Bai Euskarari Ziurtagiria erakunde autonomo batek kudeatuko du zabaldu
«Egitura zabal eta sendoagoa, proiektua indartuko duena eta gizartearen aurrean erreferentzialtasun berezitua izango duena» sortu nahi dutela adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek. Erakunde autonomoa eratzearen berria eman dute, hain justu, ziurtagiriak bost urteko ibilbidea egin duenean. Orain arte 1.000 enpresa, saltoki eta bestelako entitatek lortu dute ziurtagiria.
Patxi Larrainzar eskolakoen kanpaldia
Iruñeko Arrotxapea auzoko Patxi Larrainzar eskolako gurasoek kanpaldia egitea erabaki zuten salaketa modura. Eskola honek D ereduko haurrak biltzen ditu eta aspalditik ari da eskatzen tokia ikasle eta irakasleentzat. Ikastetxearen eraikin berria egitekoak diren tokian dendak jarri zituzten joan den astean. Eraikina egin bitartean ez dute tokirik eta Hezkuntza Sailak aurrez fabrikatutako gela gehiago jartzea proposatu die. Patxi Larrainzarreko arduradunek arriskutsutzat jo dute proposamena eta auzo bereko Cardenal Ilundaineko gela hutsak baliatzea eskatu dute. D ereduko ikasleentzat «eskola duina» eskatu dute.
Euskal Blogen Eraztuna sortu dute
Blogak sortu eta sortu ari dira eta hainbatek Euskal Blogen Eraztuna sortzea erabaki du. Sortzaileen ustez, blogarien komunitatea txikia da eta orain blogak egiten ari direnen arteko sakabanaketa murrizteko modu bat izan daiteke elkarte hau. Jende berria hurbiltzen doan neurrian ere, komunitate osoarekin kontaktuan jartzea lortu nahi dute. Azken finean, komunitate izaera eman nahi diote Euskal Blogen Eraztunari.
Euskarazko ikasgai gehiago
Nafarroako Unibertsitate Publikoan
2005-2006ko ikasturtean hamabi titulaziotan 27 ikasgai euskaraz ikasteko aukera egongo da. Euskarazko eskaintzak gora egingo duela esan nahi du horrek, baina ez da izango unibertsitateak berak hizkuntza plagintza egin duelako. Hizkuntza planifikazioa egiteko ardura zuen batzordeak dimititu egin zuen nahi izandako lanak aurrera ezin eraman zituelako. Ofizialki ez bada ere, batzordeak biltzen segitu du eta datorren ikasturterako 27 ikasgai horiek aurkeztu ditu.
Nafarroako Hezkuntza Sailean hizkuntz eskakizunik gabeko deialdia
Euskal Herrian Euskaraz-ek salatu duenez, Nafarroako Hezkuntza Sailak 465 irakasle aukeratzeko oposizio lehiaketa egingo du eta lanpostu horietatik 127tan baino ez du eskatu euskara jakitea.
Daniel Udalaitz
Kredituak pertsona fisiko edo juridiko batek beste bati ematen dizkion maileguak dira. Jeneralean, printzipala eta interesak itzultzeko epeak finkatzen dira. Kreditua ematen duena mailegu-emailea edo hartzekoduna da, eta eskuratzen duena mailegu-hartzailea edo zorduna. Kredituak ematea da entitate finantzarioen jarduera nagusia, interesetatik ateratzen baitituzte etekinak. Hainbat motako kredituak daude. Herritarren artean zabalduenak kreditu hipotekarioak dira. Garrantzi handia dute etxebizitzaren finantzazioan, bai halaber nekazaritzako obra eta ekipamenduetarako inbertsioetan. Kreditu hipotekarioak ondasun immobiliario baten bermearekin ematen dira: etxebizitza, nekazaritzako ekipamenduak, eta abar. Ondasun horien balioarekin erantzuten zaio ez ordaintzeko arriskuari. Badira bestelako kredituak ere. Batetik, kreditu bigunak, zein epe luzera eta interes-tasa apalekin ematen baitira, horrela funtsean izaera soziala duten eta errentagarritasun ekonomiko handirako espektatibarik ematen ez duten inbertsioak laguntzeko. Bestetik, kreditu zubiak, presa handi samarrarekin kapitala behar duten pertsona fisiko edo juridikoei epe laburrera ematen zaizkienak. Denbora jakin baterako ituntzen dira, eta, gehienetan, epe ertainerako edo luzerako kredituenak baino baldintza garestiagoetan.
Nafarroako biztanleen %66,7 ETArekin hitz egitearen alde legoke honek biolentzia alboratuko balu; aldi berean, bake prozesu bat emango balitz, Nafarroako alderdiak prozesu horretan partehartzearen alde legoke herritarren %73,1. Inkesta Diario de Noticias egunkariak kaleratu du eta Soziologia Tallerrak egindakoa da. 2004ko apirilaren 14ko Espainiako hauteskundeen aurretik, nafarren %57 zen ETArekin hitz egitearen aldekoa, beraz orain baino 9,3 puntu gutxiago. EAE eta Foru Komunitatearen arteko harremanei buruz, %44 konforme da egun den harreman mailarekin eta %40,7k handiagoa nahiko luke.
Miguel Buen Gipuzkoako PSEko idazkari nagusia El Diario Vasco-n: «EAk baino diskurtso moderatuagoa erakutsi zuen EHAK eta blindatutako Estatutu baten erreforma posibilistaren aldeko hautua egin beharko du EAk».