Nagore Irazustabarrena
Euritako arropaz jantzitako gazte batek egin zion tiro Ordońezi. Baina horrek euritako arropaz jantzitako edozein gazte susmagarri bihurtzen al zuen? Bada, antzeko logika erabilita ekin zion Baltasar Garzonek 18/98 sumarioari, ETAren usaina bazter guztietan hartzeko ahalmen berezi horrekin. Bere usaimenak Hernaniko Eziago Poligonora eraman zuen, Polizia Nazionala lagun, eta Egin egunkaria eta irratia itxi zituen. «Gogorra bezain gordina eta batez ere, erreala» idatzi zuen Xabier Letonak ARGIAn, gertatutakoa sinestea oraindik zaila zenean. «Espainiako ędemokrazia gazteanĘ itxi den egunkari bakarra» zioen segidan. Eta bakarra zen orduan, 1998ko uztailean. Bost urte geroago etorriko zen Euskaldunon Egunkariaren itxiera. Eta tartean Joxemi Zumalabe Fundazioa, Haika-Segi, Amnistiaren Aldeko Batzordeak... elkarte eta pertsona mordoaren izenekin gizendu zuen epaileak bere makrosumarioa. Lehen epaiketaren sententzia, Haika-Segirena, eman berri dute, baina Garzonen «obra» erraldoiaren amaiera ikusteko dago oraindik.
Ikusteko zegoen 1997ko uda amaieran Itoitzen eraikitzen ari ziren beste obra erraldoi baten amaiera ere. Bide politikotik ezinezkoa zela ikusita, urtegiaren aurkakoek epaitegietara jo eta emaitza positiboak lortzen ari zirela zirudien. 97ko irailean, Entzutegi Nazionalak urtegiaren lanak gelditzeko erabakia hartu zain zeuden. Itoizko Koordinakundeko Patxi Gorraiz baikor zen, Gontzal Agotek lortuko ote zuten galdetu zionean: «Nik uste dut baietz, gelditu behar dute. Hori bai, gelditzen dutenean, hasiko gara mota guztietako erantzukizunak eskatzen, penalak, politikoak...». Aldi berean, zuhur izateko arrazoiak ere bazituen «gai honen inguruan denetarik gertatu delako eta oraindik edozein gauza gerta daitekeelako».
Titaniozko etorkizuna
Hormigoizko hormatzarra baino estetikoagoa zen Guggenheim Museoa Bilbon eraikitzeko proiektua, baita ekologikoagoa ere. Eta, hala ere, aurkako iritziak ez ziren gutxi izan. Zein mesede egingo zion euskal kulturari atzerriko artistentzako museoa egiteko diru kopuru izugarria eskaintzeak? Lehen harria ipini eta lau urtetara, 1997ko urrian, inauguratu zen Bilboko Guggenheim. Eta badirudi titanioaren distirak mutututa utzi zituela kritikoak, eta bere obra inolaz ere bertan ikusi nahi ez zuen Oteizak berak museoarekin hitzarmena sinatuko zuen gerora.
Frank Gehryren eraikin futuristak etorkizunera begira jarri omen zuen gizartea. Baina gizarteak hobe zukeen poltsikora begira jartzea, etorkizunak euroa ekarriko baitzion berehala. 1997ko udaberrian Daniel Udalaitzek txanpon berriaren inguruko zalantza guztiak argitu zizkion ARGIAko irakurleari. «Prezioak igoko al dira?» galderari zera erantzun zion: «Teorian ez dago horretarako arrazoirik. Baina euro/pezeta edo euro/libera ganbiotik atera daitekeen prezioa bitxia gerta dakiguke. Adibidez, ogi batek 50 pezeta edo 3 libera balio baditu, eurotan 0,312 izango da bere balioa. Honen aurrean zenbait dendarik salneurriak gainetik borobiltzeko joera hartuko bide dute». Hori da borobiltzea, hori!
Baina etorkizunera begira jarri gintuena Internet izan zen. 1996an, nabigatzea itsasoan ibiltzea zela pentsatzen genuenean, ARGIAk froga bat egin zuen: bilatzaile nagusiak hartu eta Euskal Herriak sarean tokirik ba ote zuen ikertu zuten. Lycosek eman zuen ezustekoa: «200dik gora erreferentzia eskaintzen ditu Euskal Herriaren inguruan». Askok norberaren izen abizenak ipini eta erantzun gehiago lortzen ditu gaur egun. Zalantzarik ez dago Internetek jauzi izugarria izan duela -Asisko Urmenetak astero bere lana e-mailez bidaltzeraino!-.
Internet Aroaren hastapenetan, batzuk ia Harri Arora egin zuten atzera -eta hor daude oraindik-, Hondarribiko eta Irungo alardeetan emakumerik nahi ez zutela hitzetan eta ekintzetan aldarrikatuz. Idoia Estornes historialaria saiatu zen polemika gordinaren zentzugabekeria garbi azaltzen: Garibaik berak idatzita utzi zuen 1522ko jatorrizko alarde hartan emakumeek parte hartu zutela. Baina alferrik.
Eta alferrik izan ziren halaber 98ko iraileko itxaropen guztiak. Lizarrako adierazpena etorri zen lehenik; ETAren su-etena berehala. «Oraingoz bederen, ETAk berea egin du, Espainiako gobernuaren txanda da eta, ondoren, gainerako alderdi eta giza erakunde guztiena. Euskal gizarteak nekez ahaztuko luke bidean trabarik jartzea» zioen ARGIAko artikuluak. Baina trabak etorri ziren eta ez zen bakerik lortu. Agian Jon Idigorasek arrazoi zuen: «Bakea lortzeko hemen ez dugu kimika edo ingenieritzako Nobel saridunik behar, zentzu piska bat baino ez». ARGIAren 1.553. zenbakian esan zuen hori, eta 2000 zenbaki beharko dira gutxienez zentzu apur hori topatzeko.
Urko Apaolaza
Rio de la Plata Argentina eta Uruguay artean itsasoratzen den ibaia da. Bertan daude bi herrialde horietako hiri nagusienak eta bertara joan ziren milaka euskaldun. Amerikako atea izan ziren Rio de la Platako portuak. Han sortu ziren lehenengo euskal etxeak eta lehenengo euskal-amerikar aldizkariak. Mende eta erdiko historia hemerografikoa gordetzen du lurralde hark euskal herritarrentzat. Euskarazko, erdarazko eta frantsesezko aldizkariak ziren, diasporari hemengo berri ematen ziotenak. Orain, berriz, hangoaren berri ematen digute, hango diasporaren historiaren berri.
guztia irakurri