Geu aldizkaria Arabara hedatuko da eta kioskoetara ere bai zabaldu
150. zenbakia argitaratu du Geu aldizkariak eta ospakizuna baliatuz hainbat aldaketa egingo dute hilabetekarian. Orain arte harpidetza sistema baino ez dute erabili eta urte bukaerarako kioskotan jarriko dute aldizkaria. Gasteiztarrei Gasteizko berri emateaz gain, Arabako zein Euskal Herriko informazioa landuko dute eta hiriburutik kanpoko irakurleak erakartzen saiatuko dira. Geu hilabetekaria 1992. urtean sortu zen Geu Gasteiz izenarekin. Gaur egun aurrekontuaren %16a osatzen dute erakunde publikoen diru-laguntzekin. Eusko Jaurlaritzak %9,5 jartzen du, Arabako Foru Aldundiak %5 eta Udalak %1,5. Geuko zuzendariak, Estitxu Breñasek, adierazi du laguntzak ez direla nahikoa eta «Arabako euskara hutseko hilabetekari bakarrarekiko diskriminazio positiboa» eskatu du.
Demoak tren geltokian dantzari
SNCF tren konpainiako Baionako zuzendariarekin hitz egin nahi zuten, beste behin, demoek. Ekainaren 18an, bi eskaera zituzten zuzendariarentzat: batetik, Herve Thepaulti jarritako isuna bertan behera uzteko (63 demo auzipetu zituzten trenbidean musean aritzegatik, baina Thepaulti eskatu diote isun osoa ordaintzeko, 11. 000 euro) eta bestetik, tren zerbitzuan euskararen gutxieneko presentzia bermatzeko. Zuzendariak demoekin elkartzeari uko egin zionez, 200 lagun bildu ziren tren geltokian mutxikoak dantzatzeko. Ateak itxi zizkieten eta poliziak sarrera guztietan egon ziren.
Daniel Udalaitz
Kreditu sindikatua mailegu modu bat da. Modalitate horretan, maileguaren zenbateko handia dela eta, hainbat entitate finantzariok hartzen dute parte multzoan. Sindikazioari esker, mailegua hainbat entitateren artean bana daiteke. Hartara, enpresa batek finantzazio gehiago lor dezake, eta bankuek arrisku handiak saihesteko modua dute, kredituaren bolumena hainbat entitateren artean banatzen baita. Enpresek epe luzerako finantzazioa lortzeko baliatu ohi duten bide bat da kreditu sindikatua. Ez zaio, ordea, edozein enpresari onartzen. Eskuarki, bolumen eta solbentzia handiko enpresei eman ohi zaie, kopuru handiko kredituak izaten baitira. Kreditu operazioak bostetik zazpira urteko iraupena izan ohi du. Mailegu sindikatuek tasa bariableak izaten dituzte erreferentzia; batik bat, Euribor eta Libor tasak. Kreditu sindikatu hori antolatzerakoan, banku batek hartu ohi du bere gain kreditua antolatzeko ardura, eta hark proposatzen die operazioa beste banku batzuei. Banku agentea esan ohi zaio. Kreditu horretan kopuru handiekin parte hartzera konprometitzen direnei talde aseguratzailea esaten zaie, eta konpromisoa bermatu gabe parte hartu nahi dutenek talde ezartzailea osatzen dute.
Hirugarren Bake Konferentziaren bukaeran, Elkarriren helburu nagusia alderdien mahaia abian jartzea da. 2006a bukatu aurretik eratu beharko litzatekeela uste du Jonan Fernandez Elkarriko koordinatzaileak. Berria-n egin berri duen elkarrizketan, halaber, «lehendakaria aukeratzeko blokeoa gainditzen denean, alderdien mahaiaren osaketaren blokeoa etorriko dela» dio. Elkarri, halaber, egun duen funtzioa aztertzen ari da eta bake prozesua gorpuztuz gero, desagertzea ere aukeren artean legoke.
Iñaki de Juana Chaosen auzian Santiago Pedraz epaileak gogor erantzun die presoaren auziperatzea eskatzen duten AVT eta fiskalari, batez ere hauek ETAren sarea eta de Juana Chaos ez dituela ezagutzen leporatzen diotenean: «Auzian idatzia dagoena dagokio jakitea instrukzio epaileari, ez besterik. Hor ez dagoena ez da existitzen».