Jon Gurrutxaga
Aspalditik elkar ezagutzen bazuten ere, kontzertuak ikusteko zaletasunak batu zituen Aterkings taldeko partaideak. Izan ere, askotan egiten zuten topo emanaldiak ikustera joaten zirenean. Musika gustu antzekoak zituztela ikusirik, ostiralero bertsioak jo eta ongi pasatzeko elkartzen hasi ziren Markinan. Little Richard, The Stooges eta The Isly Brothers bezalako rock & roll talde mitikoak bertsioneatzen hasi baziren ere, taldeko partaideen aurrekari ezagunenak pop mundutik datozkigu. Martxelo Mendizabal (bateria) eta Alberto González (gitarra) 6nemen9 taldean aritu ziren eta Iker Etxeberria (baxua) eta Mikel Txurruka (gitarra), berriz, Taupada taldean. "Gertatzen dena da, agian, jo izan dugun taldeetan ez genuela normalean entzuten dugun musika egiten. 6nemen9 taldearen kasuan, entseatzen hasi baino lehenago Albertok eta biok beti jotzen genuen rock kantaren bat, bertako talde rockeroren baten edo REM-en bertsioren bat, adibidez", esan du Martxelo Mendizabal bateria joleak. Iñigo Goikoetxea abeslaria da musika munduan berriena, abeslari eta baxu jole bezala aritu izan da aurretik.
Erreferentzia klasikoak
Aterkingsek rock & roll klasikoan ditu erreferentzia nagusienak, 40ko hamarkadako taldeetatik hasita gaur egunera arteko bandetara: Little Richard, The Stooges, MC5, garajea, psikodelia, surf musika, rock australiarra. Hala ere, ez dute punk estiloa albo batera uzten. Ramonesen eragina da kasu horretan nabarmenena. Dena den, Euskal Herriko taldeak ere gustuko dituzte. Adibidez, Buenavistako soinua dute laket: Nuevo Catecismo Católico, Señor No... "Behin kazetari batek diskoa Ruta 66 aldizkariko urte guztiko artikuluen laburpena dela esan zigun", diosku Alberto González gitarra joleak.
Rock'n'roll joan zen otsailean grabatu zuen talde markinarrak Urdulizeko Tio Pete estudioetan, José Lastra teknikari zutela. Zuzenean duten freskotasuna lortzearren, taldeak sesioan, guztiak batera, grabatzea erabaki zuen. Eta emaitzarekin oso gustura gelditu dira. Emanaldietan ere Tio Peteko teknikarietako bat arituko da beraiekin, Jon Llamosas, hain zuzen ere.
Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin argitaratu dute beren estreinako lana, esentzian taldea deskribatzen duen titulua daraman diskoa: Rock'n'roll. Garbi ikusi zuten beraien musika mundu anglosaxoitik datorren rock & roll esaerak definitzen zuela. Markinarren izenak ere badu ingelesetik zerbait, ez dena ordea. "Itziarren bada Egurs izeneko enpresa bat. Ikerri nonbait asko gustatu zitzaion ahoskatzerakoan zuen soinua eta ingelesez aterkiari txantxetan aterkins esaten hasi zitzaion. Gero "g" bat gehitu eta listo. Horrela sortu zen izena", diosku Goikoetxea abeslariak. "Euria egiten zuen", azaldu du barre artean Iker Etxeberriak. Diskoaren azala eta kontrazala, berriz, oso Markinakoak dira. Azalean, frontoian duela urte asko ateratako argazki zahar bat ikus daiteke, ume zestalari piloa eta epaileak publikoa agurtzen agertzen dira bertan. Atzean, aldiz, bi zestalariren argazkia.
Azkenean Rock'n'roll diskoa zigilu euskaldun batek argitaratu badu ere, lehenengo eskaintzak kanpotik etorri zitzaizkion talde markinarrari. Izan ere, Kike Turmix izan zen taldearekin interesatu zen lehena. Turmix duela urte asko Madrilen bizi den musikari eta ekoizle bilbotarra da eta bera izan zen, hain zuzen ere, Aterkings disko bat grabatzera animatu zuena. "Turmixen asmoa diskoa Xixonen grabatu eta gero berak edo Madrileko zigilu lagun batek argitaratzea zen. Egia esan, guk ez genuen disko bat grabatzeko asmorik; berak berotu gintuen. Sinesgarritasuna eman zigun Turmixek", dio Alberto González elgoibartarrak. Kike Turmix Pleasure Fuckers rock taldeko partaidea da eta dagoeneko martxan ez dagoen Safety Pin records zigilua sortu zuen duela zenbait urte. Horrez gain, Eskandinaviatik rock talde ezagunen zuzenekoak ekarri izan ditu, Hellacopters eta Glucifer, kasurako. Hain zuzen ere, azken hauekin aritu ziren Aterkings taldekoak, Kafe Antzokira etorri zirenean. Azkenean gertutasunak ematen duen segurtasunak konbentzitu zituen markinarrak eta Gaztelupeko Hotsak zigilua izan da Rock'n'roll karrikaratu duena. Hala eta guztiz ere, Turmixekin harremanetan jarraitzen du banda bizkaitarrak eta horrek Espainian hainbat kontzertu eskaintzeko parada eman dio. "Kanpoan harrera ona izan dugu. Egia esan Goikok kristoren espektakuloa eskaintzen du eta jendea ez da ohartzen zenbat kanta egiten ditugun euskaraz eta zenbat ingelesez. Jendea jarrerarekin gelditzen da", diosku Alberto Gonzálezek.
Ingelesetik euskarara
Diskoan euskara, ingelesa eta gaztelera entzun badaitezke ere, hasieran kanta gehienak ingelesez egin zituzten. "Guk entzuten dugun musikaren %90 ingelesez abestua da, horregatik, askotan gure atentzioa ez da letratan zentratzen", adierazi digu González gitarra jole elgoibartarrak. Euskal Herriko diskoetxe batekin argitaratzeko baldintzetako bat euskaraz kanta gehiago abestea zen. Horrenbestez, hainbat kanta euskaratu egin zituzten. Ez zuten beren burua euskara batuan abesten ikusten eta horrexegatik, markinarrez kantatzen dute. "Markinarrez, baina rock ukituz", dio Martxelo Mendizabal bateria joleak barre artean. Ingelesez entzun daitekeen kanta horietako bat da, hain zuzen ere, diskoko bertsio bakarra. The Beatles eta The Rolling Stones taldeek 60ko hamarkadan ezagun egin zuten Money, The Isly Brothers taldearen kanta. "Hasieratik egiten dugun bertsioa da Money, eta egia esan geure hastapenei egin diegun omenaldi txikia izan da diskoan sartzea", dio Gonzálezek.
Pilar Iparragirre
Kafkaren labankadaren jarraipena al da nobela?
Beno, badu antzekotasunik harekin. Badago hilketa bat, eta horren atzetik pixkana deskubritzen dugu hari bat Axularren Geroren bigarren partera eraman gaitzakeena. Hildako agurea liburuzalea da, nobelan zehar beste liburuzale batzuk ere badira, eta sortzen da halako sare bat. Aurrekoan Kafkaren mendekuarekin sortzen zen, eta hemen Axularrek agindu, baina inoiz idatzi edo inoiz argitaratu ez zen bigarren parte horren inguruan sortzen da. Hori izango litzateke intrigaren hari nagusietako bat.
Izango du besterik?
Jakina, hari horrekin batera badago liburuaren atzetik dabiltzan pertsonaia batzuen liburua bilatzeko itsutasuna, bata bestearen gainetik joan nahi izatera eramango dituena. Eta bestetik pertsonaia nagusia dago, Samuel Elizalde polizia ikertzailea, bere iraganarekin: banandu berria, urte gutxi dituen alaba batekin, erretzeari utzi dio... Honek intrigaren barruan borrokan egin beharko du liburua bilatzen dutenekin eta bere buruarekin.
Asko atsegin al duzu genero beltza?
Genero beltzaren zalea banaiz, baina ez dut idazten oso kontziente, atera egiten zaizkit era honetako nobelak. Iruditzen zait oso ondo ematen duela generoak ezkortasuna adierazteko. Kafkaren labankada idatzi zuen idazleak ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka zegoela uste zuen. Eta sei urte beranduago nobela hau idatzi duenak uste du borroka hura gainditua dagoela, gaur egun biziraupenaren inguruko borroka baino ez dagoela.
Pilar Iparragirre
Ignacio. Los años de la espada
Jose Luis Urrutia
Txalaparta
396 orrialde 18 euro
Loiolako Ignazioren gazte garaia
Gutxi izango dira Jesusen Lagundiaren sortzaile izan zenaren berririk ez dutenak, baina are gutxiago erlijio bide hori hartzea erabaki aurretik Loiolako Ignaziok izan zuen bizitza ezagutzen dutenak. Jose Luis Urrutiaren Ignacio. Los años de la espada nobela historikoak ematen du horretarako aukera, 1491n jaiotako Iñigok, Oinaz eta Loiolako Beltrán Yáñezen semerik gazteenak, nerabezaroan eta gaztaroan izan zuen bizitzaren aztarnak erakusten baititu. Errege Katolikoen kontulari gorenaren mutil bezala pasatako urteetan ikasi eta egin zituen barrabaskeriak, luxuzko bizimodu hartan erakutsitako ausardia eta harrokeria, aurre egindako norgehiagokak, limurtu zituen emakumeak, arbuioak sortu zituen bihozminak...
Saltoki-gune handien eredua eta merkataritza eredu tradizionala aurrez aurre
Jose Allende Landa
Manu Robles-Arangiz Institutua
40 orrialde / 5 euro
Jose Allende merkataritza eredu ezberdinen eragina aztertzen
Nabarmena da gure herri eta hirietan azken urteotan geroz eta gehiago sortzen ari diren saltoki-gune handiek txikizkako merkataritzan diharduten denda txiki eta ertainei egin dieten kaltea. Baina saltoki-gune horiek izan dute bestelako eragin kezkagarririk ere, herritarren kontsumo ohituretan, aukera ditzakegun produktuen kalitatean, lanpostu egonkorrak suntsitu eta behin-behinekotasuna areagotzean... Eta hain zuzen ere, arazo hauek guztiak izan ditu kontuan Jose Allende Landak Manu Robles-Arangiz Institutuak plazaratu duen Saltoki-gune handien eredua eta merkataritza eredu tradizionala aurrez aurre: Gizarte, ekonomia, kultura eta lurralde ondorioak, jasangarritasunaren ikuspuntutik azterketa burutzerakoan.
Euskal Herriko arkitektura
José Javier Fernandez
Ibaizabal
156 orrialde 14,20 euro
Euskal arkitektura urratsez urrats
José Javier Fernandezek osatutako Euskal Herriko arkitektura liburuak gure arbasoek utzitako lanetatik hasi eta gaur egun arte euskal arkitekturan jaso dugun ondarea aldarrikatu nahi du, batik bat oso informazio publiko gutxi dagoelako ondare horri buruz, ez da eskuraerraza, eta, horrez gain, askotan ez dago behar bezain ongi kontserbatuta ere. Euskal arkitekturaren historiari eta historia horretako gertaera, protagonista eta obra nagusiei errepaso eginez, arte estilo bakoitzaren ezaugarri orokorrak eta estilo bakoitzak Euskal Herriko arkitekturaren historian duen esangura landuz, kalitate bikaineko arkitektura ondarea dugula nabarmendu nahi izan du egileak bere lanean, ea behingoz hezkuntzan arkitektura ondarea erakusten den, bereziki garaikidea, hori delako hurbilen daukaguna.
Euskal mitologia konparatua: Jentilen akabera
Juan Inazio Hartsuaga
Gaiak
290 orrialde
18 euro
Euskal espezifikotasuna
Euskal mitologia bere osotasunean interpretatzeko ahalegina egin du Juan Inazio Hartsuagak Gaiak argitaletxearen bidez plazaratu duen bi ataletan -Euskal mitologia konparatua eta Jentilen akabera- banatutako lan honetan. Bertan azpimarratzen du mitologia ez dela ipuin fantastiko zenbaiten bilduma, herri eta kultura bakoitzeko bizimoduaren zergatia herri eta kultura horretan bizi direnei azaltzen dien erantzunen multzoa baizik. Egileak gogorarazten du mitologiak ez duela herri edo kultura bat nolakoa den esaten, baizik eta nolakoa izan nahi duen. Beraz, euskal espezifikotasuna nabarmentzean, garai bateko euskaldunek euren buruei emandako ereduen multzoaz ari da Hartsuaga, irakurleak erabaki dezan gaurko euskal gizartea eredu horietatik zeinen hurbil edo urrun dagoen.
El día en que inventé tu nombre
Teresa Calo Fontan
Kutxa Fundazioa
76 orrialde 5 euro
2005eko Donostia Hiriko Kutxa Antzerki saria
Teresa Calo Fontanen El día en que inventé tu nombre antzezlanak eskuratu zuen 2005eko Donostia Hiriko Kutxa antzerki lehiaketako saria. Bata bestetik urrun aspaldian bizi izan diren ama-alabak dira bertako protagonistak. Hamazazpi urte ditu alabak. Ordurarte berarekin eduki duen aitak kale borrokan sartuta dabilelako bidali du Andaluzian bizi den amaren etxera. Amak ez duela ezker abertzaleko borroka tutik ere ulertuko eta, gazteak ez luke azken garaian hainbeste buruhauste sortu dizkion arazoei buruzko inongo galderarik erantzun nahi, baina, aldiz, hamaika galdera dauzka amari egiteko, eta denetatik aurrena ea zergatik ez zuen berarekin bizitzera eraman.
Zezilia, Samuel...
Maria Markotegi Ijurko
Gero
56 or./ 7,50 euro
Minbizia jasaten duten haurrei eskainitako kontakizuna
Maria Markotegi Ijurkok sortutako Zezilia, Samuel eta barraskilo kalakaria noizbait minbiziarekin, garaitu daitekeen oldartzailearekin batera bizi izan direnei eskainia dago, Adanoko haurrei bereziki. Gaixotasun anker horrekin borrokan ari den neskato bat du protagonista. Ospitalean dago, eta hango psikologoak oparitu dion egunkarian biltzen ditu hainbat istorio, hemen agertzen dena bezain kilikagarriak guztiak. Bosgarren kimioterapia saioa jasan eta gero idatzi zuen animoa suspertuko zion abentura zoragarri hau.
Kearen truke
Aritz Gorrotxategi
Alberdania
133 orrialde 12,50 euro
Aritz Gorrotxategiren bigarren intriga nobela
Edadeko gizon baten hilketarekin ekiten dio Aritz Gorrotxategik azkenengo intriga nobelari. Liburuzale amorratua izaki hildakoa, bere heriotzak liburu zaharren lapurretarekin zerikusia izan dezakeela uste da, eta haren etxeraino joaten diren poliziei Samuel Elizalde gehitzen zaie, Polizian nahikoa bazterturik daukaten arren, sei urte lehenago liburu zaharrekin erlazionatutako beste kasu bat argitu zuen ikerlaria. Porrot dezente ezagutu ditu Elizaldek bizitzan azken garaian: emazteak utzi du, bere alabatxoarekin egoteko aukerak murriztu zaizkio, eta zerbaitetan aukera egiteko gai dela bere buruari erakusteko otu zaion bakarra zigarroak erretzeari uztea izan da. Baina bere lana zintzoki betetzen ahalegintzen den profesionala izaten jarraitzen du, horrek lagun baino etsai gehiago egitea ekarri badio ere lankide beharko lituzkeen zenbaiten artean, eta, oztopoak oztopo ûFosas komisarioa bezalakoak jartzen dizkioten zangotrabak zein beren bilduman liburu zahar bat edukitzeagatik edozein gauza egiteko prest daudenen ekintzak saihestuzû, saiatuko da agurearen hilketaren errudun nor den argitzen eta Axularren Gerok ea bigarren parte bat izan zuen eta non dagoen jakiten.