Astekaria

 Bestelakoak 

Artikulu jatorra

Felix Ibargutxi

Felix Ibargutxi


2000. alea
2005-07-10
alde 0    kontra 0

Azkenaldian oso interesaturik nauka jator hitzak. Zalantzazkoa zait eta horretxen ondorioz kilikagarri. Hitz gutxi egongo dira hori baino labainagorik, anbiguoagorik. Segun zeinek deitzen didan niri jatorra, zer pentsa jarriko nintzateke. Eta, gainera, Bilbao, hiri hartako udal-aldizkarian, izenburu hau irakurri dut: Txakoli 2004, jatorra y actual. Horrek gogorarazi dit hitz horrek arrakasta handia duela tipologia jakin bateko erdaldunen artean.

Bilbaoko izenburu txinpartadun horrek bultz eginda, buruan ordena piska bat jartzen hasi naiz. Lehenbizi hiztegira jo dut. Honela definitzen du Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak jator hitza: "Herri edo lurralde baten hizkuntzari, ohiturei, izaerari eta beste ezaugarriren bati berez dagokiona; horiei arrotz zaien gauzarik ez duena". Eta aurreraxeago: "Pertsonez mintzatuz, bere herri edo lurraldeko ezaugarriak dituena". Hiztegi hartako adibide batzuk: "Nafar jatorra"; "Donostiar jatorra".

Eta hedaduraz, hainbat tasun goragarri duen pertsona atseginari ere jatorra ezaten zaio, hiztegi horrek dioenez. Beraz, euskarazko jatorra eta gaztelaniazko majoa gauza beretsuak dira.

Baina kontuz. Zenbait hiztegitan ikusi dudanez -eta hiztegietan ez ezik kalean ere halaxe sumatu dut- gaztelaniazko castizo eta euskarazko jatorra gauza beretsutzat har daitezke. Eta hor hasten zait niri errezeloa pizten. Adjektibo esentzialistegi baten aurrean ote gauden inpresioa daukat. Azken batean, lehengora bueltatuz: Nor da hemen donostiar edo nafar jatorra? Zein dira lurralde horietako ezaugarri nagusiak? Zeinek banatzen ditu jatortasun-txartelak?

Ereduzko prosa gaur datu-base guztiz lagungarri horretan sakatu eta hainbat adibide topatu ditut. Hona hemen bat, deigarria, prentsa-artikulu batetik jasoa: "Antiguakoa da gaztea, baita jokalari eta gizaseme jator ere, baina ez da Xabi Alonso". Hori idatzi duen kazetaria kazetari ausarta da. Ausarta dugu, delako gazte horren izakeraren muin-muina juzkatzen, epaitzen bukatu duelako. Eta epaia ezin hobeagoa izan da: "gizaseme jatorra".

Beharbada ni oker nabil. Beharbada, jatorra izatea, esaten dizuna esaten dizula, gauza ona da beti eta ez zaio hainbeste buelta eman behar. Iñaki Zabaletaren 110. Street-eko geltokia eleberrian esaten den moduan, "euskaldunak wonderful people dira, jende jatorra".

Lagun bati bidali

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Zure izena* Zure Eposta*
 
Lagunaren izena* Lagunaren Eposta*
 
 

Iruzkina idatzi

Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.
 
Izena* Eposta*
 
Beste norbaitek segidan idazten badu, abisua jaso nahi dut
 

Idatzi segurtasun kodea:
azala  
azala1999
 
azala1998

2000 zenbakia.
2005ko uztailaren 10a


   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Argia.com

© 2008-2011 Argia.com - Komunikazio Biziagoa

Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tlf: 943 371 545 - 943 373 403

Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza