«Anbiente»ko giroa
Homosexualak elkartzen diren tabernen funtzioa garbi du Anek: «Orain arte ez dugu bikotearekin publikoki egoteko lekurik eduki eta gune horiek garrantzitsuak izan dira, baina espero dut aurrerantzean beste guneetara zabalduko dela». Alde on eta ez hain gustukoak kontatzen ditu Lopezek: «Sarri kritikatzen da gure artean ere oso estereotipo markatuak daudela. Baina hori izebergaren punta bakarrik da. Baserrietan homosexual pila dago, politikan eta arlo guztietan. Batzuek bai sortzen dutela kultura modu bat: gimnasiora joan, Bjork entzun... Niri pena ematen didate bere sexualitatetik bizitzarako filosofia bat egiten dutenek. Sexu bereko pertsonak gustuko izateak ez zaitu desberdindu behar edozeinengandik, ez daukazu inolako estereotiporik jarraitu beharrik, zuk zu izan behar duzu. Bestela ghetto eta jokaera artifizialak eratzen ditugu. Baina baita ere ulergarria egiten zait askotan ghettoena, talde horietan babesa bilatzen dugulako. Nire kasuan lagungarri izan zitzaidan ni bezalako pertsonak ezagutzea. Nik anbienteko giroan pasatu nuen denboraldi luze bat, nire burua askatzeko erabakigarria izan zen eta asko ikasi nuen, baina aldentzen joan nintzen, ghettoan islatzen ziren balio asko ez nituelako gogoko. Talde horretan agian ohitura batzuk daude, nire ustez artifizialak, jarraitu beharrekoak. Ghettoetan sortzen da norgehiagoka eta lehia ere, itxurari garrantzia gehiegi ematen zaio, faltsukeria, guapoena izateko beharra... Gizartearen akatsetan erortzen dira eta batzuek azkenean ez dakite ghettotik kanpo bizitzen. Anbientea zati bat da, ez du kolektiboa ordezkatzen».
Queer aktibistak arazo handi bat ikusten dio anbientean ibiltzeari: «Dirua behar da horretarako. Ezin dut larunbatero anbientean ibiltzea ordaindu. Gay izateko era bat dago, eskatzen duena ondo janztea, estetika zehatza... Esklusio batzuk borrokatzen hasi, eta beste esklusio elitista bat sortu du».
Lopezek, anbientetik kanpo ligatzeko dagoen arazoa azpimarratu du: «Anbientera joatera behartuta zaude ligatzeko, beste giroetan ez dakizu jendearen gustuak zein diren. Heterosexualek supermerkatuetan ere ligatu dezakete, edo edozein herriko jaietan... Guk ez. Heterosexual batek txarrenera kalabaza bat hartuko du, guk kalabazaz gain agian ostiaren bat».
Erantzunak
Erantzunik ez dago.
Izartxoaz (*) markaturiko datuak derrigorrez bete beharrekoak dira.