Itxaro Borda
Gure mundua gero zahartzenago dela ikusteak, batzutan arrabia hazten digu, ereduak, bizimoldeak, zerbitzuak, denak haientzat osatuak direlako. Eta, ez da segur hutsetik jezartzen gaurkoan jasaten dugun balore kontserbatzaleen tupina-estaliaren zamaren itzulera. Zaharrek gazteen burumuinak garaizegi motel arazten dituzte eta gehienetan pairatzen duten gaizkizateaz ondoko belaunaldiak kutsatzen dituzte. Erreus eta zainetan dabilen jendarte batean ihardutera behartuak gara.
Baina, beste aldetik, ez dezagun ahantz hainbat eta hainbat familia aitatxi edo amatxiren xahartasunaren diruari esker aitzina doazela: hogeita hamar urte loriosetan eraman zuten beren langile ekina. Erretretak alabaina ez dira miresgarriak, hargatik langabezi edo soldata sozialak baino gorago dira anitzetan. Hala ere, zahar parrasta bat begimen daiteke karrika hegietan eske, hilabete bukaerak borobiltzearren.
Halatan, egun izugarri beroak datozela, zain eta arta ditzagun gure xaharrak, 2003ko kanikula gainditu ahal izan baldin bazuten behintzat, eros ditzagula ur botoilak, zapi hezeak, brumagileak eta soto hotzen freskuran atxik ditzagula.
Sotoetan ura baizik ez dezatela edan, ardorik ez.
Ramon Ibeas
Frantzian eta Holandan egindako azken erreferendumaren emaitzek, Bruselatik bultzaturiko Europako Batasun proiektuaren porrota eragin dute. Bigarren egitasmo baten esistentzia ezak, batetik, Nizako tratatuan gelditurik uzten ditu gauzak eta bestetik, krisi egoera honetatik libratzeko derrigortzen du aprobatu gabeko testuaren hausnarketa berri bat egitea eta proposamenak bideratzea.
Asko hitz egin da herrialde bakoitzaren barruko eta sakoneko arrazoien inguruan, hiritarren erabakian pisuzkoa izan den elementuari buruz, hots, krisi politikoa Frantzian, Europa erdialdeko langabezia, euroaren ezarpenaren ondorioz sortutako erosteko ahalmenaren galera. Are gehiago, inmigrazioaren arazoa eta Turkia Batasunean sartzeko posibilitatea, ezezko botoaren aldeko elementua ere ikusi dutenak badira. Bestetik, esan behar da, baiezkoa bozkatu dutenen artean arrazoitzeko argudioak askoz ere zailagoak direla. Hauen artean genituzke Europaren egungo ereduaren apustua egiten dutenak, beraien alderdien aginduari jarraitzen diotenak edota Itun honi ezezkoa emateak Europa krisi egoera batean murgiltzea dela ikusten dutenak.
Egia esan, aurreko guztiaz zerbait badago. Orain, Frantziak barne politikaren aldaketan oinarritu du krisi horri emandako soluzioa. Horrela, Dominique de Villepin-en lehen ministroaren izendapenak eta Nicolas Sarkozy exekutibo berrian sartzeak, 2007. urteko hauteskundeen ikusmira izango lukete, non Jacques Chiracek ez diola lehendakaritzari muzin egiten dirudien. Hau dela eta, beste elementu batzuk tratatu gabe geratu dira, hor dugu, adibidez, klase politikoaren eta hiritarren artean sortutako haustura eta arazo honi irtenbide bat bilatu ez izana, hau da, Sarkozy une honetan Frantziako politikorik baloratuena dela jakinik, proiektuaren buru izendatu ez izana.
Europako Batasunari begiratzen badiogu, azken neurri hauek ez dute prozesuari eginiko salaketa eztabaidan ipini, hots, Batasunaren baitan argitasun falta dago oro har, eta parte-hartzea eta demokrazia eskasa da. Kontziente eta jakitun naiz, behin eta berriz egiten den egungo markoaren justifikazio instituzionalaz, eta hauteskunde batean oinarritutako ereduaren funtzionamendu bidez aukeratutako Europako Parlamentuaz. Egia da, baina ez da egia txikiagoa europar hiritarrek azaltzen duten pertzepzioa. Alegia, hiritarrak oso urrun sentitzen dira eztabaidatzen ari den guztiaz.
Badago garrantzia gutxiago ez duen beste kontu bat. Europar hiritarrek bere kezka azaldu dute Europako Batasunak ongizatea nolatan onartuko duen eta zein neurritan hartuko duen bere gain. Egoera ez da pozgarria, ezta herritarren adorea ere. Alemaniako krisi orokorrak hori adierazten digu, Frantzian bezala, non Jean-Pierre Raffarinek berak datu berri bat eman zuen bere kargua Chirac lehendakariaren esku uztean, Itunaren bozketa eguna aurretik. Honek adieraziko luke lehen ministro frantsesaren onarpen ezak zerikusi gehiago zuela bere neurri ekonomikoarekin, erreferendumarekin baino, azken hau guztiaren akabera izanik.
Eta ez dugu ahaztu behar Europako lehendakaritza Tony Blairren esku geratzen dela, zeini datu ekonomikoek berraukeraketa ziurtatu ziotela dirudien.
Europako herrialde bakoitzaren bilakaera ezberdinaren barruan ongizatearen estatuak baditu 100 urte. Borroka eta lan askoren ondoren, urte askoren buruan eskubide batzuk lortu ziren eta hiritarrak ez daude prest horiei uko egiteko eta are gutxiago burokraziaren eta Bolkestein delakoaren proposamenaren mehatxupean galtzeko, Europan lanaren erregularizazio eza ekarriko duena finean.
Frantsesek horrela ulertu dute 35 orduko lanaldia galdu edo Mendekoste eguna lan eguna bihurtu ondoren. Sindikatuak beren aldetik joan dira eta hiritarrek alderdi errebindikatiboenaren alde apustu egin dute -ekintza bateraturik mantendu ez arren- Gobernuarekin txikizka dabiltzan zenbait sindikatuen aurka jarriz. Ahaztu gabe, gizarte mobilizazio ikaragarria Porto Alegreko topaketen esloganaren inguruan: "Beste mundu bat eraiki ahal da".
Prozesua berregokitu beharko da. Eta ez azaleko itxuraldaketaz edo makilajeaz bakarrik, beharrezkoa izango da hiritarren ongizateaz hitz egitea merkatu libreaz baino. Horregatik, ziurrenik denok ongizatearen alde borroka egin beharko dugu eta ez hainbeste hilabete bukaerara iristeko arazoaz.
Joxemari Iturralde
Badirudi memoria ona izatea gauza onuragarria dela pertsonarentzat, baina ez dela komeni, batzuetan behintzat, memoria sozial edo memoria politiko onegia izatea. Batzuetan ez dela ona izaten, alegia, memoriari eragiten hastea, joandako garaiak astinduz eta gertatutako kontuak berrazalduz. Horrela, gauzak hasi dira harrotzen Argentinan Auzitegi Gorenaren epai batek balio gabe utzi dituelako Puntu eta Amaierako Legea eta Beharrezko Obedientziaren Legea. Orain arte, nonbait, amnesia eta amnistia -gauza bera dira- ziren nagusi, eta hemendik aurrera legearen aplikazioa eta memoria ezarriko dira martxan. Hau horrela delarik, esaten dutenez, ia bi mila polizia eta militar epaituko dituzte epaileek amnesia izatetik memoria ona izatera pasatu direlako. Fenomeno horri, hots, amnesia izateari deitu zioten ûhitzekin beti bezala sekulako malabarismoak egin osteanû izen bitxi batekin: "Barkamenaren legeak", honekin ulertu behar delarik, beti ere, barkamena eskaintzen zutenak batzuk izango zirela, alde batekoak, baina ez, inola ere, beste aldekoak.
Memoria historikoa dela eta, gai honekin lotuta eta Argentinatik gure arteraino salto eginez, aipatu beharko nuke aditu batek, Bartzelonako Unibertsitate Autonomako irakaslea den Carmen Molinerok, idatzi duena: "Hasieratik, frankismoak ahalegin handia egin zuen memoriarekin loturiko politika berezi bat antolatzen, saiatuz, eskematikoki laburturik esanda, memoria demokratikoa demonizatzen aurrena eta desagerrarazten segidan, modu horretan memoria kolektibo berri bat ezartzeko eta finkatzeko beren postulatuekin bat egitearren". Franco hil eta demokrazia Espainian ezarri omen zenetik nabaria izan da, bakeak halaxe eskatzen omen zuelako, amnesia moduko bat, non komeni baitzen diktadurapean eta gerra zibilean gertaturikoak alde batera uztera, dena ahaztea, amnesia ariketa latza egitea. Baina badakigu urte hauetan guztietan alde batekoek bestekoek baino gehiago ahaztu egin behar izan dutela, eta batzuek hainbeste ahaztu dutela non memoriarik gabe geratu diren, noizbait gertatu zirenak inoiz ez zirela gertatu esateraino ahaztu ere.
Duela gutxi, joan den maiatzaren 22an bete ziren 67 urte San Kristobal gotorlekuko ihesa izan zenetik. Aurten bertan Nafarroako Parlamentuak sinatu du agiri bat Holokaustoa gogoratuz eta, batik bat, nazien suntsipen esparruetan hil zituzten 10.000 espainiar haiek. Nafarroako agintariek, ordea, hitzik ere ez dute esan Iruñean bertan frankismoak izan zuen beste suntsipen esparru horri buruz. 1938ko maiatza hartan 2.487 preso zeuden San Kristobalen goseak eta gaixotasunak jota. Bertan bizitzak ez zuen ezer balio eta berdin zitzaien agintariei egun batean 10 gorpu edota 20 atera behar bazituzten ere. Batere kulparik gabeko jendea zegoen bertan preso, langile ezkertiarrak gehienak beren ideiengatik soilik bertan amaitu zutenak, hauetatik batzuk oso gazteak, asko eta asko jaioterriko inbidiak, gorrotoak, salaketak presondegirako bidean beharrez jarritakoak. Bertan, ohartu bai baina ezin ezer esan edo egin, ikusten zuten presoek nola administrariak poltsikoak diruz betetzen zituen presoen jatekoari lapurtuta -administrari hark harro esaten zuen presoen gantza bere poltsikoetan zegoela-, eta ikusten zuten, baita ere, bertako kapilau bat, apaiza, uhaleria gurutzatua eta bi pistolarekin jantzita oihu egiten ziela... Horrela, maiatzaren 22an ihes egin zuten bertatik 795 presok, eta faxistak atzetik segika hasi zitzaizkien zakur amorratuak bezala. 207 hil egin zituzten bertan inolako gupidarik gabe, hauetatik batzuk aitzurkadaz akabatu ere. Jende asko joaten da Europan barrena sakabanaturik dauden hainbeste suntsipen esparru, kartzela, monolito eta oroitarri bisitatzera. Aldiz, inork gutxik dauka, oraindik ere, San Kristobal presondegiaren berri.
Bai, egia da memoria oso selektiboa dela; ez gara maiz ohartzen, ordea, amnesia ere are selektiboagoa izan daitekeela beste askotan.
Gotzon Garate
Ernest Hemingway ezaguna da bere eleberriengatik. Besteak beste, horiengatik eman zioten Nobel Saria. Batez ere The Old Man and the Sea txalotua izan zen munduko lau hegaletan. Film bat ere egina da eleberri horren gainean.
Hala ere, maiz ohartu naiz Amerikako Estatu Batuetan (AEB) askok maiteago dituztela haren istorio laburrak (Short Stories) eleberri luzeak baino.
New Yorkeko Fordham Universityn udan egin ditudan literatura ikastaroetan garbi ikusi izan dut bai irakasleek eta bai ikasle askok ez zutela ezkutatzen Hemingwayen istorio laburrentzat zuten estimazioa. Gutxi dira The Killers edo The Snows of Kilimanjaro irakurri ez dituztenak.
Amerikarrek esaten didatenez, Hemingwayren literatura lana oso lotua ibili da bere bizitzari. Nolabait ere literatura bezain jakingarriak izan dira haren gorabehera eta joan-etorriak. Orain, urteak joan ahala, haren bizitzak ez du horrenbesteko pisurik eta kritikariek haren idaztearen merituei bakarrik begiratzen diete.
Hemingwayek istorio bilduma bat baino gehiago idatzi zuen. Beharbada estimatuena bigarrena da: Men Without Women. Bilduma honetan aurkituko duzu lau orrialdeko Hills Like White Elephants.
1926an, Parisen zegoela The Sun Also Rises argitaratu eta hurrengo urtean (1927) idatzi zuen istorio hau. Argitara orduko laudorio handiak egin zizkioten Parisen zeuden amerikar intelektualek eta AEBetan kritika oso onak jaso zituen.
AEBetan Hills Like White Elephants behin eta berriz agertu da Short Stories antologietan eta beti eredutzat ezarria -New Yorken erosi eta orain neure begien aurrean ditudan antologiotan aurkituko duzu: Laurence Perrine: Literature, Structure, Sound and Sense. Harcourt, New York (1975), Winkler A.C. From Reading, Writing, Harcourt, New York, (1988), Cassil, R.V.: The Norton Anthology of Short Fiction, Norton & Company, New York (1978) ...-.
Kontakizun honetan Hemingwayren prosaren estiloa horren famatua egin duten ezaugarriak ikus litezke: esaldi lehorrak, objektiboak, indartsuak, izenlagun gutxi eta gauzak zuzen esan gabe uzten dituen elkarrizketa bizia.
Kontakizuna ia osorik gizaseme batek neskatxa batekin duen elkarrizketaren bidez esana dago. Espainiako geltoki batean daude trenaren zain. The hills across the valley of the Ebro dira kontakizunaren aurreneko hitzak.
Hizketa aurreratu ahala, garbi azaltzen da neskatxa haurdun dagoela eta gizasemeak neskatxak haurra galtzea nahi duela, abortatzea. Ez dute hala ere sekula abortion hitza erabiltzen, it baizik.
Elkarrizketaren bidez mintzatzaileen nortasuna ere agertzen da. Hala ere, aldez bien arteko harremanak ezkutuan gelditzen dira. Kontakizunaren bukaeran ez dakigu ziur zein erabaki hartu duten edo zer gertatzen zaion geltokian dagoen bikoteari.
Urte batzuk igaro eta Ramon Saizarbitoriak antzeko gaia jorratuko du bere Egunero hasten delako (1969) eleberri entzutetsuan. Aldi hartan Suizako Friburgon ibilia zen Saizarbitoria, unibertsitatean ikasten eta ni ere bai. Behin edo behin musean elkarrekin jokatu genuen.
Saizarbitoriaren eleberria ere treneko geltokian hasten da eta mutil eta neska bat elkarrekin ikusten ditugu. Hasieran batez ere, elkarrizketaren bidez baino bakarrizketaren bidez jakingo dugu gertakizunaren mamia zein den. Hemen ere neskatxa bat haur galtzekotan dago.
Eleberria denez gero, ordea, kontakizuna askoz luzeagoa da, pertsonaien bizitzaren gorabehera nahikorik jakingo dugu eta azkenean neskatxak zer egiten duen ere bai.
Batez ere Saizarbitoriak erabili duen teknikarengatik goraipatua izan da eleberri hau. Bakarrizketek, flashback ugariek, ikuspuntua aldatzeak eta kontakizunaren plano ezberdinek berritasun handia ekarri zuten euskal eleberrigintzan.
Zuzen esan ohi da gaietan Txillardegi izan zela bide berriak urratu zituena eta idatz moldeetan Saizarbitoria.