Jakoba Errekondo
Osasunarekin lotutako gaiak ezkerreko txokoan erakusten badizkigute ere, eta landareak eta osasuna kate motzean lotuta daudenez, gaur lizentziatxo bat hartzera noa.
Uraren ondoren munduan gehien hartzen den edaria da tea. Milaka urtetan erabili izan dute tea Asian. Gastronomia, ohiturak, kultura, erlijioa, osasunaà dena tetan bustitzen da. Txina eta India dira munduko te ekoizle nagusiak, atzetik Sri Lanka, Indonesia, Japonia, Turkia... Tea, batez ere, hiru eratara hartzen da: berdea, erdihartzitua eta beltza. Jeneralean hemen tea hartzen dugunean te beltza izan ohi da. Orain modan da te berdea.
Tea kamelia jendeko barietate batzuen kimuko puntta berriko ireki gabeko hostotxoak dira, Txinan Camelia sinensis eta Indian Camelia assamica. Aipatzekoa da Vietnam mugako Txinako eskualde epel, heze eta izotzik gabeko Yunnanen ekoizten den enperadoreen te sonatua; Indiako barietatea erabiltzen dute baina bera egiteko era sekretu iluna da.
Te berdea ur irakinetatik pasa eta lehortutakoa da. Beltza, aldiz, bildu bezalaxe utzi eta berez hartzitzen da. Hartzidura honetan kafeina askatzea da te beltza berdearen aldean gogorragoa izatearen arrazoia.
Te berdeak gure osasunean dituen eragin onak direla eta tximistaren moduan zabaltzen ari da te "berri" hau hartzeko ohitura. Azken ikerketen arabera egunero te berde kikaraka batzuk hartuz gero, luzaroan zenbait gaitzei aurre egiten da, minbizi batzuk tartean. Bitaminatan aberatsa -A, C, E eta B taldeko batzuk-, ilogoelementuak -Manganesoa, Fluorra, Zinka eta Kuprea-, polifenol antioxidanteak, kolesterolaren aurkakoa, asma eta neke fisiko eta mentalaren aringarria, antibiotikoaà zertan ez da ona te berdea?
Egun-sentitik ilun-bistara, aldapan gora eta behera kimutxoak kimatzen aritzen diren biltzaileei galdetu beharà hartuko al dute te berdeaà etengabeko lan merkea arindu eta bere osasunaren onerako.
Jabier Agirre
Gosaria da eguneko jatordurik garrantzitsuena, aurreko egunetik datorren baraua hausten duelako, eta horregatik, ondorengo orduetan egin beharreko lanei eta obligazioei aurre egiteko indarrak bertan pilatu behar ditugu. Zoritxarrez gure artean ez zaio gosariari behar adinako garrantziarik ematen.
Ikerketa ugarik frogatu duenez, gosari egokiak kontzentrazioa gehitu egiten du, eta indar fisikoa eta mentala indartu eta erraztuko ditu goiz osorako. Horrexegatik, eguneko lehen jatorduak egun osoko kaloria guztien %25 eman behar liguke, energia hori ezinbestekoa baita gorputzarentzat. Aurretik 8 bat ordu eman ditugu ezer jan gabe, eta goiza oso luzea da, eta gauza asko egin ohi ditugu eguerdiko otordua baino lehen -lana, ikasi, erosketak, eta abar-.
Gosari idealak denetik eduki behar luke: esnekiak ugari -kaltzioa eta proteinak ematen dizkigute-, baita fekulak eta pastak ere -hortik jasoko ditugu karbohidratoak, edo erregai azkarra-, eta ez ahaztu frutak -bitamina, mineral eta zuntzen iturri aberatsak-. Hona hemen gosari-adibide praktiko batzuk:
- Ogi xigortua oliba-olio birjinarekin, york urdaiazpikoa eta jogurt-irabiatua marrubiekin.
- Esne-katilukada eder bat, zerealekin -mueslia, esaterako- eta platano edo bestelako fruta-zatiak, nahasian.
- Gazta-ogitartekoa -gazta biguna bada hobe, Burgos adibidez-, laranja-zuku natural egin berriarekin.
- Sandwich begetala, kafesnea eta kiwi bat, xerratan ebakia.
- Fruta-mazedonia, jogurt edo mamiarekin, eta gailetak.
- Biskote integralak gurinarekin, indioilarra bezalakoen hestebeteak, eta tea limoiarekin.
Gosaritan egin behar ez dena, inolaz ere, kale egitea da. Opilak baino hobe da fruta-pieza bat edo zuku naturalak hartzea. Eta oso goiz gosaltzen baduzu, goiz erdian zerbait hartzea komeni da -fruta pixka bat, edo jogurten bat, esaterako-.
Joxerra Aizpurua
Frantziako urak egoera txarrean
Orain bost urte Europako Batzordeak lurrazpiko eta gainazaleko uren egoera kimiko eta ekologikoari buruz emandako arautegitik urrun samar geratuko da Frantzia. Joan den astean Historia Naturaleko Museoko kide den Jean-Claude Lefeuvre-k argitara emandako txostenean dioenez, Frantziako lurrazpiko eta lurrazaleko uren %50-75a ere ez da hurbiltzen Europako Batzordeak ateratako arautegira.
Aipatu txostena Frantzian dauden sei ur-agentzietatik bostek eskatu dute eta bertan esaten da uren %27a gizakien eraginez kaltetu dela. Beste datu interesgarri batzuk hauexek dira: uren laurdena, ziurrenik, egoera onean egongo da, beste laurden bat arrisku-egoeran egon daiteke eta %23aren benetako egoera zein ote denari buruzko kezkak daude.
Azterketa horretan nitrato eta pestiziden poluzioa soilik arakatu da eta hau espreski azpimarratu nahi izan du egileak; beraz, fosfatoak, produktu farmazeutikoak, dioxinak eta mikroalga toxikoak ûArcachongo badiako ostra gehienak akabatu dituztenak alegiaû ez dira kontutan hartu. Hauek kontutan hartuko balira egoera askoz larriagoa izango litzateke eta horren susmoak egon badaude.
Dorre bikien erorketari buruzko txostenik zehatzena
New Yorken AEBetako Estandarren eta Teknologiaren Institutu Nazionalak berriki emandako prentsaurreko batean, 2001eko irailaren 11n bi abioik World Trade Center (WTC) jo ondoren gertatu zenaren analisi osoena aurkeztu dute.
Dorreak abioien talka jasateko prestatuta zeuden, baina ondoren gertatutako suek euskarri-zutabeak ahuldu zituzten eta solairuen artean suaren aurkako materiala zegoen arren, material hau talkaren ondorioz higitu egin zen eta horrek erraztu zuen sua hedatzea. Laburbilduz, hauxe izan zen gertaeren kronologia:
- Abioi bakoitzak kanpoko zutabeak moztu zituen eta abioiek eraikuntzan sartu ahala suaren aurkako materiala tokiz kanpo utzi zuten. Honela, moztutako zutabeek jasandako pisua beste zutabeetara igaro zen.
- Abioien erregaiek hasitako sua eraikinetako materialek eta kanpotik sartutako aireak indartu zuen.
- Suak eta materialaren desplazamenduek eraikuntzaren gunean eragin zuten, hau ahulduz eta karga jasateko ahalmena txikituz.
- Solairuen arteko sabaiak ahuldu eta okertu egin ziren, zutabeei barnera tira eginez.
- Tentsio hauen eraginez eta kontutan hartuz zutabeetako tentsioa goitik beherakoa izan beharrean albokoa izatera pasa zela, eraikuntzak erortzen hasi ziren.
Ondorio hauek atera ahal izateko eredu informatikoekin batera, gertaera gertatu zireneko argazki, audioak eta bideoak erabili dira. Ikerketa honen helburu garrantzitsuena ez da dorre bikien erorketaren zergatia kontatzea bakarrik, etorkizunean eraiki beharreko eraikinetan kontutan hartzeko neurrien sistema eratzea baizik.