Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-06-26 -- 1998.zenb

Pilar Iparragirre

Zer esan nahi du Griot izenburuak?
Griot artista jendeari esaten zaio Afrika Beltzeko herrialde batzuetan. Musikariak, dantzariak, ipuin-kontalariak, hizlariak, barre eragileak dira griotak. Eta Burkina Fasora egin nuen bidaian horietariko askotxo ezagutu nituen, beste era askotako jendearekin batera. Liburuko kapitulu gehien-gehienek topatutako pertsona interesgarrienen izena daramate, eta barruan euron istorio hunkigarri, triste nahiz alaia dakarte.

Nolako aldea dago Tubabu-tik Griot-era?
Liburuaren planteamendua aldatu da. Tubabun eta beste liburu batzuetan bidaiak berak garrantzi handia zeukan. Grioten, ostera, bidaian zehar topatutako pertsonak eurak dira protagonista, nor bere izenarekin, bere istoriotxo interesgarriarekin, eta bizitzaren aurrean daukan ikuspegiarekin.

Turkia eta Iranen barrena egindako bidaia jasotzen zuen Ekialdeko mamuak liburuan zenionez, keinuen bidez eta nola-hala komunikatzen omen zinen han. Burkina Fason errazago izan al da?
Borondate onez, munduko bazter guztietan molda zaitezke aurrera jarraitzeko, jan eta lo egiteko. Baina jendearen ilusioak, penak, kezkak... ezagutzeko derrigorra da hizkuntza. Eta alde horretatik zorionekoa izan naiz nire azken bidaia honetan, frantsesez nahiko ondo moldatzen naizelako eta Burkina Fason jende gehienak dakielako, bertako hizkuntza ofiziala baita. Horri esker, nik uste, liburua bera ere interesgarriago gertatzen da, zeren idazlearen hausnarketa agian aspergarriei lekua kendu eta egiazko pertsonen istoriei eman zaie.

Ekaitz Mendizabal


El Sol jaialdiak aurten 20 urte bete ditu. Publizitatean 20 urtez lanean jardun daiteke edo gazteentzako mundua da soilik?
Mikel Uribetxeberria: Bai, iraun daiteke 20 urtez, frogatuta dago 20 urtetik gora eman dituen jende asko dagoela. Gainera normalean horiek izaten dira onenak. Mundu gogorra delako ikusten da gazte asko. Asko erretzen duen lana da hau eta gogor eta asko lan egiteko prest egon behar da.

Lan honek asko erretzen duela aipatu duzu. Kanpotik ez dirudi horrela denikà
M. U.: Lana polita da, baina konpromiso handia eskatzen du, konstantzia behar da eta presio asko jasan behar da. Sormen arloan lan egitea gustukoa baduzu, oso lan ona da, baina ahalegin handia eskatzen du. Adinean gora egiten duzunean, bikotekidea eta umeak izan nahi dituzunean, edo etxe propio batà erabaki behar duzu zer nahi duzun gehiago: bizi tza pertsonala edo zure lana.

Hain gogorra al da?
M. U.: Bakoitzak nahi adina gogorra da. Publizitatean, kirolean, ingeniarien arteanà gauza bera gertatzen da. Goian egon nahi izanez gero, erabat lotu behar zatzaizkio. Eta horrek zera esan nahi du: beste gauza askori uko egitea. Guri asko gustatzen zaigu, hala ez balitz beste lanbide bat hartuko genuke.

Sormena ikasi daiteke?
Mikel Aguado: Nik uste dut barruan daukazun zerbait dela. Mikelek Arte Ederrak eta diseinu industriala dauzka ikasita eta nik ez dut publizitateari buruzko inongo ikasketarik. Gustukoa nuen gauza zen eta, puska bat landuz eta puska bat irakurriz, denok gara azkenean pixka bat kreatiboak ez? Kreatibitate hori ondo aplikatzea da sekretua, objektibo batzuk lortzeko.

M. U.: Uste dut kreatibitatea norberak duen zerbait dela neurri batean. Eta lan egiteak ematen duen esperientziak kreatibitatea kanalizatzen erakusten dizu.

Kreatibitatea da saltzeko modurik onena?
M. U.: Bai. Azken finean publizitatea mezua da, sormenik gabeko mezuak bide zaila du.

M. A.: Bat bada behintzat, gero produktuaren kalitatea, zerbitzuaà hartu behar dira kontuan. Gainera gaur egun produktu gehienak oso parekatuta daude. Autoen munduan adibidez, kreatibitateak zure produktua besteengandik bereizten du, nortasuna ematen dio. Nire ustez, salmentarako bide bakarra da.

Jaialdietan ikusten ditugun marka handiak (Pepsi, Nike, BMW, Playstation...) Euskal Herrira etorriko al dira noizbait publizitate bila?
M. U.: Oraindik ezà Nik uste dut zaila dela, Euskal Herrian dagoen publizitatea mikroklima bat bezalakoa da, daukagun mapa soziogeografikoa oso politizatua dago, eta bertako markek bertako kontsumitzaileentzat egiten dute publizitatea. Marka handiak unibertsalak dira, eta beti bilatuko dute komunikazio unibertsala. Eta gaur egun, hori Euskal Herrian ez dago. Aurrera egiten ari gara... baina oraindik... Adibideak hor daude, Euskal Herriko marka handiek normalean erabiltzen dituzten ikonoak dezente folklorikoak dira, eta horregatik zaila da kanpoko markek duten mezu global hori hemen aurkitzea.

Euskal Herriko testuinguru horretan, hemengo bezeroek mugak jartzen al dizkiote zuen sormenari?
M. A.: Konfiantza behar da, harreman sakon bat behar da bezeroarekin eta agentziarekin, klima aproposa lortzeko. Eta hortik aurrera sortzen da aukera zerbait berria, interesgarria eta kreatiboa egiteko aukera.
Hala ere, egia da Euskal Herrian oraindik "salmenta kultura" falta zaigula, nik esango nuke ekoizle onak garela, baina saltzaile txarrak.

M. U.: Oraindik ez da kreatibitatean sinesten, komunikazio bide berri bat frogatu baino lehen, atzerrian orain dela denbora asko hasi dela eta funtzionatzen duela jakin behar dute. Horregatik arazoa honakoa da: honaino iristen direnean, mundu guztiak erabiltzen dituela dagoeneko. Arrisku hori hartzea falta zaio hemengo publizitateari. Hala ere, hemendik aurrera, nire ustez, Euskal Herriko markak behartuak egongo dira horrelako saltoren bat ematera, Euskal Herritik kanpo saltzen hasi nahi badute.

Zuek El Sol moduko jaialdietan sariak irabazi dituzue, hemendik kanpo ere bai. Sari bat irabazteak zer dakarkio kreatibo bati?
M. U.: Egoa asetzea. Hala ere, gure benetako nahia kanpaina onak egitea da. Azkenean, kanpaina onek irabazten dituzte sariak.

M. A.: Eta zer da kanpaina on bat? Barregura sortzen duena, polita denaà azken finean kanpaina on bat saltzen duena da. Kanpaina baten kalitatea ez du sari batek neurtzen, lortzen dituen salmentek baizik.

Salmenta eta diruari buruz ari garela, jaialdietan sekulako aurrekontuak dituzten kanpainak ikusten ditugu, Euskal Herrian publizitatean inbertitzen al da?
M. U.: Oraindik aurrekontu eskasekin gabiltza, baina nire ustez horregatik da hain ona egiten dugun publizitatea edo egin dena, diru falta horrek kreatibitatea potentziatu duelako.

M. A.: Donostiako Jaialdira datozen spotik onenak argentinarrak dira, oso diru gutxirekin egindakoak, baina gogo handiz eta sormen handiz egindako kanpaina oso onak dira.

Kanpaina batzuen diseinu maila artelan askoren parekoa da. Artistatzat al duzue zuen burua?
M. A.: Artista batek ez du bere obra argumentatzen, eta guk kanpaina bakoitzari argumentazio sakona bilatu behar diogu, eta argumentu hauen arabera kanpaina aurrera edo atzera joaten da, ez polita edo itsusia delako.

M. U.: Nire ustez publizitatearen eta artearen artean dagoen harremana zera da: arteak duen magia puntu hori publizitateak ere lortu behar duela, eta magia hori marka bati lotu.

Markari buruz ari garela, euskararen kanpainak ikusten ditugu urtero. Euskara marka bat al da publizistentzat?
M. U.: Dena marka bat bezala tratatzen dugu guk. Kristautasuna ere marka bat da. Azken finean, arazo batzuk dituen marka bat da euskara. Euskara unibertso bat sortu behar duen marka bat da, unibertso sinesgarri eta erakargarri bat, azken kontsumitzaileak, erabiltzean, unibertso horrekin lotuta sentitu daitezen.

M. A.: Orain euskararen aldeko kanpaina bat daukagu esku artean eta sortu dugun unibertsoa berezi samarra da. Hartan ari gara lanean eta laster ikusiko duzue zerbait.

Pilar Iparragirre

Zazpigarrena eta azkena
Patxi Zubizarreta, Jokin Mitxelena
Elkar
44 orrialde 6,95 euro

Sultan txakurra eta amonaren katua

Liburu Gaztea saria eskuratu berria duen Patxi Zubizarretak sortu eta Jokin Mitxelenak marraztutako istorio honetako protagonista Sultan da, aldameneko etxean bizi den amonaren katua akabatzeko amorratzen dagoen txakurra. Izan ere, mundu guztiak maite du katu madarikatu hori, eta Sultanek ezin dio zaunkarik txikiena ere egin etxekoen errietarik jaso gabe. Tripak koleran dago txakurra, katuek zazpi bizitza baino ez dituztela etengabe gogoratzen, eta amonarenak istripuren bat duen bakoitzean behar bezala ospatzen, egokierarako asmatutako kantua eta guzti. Beti onik atera ohi da katua, bai, baina noizbait suertea amaitu behar zaio... Eta azkenean, katu hori hilko da, baina orduan ere ez dira gauzak Sultanek uste bezala joango.

Quimera de alas ardientes
Jordán Estevan
Kutxa Fundazioa
38 orrialde 3,60 euro

2005eko Donostia Hiriko Kutxa Ipuin saria eskuratutako lana

Jordán Antonio Ramírez Guanajuato mexikarrak, Jordán Estevan ezizenarekin bere lanak izenpetzen dituen idazleak, irabazi zuen 2005eko Donostia Hiriko Kutxa Ipuin saria Quimera de alas ardientes kontakizunarekin. Bertan, hamabost urterekin bere bizitzako gizona ezagututako emakume baten ahotsez jakingo du irakurleak harreman liluratzaile bezain izugarri horren berri, hogei urte beranduago eta dagoeneko gizona zerraldo dela. Sexu kontuetan maisu zen hildakoa, bere laztanekin edozein emakume guztiz txoratzen zekiena, baina baita emakume horien maitasuna beste gizonei salduz ederki aberastutakoa ere. Berrogei urte zituenean ezagutu zuen narratzailea, bere maitaleetako baten alaba.

Guía montañera Aneto
David Atela Romero
Sua
272 orrialde 20 euro

Aneto inguruan egiteko 150 ibilbide

David Atela Romero geologoak osatutako mendi gida honetan Benasque eta Pont de Suert, Vielhako tunela eta Luchon Pirinio aldean egin daitezken 150 ibilaldi zehatzak eskaintzen dira. Mendi garaian ibiltzeak zailtasunak dituenez, ibilaldi guztietan argi azpimarratuta dago bakoitzari dagokion zailtasun maila. Bada gidan zer aukeraturik. Maladeta, Ballibierna, Castanesa eta Turbon mazizoetako 70 gailur garrantzitsuenetara igotzeko 120 era azaltzen ditu; batzuk ohizko bideetatik abiatuz egitekoak, eta beste asko eskalada ez oso zailak aurrera eramateko zeharo aproposak. Eta horiei gehitu behar zaizkie mendigoizaleei begira David Atela Romerok proposatzen dituen ibilaldi samurragoak, hiru orduz-edo patxadan mendian ibiliz egin daitezkeen horietakoak.

Zehar
Batzuen artean
Gipuzkoako Foru Aldundia
72 orrialde

Sedukzioak eta hausturak

Horrela deritzo Arteleku-k plazaratzen duen Zehar aldizkariaren azken zenbakiak, Sedukzioak eta hausturak, eta hain zuzen ere gai horri eskaini diote editoriala. Bestalde, jorratu dituzten gaien artean Miren Erasok Ulrike Ottinger zinema zuzendariari Berlinen egin zion elkarrizketa, Ion Munduatek Iberiar penintsulan zehar kotxez egindako bidaiaren ondorioz sortutako bideo-instalazioari eta performanceari buruzkoa, Mariaus Babias-en Subjektu produkzioa eta praktika artistiko-politikoa, Hito Steyerlen November filmaren gainean Susana Blasek idatzitako lana, Arturo Rodríguez Bornaetxearen Turismoa paradisura, eta Terre Thaemlitzek egungo audio produkzioren ikuspegi ekonomikoa eskainiz osatutako iPod bortxatzen ari da neure herria bortxatu zuten bortxatzaileak daude.

Piraten eskola
Agustín Fernández Paz
Giltza
159 orrialde 6,30 euro

Eskola txalupa bihurtu zenekoa

Edebé haur literatura saria eskuratu zuen Agustín Fernández Pazen Piraten eskolan, behin uholdeak berarekin eraman zuen Galiziako eskola bateko haurrak eta irakasleak ditugu protagonista. Euria etengabe ari zuen aspalditik, eta hasieran inork ez bazion garrantzirik eman ere, azkenean jendea komentatzen hasi zen ea kotxea saldu eta txalupa erosi beharrean ez ote ziren izango. Gaitzerdi, haurren eskola herriaren goiko aldean zegoela, behintzat umeak ez ziren itota hilko. Hori uste zuten denek, baina goiz batez neska-mutikoak aurpegia kristalei itsatsita zaparradari begira zeudela, burrunba bat entzun zen eta eskolak txalupa gisa mugitzeari ekin zion, barruan zituen guztiak garraiatuz.

Zertan ari naiz?
Liesbet Slegers
Ibaizabal
24 or./ 6,50 euro

Haurtxoa bere burua garbitzen, janzten, gosaltzen, jolasten...

Hemezortzi hilabetetik aurrerako haurrei zuzendutako Kepa bilduman aurki daitekeen Zertan ari naiz? liburuxka ireki eta eskuzorro gorri bat eta iturritik erortzen ari den ur pila ikusiko ditu umeak. Zertan ari ote da? Orrialdeari bira eman eta han izango du erantzuna: bainua hartzen! Jarraian, jertse berde bat eta praka gorriak ikusiko ditu, janzten ari den seinale. Gero ile labur-laburrak dituen eskuila agertuko zaio, ilea orrazten ari dela jakin dezan. Eta hurrena gosaria eta jolasak datoz.

Griot
Jon Arretxe
Elkar
160 orrialde 12,20 euro

Jon Arretxek ezagututako Burkina Fasoko jendea

Afrika beltzera itzuli zen Jon Arretxe bere bizikletarekin, eta bidaian zehar aurkitutako pertsonen jarrerak, aurpegiak, irriak, abegikortasuna edo etorkizunarekiko itxaropen eza jasotzen ahalegindu da bere azken liburuan. Grioten, aurreko bidaien kronika diren Tubabu, Tuparen seme-alabak edota Ekialdeko mamuak lanetan ez bezala, egilearekin harremana izan zuten gizon, emakume, haur eta zaharrek hartzen dute protagonismo osoa, nork bere bizikizun eta sentimenduak azalduz. Jon Arretxek aitortzen duenez, Afrikako bizimodutik gehien erakartzen duena da hango herritarrek nolako patxadaz jokatzen duten bizitzan, zenbat denbora ematen duten berriketan lasai, tea dastatu bitartean, nahiz eta «zoritxarrekoak» izan Mendebaldekoon ikuspegitik, xentimorik ez dutelako poltsikoan. Mundua oso arin aldatzen ari bada ere, Afrika Beltza bezalako lekuetan pixka bat astiroago gertatzen ari omen da hori, eta oraindik bisitariekiko abegi onak bere horretan jarraitzen du. Hangoen jarrera horrek harritu egin zuen Grioten egilea, kontuan harturik azken urteotan zenbat afrikar hil diren Mendebalera ailegatzeko ahaleginetan eta zein harrera eskasa egiten diegun.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan