Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-07-03 -- 1999.zenb

Elisabeth Pombo

Aurrerantzean ARGIA astekariko eta Euskal Kulturaren HARI buletineko edukiak RSS bidez ere lortzerik izango da. Astekariko edukiak sarean jarri orduko, irakurleak horien titularrak eta sarrerak jasotzeko aukera izango du, baita egunero Euskal Kulturaren Hari buletinean bidaltzen diren albisteen titularrak jasotzeko ere, www.argia.com gunera sartu beharrik gabe.
guztia irakurri

Mikel Asurmendi

"Eusko Legebiltzarra leku ezezaguna zen guretzat, eta leku arraroa da bizi den presioagatik, kanpoko presioarengatik bereziki, hedabideak legebiltzarkideen gainean dabiltzalako... Nolanahi den ere, guk lasaitasunez eta patxadaz hartu dugu gure lana. Ari gara ohitzen eta giroan sartzen pixkanaka. Halabeharrez ikasten da. Neroni lekua ez zait horren arrotza egiten, momentuz ez dut bertigorik sentitu behintzat», adierazi digu EHAK-ko Ezker Abertzalea talde parlamentarioaren bozeramale Nekane Erauskinek.

Juan Jose Ibarretxe hautagaiari bi boto eman ostean mintzatu gara Nekane Erauskin legebiltzarkidearekin. Alabaina, Eusko Legebiltzarraren ganbera eta taldeak osatzean Ezker Abertzalea taldeak bizitako egoera eta hainbat erabakiri buruz galdezka abiatu dugu elkarrizketa.

Eusko Legebiltzarra tirabira askoren ondoren osatu zen, baina zuek ganberako mahaian ez duzue ordezkaririk. Zer adierazten du horrek?
Denok esaten ari gara -PP izan ezik- Legebiltzarrean orain arte egindako politika, politika zaharkitua dela eta alde batera utzi beharra dagoela. Alabaina, guk bederatzi eserleku izanda ere, mahaian ordezkarik ez izateak -eta beste bi alderdik guk baino eserleku gutxiagorekin berea izateak- Eusko Legebiltzarreko demokrazia eza adierazten du. Demokrazia marko honetan batzuek esaten dutena egin behar da edota haiek esana ez baduzu betetzen, zigorra ezartzen dizute.


Alderdiren baten ardura azpimarratuko al zenuke?
EAJrena, argi eta garbi. Ezker Abertzalea mahaitik kanpo gelditu izana bere ardura da. Gure ustez ez du jakin demokratikoki jokatzen.

Lehendakariaren inbestidura saioa burutu baino lehen Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez hautagaiekin hainbat gorabehera izan zenuten. Azalduko al zenizkiguke berauek?
Guk hasieratik esan genien Eusko Legebiltzarrean adostu beharreko guztia elkarrizketa eta negoziazioaren bidez egin behar dugula. Legebiltzarreko mahaia nahiz taldeen osaketa bertan gauden alderdien artean adostu behar genuela, baita inbestidura saiotik atera behar zen lehendakaria adostu ere. Inbestidura saioa ere bakoitzarentzat garrantzitsuak diren gaietan negoziatu ondoren burutzea zen gure asmoa. Orduan, lehendakarigaia aurkeztu duten alderdiek jarrerak agertu zitzaten eskatu genien. Gu prest izan ginen biekin biltzeko, haien erantzuna hedabideetatik jaso genuen ordea, Patxi Lopezek «ez zela gurekin bilduko» esan zuen. Guk, hala ere, deitu genion eta «ez naiz inorekin bilduko» esan zigun. Jarrera desegokia iruditu zitzaigun, hautagai batek elkarrizketa landu beharko bailuke. Ez dugu ulertu benetan. EAJren aldetik berriz, ez zutela gure deia jaso adierazi zuten prentsatik. Gure ustez, berriz, guregana haiek hurbildu behar zuten, haiek adierazi behar digute beren asmoa, eta ez guri bakarrik alderdi guztiei baizik. Alderdi batek ez badu gehiengo osoa eta gobernua osatu nahi badu, gainerako alderdiei bere asmoen berri eman behar die gehiengo hori lortzeko, edo gehiengo sinplea osatzeko asmoa badu ere bai.

Azkenik Ibarretxek deitu zizuen haatik. Zein ondorio atera zenuten?
Bai, berak deitu zigun. Guk berarengandik espero duguna azaldu genion: hau da, guretzat gatazka gainditzeko autodeterminazioa eta lurraldetasuna puntu klabeak direla. Aurrena, eskaera honi buruz bere jarrera zein den argitzea eskatu genion. Bera, oro har, puntu horiek aztertzearen aldekoa da, baina, guk konpromisoak eskatzen dizkiogu, pauso zehatzak. Ez zigun zehaztapenik eman ordea, ba ote dauzkan ere ez dakigu, guri ez baitizkigu agertu. Zehaztapen hori nabaritu genuen. Halaber, Batasunaren ilegalizazioaren aurrean eta oro har, apartheid kasuetan zein den bere jarrera ere ez zigun agertu. Bera ilegalizazioaren aurka omen dago. Mahaia osatu nahi du esklusiorik gabe, horrela behar dela dio. Baina nola?

EAJk bien bitartean programarik ez duzuela esan zuen, eta ez dakiela zuekin zer negoziatu. Zuek, berriz, EAJ gezurretan ibili dela zuekin.
Guk EAJ gezurretan ari dela esan dugu, beraiek badakitelako Ezker Abertzalea talde parlamentarioak zer programa daukan. Ez dugu publikoki aurkeztu baina badakite. Ibarretxerekin egon garenean, berak ezagutu du arlo sozialean zein diren gauza funtsezkoenak guretzat. Ibarretxerekin horri guztiari buruz hitz egin genuen. EAJk ez badaki zer negoziatu, bada, deitu diezagula eta hitz egingo dugu. Gure ustez, beren jarrera aitzakia besterik ez da.

Lehendakariaren inbestidura saioaren bigarren ekitaldia bukatu berri da. Nola bizi izan duzue esperientzia parlamentario hau?
Lasai bizi izan dugu, garbi genuen zer esan behar dugun, gure ildo politikoa eta soziala zein den agertu dugu.

Lehendakariaren inbestidura saioan bi boto eman dizkiozue Ibarretxe hautagaiari. Zergatik edo zein helburuz?
Une historikoan gaude eta aukera hau aprobetxatu behar dugu, ezin dugu berau pasatzen utzi. Ibarretxek bere diskurtsoan planteatutako hainbat gauza interesgarriak iruditu zaizkigu eta bi boto ematea erabaki dugu bakea eta normalizazioaren bidean.

Zehatz galdetuta, Ibarretxeren diskurtsoan zer berri entzun duzue? Zein bidetik joateko aukera ikusi duzue?
Hain zuzen ere, joan den abenduaren 30eko ekitaldian Ibarretxe Planaren sarreran agertu eta onartutako puntuei eusten diela entzun genuen bere diskurtsoan. Guretzat, puntu horiek ezinbestekoak dira hasitako bidean aurrera egiteko. Hau da, lurraldetasuna, herri honen aitortza eta erabakitzeko eskubidea berriz ere aipatzea inportantea iruditu zaigu, baita puntu horiek gauzatzeko mahaia osatu daitekeela entzun ere, inongo esklusiorik gabe, ez geografikorik ez politikorik. Aurrera pausoa iruditu zaigu.

Alderdien arteko mahaia non eratuko den argitu al zuen zure ustez?
Berak esklusiorik gabeko mahaia aipatu zuen eta guk ulertu nahi dugu Legebiltzarretik kanpo osatuko den mahaia dela. Kanpoan mahaia osatzea aipatzeaz gain, mahaian atera daitezkeen ondorioak edo hitzartzen dena bakoitzak instituzioetara ekarri ahalko duela pentsatzen dugu. Guretzat, esploratzeko eta aztertzeko moduko bidea izan daiteke.

«Esklusiorik gabe». Batasuna mahaian egongo dela ulertu behar al da?
Noski. Guk Ibarretxek bere adierazpenetan hori esan nahi zuela ulertu dugu.

Talde parlamentario giltza zarete nolabait.
Giltza hitza erabiltzea ez zaigu egokia iruditzen, ezein alderdik ez du eta ez luke giltza izan behar, guretzat egokiagoa da elkarlana eta elkarrizketa hitzak erabiltzea. Hitz hauek dira giltza aurrera egiteko. Hori da guk landu nahi dugu politika modua. Beraiek gu «talde giltza» garela espresioa erabiltzen dute, guretzat, aldiz, giltza denon arteko elkarrizketa lantzea eta negoziazio batera iristea da, eta ez alderdi baten gainean erabakitzeko ahalmena ezartzea. Hori ez da horrela, aitzitik, gaizki hasteko modua da. Gure asmoa ez da gu giltza izatea, ezta beste inor izan dadin ere.

Baina ezin ukatu legealdiko osoko bilkuren bozketan EHAKren botoak erabakigarriak izango direla.
Norbaitek planteatzen badu zerbait eta elkarrizketaren bidea lantzen badugu, denok izan gaitezke erabakigarriak. Guk gauza batzuetan bat egingo dugu batzuekin eta besteetan besteekin. Denon artean adostasunera iristen bagara inor ez da talde giltza, denok dugu giltza neurri eta modu desberdinean. Hori da behin-behineko gure nahia eta helburua.

Patxi Lopez hautagaiak egindako diskurtsoa nola baloratu duzue, berriz?
Patxi Lopezek ez du ezer berririk ekarri. PSEk hemengo dela erakutsi behar du, Euskadiko eta bertako alderdia dela. Lopezen diskurtsoan Madrilgo Gobernuaren lotura asko ikusi dugu, ausardia gehiagorekin jokatu beharko luke hemengo arazoari irtenbidea aurkitzeko. Lehenengo diskurtso bera egin zuen, edo berririk behintzat ez zuen egin.

Saioa baino egun batzuk lehenago hiruko gobernua osatuko duten alderdiek oinarriak hitzartu dituzte bake eta normalizaziorako.
Hirukoak plazaratu dituen oinarrietan hutsune handiena konpromiso falta da. Beste fase baterako urratsa emateko zehaztapen eskasa du proposamenak. Guk ez dugu ezer berririk ikusi.

Legebiltzarreko taldeen arteko mahaia eratzea ikusten al duzue epe laburrean?
Ibarretxek Legebiltzarrean lan talde bat osatuko dela esan du, baina ez dakigu ondo, egia esan, hori nola gauzatu nahi duen. Hasteko Legebiltzarrean osatu daitekeen mahaian ez da Batasuna izango, eta esklusioa begi-bistakoa da. Batasunak ez du politika egiterik. Guretzat, oraingoz mahai eraikigarri bakarra Hitzarmen Demokratikoaren inguruan osatu nahi dena da. Hitzarmen horretan falta diren indar politikoak bilduko balira, hainbat hobe. Guk hasteko mahai horren alde egiten dugu. Baina guk ordezkatzen dugun ezker abertzaleak badu ordezkaritza gune horretan. Batasunak bete dezake espazio hori. Guk horretan ez genuke zertan parte-harturik.

Espero zena baino askoz aiseago atera da hautatua lehendakari Juan Jose Ibarretxe, eta horrek bederen adierazten du zerbait, humus egoki bat badagoela normalizazio politikoan aurrera egiteko eta hori dela alderdi gehienek lehenesten dutena. Adierazten den bezala, gaur gobernagarritasuna bigarren mailakoa bada ere, bai Madrilen bai Gasteizen komeni da gutxieneko egonkortasuna indarrak normalizazio politikora lasaitasunez eta tinkotasunez bideratu ahal izateko. PPk eta PSOEk beren desadostasuna adierazi dute, baina bistan da oso arrazoi desberdinak dituztela. PSE-EEk bere aldeko baldintza egokiagoak beharko ditu, esate baterako publikoki alderdien mahai batean lasai aritzeko; eta, jakina, denbora ere beharko du. Alderdien mahaiaren eraketa izango da datozen hilabeteetako helburu nagusia, eta zeregin horretan ere aterako da oztopo ugari. Orain, beraz, akaso garrantzitsuagoa da mahaiaren azpian alderdiek behar adinako harremanak eta edukiak lantzea, bidea prest denean mahaiaren gainera behar adinako indarraz ateratzeko.

Katalunia eta PP eta PSOEko hautetsiak, horiek dira azken bi urteetan ETAk argi adierazita, bere jarduera armatutik at utzi dituen bi esparruak. Gainerako jo puntu guztiak zabalik ditu. Hori bai, bere azken bi urteetako jarduerak iradokitzen du, halaber, heriotzarik ez eragiteko borondatea; adierazi, ordea, ez du inoiz halakorik publikoki adierazi. Joko Olinpikoen hautagaitzari lotutako La Peineta estadioan jarritako bonba-autoak gune sentikorra ukitu du Madrilen eta berriz tenkatu du soka. Oraingoz, hala ere, eta bake prozesu bati begira, gehiago ari dira metatzen baikortasunerako keinu eta egoerak, etsipenerakoak baino. Hala ere, bizi den gatazka gainditzeko eman behar den prozesua elikatzeko denbora, keinu eta borondate kopuru izugarriak behar dira; dena hondoratzeko, ordea, nahiko dira ekintza bakar edo bakar batzuk.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren hautaketa saioak ez zuen horretarako betarik eman, baina azken boladan analista politiko zenbaitzuek adierazi dute etorkizun ertainean EAJren eta PSEren arteko koalizio gobernua egon daitekeela PSEko eta EAJko zenbait pertsona garrantzitsuren buruetan. Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Josu Jon Imaz izango lirateke alternatiba horren aldeko, baina halako egoera bat emateko normalizazio prozesuan aurrera egin beharko litzateke. Areago, halako eredu batek kanpoan utziko luke Juan Jose Ibarretxe lehendakaria. Asko esatea dirudi, baina halakoak irakurtzen ari dira seriotzat jotzen diren analista politikoen lerroetan. Dezente irakurritako kontuak dira, esate baterako, Josep Ramoneda eta Javier Ortizen lumak aritu dira halakoekin, hori bai, bi alderdi hauen inguruetan entzundako iritzi eta elkarrizketetan oinarrituta.

Haika-Segi auzian, zigor txikiak izan direla azpimarratu da oro har, eta egia da, izan zitezkeen txikienetakoak izan dira. Auzia duela bi urte eman balitz, handiagoa zatekeen seguruenik. Errealitatea ikusteko era bat da hori. Baina arrazoi dute auziperatuek eta haien abokatuek: hiru urte eta erdiko espetxe zigorra, edo bi urte eta erdikoa, edo ordaindu behar diren dirutzak, edo Segi legez kanpo jartzea... zigor gogorrak dira. Beste edozeinentzako oso gogorrak diren zigorrak ezin dira bigunak bilakatu Segiko gazteentzat.

Onintza Irureta


Euskal komunitate zientifikoa sakabanatuta dagoela dio Karmele Artetxek -Inguma datu-basearen arduraduna da eta komunitate zientifikoari buruzko tesia egiten ari da-. Orain, komunitate hori bilduxeago dagoela esan beharko genuke, Udako Euskal Unibertsitateak Inguma izeneko datu-basea (www.inguma.org) 2000. urtean sortu zuenetik. Artetxeren ardura da ekoizpen zientifikoaren erreferentziak biltzea, eta baita, jasotakoaren ezaugarriak aztertzea ere. Ekoizpenaren sakabanaketari aurre egiteko bi helburu jarri zituzten; batetik, artikuluen, doktorego-tesien, testuliburuen, hitzaldien... egileak biltzea eta bestetik, euskarazko ekoizpenaren erreferentzialtasuna leku batean kokatzea. Lehenengo helburuari dagokionez, 6.000 egile identifikatu dituzte, «egile euskaldunak bildu nahi genituen eta pentsatzen genuen ez zeudela hainbeste». 6.000 horietan sartzen dira adibidez, hitzaldi bakar bat eman dutenak eta baita katalogazioa egiten hasi aurreko autoreak ere, Joxe Miel Barandiaran kasu. Web gunean 2.500 egileren e-postak daude, beraien artean harremanetan jar daitezen edota kanpoko edonork balia ditzan.

Bigarren helburuari dagokionez, Artetxek azaldu digu produkzio zientifikoa, euskarazkoa bezala, beste hizkuntzetan ere sakabanatuta dagoela, baina euskarazkoaren egoera larriagoa dela: aldizkari espezializatu gutxi euskaraz, eta maiz, euskarazko lanak gaztelaniazko aldizkarietan argitaratzen dira, ikusezinak bihurtuz. Inguman 24.000 dokumentu dituzte erregistratuta.


Irakasleak testuliburuak egin nahi ezta

Testuliburuak ekoizpen zientifikoaren adibide gisa hartuta, Jose Inazio Basterretxea EHUko irakasle eta UEUko argitalpenen arduradunari galdetu diogu ea zein den EHUn horien egoera: «Hautaprobatan, aurten, euskaraz eta gaztelaniaz erdi eta erdi izan dira, euskal taldea gero eta handiagoa da. EHUk eskaintzaren erdia euskaraz duenik ez dut uste eta are gutxiago sortutako testuliburuena. Ez dakit konparagarriak diren, baina bai nolabait indikatiboak». Alabaina, Juan Ignacio Pérez Iglesias errektore izendatuz gero, «euskarazko testuen aldeko apustua nabarmena» izan dela esan digu Basterretxeak. Segituan gogoratu ditu, ordea, bi oztopo sendo euskarazko testuliburugintzak aurrera egin dezan EHUn.

Batetik, irakaslea ez dago derrigortuta testuliburuak egitera, testugintza unibertsitarioak curriculum akademiko eta profesionalerako balio gutxi du. Basterretxeak garbi dauka curriculumerako irakasleak hobe duela aldizkari espezializaturen batean artikuluak idaztea ikasleentzat 300 orrialdeko liburua prestatzea baino.

Gainditu beharreko bigarren hesia ekoizpenaren zabalkunde murritza da. Basterretxearen ustez, «unibertsitariok unibertsitariontzat idazten dugu, ikasleentzat. Unibertsitatetik kanpo ere irakurri beharko lirateke eta ez daukagu hori bermatuta». Testuliburuaren irakurketa indibiduala eta zirkuitu soziala aipatu dizkigu, hau da, ikaslearengana batetik, eta gizartearen gainerakoarengana bestetik, heldu beharko luke testuliburuak. Eusko Jaurlaritzaren adibidea jarri digu: «Poesia liburuen aleak erosten ditu eta zirkuitu sozialean sartu, liburutegietan. Liburu unibertsitarioari presentzia soziala San Joan suan agortzen zaio. Eskolako liburuak umeak, amak eta aitak ere irakurtzen ditu».


Unibertsitateek gutxi ekoizten dute

Euskarazko ekoizpen zientifiko osoa kontuan hartuta behintzat, unibertsitateak ez daude lehenengo postuan. Jatorriz euskaraz idatzitako liburuak kontuan hartuz, EHU, Deustuko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ekoizpen osoaren %18,5 da. Itzulpenetan ehunekoa bestelakoa da: %42,7 unibertsitateek ekoizten dute. Zergatik ez dira nagusi unibertsitateak ekoizpen zientifikoan? Karleme Artetxeren ustez: «Agian beste herrialdeetan ekoizpena instituzionalizatuagoa dago, erakunde bereziak daude horretarako, baina gure tradizioagatik eta gaztetasunagatik unibertsitatetik kanpo asko ekoitzi da». Elhuyar, Jakin, UEU, Labayru... erakundeon zerrenda luzea da -Ingumako datu-basean duzu berauek ekoitzitakoaren berri-.

Ezin esan euskal komunitate zientifikoaren osasunaren diagnostikoa egitea erraza denik; Artetxek komunitatea ezagutzen orain ari garela azaldu digu. Hiru urte barru, euskal komunitate zientifikoari buruzko tesia amaitzen duenean, gure autoreak, liburuak, artikuluak... hobeto ezagutu eta erabiltzeko moduan izango gara. Dena dela, zera aurreratu digu berak: «Txikiak gara baina ez eskasak»

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan