Lourdes Oņederra
Beti igoal. Ez dago gai bat aukeratua izatea bezalakorik, beste bat gurutzatzeko indartsu, nahitaez kasu egin behar zaiona, odola pil-pilean jartzen duten horietakoa. Ezinbestean, noski, lehen aukeratuari aurrea hartzen dioten horiek errepikatuak izaten dira, betikoak: azken batean bakoitzari odola mugiarazten dioten gaiak gutxi eta bertsuak izaten baitira. Horregatik idazten dugu idazleok beti istorio bera funtsean eta mozkorrak ere beti arrazoi beragatik egiten du negar.
Gaurkoan RENFEren kontra idatzi nahi nuen, desastrearen anekdota adierazgarri batzuk, baina kontua da orain dela egun batzuk aldizkari honetan Haritschelar jaunari egindako elkarrizketa irakurri nuela. RENFErenak ez du gaurkotasunik galduko zoritxarrez; beste baterako utz dezaket.
Elkarrizketa azaletik beretik gustatu zitzaidan: asko eskertzen dut euskararen aldeko jarrerak hautu politiko abertzale prototipikoetatik askatzea, areago Haritschelarren mailako batengan. Eguzkia zegoen, arbola baten itzalpean nengoen etzanda. Gustura. Irribarrez eta "bai jauna" pentsatuz irakurri nituen hizkuntzaren arauarekikoak. Bufff: zein ondo horrenbeste arauzale estuz inguraturik gauden honetan, Euskaltzainburu ohiaren zentzua, buruargitasuna, neurria eta humorea. Horrelako gehiago behar genituzke. Oso egoki, halaber, EITBren ingurukoak, pedanteei buruzko ironiak, Frantziako politikariez esanak, Txillardegi eta Euskaltzaindiarena zuzen azaltzea, eta abar. Momenturen batean eskertzeko edo zoriontzeko mezu bat bidali beharko niokeela ere pasa zitzaidan burutik nire uda-hasierako ongizate haren euforia maitekorrean. Pentsa ezazue nola nengoen.
Eta, halako batean, dzast! Haurrak egitearena. Euskara salbatzeko.
Ez da lehen aldia, noski. Horrexegatik ekin diot gaiari, ez benetan eta aspalditik estimatzen dudan Haritschelar jauna kritikatzeagatik. Berarengan, elkarrizketa horretan, nabarmen gelditzen da oso, beste arazoetan agertzen duen beregaintasunaren, zuhurtziaren eta begirunearen ondoan.
Eta hortxe da, nire ustez, gakoa: ez dela hartzen umeena inoren esparru propio eta pribatutzat. Irudi luke emakume edo bikote bakoitzaren gainetik letra larriz idatzi beharreko Egia Sakratuak daudelaā Horietako bat izan ohi da sarri gure testuinguru honetan denok kezkatzen gaituen euskararen geroa.
Badakit, bai, umeak egiteak edo ez egiteak ondorioak dituela letra larriz edo txikiz idazten diren gizartearen esparru zenbaitetan: hala nola demografian, ekonomian, lan-merkatuan, etxegintzan, kaleko alaitasunean, gu denon historian azken batean. Baina guztion historia horretan bakoitza bat eta bera da eta maizegi ahazten zaigu, maizegi itotzen dugu norbanakoa, bere aukerak, banakoaren askatasuna, eztabaidatzen ez diren balio gorenen izenean.
Emakume batzuk umerik ez izatea tristea da, ezinak eragina bada; haurrak izatea ere bai, ez bada aukera librearen ondorioā Edo nahi adina ez izatea. Edo bikotea izan arte berantaraztea. Are tristeagoa, etxebizitza izan arte egon beharra. Badira dituzten umeak baino gehiago gustura izango lituzketenak ere eta beste batzuk, bakar bat egin gabe bizi nahi dugunak. Voilā.
Pili Kaltzadak zioen (Berria 2005-IV-5) "bizitza pertsonalaren eremu garrantzitsu bati uko egin" diogula umerik izan ez dugunok. Egia da ziurrenik, baina zein aukerak ez dio beste bati uko egiten?
Onar dezagun daukagun errealitatea, poz gaitezen aukerez -horrela, pluralean- eta asma dezagun, banakoaren askatasuna milimetro bat ere murriztu gabe, nola eman euskarari oxigenoa -kanpotik etorri nahi edo behar dutenei atea itxi gabe noski-.
Karmelo Landa
Europak ez daki nora joan, bere eredu sinbolikoen antzera. Hamlet eta Kixote dira eredu horiek azken lau mendeetan, eta batak zein besteak zalantza eta errealitatearekiko harreman problematikoa dute gida bakartzat. Ez dakitela nora abiatu, ez dutela argi zeren bila ari diren.
Guk, aldiz, ba ei dugu abian prozesua. Komeni zaigu, beraz. norantz joan nahi dugun argitzea. Prozesuak asko irabaziko luke, batez ere, helmugaren ideia argi azaltzerik balego, guztiok ikusiko bagenu gure begien edo gure irudimenaren aurrean arribada portuaren argazkia, eta berau lasaigarria eta are erakargarria balitz. Adibidez, guztiok kontsultatuak garela, modu ireki eta demokratikoan, elkarbizitza antolatzeko oinarrizko baldintzen gainean, eta gure iritzi librea kontuan hartua dela Europan eta Munduan nola bizi nahi dugun erabakitzeko orduan. Adibidez, nola emango zaigun aukera baketsu eta aberasgarria nor bere hizkuntzan eta kulturan bizi eta garatu ahal izateko. Adibidez, nola euskal alderdi eta giza talde guztiek oinarrizko adostasunak landu eta behingoz proposamen baikor bat aurkezten diguten Euskal Herriko biztanle sofritu eta esperantzatsu guztioi.