Kike Diez de Ultzurrun
Hemendik gutxira, Osasuna futbol taldea UPNren beso luzea baizik ez da izanen, zaleek hori eragozten ez badute, behintzat. Eskubaloiko San Antonio Porland taldea ere UPNren sareetan dago aspaldi honetan. Azken finean, eskuindarrek kirola eta kirolariak erabiltzen dituzte Nafarroaz duten ideia ahalik eta gehien zabaltzeko. Hori argi eta garbi erakutsi dute, konparazio batera, Osasunak kopa finalerako txartela eskuratu zuen une beretik. Baina "gorritxoez" jabetzeko estrategiak baditu hainbat urte. Gaur egungo zuzendaritzaren aurretik bertze bat zegoen, arrunt desberdina, oraingoarekin batere zerikusirik ez zuena. Javier Miranda zen buru zuzendaritza hartan, pertsona benetan desegokia Nafarroa ofizialaren ikuspegirako, harri txintxarra agintarien zapatan. Sekulan ez zioten barkatu futbol taldeko hauteskundeetan garaile atera izana Pegenauteren aurkako lehian. Pegenaute bai, euskararen aurkako zuzendari nagusi horixe berbera. Ondotik ere, eskuindarren begietarako, Mirandak bekatu larri-larriak egin zituen eta denetan larriena Sadar futbol zelaia Bai Euskarari ekitaldirako utzi izana. Aspaldiko partez, harmailak jendez mukuru ikusteak hain sortu zuen eskuindarrengan kolera gorria, ezen handik zortzi egunera Diario de Navarrako Ollarrak "aski da" oihukatu zuen bere luma gaiztoaren bidez. Orduantxe indarberritu zen euskararen aurkako borroka, "aski da" hartatik etorri ziren euskara zokoratzeko neurri guztiak eta, orduantxe ere hasi zen Mirandaren aurkako jazarpena. Polizia ere bidali zuten goizeko ordu txikietan presidentearen etxera, huraxe atxilotzera, huskeria bat izan zela kausa: Sadarko atarian, poliziak bikote gazte bati sarrera galarazi eta Miranda gazteen alde atera zen. Leporatu zioten poliziari gogor egin izana eta haien segurtasuna arriskuan jartzea. Argi zegoen bere kontra ari zirenak edozein bide erabiltzeko prest zeudela eta, hori ikusita, Mirandak erabaki zuen hurrengo bozetan ez aurkeztea.
Behin Miranda jokoz kanpo utzirik, eskuindarrek bi hautagai aurkeztu zituzten. Bata, "ofiziala"-edo erranen genuke, jende guztiak pentsa zezan huraxe zela UPNk bultzatutakoa eta, bertzea, estalia, hau da, halako ukitu euskaltzale apal-apal batez zipriztindua ageri zen gizon ele zuria, gaur egungo Patxi Izko presidentea, alegia. Orain, Izkok maskara kendu du eta, esaterako, Athletic-ekiko harremanak hautsi ditu, politika arloko arrazoiak direla medio. Eta hemengo Gobernuari eskatu dio ez dirulaguntzarik emateko Athletic-ekin harremanak dituzten Nafarroako futbol taldeei.
Azkena izan da kopa txapelketako finalaz izan duen jokabidea. Inolako lotsarik gabe ateak erabat zabaldu dizkie Miguel Sanzi eta Yolanda Barcinari, eta han agertu dira Madrilen, betidanik bihotzeko "gorritxoak" balira bezala. Horregatik jokatu zen finala Madrilen. Helburu nagusia Nafarroak gaur egun duen irudi instituzionala indartzea izan da eta, egia erran, alimaleko kanpaina egin dute, neurrigabea, itogarria, ezin jasangarria. Ez zuten orbanik nahi final horren inguruan. Horregatik, erregu egin dute ez ikurrinik eramateko; horregatik, Iruņeko telebista batek bertze kolore batez margotu ditu Osasunako jarraitzaileen ikurrinak; horregatik, Nafarroako banderak ezker eta eskuin oparitu dituzte, milaka eta milaka eta, arrazoi berberak bultzaturik, "Osasuna" hitza izan da finalaren karira antolatutako ekitaldietan agertu den euskarazko hitz bakarra, bai Madrilen, baita Iruņean ere. Baina Izko ipurdi agerian gelditu da eta harmailetan "orbanak" agertu dira, ez bat eta ez bi, franko baizik, eta hori ezin eramana gertatu zaie herrialde honetako agintariei.
Hortaz, Osasunako zaleen esku dago UPN eta Izko jaunaren asmoak geldiaraztea, bertzenaz "Osasuna guztion ondasuna" izan ordez, UPNkoen ondasuna izatera pasako da. Gauzak horrela, ulergarria da lehengoan, Iruņean, ahapeka bada ere, jende aunitzi aditutakoa: "Eskerrak ez duen irabazi".
Iņaki Murua
Euskal Herriko leku askotan nahasten edo batzen dira s/z hizkiak. Behin Segurako gizon batek, elkarrizketa nolabait hasi behar eta, San Joan egunean, hain justu, honela esan zuen: "Gaur Zan Joan" eta koadrilan zegoen Lazkao Txikik "Bai, eta bihar joan zan!". Egun bat besterik ez.
Ekainean -eguzkia gainean- gaude eta, beraz, egun argiak iraupenik luzeena duen hilabetea. Baserrietan, atariko atean, lizar adarrak eta eguzki loreak jartzen diren garaia. Haurrak, San Joan bezperako suarekin ohera berandu joateko aitzakia ederra, baita suarekin baterako ospakizunetan, kanta, dantza eta bertsoz gozatzekoa ere. Nola ez, suaren gainetik saltoka zein lehenago ausartu, harrotasun puntu bat ere bai: garrak zenbat eta altuago, orduan eta hanketako bixarrak depilatzeko aukera hobea. Eta, abereak bezala markatuta geratu ezean, gaitzerdi!
Aspaldiko ohitura; erromatar idazleek adierazten dute nolako ospakizunak egiten zituzten euskaldunek egun horretan, garai haietan.
Gure bailaran, honela kantatzen da oraindik:
San Joan, San Joan heldu da
sorgin begia galdu da
galdua bada galdu bedi
sekula agertu ez baledi!
San Joanek ez dauka
besterik gogoan:
gariak eta artoak gorde, gorde
sorginak eta lapurrak erre, erre.
Zer erre?
- Politikak duen itxura, martxa, jarrera, erabilera... Mundu zabalean. Euskal Herriko politikan, berriz, hogeita hamahiru da musean ere jokorik txarrena eta zuek, bi aldeok, joko horrekin berarekin ari bazarete, zer espero dezakegu zuengandik? Eta sailetik kendu dituzuen karta horiekin zer?
- Lege ankerrak, justiziarik gabeak, indarra eta bere lagunak babesten dituztenak.
- Izaera eta joera indibidualistak. Ikasleak ere gero eta bakartiagoak dira, talde lana saihesten dute; eskolak eta geletan jende gehiegi izateak hala bihurtzen ditu. Gizartearen joerak, teknologia berriek... ere bai. Nolako gizartea eraikiko dugu bestela?
- Globalizazioaren ekarri negatiboak. Gero eta gaizkiago banatutako aberastasuna, goseteak, gaitzakā Gabonetarako gizentzen den antzarari zaperoa bezala, nahi eta nahi ez, sartu nahi diguten kultura deserrotua, janzkera, musika, jan-edana, kontsumo ohiturak...
- Gezurrak eta beren gainean oinarritutako hiltzaileen gerrak, gutxik asko irabazteko denok izorratzen gaituztenak...
- Mundua mugatua dela dakigunean, garapenak ez duela mugarik sinestarazi digun ustea. Garapen horri eusteko natura suntsitu, itsasoa arrainez hustu eta zaborraz bete, lurrak zementu, plastiko eta asfaltopean sarrarazi edo trenbidez josi behar ditugun ustea.
- ...
Zer gorde?
- Natura, ingurumena, zuhaitzak, landareak, aire sanoa, ur gozo eta gazi garbiak, arrain, hegazti eta abereak, pertsonak... Energia iturri naturalak, geuk sortutako kalamidadeak aurrean hartuta baikaramatza.
- Geurea: patxada, egonarria, indarra, ahala, sinestea, gogoa, grina, nahia, umorea, ziria, izaera, ohitura zaharberrituak, hizkuntza, adierazkortasuna, bertsoak, olerkiak, dantzak, antzezpenak... nortasuna.
- Itxaropena, begi bista, beste bista, adimenez jokatzeko joera eta ausardia, amets egiteko gaitasuna, besteen zapatetatik gauzei begiratzeko kemenaā mundu eta bizi hobearen bila abiatzeko adorea.
- Osasuna eta, bera zaintzeko, sorgin eta intxixuen jakinduria.
- ... -bakoitzak erantsi nahi dituenak, bestela artikulua ez baitut amaituko-.