Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-03 -- 1999.zenb

Jakoba Errekondo


Bat dela eta bestea dela, ospitalera bueltaka nabil azken aldi honetan. Gaixoen inguruan gaixo, eta informazio gose. Hala moduzko elikadura eta geure garaiko gaixotasun ugariren arteko lotura nabarmena dela uste duten horietakoa naiz. Hona, bada, han eta hemen bildutakoa, minbizi txarrei aurre egiten laguntzen duten landare eta batez ere fruituak:
Heste lodikoarentzako arana: pektina du eta mugimenduak sustatzen dituelako. Zitrikoak minbiziari aurre egiteko elkar laguntzen duten osagai asko dituzte. Azak, azaloreak, bruselak, brokoliakà familia honetako barazkiak minbiziaren -batik bat bularrekoa, prostatakoa eta obariokoa- aurkari onenak omen dira. Gereziak bitamina, mineral eta abar ugariren artean minbizigaiak indargabetzen dituen azido elagikoa du, eta labore integralek -oloa, arroza, garia, zekaleaà- antzeko eragina duten azido fitiko eta lignanoak. Kuiak eta marrubia gaitz hauen aurkari amorratuenetakoak dira. Alberjiniak eta azenarioak bere karotenoideei esker, minbizia -birika, bularra, heste lodia, maskuria, azala...- eta oxidazioa edo zahartzea borrokatzen dituzte, masustak, ahabiak eta antzeko fruituek bezalaxe. Mahatsa ere aipagarria da, azalean duen flabonoide bat medio. Tipula eta baratxuriak urdaila, maskuria eta heste lodiko minbizia garatzea zailtzen dute. Azken min hau izan dezaketenek edo dutenek sagarra erruz jan beharko lukete. Erremolatxa gorria jaten dutenek askoz tumore gutxiago izaten omen dute. Piperrek, gordinik hobe, urdaila eta heste lodia babesten dituzte. Ananak minbizigai diren nitrosaminak deuseztatzen ditu. Sojak hilekoari eta menopausiari lotutako gora-beherak baretzen ditu eta bular, endometrio eta prostatako minbiziak urritzen. Tomateak prostata eta liseri-aparatua babesten ditu. Oliba olioak, beste onuren artean, gaitz honi aurrea hartzen laguntzen duten osagaiak ditu, beti ere hotzean zanpatua bada hobe.
Sendagile lagun batek dion eran gaur egun jaki osasuntsuenak fruituak diraà

Jabier Agirre

Ukipen edo kontaktuaren ondorioz, sarritan larruazala handitu eta narritatu edo sumindu egiten da, azalarekin kontaktu zuzenean egondako substantzia ugarien eraginez. Ukipenagatiko dermatitisa normalean arropak garbitzerakoan erabili ohi ditugun disolbatzaile, koloragarri, azido eta material alkalinoengatik ûxaboiak eta detergenteak izan daitezkeû sortzen da. Eta narritadura dermatitis horietan sortzen diren erreakzioak ez dira baztertzeko modukoak, ezta gutxiagorako ere, azken finean erredurekin pareka baititzakegu.
Beste kasu batzuetan, dermatitisaren arrazoia lehendik nahiko ongi jasaten zen material edo substantzia bat izan daiteke, zuntz artifizialez osatutako ehunetan gertatzen den bezala. Askotan erdi ustekabean pasatzen zaizkigun erreakzio kimikoen ondorioz, pertsona oso sentikor edo alergiko bihurtzen da, eta lehen inolako kalterik eragiten ez zioten arropak ezin ditu jasan ere egin. Alergiatzat har ditzakegun ukipenagatiko dermatitis horietan era askotako substantziak identifikatu dira -detergenteak, gelak, disolbatzaileak, kolak, botikak, kosmetikoak eta baita perfumeak ere-.
Arroparen kasuan, kotoia da gehien erabiltzen den zuntz naturala, aspaldidanik oso ezaguna delako. Duela urte batzuetatik hona badira "kotoi ekologiko"z egindako zuntzak -Fox Fibre, Colorganic, eta horrelako izenekin ezagutzen direnak-. Horien kotoia modu erabat naturalean landua da, inolako tratamendu kimikorik gabe, eta horrexegatik bereziki gomendatzen zaizkie azal sentikorra duten pertsonei eta haurtxoei. Pixoihalen dermatitisa izaten da kasu ohikoenetakoa, eta pixoihal horietan eutsitako gernua edo pixa deskonposatzean sortzen den amoniakoak sorrarazten duela uste dute adituek ûizterrondoak, ipurmasailak eta izterrak erasaten ditu gehienbatû.

Joxerra Aizpurua


Automoziorako etanola

AEBetan automoziorako erabiltzen den erregaiaren erdia etanola izan daiteke etorkizun hurbil samarrean. Etanola nekazal uzta eta baso-hondakinetatik atera daiteke, Floridako Unibertsitateko Lonnie Ingram ikerlariak dioenez, honek garatu duen bakterio-metodoaren bidez, biomasa eta nekazal hondakinak erregai bihurtu baititzake.
Ikerketarako erabilitako bakterioa E. Coli izan da. Bakterio hau genetikoki eraldatu dute etekin hobea lortzeko eta honela landareen zeluletan topa daitezkeen azukre-motak etanol bihurtzen ditu.
Lortutako etanola gasolinarekin nahastuta erabil daiteke eta une honetan BC International Comp enpresak ditu erabilpen-eskubide guztiak. Lortutako teknologiaren antzeko batekin biomasatik plastiko biodegradagarriak lortu nahi dira.
Orain arte automoziorako erregai gisa erabilitako etanol osoa garestitzat jo ditzakegun materialak legamiaz hartzituz atera izan da, hala nola, arto-almidoia edo kanaberaren melaza.
AEBetako Nekazaritza Departamentuak argitara emandako txostenaren arabera urtero biomasaren mila milioi tona baino gehiago erabil daiteke etanol bihurtzeko, beste hitz batzuekin esanda, AEBen erregai-kontsumoaren erdia.


Martitzeko eguzki ezkutaketa

Artikulu hau ilustratzeko erabili dugun argazkia gure Lurreko inork ezin izango du atera bere kamerarekin. Spirit espaziontziak ateratakoa da eta bertan ikusten da Gusev kraterraren inguruan eguzkia ezkutatzen. Arratsaldeko seiak aldera aterata dago.
Argazkian ikusten diren koloreak hainbat iragazki erabiliz lortu dira eta gizakien begientzat ilunak baldin badira ere, NASAk koloreak indartuta daudela abisatu du.
Bitxikeria eguzkiaren tamaina da. Martitz Lurra baino urrunago dagoenez eguzkiarekiko, bertan ikusten den eguzki-tamaina Lurretik ikusten denaren herena da.
Bitxikeriaz gain badaude zientzialarientzat garrantzizkoak diren datuak, hots, argazkietan hautsa ikus daiteke atmosferan, batez ere eguzkia ateratzean eta ezkutatzean.
Eguzkia atera baino edota sartu ondoren ikus daitekeen hautsa egunean zehar baino askoz handiagoa da eta kontuan hartuz eguzkiak ordu pare bat behar duela ateratzeko eta beste ordu pare bat ezkutatzeko, zientzialariak une horiek argazkitan harrapatzen ari dira gerora Martitzeko atmosferaren gorabeherak hobeto ezagutzeko.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan