Katixa Garate
Kopyleft jardunaldiak Donostian
Batzuek egile eskubideak babesteko copyright lizentziak ezartzearen alde egiten duten bitartean, beste batzuek sormen lanak trukatu eta zabaltzea xede copylefta bultzatzen dute. Azken horiek copyleftaren eta jabetza intelektualaren gainean hausnartzeko parada izango dute Donostiako Artelekun, ekainaren 24tik 26ra bitartean, Sormena elkarbanatzen defendatzen da! lelopean. Hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak... izango dira. Besteak beste Wikipediaren sortzaile Jimbo Walesek, SGAEko Pedro Farrék eta Nacho Escolar musikari eta kritikariak parte hartuko dute.
Creative Commons lizentzien euskaratzea aztertuko dute jardunaldiotan eta topaketen edukiekin copyleft gidaliburu praktikoa plazaratuko dute.
Mago eta ilusionistak Barakaldon
Aurtengoan Bizkaian egingo da Espainiako XVII. Magia Kongresua. Izan ere, Bizkaiko Ilusionismo Elkarteak (AVI) antolatuko du ekainaren 23tik 26ra Barakaldon egingo den Kongresua. Japondik, Mexikotik nahiz Espainiako Estatutik etorritako 30etik gora mago eta ilusionistek parte hartuko dute. Hitzaldiez gain, Feria Magiko bat antolatu dute, arlo horretako material eta produktu berrienekin. Ikusleek Juan Tamariz, Bebel, Banachek nahiz Arcadioren trukuak ikusi ahal izango dituzte Barakaldon egingo dituzten galatan. Era berean, emanaldiak eskainiko dituzte Bilbo, Arrigorriaga, Elorrio, Balmaseda eta Leioako kale eta antzokietan.
Idazle topaketa Piriniotan
Xaretan izango dira aurten Piriniotako Idazleen Topaketak, ekainaren 24tik 26ra. Urtero gisan, kultur trukerako eta ingurunea ezagutzeko baliatuko dituzte. 1994an sortutako topaketa hauek ibiltariak izan dira 1998tik, baina beti ere Katalunian egin izan dira. Iaz Vall de Boin (Lleida) egin zituzten eta euskal idazleak gonbidatu zituzten. Eta aurten Euskal Herrian egingo dira, Urdazubi, Aini, Sara eta Zugarramurdin. Idazle andana izango da; Euskal Herrikoetatik Itziar Madina, Inma errea, Edu Zelaieta, David Tijero eta Iñaki Zubeldia. Idazleek hamar orriko narrazio bana idatziko dute topaketotan.
Lekuz Leku: dantza eta bideoa lotuta
Abandoibarra Etorbidea izango du eszenatoki paisaia urbanoak, dantza eta bideosormena uztartuko dituen I. Lekuz Leku jaialdiak. Jaialdi hau paisaia urbanoetan egiten diren dantza jaialdien CQD (Ciudades que Danza) sareak antolatu du. Ekainaren 30etik uztailaren 2a bitarte, makina bat dantzarik (Matxalen Bilbao, Asier Zabaleta, Natalia Moonge, Sevillako La Espiral, Berlingo Juschka Weigel...) astinduko dituzte gorputzak Guggenheim museoa eta Euskaldunara bitarteko ibilbidean. Horri lotuta bideosormen lehiaketa antolatu dute: bideogileek dantza eta hiria euren lanetan lotu ditzaten.
* * * * * * * * * * * * * * * * * *
Verdes eta Borda Bilboko liburu dendek orain gutxi itxi zituzten ateak. Orain megadenda irekiko dute Zazpikaleetan Elkar fundazioaren eskutik. Hiru solairu izango ditu: lur azpikoan bulegoak jarri dituzte; lehen solairuan helduentzako literaturari, musikari eta DVDei eskainiko diete arreta; eta bigarrenean mendiari buruzkoari, haur eta gazte literaturari eta jolasei.
Euskal kantari bakarlarien lehiaketa antolatu dute Euskal Kultur Erakundeak (EKE) eta Kanboko hiriak, Mixel Labeguerie kantugilea zendu zela 25 urte bete direla-eta. «Euskal kantu berriaren aita» gisa ezagututakoa omenduko dute hala. Parte hartzaileek euskarazko kantu original bakarra CDan grabatu beharko dute eta irailaren 30a baino lehen bidali EKEra.
Fran Lasuen musikariak Denborak (Karonte) diskoa plazaratu du, tradiziotik abiatuta baina esperimentazioari uko egin gabe. Bidaiari handia da Lasuen eta bidaietan ezagututako makina bat instrumenturen hotsak entzun daitezke diskoan.
José Luis Merino arte kritikariak 70 artistas liburua argitaratu du. Bertan Euskal Herriko 70 margolari eta eskultoreren ûDarío Urzay, Pello Irazu, Xabier Morrás...û lanaren errepasoa egiten du.
Raquel Alzatek (Barakaldo, 1972) egile berrien saria eskuratu du Bartzelonako Nazioarteko Komiki Jialdian. Alzatek haurrentzako liburuak ilustratzen ditu eta hainbat fanzinetan argitaratzen ditu bere lanak. Lehen komikia du Luis Duranen gidoia duen Cruz del Sur.
Manex Bergara bertso idazlea omendu zuten Saran ekainaren 18an. 1943an Mirandan preso zegoela idatzitako lehenetik hil arte idatzitako 120 bertso eta bera ezagutu zutenen testigantzak bildu dituzte Gauza ageria! izeneko (Akoka) liburuan.
Zazpiak Batman taldeak (Kike Amonarriz, Antton Olariaga eta Asisko Urmeneta) uztailaren 3an, EHZ jaialdian, emango du azken aldiz Euskara lardaskatzeko manerak hitzaldia. Bi urtez 114 saio eskaini duen hirukoteak urrirako beste mintzaldi bat prestatuko du, beti ere euskara eta umorea ardatz dituela.
Ainere Tolosa (Ixabel), Mikel Losada (Juan Martin), Iñake Irastorza (amona), Iñaki eta Xabier Zapirain (bikiak)... dira Kutsidazu bidea, Ixabel filman parte hartuko duten aktoreetako batzuk. Uztailaren 18an hasiko dituzte filmaketa lanak eta Gabonen ondoren ekingo diote muntaketari. Filma Gaztelu herrian egingo dute.
Xabier Gantzarain idazleak hitzok izkiriatu zituen Nabarran: «Nekatzen hasia naiz literaturaz baino gehiago Literatur Sistemaz hitz egiten dutenekin. (...) Literatur Sistema, garrantzitsua izatekotan, eta bada garrantzitsua, obraren zabalkundearentzat eta idazlearen egoarentzat da».
Agus Perez kritikariaren adierazpen hauexek jaso zituen Berriak: «Telebistak barre erraza ezarri du, eta badirudi komedia ez dena ezin dela egin. Debekatuta dago antzezlan serio bat egitea».
Juanma Bajo Ulloa zinemagilea Nabarra hilabetekarian: (Zinemaren) «negozioa gazte jendean dago, eta euren bideojoko-filmetan. Edo jende helduagoan eta euren DVD erosoetan. Industria-gizonek hori ederki dakite. Gure zinema ezin da kalean lehiatu. Gure zinea, beraz, DVD eta pizzarena da, txandal eta txinalena. Hori da Estatuaren zinemaren benetako negozio txikia».
Joxerra Garziak Berriari esanak: «Gaiaren garapenaren aldetik, esperimentatzeko guneak behar ditu bertsolaritzak. Txapelketan alde formaletik esperimentatzeko modua bada; baina edukiaren alderditik jendeak ez du gogo handirik izaten esperimentatzeko».