Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Argia astekaria webgunearen hasiera

Sareko Argia-ren logotipoa
Azken Eguneraketa:
2008-07-23 16:45:52
Argiako harpidetzari buruzko informazioa
harpidedunen guneko logoa
bilaketa

Nabigazio menua

laguntzaileak
Aire aire Eusko Jaurlaritza
  • Hasiera >
  • Erreportaje / Elkarrizketak

2005-06-26 -- 1998.zenb

Mikel Asurmendi

EArekiko gorabeherak izan ditugu hizpide hasieran: «Harrituta gaude EArekin. Hirukoaren alderdi izandakoaren jarrera ez da dotorea izan. Talde Mistoak -Aralar eta EBk osatuta- hamar minutuko tartea izango du osoko bileretan: guk zazpi eta Aralarrek hiru. Batzuek diruaz eta aholkulariez interesatuta baino ez ginela esan dute eta ez da egia. Guk ez dugu arazorik bozen araberako proportzionaltasuna izateko. Gure diskurtsoa azaltzeko aukera parekatuago bat baino ez dugu eskatu. Europako Parlamentuan horrelako arazoak egokitzen dira, hemen zergatik ez?», diosku Aranak.

Bake eta normalizazio politikoak gobernagarritasunari aurrea hartu izanak konplikatu bide du Legebiltzarraren eraketa. Egoera berriak hirukoaren berrosaketa oztopatuko al du?
Espero dut hala ez izatea. Horrela izango balitz, hasiera txarra izango litzateke-eta. Finean, hauteskundeen emaitza estuen ondoren bakoitzak bere lekua ondo finkatu nahi izan du. EHAK-k erdiko rola jokatu dezake, alderdi klabea bihurtu da mahaiaren eta taldeen eraketan. Neurri batean haiei begira jokatu dute gaineratiko alderdiek. Gertatua horrela ulertu behar da eta EAk protagonismoa bilatu duela. Baina horrek ez ditu bake eta normalizazio prozesuan alderdien artean dauden sintoniak zapuztuko, ezta hiruko gobernua berregiteko gogoa ere. Hirukoan eta bake prozesuan adostasunak sendoak direla uste dut.

EBk Ibarretxe babestuko du lehendakariaren inbestidura saioan, beraz.
Arriskutsua da profeta gisa aritzea. EAJ nahiz EArekin hitz egiten ari gara akordio bat lortzeko hirukoaren inguruan. Printzipioz, gobernuan sartuko garen edo ez bigarren planoan utzi dugu, baina inbestidura saioan Ibarretxeren aukera sostengatuko dugu, baldin eta -gutxienez- lau urteko gobernu programa adosten badugu, noski.

Bake eta normalizazio prozesua nola kudeatu nahi luke EBk?
Bake eta normalizazio politikan ezin dugu joan den ekitaldiko prozedura errepikatu. Legebiltzarrak onartu zuen plana Madrilera eraman eta kito, alegia. EBrentzat funtsezkoa orain alderdien arteko mahaia osatzea da eta horretan bakoitzak Estatutuaren erreforma bideratzeko proposamen bat aurkeztea. Hori da prozedura.

Prozedura horretan funtsatzen al da hirukoaren arrakasta edo Jaurlaritza berriaren iraupena?
Ez guztiz. Iraupenaren arazoa ez da bakarrik gobernu osaketaren araberakoa izango, oposizioaren jarreraren esku ere badago. Hiruko gobernua gutxiengoak osatua izango den aldetik, oposizioak -ados jarriz gero- legealdi motz baten aurrean jar dezake gobernua. Baina, hauteskunde garaian esandakoa mantentzen bada, hau da, elkarrizketa eta akordioetara iritsi behar dugula, orduan legealdi osoa bete liteke. Zapaterok gehiengo sinplea dauka Madrilen eta inork ez du zalantzan jartzen legealdi osoa beteko duenik. Egoera honek osagai funtsezkoa dakarkio euskal politikagintzari eta da: oposizioaren beharra izatea lau urtez gobernatu ahal izateko. Erantzukizuna ez litzateke hirukoarena bakarrik beraz.

EHAK gakoa dela aipatu duzu.
EHAK gako izan daiteke edo ez. Alderdi sozialistak eta alderdi popularrak bat egiten badute EHAK gakoa izango da. Berdinketa EHAK-k apurtu dezake, baina EBren ustez hurrengo lau urteetan logika berriak agertuko dira politikagintzan.

Zein logika?
PPk eta PSE-EEk ez dutela beti bat egingo pentsatzea logikoa da, adibidez. Ez da ulergarria Estatuan arerio zuzenak izatea eta Euskadin bat egitea. Horrela jokatzeak zailtasunak ekarriko lizkioke PSE-EEri.

Zein aukera landu dezake PSE-EEk?
Katalunian lantzen ari dena. Horretan EBren rola funtsezkoa izan daiteke. Katalunian alderdi sozialistarekin gobernatzen ari gara. Euskadin hainbat udaletxetan ere bai, eta Madrilen IU eta PSOEren arteko harremanak onak dira. Aurrekontuetan ados gaude, elkarri babesa ematen diogu. Hemen ere bide hori urratu daiteke. Normalizazio politikoa ahalbidetzen den neurrian alderdi sozialistarekin harremana finkatuz joango da.

Lopezek ba al du zuen sostenguaren aukera lehendakariaren inbestiduran?
Patxi Lopez lehendakari hautagaia da, baina PPren bozekin kontatuz. 18 bozekin aurkezteak ez du zentzurik, PPren bozekin kontatu nahiko du, baina guk ez dugu sostengatuko PPk babestutako lehendakarigaia, bere bozak dohainik emanda ere. PPk ez dio inongo mesederik egiten euskal politikaren normalizazioari.

Artean zer da objektibo normalizazioa bideratzeko eta gatazka gainditzeko?
PP ez dela Gobernuan, horrek aldaketa sakona ekarri du. ETAk azkenaldian ez duela inor hil. Ezker abertzaleak Eusko Legebiltzarrean bere ordezkaritza daukala, Batasunaren Anoetako proposamena barne. Bertan ETAri rol bat ematen zaio, Gobernuarekin eztabaidatu beharrekoa. Bi mahai osatzearen aukera dago, alegia. Eta alderdi sozialistaren diskurtsoa aldatu egin dela. «Orain arte Estatutua eta aski!» zioen. Orain Estatutu berri baten beharra onartzen hasia da. Hitz egiteko aukera ez dute erabat errefusatzen. Horiek horrela, gure itxaropena bi mahaien osaketan dago. Hasteko, alderdien arteko mahaia osatzeko aukera badago. Bien bitartean, azken zortzi urteetan PPk eta ezker abertzaleak ez dute behin ere bat egin mahai baten inguruan, orain PP eta EHAK elkarren ondoan eseri dira hainbat mintegi publikotan eta irrati-telebistetako tertulietan. Horrek legealdiari beste ukitu bat emango dio.

Nola dakusazu EB normalizazio bidean?
Gure proposamena Atxikimendu libreko federalismoa da, normalizaziorako funtsezkoa, normalizazio bidean aipatzen den hirukiaren erdibideko osagaia. Hiruki hori bloke konstituzionalista litzateke -PP kanpo oraingoz-, ezker abertzalea eta EAJ-EA-EB hirukoa. Independentismoaren eta konstituzionalismoaren artean, erdibidea atxikimenduzko federalismoa da. Hau da: euskal gizarteak erabakitzeko eskubidea dauka, erdibidetik Estatuarekin adostasunera irits gaitezke. Inork ez du nahi duen guztia lortzen baina denok lortzen dugu nahi dugunaren parte bat.

Gobernuan segituz gero zer ekarri nahi zenukete kudeatzen duzuen sailetik?
EBk etxebizitzaren politika berri bat ekarri du. Alokairuaren aldeko apustu sendoa egin dugu. Arlo honetan ez zegoen politika zehatzik ez garbirik, dena zozketaren bidez egiten zen, promozio pribatuak barne. Etxebizitzaren gaiari orain arte ez zuen duintasuna eman diogu. Halaber, inmigrazioaren arloan pauso garrantzizkoak eman ditugu. Lurzoruaren legean aldiz, ustekabe mingarria hartu genuen Batasuna, PSOE eta PPk bat egin zutelako guk aurkeztutako legea errefusatzeko. Ekitaldi honetan lege hori aurrera ateratzea eta gizarte ekimen guztiak hobetzea da gure nahia.

EB alderdi posibilitistatzat jo dezakegu? EAJrekin gobernatzea lekuko.
Jaurlaritza honen barruan sail bakoitzak autonomia handia dauka bere politika egiteko. Mugak daude aurrekontuetan, baina hortik aurrera bakoitzak bere politika egin dezake, eskuin, zentro nahiz ezkerrekoa izaki. Guk EAJrekin adostasunak normalizazio politikoaren arloan ditugu ez hainbeste politika sozialean, hori begi-bistakoa eta logikoa da. Gobernuan izateko arrazoia ez da EAJrekin bat egiten dugulako gizarte politikan, Euskadik gobernu transbertsala behar duela irizten dugulako baizik, eta bertan zentro eta ezkerreko interesek bat egin dezaketela ikusten dugulako. Posibilismoa ez, elkarrekin lan egiteko aukera daude.

Alvaro Hilario Pérez De San Román

Azken zazpi urteotan izandako gobernu guztiei buruhauste gehien eman dien mugimendua langabetuena -hots, piketeroena- izan da: zazpi urte dira langabetuak, estatuak emandako diru laguntza urriak baliatuz (familia txiro bakoitzeko, 150 peso -45 euro inguru- hilabetero), lana eta duintasuna erdiesteko bidean lehenengo taldeak antolatzen hasi zirenetik. Argentinako hegoaldean jaio baziren ere, laster zabalduko ziren Buenos Aireseko konurbaziora: han bizi dira Argentinak dituen 14 milioi pobreetako gehienak.

Ekainaren 26 hartan, bizirik zegoen sei hilabete lehenago hiru presidente bota zituen matxinada; beheko eta ertaineko klaseak batuta, giza erasoak erakundeek artean zeukaten zilegitasun apurra erabat txikitu zuen -Denak joan daitezela, leloan islatua-. Larria, beraz, Gobernuarentzat egoera eta gutxi kinka zuzentzeko baliabideak, politika egiteko modu berriei aurre egiteko. Egun batzuk lehenago, Duhaldek esan zuen: "Ez dugu gehiagotan onartuko, ordena jarri behar da".

Buenos Aires hiriburu federaleko hegoaldeko mugan Riachuelo izeneko ibai pozoitua dago. Berak bereizten ditu hiriburua eta Buenos Aires probintzian dagoen Avellaneda udalerria. Han dago Pueyrredón zubia. Bertan elkartzear zen, besteak beste, zonaldeko talde piketero gehienak biltzen zituen Aníbal Verón koordinakundea, Gobernuaren arerio nagusienetako bat.

Protestaren egunean, zubitik oso metro gutxira zegoen Walter, garai haietan Telefonicarentzat, kabinetako dirua bilduz, lanean ziharduena: "Errepresioa egongo zen susmoa denok genuen, piketeak oztopatzeko ahal izango zuten guztia egingo zutela iragarrita baitzeukan Duhalde presidenteak", azaldu du. "Kabinetan dirua biltzerakoan babesten ninduen poliziak bazekien familiako batzuk piketeroak zirela. Erregutu zidan zubira joan ez zitezen eskatzeko; bazekien errepresioa Pueyrredón zubian izango zela, aurretiaz zegoela prestatuta. Telefonora heldu nintzenerako, hasia zen tiroketa", dio, etsipeneko keinua eginez.

Egun hartako ordu txikietan, Estatuko Inteligentzia Zerbitzuko (SIDE) kidea den Oscar Rodríguezek, Duhalderen konfiantzakoak, protestaren eta errepresioaren lekuak nahiz orduak zeintzuk izango ziren azaldu zizkien Alfredo Fanchiotti komisarioari, Néstor Benedettisi -Avellanedako lehenengo komisaldegiko buru-, Raúl Rodasi -Marea Azul taldekoa; Mitreko etorbidean errepresioa gauzatu zuena- eta Mario de la Fuente eta Alejandro Acosta poliziei .

Sarraskiaren ostean, hedabide guztietan, Gobernuak piketeroen arteko liskar bortitzak bezala aurkeztu zituen tiroketa horiek, baina ez ziren langabetuek sortuak, poliziak baizik. Zubipean, Pavón etorbidean "Verón"eko piketeroak eta isolatuta zirudien polizia talde bat aurrez aurre geratu zirela aprobetxatuz, hasi ziren tiroak, Fanchiottik zuzenduriko errepresioa hasi zen. Lau ordu iraun zuen errepresio basatiak. Egun hartan, normalean gomazko perdigoiez hornitzen dituzten poliziaren "Itaka" fusilek berunezkoak bota zituzten: erraz bereizten dira aurrenekoak berdeak eta bigarrengoak gorriak direla. Aztarnarik ez uzteko, poliziek erabilitako kartutxoak banan-banan bildu zituzten, hainbat bideo eta argazkitan ikusi den lez.

Ehunka pertsona atxilotuta, beste hainbeste bortizki kolpatuta, berunezko balek ia ehun zauritu eta hildako bi utzi zituzten: Darío Santillán eta Maximo Kosteki, Lanús eta Guernicako Verón-eko kideak zirenak.

Lehen Duhalderekin, Kirchnerrekin orain, gabineteko burua den Alfredo Atanasofek "piketeroek elkar hil dute" esan zuen berak deituriko prentsaurrekoan; segituan, hainbat agerralditan antzeko argumentuak azalduko zituzten Juanjo Alvarezek (Argentinako segurtasun idazkaria lehen, hirikoa egun), Jorge Matzkinek (Barne ministroa) eta Jorge Vanossik (Justizia ministroa). Oraindik ere Probintziaren Gobernadorea den Felipe Solák Fanchiotti komisarioa publikoki txalotu eta zoriondu zuen, baina hara non, egun bi beranduago, Página 12 egunkariak Sergio Kowalewsky argazkilariaren lana kaleratu zuen: Avellanedako tren geltokian egindako argazkiek Fanchiotti Darío Santillán tirokatzen eta, geroxeago, Darío bera hankaz gora jartzen -hobeto odolusteko- erakusten dute. Bat-batean, Solák goraipatutako hura "ero, psikopata eta hiltzaile hutsa" bihurtu zen Gobernadorearen beraren esanetan.

Piketeroak gaiztotzeko, kriminalizatzeko eta erreprimitzeko prestatutako estatu konplotak kale egin zuen. Agur piketeroen eta hiriburuko klase ertainaren arteko loturaren kontrako erasoari.

Sarraskiaren egunetik hilabete oroko 26 guztietan milaka piketerok moztu dute Pueyrredón zubia hildako kideentzat justizia eskatuz, beraientzat oso garbiak diren hilketen ardura politikoak argitzeko.

Sarraskiaren hurrengo egunean, Errepresioaren Aurkako Koordinadora (Correpi) eta Aníbal Verón mugimendua auzia prestatzen hasi ziren: hiru urteko lan erraldoia, Claudio Pandolfi abokatuak zuzendurik, lekukoak, frogak eta errudunak zeintzuk diren argi zezaketen osagaiak biltzeko.

Maiatzaren 17an hasi zen epaiketa, baina aulkian jezartzen ari direnen artean bost polizia baino ez dago; arduradun politikoak (arestian aipatutako guztiak, gehi beste batzuk, Kirchner presidentea tartean dagoela), momentuz, lekuko gisa agertuko dira, uztailean zehar.

Hernán López Echague idazle eta kazetari argentinarra, ikerketak sostengatzeko eta epaiketari jarraitzeko osatuta dagoen Nazioarteko Batzordearen partaidea da. Honela azaldu digu, epaiketa dela-eta, zer espero den: "Egungo epaiketa estatuaren aurpegi zuritze hutsa besterik ez da; aulkian jarrita daudenak hiltzaileak beraiek badira ere, ez dira sarraskia pentsatu eta gauzatu zutenak: horiek, oraindik ere, gobernuko goiko postuetan ditugu. Orain, espero dugu abian dagoen epaiketak arduradun politikoak epaitzeko bigarren auzia zabaltzeko behar den beste froga eman dezala". Hala izan dadila.

Maiatzaren 24an, Alejandro Acosta poliziak honakoa aitortu zuen Lomas de Zamorako epaitegian: "Gerra munizioak hartzen ari zela, zer egingo genuen galdetu nion Fanchiottiri. Berak beltz zikin horiek guztiak hil behar zirela erantzun zidan. Aurrera jo genuen, manifestariak tirokatzen zituela".

Aginduak nork eman zituen, benetako arduradunak nor diren egiaztatzea falta da. Argentinak justizia behar du.

Enpatea, horixe dago iragarria lehendakari berriaren hautaketan eta mapa politikoaren egoera ikusita, horixe litzateke lehenbiziko bozketetan normalena. Azken boladan, dena den, euskal politikaren urak dantza arinean ari dira eta ezustekoen atea ere zabalik da. Edozein eratan, EAJk eta hirukoak beren gutxiengoaren estutasuna iragan beharko dute, bai bozketetan eta bai ondoren. Aipatzen den guztiari ezin kasurik egin, jakina, baina aho askotan entzuten da legealdi hau ohikoa baino motzagoa izango dela. Normalizazio politikorako akordioa lortzea izango ei da hiruko gobernuaren lehentasuna, azkenean gobernu gisa eratzen bada bederen. PP kenduta, dena den, hori da baita ere beste korronte politiko nagusien asmoa eta helburu horri bakoitzak bere interesei eusten dion indar berarekin eusten badiote, antzemango da fruiturik legealdian zehar. Oreka gaitza eta hauskorra ekarri zuten hauteskundeek eta egunerokotasunaren kudeaketa ere ezin bestelakoa izan.

Ia edozein kasutan litzateke berri ona ETAk kargu politikoak bere jarduera armatutik salbu uzten dituela jakitea, eta are hobeagoa da egun bizi den egoeran. Are hobeagoa litzateke edozein kolektibo edo pertsona bere jarduera armatutik salbu dagoen iragarpena, horrek beste egoera politiko batean geundekeela iragarriko lukeelako, baina gauden egoeran gaude eta errealitate gordina adierazpen politikoki zuzen eta ederren gainetik dago. Egindako adierazpen xumeen lerro artean irakurrita, Moncloan eta Ferrazen ere ongi hartu da keinu esanguratsua. Keinuen garaia da eta keinu bakoitza hartu behar da aurrerapen gisa, lur azalaren azpiko ur korrontearen intentsitatea oso ongi zein mailatakoa den ez dakigun arren. Alderdi politikoek, hala ere, jakin badakite Espainiako Gobernua eta ETAren arteko pultsua garrantzitsua izanik, garrantzitsuena euskal alderdien lapikoan egosten dena dela eta hori izango dela erabakigarria garai politiko berrian. Txanponaren alde batek, halaber, beti du bestea, hala ikusi nahi ala ez, eta errealitatearen perspektibarik ez galtzeko, komeni da aintzat hartzea ETAk zabalik mantentzen dituela gainerako fronte guztiak, hori bai, azken bi urteetan hildakorik eragin gabe. Egoera borobiltzeko, astelehenean ezagutu zen Segi-Haika auziarenak ere, baikortasunerako tartea ematen du, izan zitezkeen epaietatik biguinenetakoari heldu baitio Auzitegi Nazionalak. Datozen makrosumarioei begira ere ildoa jarria bide dago: «Ez dira ETA», dio auzitegi bereziak.

Onintza Irureta


Urteak dira Zenbat Gara elkarteko kideek udan euskaraz aritzeko zerbitzuak eskaintzen dituztela. Udan neguan adina zailtasun dute bilbotarrek euskaraz aritzeko, baina opor garaian denbora gehiago izaten dugunez, euskarari tartea egin nahi dionak aurkitzen du astia.

Bete-betean euskaraz aritzeko adinik ez dagoela-eta, haur, gazte, heldu eta familientzako eskaintzak ditu Zenbat Gara elkarteak.


Haurrak eta gurasoak kanpinean

Nafarroako Aurizperri herriko kanpinean oso ondo pasatzen dute haurrek, eta baita gurasoek ere. Bost urte dira Kanpina euskaraz zerbitzua eskaintzen duela Zenbat Gara elkarteak. Kanpineko arduradunekin hitzartuta dutenaren arabera zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzen zaizkie bezeroei. Bertako zerbitzuez gain, Kafe Antzokikoek begiraleak kontratatzen dituzte eguneroko ekitaldiak antolatzeko. Egun osoa euskaraz, beraz; kanpineko zerbitzuak euskaraz, herritarrekin euskaraz eta kanpineko ekitaldietan ere euskaraz. Nork sentitzen du ordea, horrelako egitasmo batean parte hartzeko beharra? Bilboko hainbat gurasok oporrak bai, baina euskal giroan egiteko modua aurkitu nahi du. Haurrek euskaraz egitea nahi dute, baina gurasoetako batzuek ere premia daukate. Neguan Zenbat Gara elkarteak antolatutako ikastaroetan euskara ikasten eta hobetzen ari dira haur txikiak dituzten guraso gazteak. Guraso horiek euskara orain ari dira bere egiten eta hizkuntza berria transmititzeko fasean bete-betean daude. Xabier Monasterio Zenbat Garako kideak adierazi digunez, "transmisio hori egiten jarraitzeko gune aproposa da oporraldia edo oporraldiaren zati bat kanpinean pasatzea". Gurasoei kanpinera joateko ez diote EGAko azterketa gainditua izatea eskatzen, kontuan izanda guraso batzuk euskara ikasten ari direla. Haurrek euskara ikasi beharrarekin, obligazioarekin ez al duten lotzen galdetu diogu Monasteriori: "Oso ondo pasatzen dute. Euskara beraientzat gela barruko, lau horma arteko kontua da, euskara ikastolarekin, ikastearekin lotzen dute, baina kanpinean, adibidez, ohartzen dira hizkuntza horrek beste zerbaitetarako ere balio duela. Harremanetarako balio duela, jolas, barre egiten dutela euskaraz".

D eta B ereduko eskoletan ikasten duten haur hauentzat euskarari lotutako ekintza bakarrak ez dira udakoak, neguan ere Bilboko Kafe Antzokira askotan hurbiltzen baitira. Igandero urritik maiatzera bitartean haurrak hara joaten dira hainbat ekitalditan parte hartzera, antzerkia dela, pailazoak, magoak...

Urtean zehar antzerki talde bat ibili da eskoletan eta kultur etxetan, lau urtez aurkeztutako hiru obrek 85 emanaldi izan dituzte. Bi disko eta DVDa aterata dituzte. Azken produktu hauek agortuta daude. Monasterioren ustez, horrek esan nahi du, Bilbo izanda ere, badagoela euskaraz bizitzeko gogoz den jendea.


Gazteak barnetegian ondo pasatzen

16 eta 20 eta gutxi urte artekoak Bakaikuko barnetegira joaten dira. Euskara ikasten ari dira, baina ez pedagogia betikoa erabiliz. Gramatikak ez du hainbesteko garrantziarik eta aldiz, komunikazioak bai. Eskolak jasotzeaz gain, irteerak eta bestelako denbora-pasak egiten dituzte. Bilbon bertan ere barnetegi berezia badute; 8:00etatik 14:00etara ikasi, bertan bazkaldu eta arratsaldean 17:30ak arte egoten dira.

Barnetegira doan gaztearen perfil zehatzik ez dago. Batzuek urtean zehar ikasitako euskara sendotu nahi dute, beste batzuk giro euskaldunaren bila doaz, besterik gabe ondo pasatzera doazenak ere badira. Erabaki hori hartzerakoan gurasoek badute zeresanik Monasterioren ustez, baina ahozko transmisioak ere funtzionatzen omen du. Hainbat gazte beldurrez iristen omen da barnetegira, pentsatuz ohiko eskolak jasoko dituztela. «Ikusten dute uda aldiko saio horiek ez dutela zerikusirik negukoekin. Guk ere horretarako baliatzen ditugu, euskaraz txantxak egiteko, erregistroak lantzeko, adierazpidea lantzeko...", dio Monasteriok.


Uda usainean

Helduek aukeran dituzte ikastaro trinkoak, Bakaikuko eta Ondarroako barnetegiak, eguneko barnetegiak eta tailerrak.

Batzuek euskara neguan baino azkarrago ikasteko asmoa dute, kolpera urrats handiagoa eman nahi dute. Beste batzuek udako eten luzeari beldurra diote. Badira gramatika alorrean ondo moldatzen direnak, baina mihia askatu beharrean daudenak. Ikastaro, tailer eta barnetegien bidez lortu nahi dituzte beren helburuak, beti ere, kontuan izanda uda dela eta neguko zorroztasuna udako beroak eta opor usainak biguntzen dutela.

www.zenbatgara.org helbidean, aurtengo udako zerbitzu guztien xehetasunak daude.

© Sareko Argia

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Tlf:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403
Lege Oharra RSS sindikazioa

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan