Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-10-07 16:31:31
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza

2005-07-03 -- 1999.zenb

Katixa Garate


Musika Iparraldetik mendebaldera

Ostiraletik igandera, jende mordoa bilduko du Idauze Mendin Euskal Herria Zuzenean jaialdiak. Musika izango da protagonista, baina beste adierazpideei ere egingo diete leku. Hala, Maceo Parker, Bikini Machine, Zea Mays eta Mal de ojo eta beste hainbat talderen kontzertuez gain, antzerki emanaldiak (Beltzeria, Les Kags..), bertso eta slam saio esperimentala (Maialen Lujanbio, Amaia Agirre, Slam ô Feminen) eta hitzaldiak (energia berriztagarriak...) izango dira. Ostiral eta larunbatean ere izango da zer entzun Sopuertako Mendebala jaialdian. Kantauriko herrien kultura eta musiken topagune honetan, Galiziako Mercedes Peon, Kantabriako Cahornega, Asturiasko Skanda eta bertako Dronadar taldeak izango dira taula gainean.


Euskal gaien datu basea

Renoko unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak (Center of Basque Studies) euskal gaien inguruko argitalpenen datu basea jarri du Interneten: Basque Database (innopac.library.unr.edu:81). Artikuluak, liburuak, tesiak, aldizkariak, DVDak, musika, mapak... material andana jarri dute ikerlari, ikasle eta guztion eskura. Katalogatutako artikuluen %10aren testuak PDF formatuan jarri dituzte. Datu baseak Jon Bilbaok (1914, 1994) egindako Eusko Bibliographiaren (bibliotecaforal.bizkaia.net:8) segida izan nahi du.


Eskultoreen lanak nonahi

Eskultore handien obrak ikus daitezke egunotan hainbat museotan. Gasteizko Artiumen, Richard Deaconek (argazkiak) 1986 eta 2002an egindako eskultura handiak, marrazkiak eta zeramika lanak paratu dituzte. Abuztuaren 28a arte egongo da zabalik. Bilbon ere izango da eskultura erraldoirik ikusteko parada. Izan ere, Richard Serrak Bilboko Guggenheim museorako propio egindako zortzi eskulturak (Denboraren materia) ikusgai dira jada. Miarritzeko Sainte Eugenie elizan, Cesar Baldaccinik (1921-1998) 1946 eta 1966 artean egindako 30 eskultura ikus daitezke, horietatik batzuk inoiz ez dira erakutsiak izan. Altzuzako Oteiza museoan, Orioko artistaren lanak ikus daitezke, Arantzazuko 14 apostoluen moldeak barne. Amaitzeko, Eduardo Chillidak obra publikoak egiteko ematen zituen pausoak azaltzen dituen 4 proiektu erakusketa zabalik da Hernaniko Chillida Lekun.


Ekoizle eta aktoreen akordioa

EAEko Ikus-entzunezko ekoizpenak arautuko dituen akordioa sinatu dute IBAIAK, EPEk eta Euskal Aktoreen Batasunak (EAB); ekoizleek eta aktoreek alegia. Espainiako Estatukoa oinarri, EAEko errealitatera egokitu dute. Izan ere, bertako aurrekontuak murritzak izaten dira, Espainiako Estatukoekin konparatuta. Akordioan bereziki landu dituzte iraupen luzeko ekoizpenak. ETBk ez du akordioa sinatu, eta orain sinatzaileek hari aurkeztu beharko diote. Akordioa izan da adostutakoa, ez hitzarmena, mamiarekin konforme izan arren, ELA eta LAB sindikatuek ez baitute sinatu.


Musikairek hartuko du Elorrio

Antzerkia, musika, dantza... Egitarau oparoa prestatu dute Elorrion. Hamazortzi ekitaldi antolatu dituzte Musikaireren VIII. urtean: Arkadio eta alan magoen saioak, Logela multimediak eta Adicctos taldeen Klonk hip-hop emankizuna, Celtish taldearen folk kontzertua, Clownx antzerki taldearen Odon, Quijote... Emanaldiak eszenatoki paregabeetan izango dira, herriko baseliza, jauregi, eliza nahiz kaleetan.


Euskal abesbatzak sarea

Euskal Herriko Aesbatzen Elkarteak (EAE) web orrialdea (www.koralakeae.com) sareratu du. Informazio andana biltzen du. Batetik, EAEk plazaratzen duen Kantuz aldizkaria kontsultatu daiteke. Bestetik, albisteak, kontzertuak eta ikastaroak ataletan, koruen munduko azken gertakizunak zein diren, emanaldiak non eta noiz diren eta zein ikastaro antolatu dituzten irakur daiteke. Bertako nahiz nazioarteko lehiaketa eta jaialdiei ere egiten diete tartea. Loturen atalean, Gipuzkoako, Bizkaiko nahiz Nafarroako abesbatzen federazioen webguneak paratu dituzte.


Chillidaren eskultura bat enkanteko errekor

Eduardo Chillidaren (1924-2002) Estela XIII eskultura, Lo profundo es el aire sailekoa, 1,2 milioi eurogatik saldu zuten joan den astean Londresko Christieæs enkante etxean. Granitozko pieza Fuerteventurako mendi batean jartzeko asmoz egin zuen Chillidak baina bildumazale batek erosi zuen azkenean 1990ean. Artistaren beste obra bat ere saldu zuten Christieæs enkante etxean: Oxido G82. Buztinezko eta kobre herdoilduzko lanagatik 280.800 euro ordaindu zituzten.


Alvaro Feito kazetari madrildarrak Benito Lertxundi. El bardo de Orio liburua idatzi du. Duela 15 urte, Orioko kantariaren gaineko liburua euskaraz plazaratu zuen Elkarrekin. Ordukoa gaztelaniara itzuli eta osatu egin du orain.

Jon Ander eta Edurne Azpitarte gailendu dira Seguran jokatutako Euskal Herriko Dantza Sueltoko Txapelketan.

Erika Barahonaeta David Hornbackek argazki erakusketa paratu dute Bilboko BBK kultura aretoan: Das ist Berlin (Hori da Berlin?). 1993tik Berlinen egindako argazkiak uztailaren 7a arte ikusi ahal izango dira.

José María Jimeno Jurio ikertzaileak toponimiaren eta euskararen ikerketetarako egin zituen fitxategiak eman dizkio dohaintzan Euskaltzaindiari haren familiak. Euskaltzaindiak fitxategiak sailkatu eta digitalizatuko ditu.

Miren Agur Meabe, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Joseba Sarrionandia, Castillo Suarez eta Kirmen Uriberen obra eta poetika hurbiletik ezagutzeko parada eskaintzen du plazaratu berri den Poetikak & Poemak liburuak (Erein).


Xabaltxek Deiari: «Hegoaldeko jendea ez da interesatzen Ipar Euskal Herrian egiten diren gauzekin. Orokorki, komunikabideek beti alde berberak jorratzen dituzue Iparraldeari buruz. Euskal musika baldin bada Anje Duhalde, Niko Etxart eta Erramun Martikorena, eta horrekin ados eta pozik zarete (...) Kulturalki bezerotzat hartuak gara, baina egile bezala ez. Gauza guztiak Hegoaldetik sartzen dira Iparraldera, baina ez alderantziz».

Igor Elortza Berrian: «Gure belaunalditik aurrerakook txapelketekin egin gara bertsolari. Eta horrek asko markatzen du. Bertsokera bat hobesten du, adibidez, eta horrek bestelako joerak dituzten nortasunen kontra egiten du askotan, gaztetxoen artean batez ere».

Nestor Basterretxearen hitzok jaso zituen Garak: «Euskal artista batentzat bere obrak Guggenheimen erakustea eskuekin zerua ukitzea bezalakoa da».

Sonia Gonzalezek honakoa idatzi zuen Beterriko Liburuan: «Androk disyuntiba zail batean egoten gara: zelan idatzi emakume moduan, «literatura femenino» zaku horretan sartuak izan gabe edo «unibertsaltasunetik» kanporatuak izan gabe. Eta hau guztia oraindik gure identitatearen bila, andra izatea zertan datzan bila gabiltzala».

hemeroteka

1998. zenbakia | 2005-06-26
1997. zenbakia | 2005-06-19

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan