Julen Kaltzada
UNESCOk mundializazioak milaka hizkuntza desagerraraztea ekarriko duela dio, eta horien artean euskara datekeela.
Hala ere, ez dirudi arrisku horrek ardurarik ematen dietenik euskara bere hizkuntzatzat daukaten Euskal Herriko agintariei. Gauza jakina da Frantziaren menpeko lurraldeko agintariek euskararekiko daukaten iritzia.
Nabaria da era berean Nafarroakoek Lingua Navarrorumekin daramaten jokabidea. Agintari nagusiak duela gutxi esan zuen euskararen arazoa Nafarroan konpondurik dagoela eta bide onetik doala. Jokabide horrekin Nafarroan euskara ziur desagertuko dela.
Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek ere euskara Euskadiko hizkuntza izatea lortzeko eginbeharrari eta ahaleginari ez diete garrantzi handirik eman orain arte.
Neoliberalismoaren jokabideak euskara arriskuan jarri du, arrisku hori mundializazioa lortzeko daraman jokabideak sortu duelako.
Arrisku hori gorabehera, EAEko agintariak neoliberalismoaren alde daude. Hor dago Europako Konstituzio neoliberalaren aldeko jarrera, nahiz eta ondotxo jakin Konstituzio horrek ez duela onartzen euskara.
Gainera, herritarren esku utzi dute herria euskaldundu eta alfabetatzeko eginkizuna, euren esku hartu beharrean, eta, mundu horretan agertu direnean, gehienetan itxura egiteko edo herritarren lana oztopatzeko izan da.
Egunotakoa da, herritarrek sorturiko euskaltegiek egindako protesta. Arazo horren inguruan erakundeen ordezkariek idatzitako artikulua irakurrita, ematen du Euskal Herria euskaldundu eta alfabetatzeko betebeharra herritarrek sorturiko euskaltegien eginkizuna dela, euren hitzetan "euskaltegi pribatuena", eta ez erakundeena.
Eta zer esan eskolaumeak euskalduntzeko asmaturiko ereduei buruz? Hasieran esan ziguten hiru ereduetako haurrek jakingo zutela euskara ikastaldiaren amaieran. Eta itxuraz 25 urtetan ez dira konturatu hori ez dela egia. Gehiago, ikasten duten asko ez da gai ikasitakoa mantentzeko, agintariak ez direlako arduratzen ikasitakoa erabiltzeko aukera nahikoa gizartean izan dezaten. Eta abar, eta abar.
Jon Alonso
Beste zenbait kontsideraziotan sartu gabe, iruditzen zait gurean noizean behin pizten diren eztabaidatxoen ezaugarri nagusia apaltasuna dela, maila baxua ez esateagatik -"profil baxua" esango genuke, gaztelania imitatuz gero-. Batek ments ditu ahots larderiatsuak, esateko asko lezaketenak, arnas handiko planteamenduak, urrun iristen diren begiradak; eta sobra gaurkokeriak, zilborkeriak -ezintasunak, nartzisismoa, banitatea...- eta epe laburreko interesak. Agian horrek denak gauzak oso berde daudela baizik ez du esan nahi. Egia unibertsaltzat daukat -hortaz, euskaldunen jarduna ere bere baitan hartzen duena- ezen sormenaren alorrean, era orokorrean, zapatak min non egiten duen, han jartzen dela trapua. Besterik da egia hori ukatzea gure sormena ukatzeko bide sibilinoa ote den; besterik da zenbat zapata eta zenbat min dagoen; besterik da, halaber, maleta hauekin norainoko bidaia egin dezakegun: Fenix hegaztia, bere errautsetatik berpiztu eta hegan egiteko prest agertu zenean, oilo bat zela konturatu zen.
Apaltasunez esaten dut iruditzen zaidala gauden honetan, balizko eztabaida baterako elementuak jartzen hastea ez litzatekeela gutxi. Eztabaidarako elementuen bila, ez zait alferrekoa iruditzen Europan, urrutiago gabe, gertatutakoak aztertzea. Seguru asko handik eta hemendik arakatuz, gurean ere aplikagarria litzatekeen zerbait topatuko genuke.
Sujerituko nioke irakurleari Roberto Roselliniren Roma cittā aperta (Erroma, hiri irekia) filma ikustea, eta ondoren Italo Calvinoren Il sentiero dei nidi di ragno (Armiarma habien bidexka) nobela irakurtzea, are egileak 64ko ediziorako propio idatzi zuen hitzaurrea, eta gero bi lanak, politikoki eta estetikoki, alderatzea. Rosellinik Italia berriaren inperatibo bat bete nahi/behar omen zuen, larrialdiko ikuspegi nazional baten mezua pasatu nahi/behar bide zuen, italiarren irudi ezin heroikoagoa eskainiz, gaur barregarri iruditzen zaizkigun baliabideak erabiliz baina duda gabeko talentuarekin; Calvinok, ordurako -eta bi obrak 1945 edo 1946koak dira-, nazien aurka altxatu zen partisanoen irudi kritikoa, are gordina, ematen zuen, bere garaian gogorra izango zen modu batez, lehen nobela batek baizik ezin harrapatu ohi duen asmo garbiaz eta prosa ezin biziagoaz. Baina inor ez zen, dakigularik, Calvinoren aurka jazarri, seguru asko bere orduko militantzia komunista bere hitzen gainean egongo zelako, edo euforia giroak ez zuelako horretarako lekurik uzten. Eta biak, bai Rosellini eta bai Calvino ere, borroka irabazietatik zetozelako. Detailea funtsezkoa iruditzen zait, edozein estrapolazio egin baino lehen; are auzia bere koordenadetan jartzeko ere: dakigunez, joan diren hirurogeita hamar urteetan, hemen garaile bakarra izan da eta galtzaile asko. Eta diferenteak. Galdera batzuk egin genitzake: kontatzeko hain gogo bizia edukiko zuketen Rosellinik, Calvinok eta enparauek, baldin eta borroka galdu izan balute? Onartuko zizkioketen Calvinori partisano ezkertiarrei egindako kritikak, baldin eta Italia berrian demokrata-kristauek komunistak kartzelatzeari ekin izan baliote? Zer sortuko zukeen batak zein besteak baldin eta Leningradon sobietarrek galdu, eta Italiako zati bat, Lombardia demagun, nazien esku gelditu izan balitz? Ez dugu inoiz jakingo, baina gogoeta egin dezakegu horretaz guztiaz.
Hori ez esateagatik hogeita bost urte aski eta sobra izan zirela Italiako gerra ondoko lilura eta euforia-giro hura erabat suntsitzeko. Leonardo Sciascia handiak kontatu zuen demokraziaren porrota liburu gogoangarri batean (Il contesto, 1971), gero Francesco Rossik zinemara eramandakoa (Cadaveri Eccelenti, 1974). Artean Espainian Libertad sin ira konposatu zuena gitarra jotzen ikasten ari zen. Hori ere datu bat da.
Enfin, nik gaur idatzi nahi nuen ARGIAn debutatu nintzeneko garaiaz -84an, 85ean, hor nonbait-, artikuluak idazmakinaz idatzi eta Roncalesan jartzen genituenekoez, norberak portea ordainduta, orduko eztabaida absurduez eta amets zoroagoez. Baina kasik utziko dut hori dena ARGIAk 3.000. zenbakia ateratzen duenerako, hau dena ere absurdua eta zoroa irudituko zaidanerako.
Odile Kruzeta ( Euskadi Irratiko zuzendaria)
San Joan-San Joan, gariak gorde-gorde, sasiak erre-erre". Horixe esaten zuten gure arbasoek suaren inguruan elkartuta. Erritoari egokitzapen txiki bat egin diot. Belar txarrak erre beharrean, sasi-dokumentuak erraustu ditut aurten San Joan bezperako sugarretan.
Bulegoari arindu ederra emateaz gain garbiketa psikologikoa egiteko ere balio izan dit. Diziplina zorrotzarekin banatu ditut urteko txosten guztiak. Baliozko agiriak hemen eta sasi-dokumentuak han. Ordenadoreko artxiboetan geratu dira, laneko dokumentu baliotsuak. Besteak berriz, apalera joan dira eta gura baino paper-meta mardulagoa osatu dute azkenerako.
Beldur naiz ordea, sasi-dokumentuen kopurua ez ote zaidan ugalduz joango urtetik urtera. Zergatik? Errealitatea, paper koadrikulatu batean giltzaperatu nahian gabiltzalako denok. Mundu guztiz logiko bat diseinatu nahi dugu. Aurreikusi daitekeena. Zirrizturik gabekoa. Kontrol gose horrek zurrunbilo zoro batean sartu gaitu eta hor ari gara bueltaka-bueltaka protokoloak, prozedurak eta prebentzio-planak asmatzen etengabe. Hondamendi naturalak ekiditeko prebentzio-planak osatzeraino iritsi gara!
Adimen osasunaren mesedetan, hobe genuke lurrak bospasei astindu balitu urtero gure oinazpietan. Zuhurragoak izango ginateke. Apalagoak. Ez genuke ahaztuko bizitza arras eroa dela, askotan krudela eta edozein modutan zoragarria. Bizitza nekez kontrolatuko dugula, domestikaezina delako eta ustekabekoz josia.
Beraz, protokoloak eta prebentzio-planak egiten jarrai dezakegu gerora ere. Paper pila galanta osa dezakegu sasi-dokumentuen bidetik. Baina John Lennon-ek zioen bezala: "Planak egiten buru-belarri genbiltzan artean gertatu zaigun beste hori da bizitza".
Felix Ibargutxi
Azkenaldian oso interesaturik nauka jator hitzak. Zalantzazkoa zait eta horretxen ondorioz kilikagarri. Hitz gutxi egongo dira hori baino labainagorik, anbiguoagorik. Segun zeinek deitzen didan niri jatorra, zer pentsa jarriko nintzateke. Eta, gainera, Bilbao, hiri hartako udal-aldizkarian, izenburu hau irakurri dut: Txakoli 2004, jatorra y actual. Horrek gogorarazi dit hitz horrek arrakasta handia duela tipologia jakin bateko erdaldunen artean.
Bilbaoko izenburu txinpartadun horrek bultz eginda, buruan ordena piska bat jartzen hasi naiz. Lehenbizi hiztegira jo dut. Honela definitzen du Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak jator hitza: "Herri edo lurralde baten hizkuntzari, ohiturei, izaerari eta beste ezaugarriren bati berez dagokiona; horiei arrotz zaien gauzarik ez duena". Eta aurreraxeago: "Pertsonez mintzatuz, bere herri edo lurraldeko ezaugarriak dituena". Hiztegi hartako adibide batzuk: "Nafar jatorra"; "Donostiar jatorra".
Eta hedaduraz, hainbat tasun goragarri duen pertsona atseginari ere jatorra ezaten zaio, hiztegi horrek dioenez. Beraz, euskarazko jatorra eta gaztelaniazko majoa gauza beretsuak dira.
Baina kontuz. Zenbait hiztegitan ikusi dudanez -eta hiztegietan ez ezik kalean ere halaxe sumatu dut- gaztelaniazko castizo eta euskarazko jatorra gauza beretsutzat har daitezke. Eta hor hasten zait niri errezeloa pizten. Adjektibo esentzialistegi baten aurrean ote gauden inpresioa daukat. Azken batean, lehengora bueltatuz: Nor da hemen donostiar edo nafar jatorra? Zein dira lurralde horietako ezaugarri nagusiak? Zeinek banatzen ditu jatortasun-txartelak?
Ereduzko prosa gaur datu-base guztiz lagungarri horretan sakatu eta hainbat adibide topatu ditut. Hona hemen bat, deigarria, prentsa-artikulu batetik jasoa: "Antiguakoa da gaztea, baita jokalari eta gizaseme jator ere, baina ez da Xabi Alonso". Hori idatzi duen kazetaria kazetari ausarta da. Ausarta dugu, delako gazte horren izakeraren muin-muina juzkatzen, epaitzen bukatu duelako. Eta epaia ezin hobeagoa izan da: "gizaseme jatorra".
Beharbada ni oker nabil. Beharbada, jatorra izatea, esaten dizuna esaten dizula, gauza ona da beti eta ez zaio hainbeste buelta eman behar. Iņaki Zabaletaren 110. Street-eko geltokia eleberrian esaten den moduan, "euskaldunak wonderful people dira, jende jatorra".
Ladix Arrosagarai
Zer idatziko genikek egungo Iparraldeaz duela 20 urte bezala ARGIAn aritzen bagina? Aitzinatu garela? Hurbildu gure orduko ametsei? Zaila egiten zaidak argia itzaletik bereiztea, edo itzaletik argia.
Aurreratu garela Iparraldean? Dudarik ez. Baina egungo mugimendu abertzale moteldu desmobilizatuan, militantziak eta gazteriaren akuiluak eskas aire, Demoen salbuespena kendurik. Auzapezak baditiagu, Kontseilari Orokor bat baina den mendreneko ezagutza politikorik ez. Hala ere, badituk lorpenak. Laborantza Ganbara, bat azpimarratzekotan. Baina bitartean lurrak eta etxeak kanpotarrei sal eta sal ari dituk: dirua lege eta gu guhaurren herrian -laster- arrotz.
Euskara? Ikaragarri galdu duk. Alta, ez du inoiz hainbeste tresnarik izan alde. AEK garatu duk, ikastolak hazi ā baina zenbat gaztek irakurtzen dik hemen ARGIA edo Berria? Idazle berri zenbait baduk (ARGIAn, Berrian, Xirikan, literaturan), irratietan ere errelebo zerbait heldu da. Baina ez ote dira kasu bakanegiak?
Hurbildu ote gara mugaz bi aldeetako euskaldunak? Hasteko ez da inoiz hain ongi tratatua izan Euskal Herri osoko informazioa euskal prentsan. Informazioa askoz gehiago kurri da. Baina informazioa bakarrik. Ematen dik elkarri so gaudela, honainditik haraindira eta alderantziz. "Proiektu nazionala" aitzinatu dea? Hitzetan izugarri! Elkarguneetan, elkar ezagutzan guti ene gustuko. Zein gazte guti heldu den Hegoaldetik Euskal Herria Zuzenean festibala -hara beste lorpen bat- bezalako hitzorduetara. Eta zein guti joaten garen Nafarroa Oinez eta abarretara. Beharbada bertsolari belaunaldi gazte indartsuak, euskararen pasaportea eskutan, irauliko dik gure buruetan den muga. Araiz!
Zer idatziko genikek, Mikel, egun? Gabi Mouescari Euskal Herrira itzultzeko debekua kendu berri diotela azkenean, baina Filipe Bidarti baldintzapeko askatasuna ukatzen jarraitzen dutela eta Frantziako Estatuko presondegietan ez dela inoiz hainbeste euskal presorik egon?
Argiak eta itzalak. Ezin trenka. Txarrenaren azpimarratzekotan hobe ixiltzea.
Sanferminetan eginen diagu solas: ordura arte.
Lourdes Auzmendi
Euskal itzultzaileok Euskal Herrian daukagun sona eta ospea oso handiak dira, normalean hor zehar beste hizkuntzetakoek daukatenarekin konparatuta.
Euskararen erabilera normalizatzeko prozesuan hasieratik pieza garrantzitsuak izan gara, batzuk banaka eta bestela elkartuta EIZIE gisa, eta egun elkarte hau euskal munduan itzulpen kontuetarako nahiz euskalgintzaren beste alor askotarako erreferente garbia da.
Itzultzaile lanetarako prestakuntza berezirik gabe ekin zioten lanari askok, elkarren arrimuan arazoak gaindituz. Itzultzaile-funtzionario gehienek administrazioan zegokien maila aitortua zeukaten, eta geure kontura lana egiten genuenok, lan asko eginda, baina bizimodua ongi ateratzen genuen. Horrezaz guztiaz gain, hizkuntzalari, terminologo eta abarrek aholkua eskatzen ziguten eta agintariek lankidetzan jardutea.
Baina, amets bat izan bailitzan, ditxa hura aldatzen hasi zen, guregana ere globalizazioa ailegatua zenaren seinale. Gaur egun unibertsitatean prestatzen dira euskal itzultzaile berriak; atzerriko hainbat hizkuntzatatik itzultzeko gaituta ateratzen dira lau urtez gogor lanean eta ikasten jardun ondoren; askok atzerrian egonaldiak ere egiten dituzte; ikasketak amaitzerako administrazio eta enpresetan itzulpen-praktikak egin dituzte; euskara sakon landu dute... Gu gure garaian baino askoz hobeto prestatuta daude, baina kanpoan aurkituko duten errealitatea ez da egindako ahaleginaren parekoa izango.
Ia ez da itzultzaile lanpostu bakar bat ere sortzen, eta hemen ere kanpoko enpresen esku uzten dira lan horiek. Eta eskaintza eta eskariaren arteko lehian itzultzailea izanik azken katebegia, hori ari da nozitzen askotan besteei egozten diegun prekarietatea. Egun, duela hamar urteko tarifak ordaintzen ari dira zenbait enpresa, eta itzultzaileak, berriz, gastuak gaur-gaurkoak ditu. Zer egin dezakete beraz? Lana erruz, erruz eta denbora ahalik eta gutxienean. Baina nolabait etorkizun profesionala ziurtatua daukagunok ere esku bat bota beharko diegu, aurrera begira ere sendo jarrai dezan euskal itzulpengintzak.
Igor Elortza
Antonio gaur ez da Plateruenera agertu. "ARGIAri zorion-bertsoak jartzen egongo dok" esan dit Juan Kruzek, txikitoa eskuan zirikatzaile hurreratu zaidanean. "Hi zer", bota dit gero, "euskal populua kulturaren bidez salbatzeko plan estrategikoa mamitzen orain be?". Barreak irten dit lehenengo, eta pentsakor gelditu naiz gero. Ezetz erantzun diot azkenik, ez nenbilela kezka horiekin. Institutuko garaietan lelotzen ninduen neska bat nuela buruan, besterik ez. Haur bati titia ematen ikusi dudala gaur, kalean. Ospatu beharra dagoela hori eta ateratzeko garagardo bat, faborez. Grabiletea egin eta mostradorera abiatu da Juan Kruz, txistua joka eta dantzari.
"Pozten nok lantzean behin bizitzaz be arduratzen hazela entzuteaz" esanez utzi dit zerbeza mahaian, "ze zueri pasatzen jatzuena da lar serio hartzen dozuezela hainbeste ardura ez dabeen gauzak, alegrantzia galtzen dozuela, eta barkatu, baina azkenarako, aspergarri hutsak bihurtzen zarie". Horrelaxe bota dit, plausta, eta mutu lotu naizela aprobetxatuz, aspalditik bota gura bide zidan erretolikarekin segitu du, nire belarriak gorri-gorri egin arte. Eta serio hartu dut. Eta zer pentsatua eman dit.
Esan dit kultur munduan gabiltzanok idealizatuta eta sakralizatuta dugula gure egitekoa. Ondo dagoela Artean sinestea eta bere balioak defendatzea, baina artean jendeak bizi ere egin behar duela, eta ez pentsatzeko gure funtzioak dibertsiotik harago joan behar duenik derrigor, eta gutxiago oraindik, gure eskaintza "jasoa" eta "garbia" izan behar denik aldioro. Gauza ederra dela festa, besterik gabe. Geure zirkulutxoetan beti, zalantza ideologikoez eta kezka estetikoez kalakan ari, norentzat gabiltzan ere ahaztu egiten ote dugun askotan. "Horrenbeste goi-arnasak ito egin behar duela jendea, Alanbre!", esan dit. Haserretu egiten garela gero -harroak gu-, askok jaramonik ere egiten ez digutelako eta beste aukera batzuk egiten dituztelako -arinagoak eta askoz txarragoak noski, gure ustez-. Eta okerragoa dena, jendea bera kritikatzera ere ausartzen garela, zer ikusi, entzun edo irakurri behar duten geuk erabaki behar bagenu legez. Hori agintekeria ez bada, esateko neuk zer. Eta bueno, ez doala gehiago esatera, ze bestelaā
Ez diot aitortu baina arrazoi apur bat baduela iruditu zait. Musikan, literaturan, bertsotan edo antzerkian gabiltzanok kontraesan horretan borrokatzen gara. Jendeak guregandik espero edo nahi duena, eta, guk jendeari eskaini gura diogunaren arteko oreka topatu ezinik. Sorkuntzaren muinean dagoen galdera baita, merezi duen ezer egiteak inorentzako ez bada. Eta edozein erantzunen atzean banitatea dago beti, batez ere banitatea. Ze bilatzen duguna ez da fama inondik inora ere, arrakasta baizik, edo bueno, ez arrakasta zehazki, errekonozimendua da gehiago, edo enfin, zelan esan, egiten duguna, noizbait, nonbait, norbaiti, baliozko gertatzea. Bateon batek, udako gau epel batean, txozna bazterrean, duela zazpi urte bota nuen bertsoa kantatu diezadala, adibidez.
Baina famatua, benetako arrakasta duena, modu zabalean errekonozitua dena eta jende askorentzako balio duena, susmagarria gertatzen zaigu. Ez zaigu ona iruditzen. Kantuak entzuteko egiten dira, liburuak salgai daude eta emanaldietara jendea erakartzeko egiten da publizitatea. Baina gauzak ondo ateratzen direnean, zerbaitek huts egiten du. Sautrela telebista saioan, kasurako, galdera hau egin zitzaion aurreko batean idazle arrakastatsuari: hainbeste liburu saltzea ez al da literatura txarraren seinale? Gauza onak minoritarioa izan behar duela, alegia; ulertzen zaila, ahalegin bat eskatzen duena, gutxi batzuentzat baino izan ez daitekeena. Honek bi norabideetan jokatzen du, zelan ez. Hartzaile moduan ere gogoko dugu hautatuen artekoak izatea. Adibide bat ipintzearren, oso ondo kontserbatzen da Ruper, baina lastima da, Ez Da Posibleren arrakasta eta gero, galdu egin zuen lehen zeukan xarma.
Banguardiak ere beharrezkoak direla bota diot Juan Kruzi, neure kabutan arrazoia ematen ari nintzaiola konturatu zedin baino lehenago. Badagoela nahiko arrunkeria eta huskeria telebistan, beste guztiok ere arinkerian eror gaitezen. Pentsamolde, erreferentzia zein adierazpide berriak, ausartagoak eta baliogarriagoak izan ditzagun, kultur-mugimenduak berebiziko garrantzia duela iritzi diot. Horixe ote den bere egitekorik behinena. Eta trago bat hartzen dut, hain berba potoloak jaurti eta gero, freskatu dadin apur bat eztarria. ŦBai noskiŧ diosta plateruak, bere irribarre zabalarekin. Orain jende guztia jaiotzen dela bere garaiari aurreratuta. Ilustratzen, pentsatzen eta sortzen ematen dugula egun osoa. Telebistarik piztu ere ez dugula egiten! Dokumentalen bat ikusteko, akaso.
Gaur gauean jendaurrera atera behar dudala jarri naiz pentsatzen, Juan Kruzen lerde-jarioari kasurik egin barik. Mikrofono aurrean topatu behar baitut nik atzeko aulkian naizenaren eta aurreko besaulkietatik ikusten dutenaren arteko oreka. Aste osoa beharrean eman dutenei poz eta dibertsio apur bat emanez, eta zer pentsaturen bat lantzean behin. Eta berotasuna, ahal dudan guztietan.
Gaur edatekoa neuk ordainduko dudala diotsat Juan Kruzi. Eta isiltzeko apur batean, mesedez.
Luistxo Fernandez
Hirurogeiko hamarkadan jaio ginenok uste genuen 2000. urtea magikoa izango zela. Etorkizunean bideotelefonoz komunikatuko gara, auto hegalarietan ibiliko, eta janaria prestatuko du etxe automatikoak pilula bat di-da batean oilasko bihurtuta... Amets teknologiko horiek ez ziren gauzatu: 2000. urtea arrunt samarra izan zen. Baina egiazko bihurtu ez ziren gailuen ordez, beste tresna harrigarriago batzuk ditugu eskura orain: ordenagailu sarearen indarra ikaragarria da, eta irudirik gabe ere, telefonoa aldean eroatea ere ez da gutxi.
Uste genuen Euskadiko selekzioa ikusiko genuela olinpiadetan. Independentzia, ordurako egina behar zuen... Horrez gainera, agintaritza abertzale batek gauza asko konponduko zizkigun, baina konturatu gara administrazioarentzako proiektu estrategikoak beti beste batzuk direla, besteenak.
Irudikatzen genuen 2000. urteko urtarrilaren 1ari diskoteka galaktiko batean emango geniola ongi-etorria, neska are galaktikoago baten ondoan, eta, azkenean, seme-alabez kargatuta mahaspasekin ospatu genuen; gabon-kanta tradizionalen doinuan.
Pentsatzen genuen Zeruko Argia gauza anakronikoa bihurtuko zela, eta erdizka bete da pronostiko hori: zerukoaren aldetik apaiztegiak hutsik daude, Elizako funtzionarioak jubilatuak dira, eta Elizako hierarkiak hemeroteka polemikekin betetzeko besterik ez du balio gaur egunean. Baina ARGIA ez, ARGIA gaztetuta dago. Bizi eta adi, munduaren jira-birari.
Sinetsita geunden, geroak zoriona ekarriko zigula. Horixe du, baina, etorkizunak: etimologia zehatz-zehatza. Beti dago etorkizun. Baina hemen gaude, eta ez da gutxi.
Ez dugu prospetika egiten asmatu, baina are gutxiago asmatu zuen Unamunok, ehun urte lehenago, XX. menderako euskararen heriotza aurreikusi eta aldarrikatu zuenean. Ez ba, hemen gaude gu, eta Unamunok, ordea, ez du libururik saltzen, ez bada eskolaren batean agintzen dutela. Eta ez dauka blogik: ez du inork irakurtzen. Inkulturaren seinale izango da, agian. Sign of the times. A! honetan asmatu genuen, denok ingelesez egiten amaituko genuela.
Copyleft: Luistxo Fernandez, www.eibar.org/copyleft.
Iņigo Lamarca
ARGIA 2.000. zenbakira iritsi den honetan, ezer baino lehenago zorionik beroenak eman nahi dizkiet hori posible egin duten guztiei, eta, era berean, aurrerabidean adoretsu eta kementsu jarraitzea opa diet aitzindari izaten jarraitzen duen astekaria egiten duten guztiei. Urtebete eskas pasatu da Eusko Legebiltzarrak Ararteko hautatu ninduenetik, eta egokia iruditzen zait, urtemugaren ikuspegitik, buru nauen Ararteko erakundeari buruzko -eta, oro har, horrek eredu duen Ombudsmanari buruzko- hausnarketa labur bat egitea. Dakizuenez, euskal administrazioen jarduera aztertzea da bere eginkizun nagusia, herritarrek aurkeztutako kexak bideratuz, aztertutako jarduerak legearekin eta giza eskubideekin bat egin duen ebatziz. Baina hori ez da Arartekoaren eginbehar bakarra, giza eskubideen aldeko babes eta berme erakundetzat jotzen baitu legeak, eta horretarako hainbat tresna jartzen baititu bere eskura: gomendioak, proposamenak, txostenak, eta abar. Dena dela, Arartekoaren ebazpenak ez dira bete beharrekoak, baina horrek, nire ustez, badu alderdi positiborik. Batetik, oso ondo argudiatu behar ditugu gure jarrerak, hitzaren bidez konbentzitu behar baitugu. Bestetik, aginpide morala auctoritas delakoa lantzera behartuta gaude, bai eta sinesgarritasun ahalik eta handiena edukitzera ere.
Hein horretan, garrantzitsua iruditzen zait giza eskubideen aldeko kultura landuko duen esparrua indartzea, zeinak esparru politikotik ondo bereizia egon beharko baitu, lehen aipatu dugun sinesgarritasunaren mesedetan. Demokrazia modernoa esparru desberdinek osatzen duten sistema konplexu baten bilakaera dinamikoa dela esango nuke. Sistema horretan esparru politikoa ardatz nagusia da, non alderdi politiko desberdinen proiektuak eta ibilbideak kontrajartzen diren herritarren aurrean, baina, halaber, inportantea da gizarte zibila indartsua izatea eta gizarte erakundeen bidez ongi antolatuta egotea, gizarte eskariak egokiro bideratzeko. Ombudsman erakundeak, berriz, hirugarren esparru batean daudelakoan nago, eta beren nortasuna eta jarduera hor landu beharko lituzkete, gizarte erakundeekin elkarlanean arituz, baina horiekin nahastu gabe; administrazioekin ikuskaritza eta aldi berean bulkada lana eginez; legebiltzar taldeei egiten den guztiaren berri emanezā Edonola ere, Ombudsmanen ipar izarra demokraziaren kalitatea etengabe hobetzea da, herritar guztiek giza eskubideak gero eta babestuago izan ditzaten, bai funtsezkoak direnak -bizitza, duintasuna, askatasuna, berdintasuna, integritate fisiko eta moralaā-, bai eta "estatu soziala" kontzeptuarekin lotuta daudenak ere -hezkuntza, osasun zerbitzua, autonomiarik ez duten ezindu eta adinekoentzako zerbitzuak eta abar-. Ez ditut aipatu gabe utzi nahi sistema demokratikoaren bilakaeran berrienak diren eskubideak, ingurugiro egoki bat izatekoa edo datu pertsonalen babesa.
Euskal Herrian saihestezina da hizkuntza eskubideez hitz egitea. Bi hizkuntza ofizial dituen herri batean herritar guztiak kontent edukiko dituen hizkuntza politika egokitzea ez da batere erraza, are gutxiago bi hizkuntzetako bat hiltzorian egon denean eta egoera oso ahulean eta gutxituan dagoenean egun. Alor honetan jasotzen ditugun kexak kasuan kasuko zirkunstantzia guztiak kontuan hartuz baloratzen ditugu, jokoan dauden eskubideak neurtuz, beti ere euskal hiztunen eskubideak gerizatuz, baita administrazioaren elebitasunari buruzko erabakiren bat zalantzan jartzen dugunean ere. Argi daukat, edonola ere, euskal hiztunen eskubideak behar bezala bermatzeko -bai eta, halaber, euskara kultura ondare gisa babesteko ere- bi helburu erdietsi behar direla geroari begira: batetik, EAEko herritar guztiek hizkuntza ofizial biak jakin behar dituzte, eta, bestetik, euskararen erabilera indartu, zabaldu eta sustatu egin behar da. Hori guztia, euskal erakunde politikoek eragin behar dute, noski, bai eta gizarte erakundeek ere. Eta, jakina, aski definitu gabeko hirugarren esparruan diharduen Arartekoak ere badu zer esanik eta zer eginik helburu horiek lortzearren. Gure urteurrena dela eta burutzen ari garen Arartekoaren jarduera programak zehaztuko ditu gure egitekoak.
Mikel Hiribarren 'xinaberri' ( laboraria)
Xinaberri, Xuberoako Eskiula herriko baserri zaharkitu baten izena baizik ez zen. Egoiliarrik gehiago ez zuenez, jabeak bi sosen truke alokatzen zigun zen bezala: sukaldera heltzeko ikuilua zeharkatu behar, sukaldeko leihotik begiratuz etxe inguruko laparra besterik ez ikusten... Baina lagun giro berezia eta gozoa gehienetan Xinaberriko basetxe hartan biltzen ginelarik gauez ala asteburuz, egunak eta asteak Xuberoko nekazari ttipi eta behartsuei esku lanetan laguntza ematen egon ondoan. Gehienbat soldadutzarako deia errefusatu zutenak ginen, ordainean zerbait baliagarri egin nahian hurbilduak Xuberoako elkarte horretara, Frantziako nonahitik, eta bakanago Ipar Euskal Herri honetatik bertatik. Joan den mendeko 1968 eta 1981 arteko urte aldi haiek ziren, eta gazteago ginen!
Maoistak ere egon omen ziren urte batzuez elkarteko baserri horietan laguntza ematen, eskulan konkretua egin behar baitzuten hauek naski beren militantismoa betetzeko, eta nonbaitik abiatzeko lantegietako eta baserrietako proletarioen martxa...
Atzoko kontuak iduri badute, belaunaldi bat baino gehiago ez baita iragan geroztik, noizbaitekoak dira bizkitartean: Mitterrand-ek Frantzian onartu zituen kontzientzia eragozpen zaleak, eta Chirac-ek kendu zuen mutil gazteek nahi ala ez egin behar zuten urte beteko soldadutza. Txina ala Errusia sozialismoaren modelo izatetik kapitalismoaren aitzindari izatera bihurtzen ari dira.
Eta guk, Manex-en aldera itzulirik, jarraitzen dugu eguneroko lanean burua makurturik, gaztaroko giroak bizirako txertatu gaituela, nolanahiko botere bideez mesfidatzen garela, ahaleginak egin beharrez gabiltzala inguruko eta eguneroko gizarte hau zuzenago eta jasangarriago bihurtzeko, ahantzi ezinez herioaz ala kartzelaz ala ihesaz joak izan diren herrikideak, pozik herrialde honetan berean hamaika keinu baikor agertzen baitira egunero, kezkati gizartearen aterabide globalagorik merkatuko legearen behe-lainoak ikustera uzten ez digulako!