Azaroaren hastapenean hostokatu eta urte hondarrean saltzen da. Nola merkaturatzen den Jean Mixelek berak azaldu digu: "Guk Salbatoreko ondora eramaten dugu. Euskal Herri guztikoak eta Biarnokoak han biltzen dira. Hor pisatua da, nota bat ematen zaio kalitatearen gainean eta horren arabera ordainduak gara. Handik kamioiez eramaten dituzte Bergeracera eta han porroskatua da, tratatua, nahasia... beren saltsa egiten dute".

Gaur pozoinaren emateko eguna da. Hori naturala ote den galdetu eta dolu batez bezala mintzo da Jean Mixel: "Maleruski behar ditugu pozoinak eman landarearen zaintzeko, tratamendu horiek huts egin ezinak dira". Horretan aritu gara. Baina bada zerbait harrigarria. Tabakoa lantzen duen gizonak atsedenaldietan ez du zigarretarik erretzen: "Ez dut nik pipatzen. Gainera, egia erran, hostokatzen aritzen naizelarik ikusiz eskuak zein beltzak gelditzen zaizkidan, gudron edo galipotez beteak, izutzen naiz. Horiei so irudikatzen dut nola izanen diren pipatzaileen birikak. Horrek lotsatzen du bai". Hala ere, nahiz jendeari birikak belzteko lan egin, kontzientzia lasai du Jean Mixelek. Funtsean alkoholarekin berdin gertatzen da eta mahasti zain anitz badira inguruan: "Denek baditugu gure kontradikzioak. Nik badakit tabakoak jendea hiltzen duela, baina ez dut axolarik horren gainean. Guk ere bizi behar dugu. Eta edozein gisaz, Akitania guztia gelditurik ere tabako egitetik, kanpotik sartuko litzateke eta pipatzaileak berdin segituko luke".

Tabako alorretik etxera buruz goazelarik eguzkia indarra galtzen ari da, zortziak eta erdiak dira, afaltzeko tenorea: "Beharrik heldu dela, goxo da hura". Akitua baita Jean Mixel.



Ez Galant ez Jean Mixel, etxean aita

Etxean ez da auzapezik, ez kontseilari nagusirik. Laborariak ere jantziz aldatu behar du mahaian esertzeko. Etxean aita da. Xalbat, seme gazteena, Pauen azterketak bururaturik egun sartu da etxera. Aitaren ametsa da hura etxaldearen segida hartzen ikustea: "Baina beharko du aldatu horretarako. Ez du sekula gustu izan laborantzarako, eta ikasketak ere ez ditu horretara bideratu. Fisika du egina eta momentuz beste mundu batean bizi da. Hala ere, egun batez segida hartuko duen? Galdera ikur handi batekin uzten dut hori, baina ene buruan dabilen esperantza da".

Kantuak dioenez, arratseko ilunak eguna bildu du. Auzapezari, kontseilariari, laborariari, aitari, begiak zerratzeko ordua heldu zaio. Lan egin behar duenak lo ere egin behar du. Azken galdera luzatu diogu: Heldu den aldian berriz hautagai izanen zara Kontseilu Nagusirako? "Ikusiko dugu bi urteren buruan zer girotan izanen garen".

Onintza Irureta

1980an, Zornotzan, 15-16 bat herritar erori ziren Guardia Zibilaren sarekadatan. Uztailaren 8ko sarekadan Joxean Etxebarri eta Enrike Agirre ziren Jose Mari Sagarduirekin batera eta azarokoan erori ziren Juan Jose Larrinaga, Fernando Irakulis eta Ernesto Alberdi. 20 urtetik gorako kartzelaldiak bete ondoren, kalean diren bost zornotzar hauen bidez izan dugu Jose Mari Sagardui Gatzaren berri, beraiek ere ederki asko ezagutu duten bizimoduaren berri. Santos Sagarduirengana, presoaren aitarengana ere jo dugu .

Bost zornotzar preso ohi horiek bezala, kartzelatik kartzelarako bidaia hasi zuen Sagarduik 1980an. Carabanchel lehenengo, ondoren Soria, El Puerto de Santa Maria eta Herrera de la Mancha... 25 urtean hamabi kartzela. Joxean Etxebarrik bi garai bereizi ditu segituan, sakabanaketa hasi aurrekoa eta ondorengoa: «1983tik 1987ra Herrera de la Manchan 200 bat preso geunden, ia kolektibo osoa. Han, norberak kartzelari aurre nola egiten zion ikusi zuten, gure nortasuna, portaera, jokabideak ikertu zituzten. 1987tik aurrera sakabanatu gintuzten eta ordutik aurrera bakoitzak bere indarrarekin egin behar zion aurre kartzelari». Sagarduiri ere egoera horri aurre egitea egokitu zitzaion, baina baita Sagardui aitari eta familia osoari ere. Sakabanatu aurretik beste presoen familiekin batera joaten ziren Sagarduitarrak Gatza bisitatzera, autobusean. Sakabanaketa medio norberak berea antolatu behar.


Zergatik hainbeste urte?

1980ko bi sarekadatakoei 30 urteko zigorra jarri zieten. Erredentzioei esker ûespetxe onurakû 30 urteak 20 ingurura jaistea lortu zuten. Sagarduik ez, Granadako espetxean zegoela ihes egiten saiatu zelako. Beraz, orain ez du inolako erredentziorik eta 30 urteko kartzelaldia osorik betetzea da kasik segurua. Joxean Etxebarriren ustez; «Estatuak egin duena da lehen zeuden zirrikitu guztiak, espetxe onurak lortzeko aukera ematen zizuten horiek, Auzitegi Nazionalean epaile bakar baten bidez batu eta kontrolatu. Madrilen botere judiziala botere politikoaren menpe dago. Gaur egun ia-ia ezinezkoa dauka Gatzak lehenago ateratzea».

Fernando Irakulisek espetxealdiko urte kopuruaren bilakaeran erreparatzeko eskatu digu: «Lehen ezinezkoa zen kartzelan 15 urte baino gehiago egotea, baina gainditu zen; gero 20 urtekoa zen muga, baina hura ere gainditu zen. Orain 20-22 urterekin ere ez da onartzen kanpoan egotea. Datorren urtean beste bik egingo dituzte 25 urte, eta atzetik gehiago datoz. Galdu dugun borroka da: jendeak normaltzat hartu du kartzelan 20 urte egitea».


Sagarduiren egunerokoa

Joxean Etxebarri da gure solaskideen artean Jaengo kartzelatik azkena atera zena, han dago Sagardui orain. Sagarduiren egun bat nolakoa izan daitekeen azaltzeko eskatu diogu eta hango bizimodua nolakoa den esatea «oso erraza» dela erantzun digu. Gatza isolamenduan dago eta horrek esan nahi du 24tik 22 ordu zeldan igaro behar dituela. Gainerako bi orduak ditu dutxatzeko, patiora ateratzeko -35 metro luze eta 5 metro zabal-, erosketaren bat egiteko... Ez du eskolan, kiroldegian edo eskulanetan aritzeko eskubiderik. 22 orduan zeldan egon behar du irakurtzen, idazten, ariketak egiten... edo Ernesto Alberdik egiten zuen moduan: «Paretako zuloak kontatu eta izenak jartzen gaur, bihar eta beste egunean». Alberdik berak aipatu digunez, 22 orduz bakean utziz gero gaitzerdi litzateke, baina funtzionarioen jarrera kontuan hartu behar da: «Etortzen bada egun txarragaz... izorrai!». Isolamenduan dagoenak egun osoko tentsioa bizi duela nabarmendu digu Etxebarrik. Bada, egoera horretan azken hamar urteak egin ditu Sagarduik, azken hiruak baino gehiago Jaenen eta aurreko sei inguru Puerton.


16 orduko bidaia 40 minutuko bisitarako

Astero-astero ditu bisitak Sagarduik, baina gehien-gehien neskalaguna ikusten du, hilean bitan, batean bakarrik joaten zaio eta bestean haurrarekin, bost urteko Goiztirirekin. Gainerakoan, lagunak eta beste senideak tartekatzen dira. Errepidean 16 ordu egiten dituzte, zortzi Jaenera joateko eta beste hainbeste itzultzeko, bisita 40 minutukoa.

Aitari galdetu diogu ea semea zer moduz dabilen animoz: «Oso animoso eta gogor dago, ate nagusia egunen batean zabaldu arte. Ate nagusia irekitzen dutenean joango gara Zornotzatik autobus bat edo bi, edo gehiago eta etorriko gara juergan-juergan etxerantz. Atea ireki arte denok gaude lasai». Joxean Etxebarrik esan digu Sagarduiren neskalagunaren bidez dakiela barneratuta duela urte gehien egingo dituen presoa dela, hogeita hamar izango badira hogeita hamar izango direla, eta tinko dagoela. Fernando Irakulisek gaineratu duenez, «berak 30 urte egingo ditu, baina orain 40 urteko kartzelaldira hel daitezke presoak eta norbaiti tokatuko zaio». «Lehenago ez bada egoera aldatzen» -bota du Joxean Etxebarrik-. Dena dela, bai Etxebarrik eta baita Irakulisek ere argi dute gatazka politikoak ez direla gaurtik biharrera konpontzen eta Irakulisen ustez, «seguraski Gatzak 30 urteko zigorra konplitu beharko du».

ETAk PSOEren eta PPren ordezkarien aurka joko ez duela iragarri zuenetik, mehatxu horren pean daudenak beste era batera bizitzeko aukera izango dutela ez dago zalantzarik. Beste kontu bat da gaiari buruz egiten ari den eta egingo den erabilera politikoak nola eragingo dien. Denak aditzera ematen du apurka hustuko dela eztabaida, batez ere prozesua sendotzen duten keinuak metatzen jarraitzen badute. Baina, bitartean, ez dirudi PP eta bere ingurukoak PSOE egurtzeko aukera bakarra galtzeko prest daudenik. Pertsona bakoitzaren errealitatean, dena den, zuria edo beltza da bizkartzainarekin ibili ala ez, eta horrek iraungitze data jarriko dio PPren presio kanpainari. Eta, azkenik, mehatxupean sentitzen direnekiko begirune eta kontu handia behar bada ere, agintariei diruaren kudeaketa egokia egitea eskatu behar zaie.

Luze joko du alderdien mahaiaren osaketak. Batasunak datorren Aberri Egunerako osatua beharko lukeela uste du, Ibarretxek sei hilabetez hitz egin zuen lehendakari izendatu ondoren eta orain mahaia osatzeko baldintzen eztabaida dator. Halabeharrez iragan beharreko korridoreak dira eztabaida hauek eta etorriko direnak, eszenifikazio osoaren adostasuna urrats ezinbestekoa baita edukien eztabaidari eta akordioen bilatzeari ekiteko. Aktore guztiek dakite mahaia eratu eta une batetik aurrera edozein motako biolentziak edo jokalmolde errepresiboak oztopo izango direla elkarrizketa gauzatzeko eta zeresanik ez akordioetara iristeko. Borondatea badago, aktore bakoitzak jakin beharko du elkarrizketak aurrera egin dezan zer, noiz eta nola egin beharko duen apurketarik eman ez dadin. Horretaz guztiaz mahaiaren azpian hitz egiteko garaia da egungoa, prestaketa lana adostu eta behar denean mahaiaren gainera behar adina indarrez ateratzeko.

Daniel Udalaitz

Gaur egunera arteko enpresa antolamenduaren diseinua 1991ko berbera da. Beraz, bada garaia, diseinu hori berrikusteko eta gaur egungo nahiz etorkizun hurbileko moldeetara ekartzeko. Are gehiago kontuan hartuta MCC taldeak gaur egun 18.593 milioi euroko aktiboak eta 3.757 milioi euroko baliabide propioko egiturak dituela eta Euskal Herrian nahiz atzerrian dauzkan industria, merkataritza eta finantzako plantetan 71.000 pertsona inguru ari direla lanean. Gainera, etorkizun hurbilari begira, 2008. urterako beste 25.000 lanpostu sortzeko apustua egin du. Aurreikuspenak betetzen badira, MCCk 95.000 langiletik gora izango ditu.

Kooperatibaren ez ohiko kongresuan onesten den antolamendurako diseinu berria 2006ko urtarrilaren 1ean aplikatzen hasiko dira. Hala dirudi aldizkari honek eskuratu ahal izan duen informazioaren arabera.


Eztabaida parte hartzailea

Kooperatibak diren enpresetan, batez ere MCC bezain korporazio handietan, erabakiak mantsoago hartu ohi dira enpresa pribatuetan baino, azken horietan zuzendaritzak hartzen baititu erabakiak, langileak ia kontuan hartu gabe. Kooperatiben kasuan, aldiz, kooperatibistak izaten dira eztabaidaren protagonistak. Horregatik dago MCC azken hilabeteetan eta urrira arte eztabaida betean; kooperatibek, taldeek eta dibisioek (ikus koadroan) enpresa antolamendua egokitzeko beharra dute eztabaidagai. Azpimarratzekoa da MCC taldeak antolamendua egokitzeko proiektua batez ere Industria Taldeari begira egin duela eta, hori dela-eta, MCC osatzen duten gainontzeko taldeen funtzionamendua -banaketarena (Eroski) edo finantzena (Euskadiko Kutxa, Lagun Aro, eta abar)- ahalik eta gutxien oztopatzen saiatu da.

Zenbait berrikuntza garrantzitsu ezagutu ditugu eskuratu ahal izan dugun txostenaren bidez -esan digutenez, txosten garrantzitsuena-. Honakoak dira azken hilabeteotan eztabaidatzen ari diren berrikuntzak: dibisioak gehitzea eta bakoitzari bere izaera juridikoa ematea, dibisioak koordinatuko dituen Industria Kontseilua eratzea, eta Jarduera Berriak Sustatzeko Zentroa sortzea -ikus koadroa-.

Ez ohiko kongresuan erabaki beharreko gaietako bat izango da gaur egun dauden 72 industria kooperatibak 11 dibisiotan banatu edo ez. Hain zuzen ere, dibisioak izango lirateke kooperatiben eta korporazioaren arteko lotuneak. Industria Kontseilua eratzea ere proposatu da. Organo horrek koordinatuko lituzke dibisioak; hori eratzeko irizpide irekiagoak proposatzen dira. Bestalde, Industria Taldearen antolamendua egokitzeko proposamenaren barruan zera jarri da mahai gainean: bata bestearen intereseko taldeak eratzea, kooperatiben arteko sinergiak hobeto aprobetxatzeko.


MCC osoari eragiten dion proiektua

MCC kooperatibaren ez ohiko kongresuan hartuko diren erabakiek ez diote Industria Taldeari bakarrik eragingo. Pentsatzekoa denez, euskal kooperatiba talde osoan izango ditu ondorioak. Hori dela-eta, taldea osatzen duten kooperatiba guztietan dago eztabaida: Industria Taldean, Finantza Taldean -Euskadiko Kutxa eta abar- eta Banaketa Taldean (Eroski). Antolakuntza konplexuena Industria Taldeak dauka, kooperatiba asko direlako, geografikoki oso barreiatuta daudelako, hainbat sektore daudelako tartean, eta abar. Alabaina, nekez imajina daiteke MCC osoan eraginik izango ez duen Industria Taldeko antolamenduaren birmoldaketarik.

Kongresurako egindako ekarpenetako batean adierazten denez, MCC osoari begira, korporazioko organoen adierazgarritasun eta eraginkortasunerako mekanismoak optimizatuko direla da antolamendua egokitzeko proiektuak ekarriko duen hobekuntza nagusia.

Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak eta hauek haurrak adoptatzeko duten eskubidea onartzeak, alor honetan munduko herrialde aurreratuenen artean jarri du Espainia. Zapateroren beste pauso garrantzitsu bat izan da. Vaticanoa izan da bere aurka gogorren jo duenetakoa eta bere organu ofiziala den LÆOsserbatore Romano egunkariak «familiaren aurkako eraso berri eta biolentoez» aritzeraino iritsi da. Espainiako Eliza Katolikoaren hierarkiak «zilegi diren ahalik eta bitarteko guztiak erabiltzera» deitu du legearen aurka egiteko».

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan