Xabier Barandiaran
XXI. mende hasieran, etengabeko globalizazioan diharduten herrialde industrializatu aurreratuen moduan, Euskal Herrian gizarte aldaketa garrantzitsuak burutzen ari dira. Aldaketa politikoen alorrean badira aipatu gabe utzi ezin daitezkeen bi aspektu: alde batetik, "nazioa" subjektu politiko bezala konplexuagoa bilakatu da eta, bestetik, egitura politikoaren eragina mugatuagoa gertatzen ari da merkatu globalak ezartzen dituen baldintzen ondorioz. Estaturik gabeko nazioetan, aberrigintzaren aldeko borrokan ere, bi aldaketa nagusi burutzen ari dira: batetik, aberriaren zehazpena eta kudeaketa konplexuagoa bilakatu da eta, bestetik, borroka ereduak eta erritmoak eraldaketa garrantzitsua bizitzen ari dira; egunero ondo jaten duten herrialde garatuetan indarkeriaren bidez ezer gutxi lortu daiteke. Gure gizartean, erakundeen gizartea izaki, erakunde eta gizarte sareen dinamiken bidez bultzatu daiteke gizarte aldaketa modu eraginkorrean. Eduki eta prozeduretan herri garapena ziurtatzen duten eragileak kontuan hartzen ez dituen proiektuak porrot egiteko arrisku handia du. Gure herriak antzeko egoera bizi du.
Euskal Herriko herritarrek ditugun talde nortasun ezberdinak etengabe eraldatuz doaz eta talde identitate ezberdin horiek ziurtatzeko baldintza politikoak aldatuz joan dira; aldaketa hauek bereziki erabakiorrak dira azken 30 urte hauetan. Euskal Herriko politikagintza ezin daiteke bizi aldaketa hauei guztiei bizkarra emanda.
Bereziki, azken urteetan, atzerabiderik ez duten hiru ideia nagusi bereganatu ditu euskal gizarteak, bat: Euskal Herriko pluraltasun politikoa iraunkorra da eta elkar-ulertzea beharrezkoa da. Bi: ariketa politikoa giza eskubideak errespetatzen diren neurrian da bidezkoa. Hiru: Euskal Herriko auzi politikoaren demokratizazioa eta kudeaketa ziurtatzeko espazio berean diharduten herri eskubideek garapen baldintza berdinak behar dituzte.
Metodologiak metodologia bakeak eta normalkuntza politikoak marko politikoaren inguruko edukietan adostasun bat eskuratzea eskatzen du. Normalizazioa eta bakea ordea ez dira gure herri etorkizuna ziurtatzeko nahiko baldintzak; ezinbesteko baldintza bai, baina ondoren gure herriaren ekimen estrategiko sendo bat garatzea urgentzia handikoa bilakatu da etorkizunak jan ez gaitzan. Geure arteko gatazka konpontzeak ez du gure herriaren etorkizuna ziurtatzen.
ETAk ez du bake baldintzarik ziurtatuko soilik Zapaterok eskaintzen dion gauza bakarra preso eta kanpoan dagoen jendeari irtenbide bat ematea bada. Alderdi sozialistak Espainiako sistema konstituzionalean aldaketa sakonik egiteko benetako asmorik ez du erakutsi. Beraz, normalizazio politikoak eta bakeak zentralitate politikotik sortutako marko politiko bat eskatzen du; Euskal Herriaren herri eskubide eta gizarte garapenean, prozesu batean, aurrera egiteko baldintza politikoak ziurtatuko dituena eta Espainiako sistema konstituzionalak nagusi arazten duen Espainiako soberaniarekiko defentsa garantiak izango dituena. Juan Jose Ibarretxe lehendakariari eta Eusko Jaurlaritza berriari dagokio proposamen hori egitea. Zentralitate politiko hori oinarriko sendotasun batekin eraiki nahi bada gizartearengandik eta gizarte organizatuarengandik gertu dagoen prozesu bat planteatu beharko da.
Zentralitate horren eraikuntza ezinbesteko baldintza izanda, ezin da ulertu legegintzaldi atarian Eusko Legebiltzarrean dagoen komunikazio falta eta burutzen ari den lehia politiko sutsua. Interes partikularra eta norberaren proiektu politikoa interes orokorraren gainetik jartzeak bake eta normalizazio politikoa zentzugabe atzeratu besterik ez du egiten.
Bakea eta normalizazioa herri honen garapenaren ezinbesteko baldintza dira, baina horrek ez du berez ziurtatzen herri honen garapena. Komunikazioaren espazio publikoa auzi politikoaren gaiak hartu du kasik bere osotasunean. Dagoeneko agerian jartzen ari dira, auzi politikoaz aparte, herri bezala ditugun hutsuneak etorkizunari aurre egiteko. Hutsune horiei aurre egiteak lehen mailako egitasmo estrategiko bat adostu eta gizarteratzea eskatzen du; egitasmo estrategikoa gure herriko enpresak berrikuntza eta nazioarteratze prozesura sendoago bultzatzeko, euskal mundua eusten duten gizarte egiturak ezagutza sortzen den mundu mailako sare aurreratuekin barneratzeko, herri politiken inguruko kontsentsuak indartzeko eta abar.
Auzi politikoari konponbidea ezin emanik herri garapena ziurtatzen duten edukien inguruko eztabaida gehiegi atzeratzen bada gure herriak dituen premiazko beharrei erantzuteko aukera on bat galtzeko arriskuan egon gintezke.
Ander Lipus
Uda iristear dago, eta jendeak herrietako festa eta atsedenaldirako aukerak bilatzen ditu. Eguzkiaren intentsitateaz batzuetan eta euriaren epeltasunaz besteetan, gure gorputzek udaberriko loratzearen ondorio mefistofelikoak pairatzen dituzte. Herrietako antzoki gehienak, benetako kanposantu bihurtzen dira, eta antzerkia kalean da nagusi. Kale antzerkiak herri eta hirietako espazio ezberdinak erabiltzen ditu. Hitza ez ezik, musika, dantza eta beste ezaugarri asko erabiltzen dira kale antzerkian. Batzuetan obra estatikoak izaten dira, leku konkretu baten gertatzen direnak -normalean plaza batean-, baina sarritan obren dramaturgiek aktore eta ikuslegoaren mugimendu bateratua erabiltzen dituzte. Uda izaten da kale antzerkia egiteko garairik egokiena.
Beste antzerki talde batzuk, jaialdi eta antzerki ferietan ibiltzen dira han-hemenka. Herritik kanpo, beste leku batzuetan gure antzerkia erakusteko aukera paregabea ere izan daiteke. Baina normalean, kale antzerkiaren formatoa ez bada, lana ez da ugaria izaten.
Gure taldean, alternatiba bilatu genion egoera honi. Eta bi proiektutan murgiltzen gara urtero uda aldean. Ekainean, RITOS gure azken lur zatia, eta irailean Antzerkiola Imaginarioarekin Nazioarteko Topaketak deitzen duguna. Orain arte, gure lana, antzerki talde askori gertatzen zaien moduan, udazken eta neguan konkretatzen zen, denbora onarekin publikoari ez zaio antzokietara sartzea gustatzen, normala denez.
RITOS proiektuarekin 2003. urtean hasi ginen, eta jendea gure antzerkia ikustera hurbiltzeko helburuarekin jaio zen. Baina, ez bakarrik honetarako, baizik eta antzerki infraestrukturarik ez duten lekuetan eta espazio berrietara zabaltzeko asmoz. Antzerkia hilkutxetatik atera eta herri zein auzoetako jendearekin partekatzeko intentzioarekin eta horrela gure antzezlanen dekonstrukzioa eskaintzen dugu, gure antzerkia kultur eta giza errealitate ezberdinekin konpartituz. Gure gorputza, ideiak, pentsamendua, gure artea eskaintzen diogu herriari, eta herriak bere aberastasun kulturala eskaintzen digu. Zaila da honelako proiektu bat bideratzea, batez ere egungo politika kulturalaren ezaugarrietatik kanpo baitago, eta ekintza hauek militantziaren eta konpromiso sozial bati atxikiak daude. Uda honetan, herri txikietan ibiliko gara Antzerkiolako kideak (Armintza, Ea, Elantxobe, Dima, Otxandio...), gure ikerketak, gure adierazpideak eta gure teatroa eskaintzen. Ikuskizun handietatik kanpo, era xume eta eder baten.
Elkartruke hauek gure herrian egin izan ditugu eta baita beste komunitate batzuetan ere. Gogoan ditut, iazko urtean Mexiko Berrian kokatuta dauden erreserbetako indioekin, edota El Cairoko Al-Jayal Al-Shaabi antzerki taldearekin egindako elkartrukeak.
Bestalde, uda garaia, aktore edota beste diziplina askoren formakuntza momentua ere izaten da. Gure bidean, transmisio, formakuntza eta ikerkuntzak, pisu handia daukate eta, iraila izaten da guretzat fetxa egokia horretara dedikatzeko. Aurten ere India, Italia, Estatu Batuetako maisuak izango ditugu Orduņan, beraien antzerki teknika eta adierazpideei buruz azterketa sakonak egiteko. Eta gure formakuntzari buruz ere ikuspuntu anitzak aurkitzeko.
Hona hemen antzerkiarekin gozatu eta bide berrietan murgiltzeko bi aukera eder. Izan ere antzerkigintzaren esparrua zabala da, eta aktoreok badakigu espazioak mila posibilitate eskaintzen dizkigula, orain ikuslegoa aurkitu behar.
Onintza Lasa Arteaga
Apirilaren17ko hauteskundeen emaitzen inguruko azterketa franko egin da dagoeneko. Ez dut, horregatik, berriro ere jada, sarritan emandako arrazoirik errepikatuko. Bada, hala ere, objektiboa den zerbait: EAEko Legebiltzarraren konposaketaren argazkiak gizartearen aniztasuna adierazten du era argian. Sigla batzuek aurkezteko aukerarik izan ez badute ere, azkenean gizarteko espazio ezberdinak ordezkatuta daudela esan genezake.
Indar korrelazioari dagokionean bada baita ere beste datu objektibo bat: guztiak ere gehiengo absoluturik ez duen taldeak gaudelarik, eta aurreko garaietako bloke estrategien porrota konprobaturik, ezinbesteko da elkarrizketa eta adostasun gaitasunak areagotzea, baldin eta akordiotara iritsi nahi bada, baldin eta aurrera egin nahi bada.
Ondorioz, datu hauek guztiak kontuan baditugu, eta datozen urte hauek "giltzarri" direla sarritan entzun dugun honetan, galdera ezinbestekoa da: garai berri baten aurrean ote gaude?
Legebiltzarraren eraketak bere lanak eman ditu, baina ez dut pentsatu nahi, hala ere, gertakari hori, datozen garaiei eta batez ere herri bezala ditugun erronkei aurre egiteko jokamoldearen adierazpide izan denik.
Borondate eta elkarrizketaz hainbeste hitz egiten den honetan, ezinbestekoa da, norbera bere lekua zein den jabeturik, benetan borondate horren froga adieraztea, eta bakoitzak bere horretan, ahalik eta lan onena egitea.
Hurrengo eginbeharrekoa: gobernu eraketa. Gobernagarritasuna garrantzizkoa da, eguneroko behar eta arazoei erantzun ahalik eta egokienak emateko. Baina, Eusko Alkartasunaren aburuz, garai berriek beren isla izan behar dute lehentasun osoko jotzen dugun helburu bat lortzeko lanean: bakegintza eta normalizazio politikoan.
Hori da herri eta alderdi gisa dugun premia eta erronkarik nagusiena. Horretarako, erakundeak, bistan da, ezinbesteko badira ere, egia da bestalde, helburu honek baduela erakundez kanpo non landua. Gakoa, planteamendu guztiek mahai-gaineratzeko aukera izango duten alderdi zein gizarte eragile guztien arteko topagune bat lortzea da. Horretan sinestuta, irtenbide izan daitekeen foro eta bilgune guztietan parte hartzen dugu.
Bestalde, Madrildik datorren "doinua"k aurretik entzuna baino egokiagoa dela dirudi, nahiz eta hitzetatik ekintzetara eman beharreko pausoan ezer gutxi ikusten den. Hor dirau bere horretan Alderdien Legeak, hor diraute kode penalean emandako aldaketek, zeintzuen bitartez, adibidez, inkomunikazio egunak gehitu egin ziren, hor dago Terrorismoaren aurkako Ituna deitutakoa, eta abar.
Baina, irudiz, bada borondatea behingoz, aurreko estrategiekin eten eta estatu mailako ardurei erantzukizunez heltzeko. Adibide gisa, orain hilabete eskas, maiatzaren 17ko osoko bilkuran Madrilen, PPk ezik, beste guztiek onarturiko bakearen inguruko "ebazpen proposamena". Testuaren literaturarengatik baino bakearen lorpenerako politikak suposa dezakeen ekarpena jasotzen duelako, proposamen interesgarria da.
Hori esanik, zuhurtziaz jokatzea ezinbestekoa da baita ere. Zuhurtzia, konponbide itxaropenak bertan behera gera ez daitezen, eta orain urte batzuk, Lizarra-Garazi garaiko etsipena berriz eman ez dadin.
Gure ustez, egokiago da, bake eta normalizazio politikoa lortzeko garaietara eraman gaitzakeen eszenatoki batean gaudela esatea; alegia, alderdi ia guztiek (PP salbu) planteamendu berriak egin baitituzte.
Eta benetan aurrera egin nahi badugu, alderdi guztien planteamenduak errespetatu eta babes nahikoa izanez gero, gailentzen den egitasmoa egikaritu egin beharko da. Beraz, ez bazterketarik ezta aurre baldintzarik, elkarrizketa eta bide baketsuak bakarrik lortu dezaketen konponbide baten giltzarri, oinarrizko elementuen aurrean: lurraldetasuna eta azkenean, askatasun osoz, gizarteak emango duen azken erabakitzeko eskubidea.